Ondarea, zahar ala berri izan

Luzuriagako bulegoak, Coca-Cola eta Farmazialarien Batasuna. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Gipuzkoako ordezkaritzak uste du Donostiako industria ondarearen ikur gisa gorde beharko liratekeela aipaturiko hiru eraikinak. Hala adierazi diote Donostiako Udalari, Eraikitako Hiri Ondarearen Plan Bereziaren harira.

Hasierako onarpena eman berri dio Donostiak planari, gorde beharreko hiri ondarea babesteko irizpide berriak ezarriz, eta bertako elementu bakoitzaren babes maila zehaztuz.

Industria ondarearekin nahiko "zabar" jokatu izan da gaur arte; hala iritzi diote arkitektoen elkargoan. Uste dute interes handia zuten eraikin asko desagertuz joan direla, "gehienetan hiriaren hazkundeak" eraginda. Horregatik, geratzen direnen artean hiru eraikin "esanguratsuenak" txertatu dituzte arkitektoek Donostiako Udalaren planari aurkeztutako alegazioetan, eta garai baten azken aztarna gisa gorde ditzaten eskatu diote.

Juan Martin Garcia arkitektoen elkargoko Gipuzkoako ordezkaritzako Kultura batzordeko kidearen aburuz, Luzuriagako bulegoen eraikina "Donostiak izan dituen intereseko industria eraikin guztien artetik azkena izan daiteke". 1950eko hamarkadako post-arrazionalismoaren garaikoa da, eta planak jasotzen du, baina, arkitektoen ustez, "marjinalki", eraikinaren inguruan egin den planeamendu berriak ez duelako kontuan hartu eraikina.

Iraunkortasun irizpideak

Martinek uste du iraunkortasun irizpideak kontuan hartu beharko liratekeela hirigintza eta ondare kontuetan, "baina ez bakarrik arlo teknikotik begiratuta". Eraikinak berrerabiltzea aurrezteko modu gisa ikusten du: "Irtenbideak ez du zertan beti izan eraikitakoa botatzea berriro eraikitzeko".

Arkitektoek gordetzeko eskatu duten hiru eraikin industrialetatik bi erabiltzen dira gaur egun —Coca Cola eta Farmazialarien Batasuna, hain zuzen ere—, baina Luzuriagakoa hutsik dago aspalditik, eta, horregatik, "arriskuan".

Izan ere, Luzuriagakoa kasu bitxia da. Pasaia eta Donostia arteko mugan dago, Molinao auzoan, eta kokapena, kasu honetan, eraikinaren kalterako izan da. "Donostian egon arren, zerbitzua eman diezaioke Pasaiari. Ondareak interes partikularren gainetik egon beharko luke", dio arkitektoak.

Errealitatea, baina, bestelakoa da. Martinek salatu du eraikinaren inguruan egin dituzten lanak "eraikinari bizkar emanda" egin dituztela, "fatxada baten zati handi bat lurperatuz". "Horrek erakusten du, printzipioz, ez dela egon Luzuriaga gordetzeko interesik, ezta inguruko garapen urbanistikoan txertatzekorik ere".

Eskaera gehiago

Luzuriagako eraikina babesteko eskaera ez da berria; Antxotarrok Historia Mintegiko kideek aspalditik ekin zioten eraikina gordetzeko eskatzeari. Eusko Jaurlaritzaren industria ondarearen inbentarioan txertaturik dago, baita Ingeba Euskal Geografia Elkargoan ere.

Antxoko Historia Mintegiaren ustez, eraikinak "balio historiko, estetiko eta funtzionala du", eta zerbitzu sozial eta kulturaletarako ekipamendu gisa erabilgarria izan daitekeela uste dute.

Coca-Cola eta Farmazialarien Batasunaren eraikinen kasuak bestelakoak dira. Martinen ustez, "eraikin oso esanguratsuak dira biak, Donostiako hiriaren memoria kolektiboaren adierazgarri garrantzitsuak". Mugimendu modernoaren adierazgarri dira, "nazioarteko estiloan ohikoagoak".

Martinek azaldu duenez, Peña Gantxegik proiektatutako eraikina "oso berritzailea" da industria barne eraikuntzari dagokionez, Farmazialarien Batasunaren beharren arabera eraikitakoa; "sendagaiak jasotzeko behar zituzten tenperatura eta argiztapen baldintzak kontuan hartuta".

Eraikina, baina, ez dute jaso Eraikitako Hiri Ondarearen Plan Berezian, planak 1950. urtea baino lehen eraikitakoak baino ez dituelako kontuan hartzen, eta hori da, hain zuzen, arkitektoei gutxien gustatu zaien irizpidea. "Ez gaude ados irizpide horrekin". Arkitektoen ustez, "ondareak ez du zerikusirik adinarekin".

"Kontua ez da zaharra den guztia gordetzea", dio, eta galdera bat plazaratu du: "Norbaitek jarriko luke ezbaian Kursaala gure ondarearen parte denik?". Arkitektoak azaldu duenez, Moneoren hiru eraikin daude Donostian —Iesu eliza, Kursaala eta Urumeako etxebizitzen eraikina—, eta planak ez du bakar bat ere jasotzen.

Egoera berean daude arkitektoek txertatu nahi zituzten bestelako etxebizitza multzoak —Benta Berriko Lizarrituri eta Rezolako langileen etxebizitzak, Karmelo ikastetxea eta Egiako Korea taldea, kasurako—, baita Ondarretako Teniseko plazaren hirigunea ere.

Lagun aurrerakoi ateoak, agur

Urte berria lagun gehiegirekin hasi dudan susmoa daukat, eta batzuk haserretuko ditut, nire etsai bihur daitezen eta horrela garbiketa egiteko. Galbahea zein taldetatik pasa deliberatzen jardun naiz, eta ustezko ezkertiar aurrerakoi ateoei tokatu zaie, kromo hori askotan errepikatuta baitaukat.

Kromo horiek guztiak amorratu ziren abortuaren lege beldurgarria aurkeztu zutenean, ustezko entitate jainkotiar batek bidalitako ustezko profetak ustez esandakoen arabera eraikitako Eliza katolikoaren eragina nabaria zelako. Jatorri esoterikoa duten sinesmenen arabera gobernatzea astakeriatzat dute, baina paradoxa da egunerokoan ohitura esoteriko askoak dituztela horietako askok ere. Homeopatiaren zale ez denak Reiki egiten du. Ayurveda dieta jarraitzen ez duenak fitoterapiaren onuren inguruan matraka ematen du.

Gutxi batzuk, gainera, erakunde publikoek haien eszentrikotasunak diruz lagundu beharko lituzketelakoan daude. Ministro balira, osasun etxeen alboan baratzeak pilatuko lituzkete, enplastuak egiteko hain baliagarriak zaizkien pasmo belarra, berbena belarra eta intsusa bertatik bertara edukitzeko. Gallardonen bertsio new-age horiek agintea balute, aurrerantzean kaleko iturriek ur beroa emango lukete, edozein izkinatan infusio sendagarri bat egin ahal izateko.

"Osaba makrobiotiko bihurtu zen, eta minbizia sendatu zitzaion", "Eneritzi landare batzuk hartu ondoren buruko minak arindu zaizkio" edota "San Antoni errezatzearekin mutil zahar izateari utzi eta andregaia topatu zuen" esaldiek antzeko helduleku zientifikoak dauzkate. Baina medizina alternatiboek eta ekialdetik iritsitako beste hainbat bitxikeriak badute sistemaz kanpotikoaren halako prestigio bat. Nik, ordea, ez dut sentitzen ama lurrak, munduko izaki bizidun guztiek eta oinarrizko lau elementuek kosmosarekin bat egitean sortzen den energia mistiko bortitz hori. Eta existitzen ez delakoan nago, izatez eszeptiko samarra bainaiz.

Nire arerio berriek pentsatuko dute abortuaren legea eta kiropraktika bezalakoak alderatzea nire tamainako kirten bati bakarrik bururatzen zaiola. Txarrenera, terapia horiek guztiek mesederik ez baina inongo kalterik ere ez diote egiten norbanakoari, erantsiko gero. Azkenean, katolikoentzat eskatzen duten berberarekin konformatuko omen dira: bere fedea modu pribatuan bizitzearekin, alegia.

Behin lagun ustezko ezkertiar aurrerakoi ateo gehienak galduta, nire agendak zein itxura hartu duen ez zait askorik gustatzen, dedio. Lagun ezkertiar aurrerakoi ateo berriak topatu beharko ditut. Benetakoak, ilustratuak, erlijio bakartzat metodo zientifikoa dutenak, kontraesanik gabekoak. Ea nola esplikatzen diedan Pedro Mari Goikoetxearen jatorri estralurtarrean irmoki sinesten dudala…

Etxean konposta egiteko, konpostagailuak doan

Debabarrena eskualdeko mankomunitateak etxean konposta egiteko kanpaina bat abiatu berri du. Lorategi eremu bat duten herritarrentzako egitasmoa da, eta, hasteko, berrehun konpostagailu banatuko ditu kanpainarekin bat egiten dutenen artean, doan.

Zortzi udalerritara zabalduko da egitasmoa: Deba, Eibar, Elgoibar, Ermu, Mallabi, Mendaro, Mutriku eta Soraluzera. Mankomunitatearen eta udalen elkarlanaren bidez, heziketa ikastaroak eskaintzen hasi dira aste honetan herriz herri; herenegun egin zuten lehena, Soraluzen; Eibarren, berriz, atzo elkartu ziren. Ikastaroak bukatutakoan banatzen dute materiala izena eman eta ikastarora joan direnen artean.

Konpostagailuak banatzearekin batera, konposta egiteko beharrezkoak diren gainerako baliabideak ere herritarren eskura jartzea da mankomunitatearen asmoa: eskuliburua, konpost-aireztagailua, laguntza zerbitzua, prozesuaren jarraipena... Hori horrela, erabiltzaileek telefono bidezko arreta zerbitzua izango dute (902-10 28 85), baita edozein kontsulta edo iradokizun egiteko webgune bat ere: www.debabarrenakonpostatzen.com.

Mankomunitateak birziklatzea sustatzeko eta hondakinak murrizteko hartu dituen neurrien artean dago etxean konposta egiteko azken kanpaina. Arcadio Benitez mankomunitateko presidenteak azaldu duenez, "materia organikoa birziklatzea funtsezkoa da birziklatze zifrak hobetzeko, zabor poltsaren ehuneko oso handia delako".

Haren ustetan, etxean konposta egitea "alternatiba bat" da, bereziki dentsitate txikiko eremuentzat. Ezarpenerako eremu egokitzat jo dituzte zelaigunea duten banakako etxebizitzak, baserriak eta, oro har, konpostagailuak ezartzeko egitura egokia duten auzoak —baratzeak dituzten inguruak, adibidez—.

Emaitzatik haratago, Benitezek gogorarazi du kanpainak berak baduela "eragin pedagogiko garrantzitsua". Mankomunitatearen arabera, konpostatzea kontuan hartzekoa da "iraunkortasunaren aldetik", eta "garrantzi handikoa" da ekonomiari dagokionez.

Lehiaketa Urolan

Urola erdialdeko Zerbitzu Mankomunitateak Birziklatu izeneko kanpaina jarri du martxan, Ecoembes eta Ecovidrio erakundeen laguntzarekin. Horren bitartez, Azkoitiko, Azpeitiko, Aizarnazabalgo, Beizamako, Bidegoiango, Errezilgo eta Zestoako herritarrek lehiaketa berezi batean parte hartzeko aukera izango dute hilaren 31 arte.

Herritarrek postontzietan jasoko dituzte lehiaketaren ezaugarriak azaltzen dituzten afixak; zenbait jardueraren bidez, birziklatzeari lotutako hainbat iradokizun edo proposamen bildu nahi dituzte. Onenen artean, hiru sari banatuko dituzte; epaimahaia, berriz, mankomunitateko eta udal bakoitzeko ingurumen teknikariek osatuko dute.

BERTSOAK ZUHAITZEAN

Zuhaitz batekin irudikatu du Frantzisko Petrirena Rekondo Xenpelar bertsolaria Gotzon Huegun artistak. Larunbatean inauguratu zuten Xenpelarren fruituak eskultura errenteriarrek, bertsolaria jaio zen etxetik gertu, Foruen plaza izenez baino Xenpelar p...

Hausturetatik elkarbizitzara

Mahai baten bueltak lagun artean konfidentziak egiteko baino gehiagorako eman dezake. Eztabaida gune bihur daiteke solasaldi batera bertaratutakoen artean; balio dezake ideologia politiko ezberdinak dituztenek antzeko duten hori elkarbanatzeko. Elkarb...

Gutxienez, lortutakoa ez galtzea

Hasteko ordua heldu aurretik bildu dira hitzartutako lekuan. Hamar bat dira pankarta aurrean, baina haren atzean kopurua hirukoiztu edo laukoiztu egiten da gutxienez. Donostiako Askatasunaren hiribideko 17. zenbakiaren kanpoaldea hartu dute astelehen ...

Tolosako gazteak pozik daude prozesu parte hartzailearekin

Beste lokal batean kide izan zuten lagun batek eman zien Sara Costelli eta Aloña Lertxundiri Tolosako Udalak bultzatutako partaidetza prozesuaren berri, eta ez zaie damutu parte hartu izana, edozein arazo dutenean udaletxera jo dezaketela badakite-eta orain.

Costellek eta Lertxundik 16 urte dituzte, eta Tolosako Beotibar kalean dute lokala. Udalak bultzatutako partaidetza prozesua hasieran errezeloz hartu bazuten ere, beste lagun bati esker parte hartzea erabaki zuten: "Gure lokal zaharreko kide batek esan zigun, eta, nahiz eta hasieran dudak izan genituen, beste lagun batek konbentzitu gintuen joateko". Behin prozesua amaituta balorazio ona egiten dute biek, egoera hobera aldatu delakoan daude: "Oso ondo iruditu zitzaigun udalak bilerak antolatzea. Hasieran lokalak ez ziren legezkoak, eta edozer gertatuta ere babesik gabe geunden. Gainera, denak gure aurka zeudela iruditzen zitzaigun".

Gazteez gain, lokalen inguruko bizilagunek, lokalen jabeek eta adingabekoen gurasoek ere parte hartu dute prozesuan, eta gorabeherak izan dituzte elkar ulertzerakoan: "Egia esan, ez zen oso erraza bizilagunei gure tokian jartzeko eta gure arazoak ulertzeko eskatzea". Baina pixkanaka denen artean ados jartzea lortu zutela adierazi dute, eta "giro atsegina" egon zela. Lokaletan egoteko ohitura duten gazteen arteko saretzea beharrezkoa jo dute Costellek eta Lertxundik ere, eta partaidetza prozesuak horretarako balio izan duelakoan daude: "Lokal batean sartutakoan, ez zara handik irteten eta kanpoko jendearekin egoteari uzten diozu. Bilerei esker, denon arteko harremanak hobetu dira".

Gazteen arteko harremanez gain, udalarekikoak ere estutu dira, Costellen eta Lertxundiren ustez; "gertuago" ikusten dute orain: "Edozein arazo dugunean, badakigu udalera jo dezakegula".

Piezak taldean mugitzeko, erlojua martxan

Peoiak eta erreginak mugimenduan jarri dira Gipuzkoa osoan; zaldiak ere saltoka dabiltza. Erlojuak martxan dira, abian baita Gipuzkoako taldekako xake txapelketa. Joan den asteburutik, lurraldeko hainbat herritako lokalak txapelketaren egoitza bilakatu dira. Bihar jokatuko dute bigarren jardunaldia; lehiak bizi-bizirik jarraituko du martxora arte.

Guztira, 54 talde ariko dira nor baino nor gehiago, bakoitzean lau jokalari direla. Lau dira kideak, baita txapelketak dituen kategoriak ere: maila gorena, lehen maila, bigarrena eta hirugarrena. Klubei dagokienez, "oso banatuta" dago taldeen jatorria, Mikel Larreategi Gipuzkoako Xake Federazioko presidenteordeak azaldu duenez. Donostian hiru talde daude —Gros, Fortuna eta Añorga—, eta gainerakoan lurralde osoko eskualdeak daude ordezkatuta: Hondarribia, Beasain, Eibar, Arrasate, Tolosa, Zarautz... Horietatik guztietatik, lehiara azkena batu dena Legazpiko taldea da; sortze prozesuan dagoenetako bat, berriz, Azpeitikoa. Dena den, aldaketa gutxi batzuk kenduta, "azken lauzpabost urteetan" antzekoa izan da parte hartzea, jokalari kopuruari dagokionez.

Markak hobetzea

Lehen jardunaldian bezala, bihar arratsaldean ere herri askotara helduko da norgehiagoka, eta lehen jardunaldian lortutako emaitza hobetzeko edo berdintzeko ahaleginetan ariko dira denak. Oraingoz, maila gorenean, Eibar A eta Anaitasuna berdinduta daude lehen postuan; lehen mailan, Andoain da nagusi; bigarrenean, Gros G taldea, eta hirugarren mailan, Gros H eta Hondarribia-Marlaxka berdinduta daude.

Gipuzkoako taldekako lehiaketa horretatik haratago, "badago mugimendua" urte osoan xakearen inguruan. Larreategik dioenez, eskoletan xakean jokatzen irakasten da, eta, horrez gain, herri askotan dituzte xake klubak. Bostehun bat federatu kalkulatzen dituzte gutxi gorabehera, "Bizkaian duten kopuruaren antzekoa".

Aisirako aukerak handitzeak izan du zerikusia parte hartzearekin: "Aukera aniztasuna dela-eta, murriztu egin da parte hartzea gazteenen artean; horri buelta eman ezinda gabiltza". Larreategiren ustetan, dena den, ziurrenik ez da soilik xakean gertatu; beste hainbat kirol edo jardueretara ere zabal daiteke kasua.

Hala eta guztiz ere, Larreategik izandako esperientziaren arabera, haur asko ari zaizkie gerturatzen xakean ikasteko interesarekin. "Agian ez dira gero txapelketaren mundura sartzen, baina ikastera etortzen dira".

Lehiaketak urte osoan

Lehiaketei dagokienez, federazioak antolatzen ditu gehienak. Hiru dira esanguratsuenak, horietatik bi, ofizialak: orain jokatzen ari diren taldekako txapelketa eta banakako txapelketa —urritik abendura izaten dena—. Bestea Aste Santuan egiten dute, eta, ofiziala ez izan arren, garrantzi handikotzat dute, nazioarteko jokalariak etortzen baitira Gipuzkoara; azken urteetan, "150-175 lagun". Horiez gain, klubek ere hartu ohi dute hainbat lehiaketa antolatzeko ardura; herriko jaietan ere izaten da halakorik.

Zaborraren inbidiak

Zu hor eta ni hemen!" gure atsotitz famatuena da, eta gauzak nola dauden ikusita, kasu gehien egin behar geniokeena. Gero "Akuna Matata!" eta bestelako esamolde arraroez apaindu zuten arren, esanahia berbera da: bizi hadi eta utzi ezak bizitzen. Baina gure Gipuzkoa zahar eta inbidiaz jositako honetan, bereak eta bi kostatzen zaigu bizi eta besteari bizitzen uztea. Ezin egon albokoa gustura ikusita. "Zorionak, hi!" aurretik, eta "nahigo nike lepa-hezurre hautsiko bahuke…" atzetik. Oso geurea da bizilagunari begiratu eta haren lurren, ganaduaren edo emaztearen inbidia izatea.

Besteen zoriona ez da inoiz izan geure zoriona, ez horixe. Loteria tokatzen denean, geure etxeko sofatik xanpainez blai dauden haiek ikusten ditugunean, ez gara ez pozez betetzen, "neronek edukiko baniake… horrek zertako dik horrenbeste diru?". Inbidia, nik uste, gizaki guztiena dela eta horren aurka ezer gutxi egin ahal dugula. Hala ere, bi inbidia mota daude, inbidia sanoa eta inbidia txarra. Albokoa baino aberatsagoa, ederragoa edo artistagoa izatea ez da txarra, inbidia sanoa da. Baina bada beste inbidia bat, ez gaituena geurea hobetzera bultzatzen, albokoa izorratzera baizik; horri inbidia txarra deritzo, eta hori da gure gizarteko gaitza.

Badugu gurea, inbidia txarraren adibide bikain bat, zaborren kudeaketa. Porrot mugagabera zihoazen zaborra biltzeko sistema berriak funtzionatzen ari diren garai honetan, berriro diot, funtzionatzen ari diren garai honetan, zail da inbidia txar hori ahoko zulotik barrena sartu eta urdailaren zokoren batean gordetzea. Sistema berriek funtzionatzen dutela ikusi eta horiek zoriontzea ez da, nonbait, politikoki egokia. Hobea da inbidia txarraren ikurrina hartu eta sistema berri hau ahal dugun heinean kritikatzea eta izorratzea, nahiz eta kritikatze horretan geure teilatura harriak bota eta esandakoak mila aldiz kontraesan. Hasiera batean atez atekoak herri guztia poltsa zintzilikatuez betetzea ekarriko zuela esaten zutenek ederki ikusten dute nola zabor guztia kubo koloretsu eta politetan ateratzen den. Ikusi dute nola zabor edukiontzi erraldoi batek baino leku gutxiago betetzen duten eta ez dagoela usain txarren arazorik.

Zergatik jarraitzen dute orduan protesta modura beren zabor poltsak kaleko zoruetan uzten edo edozein lekutan zintzilikatzen? Ez al genuen, ba, gure herria zabor poltsa zintzilikatuz betetzea ekidin nahi? Zertan ari gara orduan, gure hasierako amets gaiztoa egia bihurtzen ala? Konpostatzea zerrikeria zela esan zuten haiek zergatik ari dira besteen auzokonpostagailuak arropaz betetzen? Agian arropa ere, jatorri organikoa izanik, konpostatu egin al dute? Eta konpostatzeak arratoiak erakarriko zituela aho betez esan zutenek ikusi dute ez dagoela arratoirik konpostagailu inguruan; beraz, zergatik hartu horrenbeste ardura errekatik hildako arratoi bat hartu eta auzokonposta gunera botatzen?

Bai, noski, arratoi bat ere material organikoa da nonbait eta. Konpostagailuaren tapa irekitzeak gas toxikoak ekoizten dituela esaten zutenak zergatik ari dira bereak ez diren banakako konpostagailuak giltzaz ixten? Denon airearen osasunagatik ote? Egunean hamar bat konpostagailutako airea arnasten dut, eta azken medikuaren errebisioetan ez da nire biriketan ezer arrarorik agertu. Bosgarren edukiontziaren fan leialentzat, non dago edukiontzi horren erabilera? Kontuan hartu organikoaren bilketaren arrakasta ez dela soilik pisuan kalkulatu behar, bilketaren kalitateari ere kasu egin behar zaiola. Zertarako ehun kilo organiko bildu, tartean bost kilo plastiko baditu? Konpostatzeko ez behintzat!

Organiko izenean bildu arren, hori errefusa da, eta zabortegira doa. Askok diotenez, zabor politikan aldaketak egiten hasi aurretik, birziklatzen erakutsi behar omen zaio gizarteari; hori egia da; arazoa da lehenengo paper eta ontzi arinen edukiontziak orain 25 urte inguru ipini zituztela. Beraz, 25 urte daramatzagu birziklatzen ikasten. Ez al da asko samar? Arrainek hiru segundoko memoria omen dute, ba gipuzkoarrok justu 25 urteko memoria izango dugu! 25 urte birziklatzen ikasten eta 26.ean dena ahaztu!

Zorionez, birziklatzen ikastea ez da EHUko master berria; eskuliburu bat, zabor-hiztegi bat eta lau irudi ikastean datza. Eta ez da adin kontua ere, makina bat adineko jende ikusi dut ederki asko birziklatzen eta konpostatzen dakiena. Beraz, 2014rako proposamen polita da: funtzionatzen duena bakean utzi, eta hobekuntzarik bada, proposatu, gurdi honetan denok batera goaz eta!