Liburuan bildutako esperientziak. ‘

Herritarrekin' liburuan, 62 herritako 137 parte hartze prozesuren inguruko informazioa jaso dute. Sustatzaileen arabera, urteotan parte hartzearen kultura zabaltzeko egindako lanaren "erradiografia bat" da liburuan bildutakoa.

Zuberoaren erakusleiho

'Hebentik...Zubiak'

Azpeitia

Mugak haustea. Horixe du helburu Azpeitiko Sanagustin kulturguneak eta Zuberoako Hebentik elkarteak elkarlanean antolatutako Hebentik...Zubiak topaketak. Gaur hasi eta igandera bitartean, Zuberoako kultura adierazpideen erakusleiho izango da Azpeitia. Filmak, dantza, kirola, musika. Hiru egunez, askotariko emanaldiak eskainiko dituzte herriko kaleetan nahiz aretoetan: "Helburua da Euskal Herriaren beste txoko batean kultura nola bizi duten ezagutaraztea".

Asteburua hasteko, Peio Cachenaut zuzendariaren Xora filma emango dute gaur, 21:30ean, Soreasu antzokian. Ipar Euskal Herrian euskaraz —zubereraz—egindako lehen filma da Xora. Proiekzioaren ondoren, mahai inguru bat egingo dute.

Bihar, 19:00etan, kantu jira bat egingo dute Azpeitiko kaleetan zehar. Parte hartuko dute Azpeitiko Bagera elkarteko erretiratu taldeak, Julian Barrenetxea abesbatzak eta Hebentik elkarteko kideek. Topaketak afalondoan izango du jarraipena, Sanagustin kulturgunean. 23:00etan hasita, kontzertua emango dute Sendaezinak eta Joxe Replay taldeek.

Iganderako ere ez dute prestatu egitarau makala. Goizean bi tailer egingo dituzte. Lehenik, frontoi txikian, Ipar Euskal Herriko pilota jokamoldeak erakutsiko dituzte, 10:00etatik 12:00etara. Ilunpe pilota elkarteak eta Mixel Iturria Zuberoako zesta puntalari ohiak parte hartuko dute. Eguerdirako, berriz, Zuberoako dantzen tailerra antolatu dute. Eguraldi ona egiten badu, Plaza Nagusian egingo dute; bestela, Sanagustin elkargunean.

Taldeko argazkia atera ondoren, guztiek elkarrekin bazkalduko dute. Amaitzeko, Pilotarhitza ikuskizuna eskainiko dute Sanagustin kulturgunean, 19:00etan. Pilota, dantza, musika eta bertsoa uztartzen ditu ikuskizun horrek. Besteak beste, oholtzara igoko dira Mizel Theret euskal dantzari koreografoa, Jean Christian Irigoien eskusoinu jolea eta Mixel Etxekopar musikaria.

Azpeitiko Kultur Mahaiak Zuberoako zenbait sortzailerekin abiatutako harremanetik sortu da proiektua. Sustatzaileek nahi dutena da bi kultur mugimenduen arteko "zubiaren lehen harria" izatea lehen topaketa hau.

Milioi bateko ipurdia

Aseguru etxeek noizbait betetzen ote dute kontratu hura sinatzean agindu zizuten guztia? Politikoek ere ez dute hainbeste promes egiten hauteskunde garaiko olaturik bizienean. Egia esan, funtsean, funtzionamendu bera dute aseguru etxeek eta hauteskunde kanpainan dauden politikariek. Beraiengana lotu aurretik, direnak eta ez direnak agintzen dizkizute, eta behin zure konfiantza edo zure botoa lortu dutenean, izorrai! "Hezkuntzan eta osasun publikoan murrizketarik ez genuela egingo esan genuela? Ez naiz, ba, gogoratzen..."; "Autoa aseguratzeko garaian hori guztia agindu genizula? Tira, bai, baina berrehun eta hamazazpi salbuespen hauekin". Horrelaxe egiten da dirua. Horrelaxe betetzen dituzte poltsikoak eta horrelaxe uzten gaituzte Infanta Elena aurpegiarekin, inozo sentsazio honekin.

Gaur egun dena asegura daiteke: etxea, autoa, bizitza, osasuna, ordenagailua, den-dena. Pentsa, Jennifer Lopezek bere ipurdia milioi bat dolarretan aseguratu omen zuen. Hori sinesteak lanak ematen dizkit oraindik! Emakume horren gastroenteritisak ez dira samurrak izango, milioi bat dolarreko ipurdia komun zulotik paseoan ibiltzeak ez baitio grazia handirik egingo; ardo onarekin kalimotxoa egitearen parekoa izango da sentsazioa.

Milioi bat euro emango balidate nire gorputzeko atal bakarra aseguratzeko, ahoa aukeratuko nuke ziurrenik, arrazoi askorengatik; ahoarekin jan eta dastatzen delako, ahoarekin ematen delako musu, ahoarekin hitz egiten delako —aktore izanda hori aseguratzea garrantzitsuagoa dela uste dut ipurdia baino, baina, tira, norberak bere lehentasunak ditu—. Beste arrazoi bat ikaragarri garrantzitsua: orain arteko inbertsiorik handiena ahoan egin dudalako. Bost urtean hortzetako aparatua eramatearen fruitua da gaur egun ikusten dena; ez pentsa hortz hauek denak ilara berean zeudenik. Ondo kostata jarri dut hortz bakoitza bata bestearen ondoan, lerro txukunean! Eta, azkenik, pisurik handiena duen arrazoia; irribarre egiteagatik, irribarre bat edonori egin diezaiokezun oparirik errazena eta politena delako, kutsakorra delako eta, Lopezen ipurdia ez bezala, bihotzeko urratu txikiak sendatzera iristen delako.

KIROLA HAUR GUZTIEK EGITEAREN ALDE

Kirolaren irria denontzat jaialdia egingo dute igandean, 18:00etan, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Urritasuna duten haurrek kiroletan parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatuko dute bertan. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak eta Irrien Lagunak elkarteak elkarlanean sortutako Multiaktibitatea programaren barnean antolatu dute ikuskizuna. Lagun ugarik parte hartuko dute: Marimotots eta Porrotx pailazoek, Goenkale-ko aktoreek, Unai eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek, Donostiarra eta Hibaika arraun taldeek, Dinbi Danba batukada taldeak... Bildutako dirua Gipuzkoako Kirol Egokituen Federaziorako izango da.

Garitanok Orio bisitatu du bertako beharrak ezagutzeko

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia Orion izan zen lehengo astean, "bertako errealitatea gertutik ezagutzen". Zenbait herritara egiten ari den bisiten artean dago Oriokoa. Herriko hainbat eragilerekin eta ordezkarirekin bildu zen: udal ordezkar...

Errekorrarekin itsutu gabe

Inoizko turismo daturik onenak lortu zituen Gipuzkoak, 2013an. Eustatek emandako datuen arabera, 943.773 turista etorri ziren iaz. Duela bi urte baino 20.000 lagun gehiago (%1). Datu orokorrak baikorrak dira, baina sektoreak zuhurtziaz jaso ditu. Ez dute itsutu nahi errekorrarekin. Lurraldeko hotel edo landa ostaturen batean gaua igarotako bisitariak zenbatzen ditu Eustatek. Ez ditu kontuan hartzen, besteak beste, kanpinetatik pasatako turistak....

“Datuak onak dira, baina tartea dugu hobetzeko”

Roke Akizu (Soraluze, 1966) Gipuzkoako Turismo eta Kanpo Harremanetarako zuzendariaren arabera, Gipuzkoak berezko ezaugarri asko ditu turistak erakartzeko, baina horiei zukua ateratzen asmatu behar da gero. Orain arte egindakoaz, pozik baina zuhur min...

Proiektu berriekin indartuz

Sanagustin Azpeitiko Kulturgunea Kooperatiba Elkartekoek 2014rako kulturguneak izango dituen "zutabe nagusiak" finkatu dituzte, eta aurtengo lehen hilabeteetako ekitaldiak zeintzuk izango diren ere aurreratu dute. Oinarrian, iazko bideari segituko diote programazioan eta abiatuko dituzten proiektuetan. "Kulturguneak bere filosofiarekin segituko du lanean: euskal kultura eta euskara sustatuz; herrian kultur sormena landuz eta kultur kontsumoa herrian bertan izatera bultzatuz. Bide horiei jarraituko diegu, ahal bada sormenari bultzada emanez, euskal talde edo egileak ekarriz", esan du Xabier Aranbarri Sanagustin kulturgunearen kudeatzaileak. Baina aurten ere kanpoko sortzaileen "pintzelkada" batzuk ere izango dira Kulturguneko ekitaldietan, "baina, betiere, portzentaje handiena euskal kulturari emanez". Horrez gain, aurten ere "aniztasunari eta diziplinen arteko orekari" eutsi nahi diote.

2014an, ordea, pauso bat gehiago eman nahi dute, proiektu zehatz batzuk landuz. "Aurtengo berezitasun nagusia euskal kultura bultzatzeko diren proiektu zehatz batzuetan sartzeko dugun asmoa da. Iaz, esaterako, kultur bonuarena jarri genuen abian, eta aurten ere horrekin segituko dugu, eta indartzen ari da gainera", dio Aranbarrik. Txartel kopurua mugatua da, eta dagoeneko %75 saldu dituzte. Horrez gain, iaztik Aho Bizarrik Gabe solasaldi zikloa antolatzen parte hartzen du Sanagustinek Urola Kostako Hitza-rekin, Uztarria Komunikazio Taldearekin eta Erlo Telebistarekin elkarlanean. Azpeitiko Alde Zaharra biziberritzeko egitasmoan eta Azoka Herritik proiektuan ere parte hartzen du.

Aurten, berriz, proiektu berri batzuetan ariko da: programazioari dagokionez, esaterako, Hebentik Zuberoako kultur taldearekin topaketak antolatu ditu otsailaren 9rako. Euskal kulturako administrazio eta eragile nagusiekin elkarlanean, adibidez, euskal antzerkiaren sustapen proiektua landu nahi dute. "Azpeitian antzerkirako zaletasun handia dago, antzerki tailerrak daude, Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak herrian du egoitza, eta Euskal Antzerki Topaketak ere Azpeitian egiten dira. Hori dena kontuan hartuta, proiektu zabal bat egin nahi dugu", azaldu du Aranbarrik.

Urteko 150 ekitaldiei eutsiz

Sanagustinen proiektu teknikoen artean, besteak beste, Arkupean izeneko proiektu berria landuko dute. Horiek dira aurtengo dituzten asmo batzuk, baina ez dira bakarrak: "Bestelako aholkularitza proiektu batzuk ere baditugu esku artean". Eskaintza aldetik, "programazio handia" du Sanagustinek, urtean 150 ekitaldi ingurukoa. Antolatzeko orduan, kontuan izan beharreko hainbat puntu dituzte, "herrigintzatik eta norbanako ororentzako egindako proiektua" dela nabarmenduz. Kultur diziplinen artean edota ikus-entzuleen adinean-eta "oreka" bilatzen saiatzen dira. Aurten, programazioa "egonkortzen" segitzeaz gain, "indartu" egin nahi dute. Horretarako, herriko beste hainbat eragilerekin elkarlanean jardungo dute, eta herritik at ere elkarlana sustatzen ahaleginduko dira.

Kultur arlo batzuetako lantalde irekiak ere martxan dira Sanagustinen. Esaterako, musika, dantza eta antzerkikoak osatuta daude. Talde horietan edonork parte har dezake, eta kulturgunera zein talde ekarri erabakitzeaz gain, kulturguneak aurrera begira jorra ditzakeen proiektuez eztabaidatzen dute. "Nahi dena da poliki-poliki programazioa herrira zabaltzea".

Iaz ere 150 ekitaldi egin ziren Sanagustinen, "aurreko urteetako bide berean". Baina ikus-entzuleen gorakada esanguratsua izan zuen kulturguneak: "2013an, guztira, 24.000 ikus-entzule inguru izan ziren, eta zazpi alditan goraino bete zen". Besteak beste, han izan ziren iaz: kontzertuetan, Bebe, Berri Txarrak, Raimundo Amador, Eñaut Elorrieta, Ruper Ordorika, Delorean, Kalakan, Non Servium eta Su Ta Gar; antzerkian, Emaztegaiaren semea, Pottola, Manos k'rien...

Hala ere, kulturguneko "zutabe nagusia herriko sormena" dela azpimarratu du Aranbarrik: "Iazko ekitaldien %70 herriko taldeek eginikoak izan dira. Horrek erakusten du herriko lehen plaza dela Sanagustin kulturgunea".

Dimentsioak egokituz

Arkupean izeneko proiektu berria landu nahi dute aurten, "kulturgunearen erabilera erraztu eta formatu txikiko ekitaldiei zuku gehiago ateratzeko". Eraikinaren dimentsioak ekitaldiaren neurrira egokitzearen aldeko apustua da: "Kulturgunearen aretoa ez da ikaragarria, baina ehun laguneko ekitaldietarako oholtza askotan handi gelditzen da. Proba batzuk egin ditugu, eta emaitza txukunak izan dira".

Horretarako, kulturgunearen albo bateko arkupe bat oholtza txiki bihurtzea aztertuko dute, "erabilerraza eta ekitaldi askori erantzuna emateko modukoa baita". Produkzio kostuak gutxitzeko balioko duela ere uste dute. Gainera, proiektua osatzeko, martxan dauden lantaldeetatik proposamenak irtetea nahi dute.

Turista gehiago hoteletan.

Gipuzkoan izandako turisten hazkundea hoteletan igarri dute, batez ere. Iaz, 2012an baino 24.502 bisitari gehiago igaro ziren lurraldeko hoteletatik: 881.547. Turista bakoitzak, batez beste, 1,97 gau igaro zituen. Guztira, 1.734.975 gau.

Turista gutxiago landetxeetan. Landetxeetan ez dituzte lortu hoteletan bezain datu onak. Iaz, 2012an baino ia 4.000 bisitari gutxiago (%4,5) igaro ziren landetxeetatik. Abuztua hobea izan zen —1.500 bisitari gehiago—, baina urtea makalago joan da oro har.

Espainiako Estatutik kanpoko turisten hazkundea. Krisialdia hasi zenetik, jaitsi egin da Madrildik eta Herrialde Katalanetatik etortzen den turista kopurua. Ez, ordea, urrutiagotik datozenena. Azken urteetan ugaldu egin da turista mota hori. Donostia inguruan, batez ere.

Arima handiko musikaria

Arimarekin jotzen du akordeoia Gorka Hermosa urretxuarrak. Musika barru-barrutik bizi duen horietakoa da, sortzen dituen piezen bitartez sentitzen duen hori transmititzea baita bilatzen duena. Horregatik, eta bere lanaren kalitateagatik, akordeoi jotzaile askorentzat erreferente da Hermosa mundu mailan. Bere estilo berezia eta pertsonala biltzen duen lan berria kaleratu berri du orain Heterodoxia izenburupean.

Disko berriaz galdetuta, eman zuen lehenengo kontzertuaren 25. urteurrena ospatzeko egin duen bilduma lana dela erantzun du Hermosak. Guztira, azken urteetan grabatutako hamazazpi abesti jaso ditu, tartean, "aurrez argitaratutako lanetan kanpoan geratu diren hainbat". Lagun onez inguratzen da beti Hermosa, eta azken lana ez da salbuespena izan. Azken 25 urteetan kolaboratzaile izan dituen musikari guztien artean aukeraketa egin eta "gusturen sentiarazi" dituen horiek aukeratu ditu disko honetarako, hamazazpi, abestiak bezala.

Izenari kasu eginez, disko berria erabat heterodoxoa da, aniztuna. "Musika garaikidea, tangoa, flamenkoa, folka, jazza, ganbara musika... aurkitu daitezke bertan. Denetarik, akordeoi jotzaile batengandik espero daitekeen hori izan ezik", zehaztu du Hermosak. Argitaratu dituen lan guztietatik "hobekien definitzen" duen lana da oraingoa. Aurrekoek ez bezala, ez diolako ildo jakin bati jarraitzen: "Aniztunagoa da, kanape txikiez osatutako menu bat bezala". Izan ere, estilo oso ezberdinetan aritzea da gehien gustatzen zaiona, "gozatzeko eta ikasten jarraitzeko".

Hermosak lehenengo kontzertu hura eman zuenetik mende laurdena pasatu da dagoeneko. Ikaslea irakasle bihurtu da, eta gaztetako ametsa betetzea lortu du: musikatik bizitzea. Une hura, dena den, "maitasun handiz" gogoratzen duela aitortu du musikariak. "Amaia Usabiaga akordeoi jotzailearekin batera jo nuen, baina ez dut gogoratzen ondo edo gaizki irten zen", dio, barrez.

Ikasle garaitik heldutasunera

Orduan hasitako bideak emaitza eta fruitu ugari eman dizkio urretxuar gazteari. Mundu mailan bere musikak aitorpen eta sari asko jaso ditu, baita kontzertu ugari egin ere. Besteak beste, hainbat agertoki musikari handiekin partekatzeko aukera eman dio akordeoiak. Bidean, azken lanaz gain, beste hiru disko ere argitaratu ditu: IlunaBar (2002an), Tangosophy (2006an) eta Flamenco Etxea (2011n).

Disko berriaren argitalpenarekin batera, beste hainbat proiektu ere baditu esku artean; izan ere, "saltsa askotan sartuta egotea" gustatzen zaion horietakoa ere bada. Martxoan, adibidez, lau eguneko kontzertu bira egingo du Txinan, "Pekingo Kontserbatorioko irakasle batek gonbidatuta". Izan ere, munduko akordeoilari askok jotzen dituzte Hermosaren lanak kontserbatorioetan, lehiaketetan edo kontzertuetan, tartean txinatarrak ere bai. Horregatik, bertan emanaldi batzuk eskaintzeko eta Master Class batzuk emateko gonbidapena jaso zuenean, ez zuen zalantzarik egin. Musikariarentzat "gozamena" izango da han jo ahal izatea.

Lehenengo aldiz joango da Hermosa Txinara: "Iaz Shangaira joateko gertu izan nintzen, baina ez nuen hango musika agentearekin akordio bat ixterik izan", azaldu du. Txina bezalako herrialde batek "asko erakartzen" duela dio, eta datorren urterako Shangairako bidaia egingo duen "itxaropena" gordetzen du oraindik. "Asko gustatuko litzaidake txinatarren kultura ezagutzea eta Pekinen eta Shangairen arteko ezberdintasunak ikustea eta sentitzea".

Herri Opera antolatzen dabil

Hala ere, Urretxu-Zumarragan datorren ekainaren 21ean egingo den Herri Opera izeneko ikuskizuna da azken hilabeteetan akordeoi jotzaileari ordu gehien kentzen dizkion proiektua: "Urtebete daramagu jada buru-belarri honetan; lan handia da, baina oso polita ere bai".

Hermosa ideiaren sortzailea, bultzatzailea eta antolaketa lanaz arduratzen ari dena da. Baina Herri Opera anbizio handiko proiektua da, eta "bi herrietako bostehun pertsonak baino gehiagok parte hartuko dute bertan". Bi helburu nagusi ditu: "Herriko kultur ondarea balioan jartzea eta ezagutzera ematea eta kulturaren munduan dabiltzan herrikideei elkarrekin lana egiteko aukera bat eskaintzea".

Bi herrietan dauden kultur taldeen eta beren ibilbidea herritik kanpora egiten ari diren artisten —tartean aurpegi ezagun asko— arteko fusioa egingo dute. "Jon Plazaolak egingo du gidoia, Joseba Apaolaza, Barbara Rivas eta Josune Goenaga izango dira aktore nagusiak, Edurne Iturbek eta Jon Maiak egingo dute ikuskizunerako abestia, Jose Mari Aleman arituko da eszenografia lanetan, Julen Izagirre diseinuan, Iñigo Sbeltza bideoak egiten, Natalia Mora-Gil arduratuko da jantziez...". Eta horrela bostehun herritar baino gehiagoko zerrenda osatu arte.

Kontzertu birak eta gehiago

Norbanakoekin batera arituko dira bi herrietako musika taldeak, abesbatzak, txalapartariak, dultzaineroak, txistulariak, dantza taldeak, antzerki taldeak, argazkilariak, margolariak... Jende hori guztia harremanetan jartzeko eta kontaktua mantentzeko, Facebooken Urretxu-Zumarragako Artea izeneko gune bat ireki dute: "Vanessa Blazquezek eta biok herrikideek egiten dituzten kultur ekintzak zabaltzen ditugu bertan, besteak beste". Dagoeneko, 1.100 bat lagun batu dira Facebookeko profilera, eta egunero "mugimendu handia" izaten dela dio Hermosak.

Gainera, Txinako biraz gain Frantzian, Bosnian, Suitzan eta Espainian ere kontzertuak dauzka aurreikusita urretxuarrak, eta horiek prestatzen ere ibiliko da datozen hilabeteetan. Christine Rossi akordeoi jotzaileak bere lanekin grabatuko duen diskoa ekoiztuko du.

Ekainean, Malandro taldearekin beste disko bat grabatuko du eta Italiako eta Portugalgo zenbait musikarirentzako hainbat abesti ere egin behar ditu. Tartean, Santanderko Kontserbatorioan (Espainia) irakasle lanetan jarraituko du.