“Ilusioa besterik ez da behar xakean dibertitzeko”

Gros Xake Taldeko Gros A taldean aritzen da Iñigo Argandoña (Donostia, 1981), Euskal Ligako Ohorezko Mailan. Gustura dago klubak Gipuzkoako taldekako txapelketako lehen jardunaldian lortutako emaitzarekin.

Zer moduz hasi duzue txapelketa?

Guretzat, txapelketa oso ondo hasi da, Orvina iruindarrari 4-0 irabazi eta gero. Gros B taldeak binako berdinketa lortu zuen Arrasateko taldearen kontra. Emaitza ona haientzat, helburua mailari eustea baitute. Aurten, zortzi talde atera ditugu Gros Xake Taldean, hainbat kategoriatan.

Nola ikusten duzu, oro har, Gipuzkoako jokalarien maila?

Gipuzkoako jokalariek maila oso onean jarraitzen dute; hala ere, jokalari gazteei kosta egiten zaie beteranoen mailara iristea.

Zer behar da xake jokalari on bat izateko?

Xakean dibertitzeko, ilusioa besterik ez da behar. Jokalari on bat izateko, talentu handia eta diziplina zorrotza behar dira.

Noiz hasi zinen xakean jokatzen? Zergatik aukeratu zenuen?

Aitak erakutsita hasi nintzen jokatzen. Kirol askotan lehiatu eta gero —eskubaloia, saskibaloia, atletismoa eta abar—, azkenean xakean jarri ditut indar guztiak.

Zer emaitza espero duzue Gipuzkoako txapelketan?

Helburu hauek jarri ditu klubak: jendeak ondo pasa dezala eta jokalari gazteek aurrerapauso handiak eman ditzatela. Tituluren bat irabazten badugu, ongi etorria izango da, noski.

‘Ataria’-ren atariko bertso saioa

Bertsolaritza

Tolosa

Azken urteetan bezala, aurten ere bete egingo da Tolosako Leidor aretoa Txolarre irratiak antolatu ohi duen bertso saioan. Punta-puntako bertsolariak bilduko dira bihar, 18:00etan: Igor Elortza, Jexux Mari Irazu, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Jon Maia eta Andoni Egaña. Gaiak jartzen, berriz, Amaia Agirre ariko da. Sarrera guztiak saioa izan baino astebete lehenago bukatu ziren.

Bertso jaialdiak bosgarren aldia du aurten. Aurrekoetan, Txolarre irratia izan du antolatzaile; orain, ordea, Tolosaldeko Ataria proiektu berriak hartu du lekukoa. Hiru hedabide elkartu dira horretan: Txolarre irratia bera, Galtzaundi aldizkaria eta Tolosaldeko Hitza egunkaria.

Proposamenak Twitterren

Berezia izan ohi da Txolarreren jaialdia; neurri eta doinu jakinetan kantatu beharreko bertsoak ez ezik, ariketa bitxiak ere aurkezten zaizkie bertsolariei. Bihar, sare sozialei tarte bat egingo diete; hori horrela, Twitterren edonork du gaia proposatzeko aukera, #bertsogaia traola erabiliz. Irabazlearen proposamena jarriko die Agirrek bertsolariei, eta, gainera, saridunak jaialdirako bi sarrera eskuratuko ditu. Orain arte, askotariko gaiak proposatu dituzte sare sozialean erabiltzaileek: Eguberriak, politika, heriotza, independentzia, 2014rako asmoak...

Umoretik asko izaten du urtarrileko jaialdiak. Iaz, esaterako, zazpi filmen kartelak erakutsi zizkion Agirrek Lujanbiori, eta hernaniarrak gainerako bertsolariak non kokatuko lituzkeen erabaki behar izan zuen. Casablanca-n jarri zuen Jon Maia, filmeko esaldi ezagunari eta Maiaren Gazta zati bat lanari erreferentzia eginez: "Beti geratuko zaigu guri Idiazabal". Alaia Martin Drakula izan zen, eta zehaztu gabe utzi zuen Lujanbiok Amets Arzallus nor izango ote zen Titanic filmean: "Leonardo DiCaprio edota izozmendia".

Eskualdeko hainbat bertso eskolatako haurrak ere aritu izan dira bertsolariak zirikatzen, baita euskara ikasten ari diren eskualdeko atzerritarrak ere. Puntu hau jarri zion mexikar batek Maiari duela bi urteko jaialdian: "'Mexiko lindo' da, baina zu ere bai, alajaina". Eta Maiak erantzun: "Ene ze ondo mugitzen duen euskaraz mingaina / hizkuntza baten ordaina / lore politen tamaina / 'Mexiko lindo' izango da bai, baina ez zu aina".

Teknologiari begira

Urrian ekin zioten Tolosaldeko Ataria-ko hiru hedabideek proiektu bateratuari, nahiz eta aurretik ere elkarlanean aritu izan diren. Bihar egingo duten bezala, beren eguneroko jardunean ere teknologia berriei lekua egitea dute asmoetako bat. "Iritsi da unea beste jauzi bat egiteko, adibidez, Interneteko plataforma sendo bat egiteko", zioen Ainhoa Oiartzabal Ataria-ko arduradunak proiektuaren aurkezpenean. Aldi berean, herritarrei zuzenean parte hartzeko aukera ere eskaini nahi diete, biharko jaialdian egingo duten bezala.

Euskalgintza du oinarri Tolosaldeko Ataria-k, eta esparru horretan ere eragin nahi dute. "Batzuetan, ahaztu egiten dugu zein esfortzu eskatzen duen euskarazko komunikabide bat kalean izateak. Hutsune asko daude, eta horretan lanean jarraitu behar dugu". Biharko saioa bide berri horretako lehen fruituetako bat izango da.

BERTSO JAIALDIA

Non. Tolosan, Leidor aretoan.

Noiz. Bihar, 18:00etan.

Bertsolariak. Igor Elortza, Jexux Mari Irazu, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Jon Maia eta Andoni Egaña ariko dira kantuan. Gai jartzailea: Amaia Agirre.

Jakingarriak. Sarrera guztiak amaitu dira.

3.000

Zarauzko Daniel Txopitea bekaren dirua eurotan. Zarauzko Udaleko Kultura Sailak Daniel Txopitea bekaren bigarren deialdia ireki du. Marrazkiak, argazkiak, eskulturak, bideoak eta beste hainbat gauza egin eta Zarauzko malekoian erakusteko aukera egongo da.

EROMENAREN ZURRUNBILOAN BUELTAKA

"Komedia ero bat" ikusteko aukera izango dute gaur Zumaiako Aita Mari aretora biltzen direnek. Terapiak antzezlana egingo dute 22:00etan Vaiven eta La Pavana konpainiek. Antzezlanean, pertsonaiak oreka emozionalaren eta identitate sexualaren bila dabi...

Gazteen eta bizilagunen arteko oreka bila Errenterian

Errenteriako Udalak martxoan martxan jarri zuen prozesu parte hartzaile bat, gero eta ugariagoak diren gazte lokalak arautzeko. Unai Unsuain Gazteria zinegotziaren ustez, "gazteek eskubidea daukate lokalean ibiltzeko, baina baita bizilagunek ere etxea...

Gorrak partaide izan daitezen

Eskolara joandakoan, herrian Mari Domingirekin harrera egitean edo etxean idatzitako eskutitzak bidaltzean eskatzen dizkiote haurrek Olentzerori opariak. Baina badira bestelako bideez baliatzen direnak ere: horren adibide dira haur gorrak, eta, GPGE Gipuzkoako Pertsona Gorren Elkarteak antolatuta, hainbat haur keinu hizkuntzan komunikatu ziren Olentzerorekin duela aste batzuk. Gorrek muga ugari gainditu behar izaten dituzte egunero. Traba ia ikusezinak dira entzumen arazorik...

Gipuzkoar gorrak, 2012ko datuen arabera.

Duela bi urteko datuen arabera, 1.832 gor daude Gipuzkoan; horien artean daude jaiotzez gorrak direnak eta gorreria gerora etorri zaienak. Gorreriarekin jaiotzen direnen %10ek baino ez dute guraso gorren bat.

Informazio osoa jasotzeko bermea da interpretea

Podologoaren kontsultan sartu, eta eseri egin da Xabier Kaperotxipi, jaiotzez gor-mutua (Zarautz, 1963). Nekane Mujika Euskal Gorrak elkarteko interpretea haren parean zutik geratu da, eta Eneko Txurruka podologoa kontsultara sartu orduko, elkarrizketa abian da: Txurrukak Kaperotxipiri hitz egiten dionean, Mujikak keinu bidez itzultzen ditu podologoaren esanak; eta Kaperotxipiren keinu bidezko erantzunak hitzez adierazten dizkio Mujikak Txurrukari.

Hemezortzi urte daramatza interprete lanetan Mujikak. Joan da podologoa barne zolak egokitzera, eta Kaperotxipik egiten duen lana eskertu du: "Imajinatu interpreterik gabe etorri banintz, elkarrizketa hau guztia ez litzateke posible izango. Berak ez lidake zein min dudan ulertuko, eta nik ere ez nioke esan nahi didana ulertuko". Urtean hamar-hamabost bat aldiz eskatzen du interprete zerbitzua, osasunarekin lotutako kontuetarako eta haurren eskolako bileretarako, adibidez. "Gauza sinpleak direnean, ez dut eskatzen, eta nolabait moldatzen naiz: idatziz, keinuez baliatuz...", azaldu du. Baina, halakoetan, informazio guztia jasotzen ez duen irudipena du: "Errazago ulertzeko, gauzak oso sinple azaltzen dizkigu jendeak, eta, askotan, dena jaso gabe geratzen gara".

Txurrukak gogoan du interpreterik gabe moldatu izan den aldiren bat edo beste. Duela pare bat urte, Kaperotxipiren seme Eneko amarekin —jaiotzez gor-mutua hura ere— kontsultara joan zen batean, Enekok, "heldutasun handiz", amak esan nahi zuena azaltzen ziola oroitu du. "Interpreteen laguntzarik gabe elkarrizketako datu garrantzitsu asko galtzeko arriskua dago", azaldu du podologoak. "Kaleko elkarrizketetan ez dio axola, akaso, baina hitz teknikoak-eta direnean bai. Gure kasuan, jendearen mina zein den zehaztea oso garrantzitsua da: ezin dugu irudipenaren araberako tratamendurik eman; gaixoen arazoari konponbidea ematea dagokigu".

Garagunea, pertsonen bilgune

Pertsona guztiek, jaiotzatik heriotzara arte, norbere bizi-plana osatzen eta egituratzen dute, bidean hartutako erabakien eta egindako hautuen bitartez. Baina badira erabakitzeko eskubide hori urtetan ukatu zaien pertsonak, eta haien bizi-plana beste batzuek hartutako erabakiekin osatuz joan da. Hala izan da urtetan adimen urritasuna duten pertsonen kasuan, adibidez. Sarri, gainera, gizartetik baztertuak eta zokoratuak ere izan dira.

Horiek, dena den, iraganeko kontuak dira jada kasu askotan. Izan ere, adimen urriko pertsonen garapenean laguntzeko asmoz lan egiten duten erakunde, zentro eta norbanako askok aukera eta baliabide ugari eskaintzen dituzte, eta, bide batez, gizarteko ikuspegiak aldatuz joan dira. Helburu horrekin lanean dihardutenetako batzuk dira Garagune zentroak.

Irabazi asmorik gabeko Goyeneche Fundazioaren barneko elkarteak edo zentroak dira, eta Gipuzkoan gisa horretako 11 zentro daude martxan: Legazpin, Irunen, Errenterian, Tolosan, Ordizian, Arrasaten, Eibarren eta Azpeitian zentro bana dago, eta hiru daude Donostian. Garaguneek Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza jasotzen dute.

Legazpiko Garagunearekin, esaterako, 2004an hasi ziren, eta, Asun Jauregi bertako arduradunak esan duenez, 2004tik 2008ra arte Urtatzako Gureak lantegiaren ondoko gela batean aritu ziren lanean adimen urritasuna zuten bost pertsonarekin.

2008tik 2011ra bitartean, Ordiziako Garagunera joan behar izan zuten Legazpiko erabiltzaileek, "Legazpiko gunea handitzeko azpiegitura faltagatik". 2011n jarri zuten martxan, azkenean, Legazpiko Garagunea, Aizkorri kaleko 16. zenbakian dagoen lokalean.

Neurrira egindako planak

Gaur egun, adimen urriko hogei pertsona daude Legazpiko Garagunean, hiru profesionalek lagunduta. Garagunera iritsi aurretik, ordea, bertako profesional batek adimen urritasuna duen pertsonaren inguruko azterketa bat egiten du, eta, azterketa horren emaitzen arabera, Garagunera edo beste zerbitzu batzuetara bideratzen dute erabiltzailea, bakoitzaren beharretara gehien egokitzen den zerbitzua jaso dezan.

Garaguneko erabiltzaile gehienak Gureak lantegietatik eratorritakoak dira, "lan zikloa amaitutzat eman dutenak". Garaguneak, baina, Gureak bezalako zentroak ez bezala, "ez dira lanerako leku bat". Lan eremutik harago, "bizitza pertsonala aberasteko beste zerbitzu bat behar dutenentzako guneak dira".

Hala, Garagunea izenak berak dioen bezala, pertsonei garatzen laguntzeko guneak dira zentro horiek. Jauregik hala azaldu du: "Pertsona bakoitzaren araberako bizi-planak egiten ditugu Garagunean, haien bizi-kalitatea hobetzeko". Bizi-plan horren oinarrian, planifikazio bat dago. "Pertsona bakoitzaren zaletasunak, gustuak eta ezinegonak aintzat hartuta, norberaren neurrira egindako ekintzak antolatzen ditugu Garagunean", zehaztu du Jauregik.

Legazpiko zentroa 09:30etik 17:00etara arte egoten da irekita. Bertan, ohiko eginbeharrak taldetan banatuta egiten dituzte. Egunero, eguneko ekintzak errepasatzeko bilera batekin hasten dute eguna. Ondoren, lagun bakoitzak egun horretarako egokitu zaizkion ekintzak egiten ditu: "Tailerrak, dantza saioak, irakurketa, paseoa, eskulanak, sukaldaritza...". Astean bitan, Garagunean bertan prestatzen dituzte guztientzako otorduak.

Lotura komunitatearekin

Ekintza plan horien bitartez, "adimen urritasuna duten pertsonak komunitatean integratzeko bideak aurkitu behar dira". Izan ere, Garagunea ez da lau paretetara mugatzen den leku bat, "barrutik kanporako zubiak eraikitzeko erreminta bat da, adimen urritasuna duten pertsonek gizartean beste harreman batzuk garatzeko eta duten sarea handitzeko balio dezakeena".

Alde horretatik, Garaguneko kideek ekintza asko antolatzen dituzte Legazpin herriari begira. Hileko lehenengo ostiraletan, bidezko merkataritzako produktuen eta Garagunean bertan egindako eskulanen salmahai bat jartzen dute azokan. Era berean, bidezko merkataritzako hiri proiektuaren barneko talde eragileko kide ere bada Garagunea. Hala, udaletxean egiten diren bileretan parte hartzen dute, adibidez.

Horrez gain, Markel Lopez Urretxuko haurrarentzako tapoi bilketan ere aktiboki parte hartzen dute —Epidermolisis bullosa gaixotasuna du Lopezek—. Legazpin jada abian dute dauden guneetan tapoiak jaso eta Garbigunera eramateko proiektua.

Herrian laguntzeko ekintzak

Herriko elikagai bankuan ere laguntzen dute Legazpiko Garaguneko kideek. "Astean bitan supermerkatuetatik janaria bildu eta biltegira eramateko ardura dauka Garaguneko talde batek". Gainera, herriko tabernariekin eta merkatariekin elkarlanean "adimen urritasuna duten pertsonak ondo artatzeko dekalogo bat ere" jarri dute martxan. Dendarien edo tabernarien eta adimen urriko bezeroen artean komunikazioa erraztea dute helburu dekalogo horrekin.

Gizarteko hainbat alorretan laguntzeko egitasmoez, ekintzez eta proiektuez gain, Garagunearen eta Legazpiko gainontzeko eragileen artean zubiak eraikitzeko proiektuek ere badute lekua. Ateak irekitzeko jardunaldiak antolatzen dituzte, adibidez, Garagunea ezagutzera emateko. Bizilagunekin, eskolekin eta bestelako taldeekin aritzen dira elkarlanean ateak irekitzeko jardunaldietan. Elkarlan horren beste adibide bat Haztegi ikastolarekin batera nobela bat irakurtzeko egitasmoa da, esaterako: "DBHko ikasleek eta Garaguneko kideok gaztelaniazko nobela bera irakurriko dugu, ikasturtearen amaieran elkarrekin tertulia bat egiteko", azaldu du Jauregik, Legazpiko Garaguneko arduradunak.

Ekintza horiek gero eta ugariagoak dira egunez egun, urritasuna dutenei babesa emateko. Baina bestelako joera batzuk ere eragotzi nahi dituzte. Hala, historikoki baztertuak izan dira, baina orain gehiegizko babesa ematea saihestu nahi dute, "askotan ikuspegi paternalista batetik" aritzen baita jendea. Hala, muturreko bi joera horiekin apurtzeko, adimen urriko pertsonei dituzten mugak gaindituz autonomoak izaten irakatsi eta beren bizi-proiektua berek nahi bezala eraikitzeko aukerak eman nahi dizkiete Garagunean.