EUSKAL KANTAGINTZA GOGOAN, UMOREZ

Ramon Agirre eta Inazio Tolosa aktoreak Koka Kola eta Barea antzezlanean dabiltza buru-belarri. Asteburu honetan, esate baterako, hiru emanaldi egingo dituzte. Hala, gaur eta bihar Donostian ariko dira, Antzoki Zaharrean, 20:00etan. Igandean, berriz, ...

Jaioterriari zor diodana

Dozena bat urte baino gutxiago izango nituen lehenengo aldiz zapaldu nuenean. Bizitza osoa aurretik, eta etorkizunaren orriak idazteko oraindik. Zirrara berezi bat sentitu nuen oinak gainean jarri orduko, sentsazio berria zen hura gorputz heldugabe ha...

Emakunderen Berdintasun Saria eman zioten 2009an

Lilatoiak sari eta aitorpen ugari jaso ditu azken urteetan. 2009an, besteak beste, bi sari eman zizkioten, hogei urteko ibilbidea goraipatzeko: Emakunderen Berdintasun Saria eta Donostiako Udalaren Hiritar Merezimenduaren domina —argazkian, Berdintasun Saria jasotzen Lilaton taldeko hainbat kide—.

Gazteen eta bizilagunen alde

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 15 eta 29 urte bitarteko gazteen bostetik batek lokala du egun, Gazteen Euskal Behatokiak lokalen fenomenoari buruz egindako ikerketaren arabera. Horrek herriz herri lokal asko daudela esan nahi du, eta Gipuzkoa ez da salbuespena. Aisialdia lokaletan pasatzen duten gazteen eta lokalen inguruko bizilagunen artean sortu izan diren arazoak direla medio, egoera arautzeko erabakia hartu dute hainbat...

8,52

Ibilgailu astunek Deskargan ordaindu beharrekoa. Deskargako errepidea 2015. urteko apirilerako zabalik egotea espero da, eta Larraitz Ugarte Bide Azpiegituretako diputatuaren hitzetan, "ibilgailu astunei 8,52 euro kobratuko zaie, eta ibilgailu arinei, 90 zentimo".

Lokala duten EAEko gazte kopurua.

Gazteen Euskal Behatokiak egindako ikerketaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 15 eta 29 urte bitarteko gazteen %20k lokala dute, 62.000 lagunek guztira. Orain ez badute ere, izan dutenak laurdenak dira adin tarte horretan.

“Autismoarentzako sendagai berriak ikertzen ari gara”

Donostiako Urrezko Danborra jasoko du San Sebastian egunean Joaquin Fuentes Biggi psikiatrak (Donostia, 1949). Autismoaren ikerketan aditua eta erreferentea da, eta lan horretan Donostiaren izena munduan zabaldu izana sarituko dute, baita Gautena Gipuzkoako Autismoaren Elkartearen bilakaeran egindako lana ere. Gaur egun Gipuzkoako Poliklinikako Haurrentzako eta Gazteentzako Psikiatria zerbitzuko burua da; Haur Psikiatriako Munduko Elkarteko presidenteorde gisa ere badabil.

Urrezko Danborra jasoko duelako "oso pozik" dagoela dio jaiaren aurreko egunetan: "Donostiar batentzat zoragarria da zure hiriak era honetako aitortza egitea". Donostiako jai egun handian ondo pasatzeko asmoa du, baita autismoaren ikerketan eta aurrerabideetan erronka berriei ekitekoa ere.

Autismoaren ikerketan eta Gautenaren garapenean egindako lanagatik eta Donostia ezagutarazteagatik emango dizute saria. Erraza al da kanpoan Donostia saltzea?

Bake egoera daukagunetik, askoz ere errazagoa da. Edozein bisitarirentzat Donostia beti izan da erakargarria: hemengo jendea, pintxoak, hondartzak... Eta, gure kasuan, kanpotik etorri izan dira Gautenan garatutako lana eta haurren psikiatrian egiten ari ginen ikerketak ezagutzera. Hori dela eta, Donostiara bisitariak erakartzeko eragingarri bat gehiago gara.

Psikiatrian, autismoaren ikerketan eta tratamenduan lanean ari zarenetik, zer aurrerabide egin dira?

Ikerketaren ondorioz jakin dugu autismoa uste baino ohikoagoa dela, eta gaur egun adimenaren ez-gaitasunik gabeko kasuak atzematen ditugu. Gai izan gara sendabideak gehitzeko heziketa arloan eta autismoa dutenen integrazio komunitarioan. Horrek, gainontzeko pertsonekin batera bizitzea eta gogo betetze pertsonala izatea eskaini die autismoa dutenei. Orain, berriz, eraginkorrak izatea espero dugun sendagai berriak ikertzen ari gara.

Aurrerabideez ari zarela, autismoa duten pertsonentzako e-Mintza aplikazio informatikoaren sustatzailea ere izan zara. Zertan izan da lagungarria? Eta nolako harrera izan du, erabiltzaile aldetik eta?

Ukigarria den berrikuntzen artetik, e-Mintza aplikazioak eman dit asebetetze handiena. Gaur egun euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez dago erabilgarri. Hemengo bertako haurren eta helduen benetako ahotsekin egina dago. Hitz egin ezin duten horiek tableta batekin jardun dezaten jarri dituzte euren ahotsak. Dagoeneko, aplikazioa 30.000 aldiz jaitsia izan da, ehun herrialdetan baino gehiagotan.

E-Mintza aplikazioa doakoa da, Espainiako Industria Ministerioaren Plan Avanza-ren bidez finantzatua izan delako. Erraza al da krisi garaian ikerketarako eta proiektu berritzaileetarako finantzabidea lortzea?

Horrela da, aplikazioa guk geuk egiteko diru funts bat eman ziguten. Horregatik, aplikazioagatik euro bakar bat ere ez genuela kobratuko erabaki genuen Gipuzkoako Poliklinika Fundazioak, Orange Fundazioak eta Nesplora teknologia parkeak. Orain, nahasmendu neurodegeneratiboak —Alzheimerren gaitza, Parkinsonen gaitza...— dituzten pertsonentzako aplikazioa egin nahi dut. Baina egia da finantzabideak murrizten ari zaizkigula, eta ez doa aurrera.

Autismoaren tratamenduaren gainean, zeintzuk dira erronkak gaur egun?

Baliagarriak eta desberdinak diren sendagaiak bilatzea. Sendagai berri baten gaineko Europako proiektu batean ikerlari nagusi izendatu berri naute. Egitasmo horretan, hil honetan bertan hasiko gara lanean. Frantziako ospitale sare batekin elkarlanean ariko gara. Ilusio handiarekin nago, benetan.

Haur Psikiatriako Munduko Elkarteko presidenteordea zara batetik, eta Gipuzkoako Poliklinikako Haur eta Gazteen Psikiatriako zerbitzuaren arduraduna bestetik. Arlo horretan nolakoa da egoera beste herrialde batzuekin alderatuz?

Zoritxarrez, [Espainiako] Estatuan ez dago aitortuta haurren eta nerabeen psikiatriako espezialitatea. Arlo horretan, 400 espezialista ari gara lanean; titulu berezirik gabe, psikiatrak gara. Madrilgo azkenengo gobernuek hori zuzentzea agindu izan dute, baina lehengoan segitzen dugu. Tamalez, ia bakarrak gara Europan.

Gautenaren bilakaeran ere zuzenean parte hartu izan duzu.

Gautenaren ibilbidean hainbat zereginetan jardun dut; gaur egun, Gautenaren ikerketarako aholku emailea naiz. Ordea, beti nabarmendu dut bakarrik ez dudala jardun, ez Gautenan eta ezta beste tokietan ere. Dena besteekin elkarlanean egiten dut: familiekin, pazienteekin, laguntzaileekin... Gainera, eurek nik eurei adina edo gehiago erakusten didate. Nire lanak pertsonei laguntzea du oinarria. Horrek, hobeak egiten gaitu, bai herritar gisa, eta baita herri gisa ere.

2016an Espainiako Haur Psikiatriako Biltzarreko presidentea izango zara, eta AACAP (American Academy of Child and Adolescent Psychiatry) Donostiara ekartzea da zure asmoa. Horrek ahalegin handia eskatzen al du?

Ahalegin handia eskatzen du, baina gero poz eta gogobetetze handia ematen du. Esaterako, erreferente diren zientzialariak Donostiara ekartzea eta lortzea Donostia zientziaren eta ezagutzaren hiria izatea, oso garrantzitsua da maila askotarako.

Aurten, Urrezko Danborra jasoko duzunez, jaia nola ospatzea aurreikusten duzu?

Duela hogei bat urtetik lagun batzuekin batera elkarte batean afaltzen dut, eta gero danborradan irteten naiz Europaren Lagunak taldearekin; San Sebastian eguneko arratsaldean ateratzen gara danborra jotzen. Niretzat momentu hori ederra da. Ahal dela, aurten ere, aurreko urteetakoaren antzekoa izan dadin saiatuko naiz. Baina, desberdina izango da. Desberdin sentituko naiz, nik esango nuke pozik eta hunkituta biziko dudala jaia.

Familiarekin bizi diren mutil ikasleak dira gehienak

Gazteen Euskal Behatokiak egindako ikerketaren arabera, hauxe da lokala duen gaztearen soslaia, oinarrizko aldagai demografikoak kontuan izanda: batez beste 21 urte ditu, jatorrizko familiarekin bizi da, eta gizonezkoa eta ikaslea da. Lokala duten ehu...

Ondarea, zahar ala berri izan

Luzuriagako bulegoak, Coca-Cola eta Farmazialarien Batasuna. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Gipuzkoako ordezkaritzak uste du Donostiako industria ondarearen ikur gisa gorde beharko liratekeela aipaturiko hiru eraikinak. Hala adierazi diote Donostiako Udalari, Eraikitako Hiri Ondarearen Plan Bereziaren harira.

Hasierako onarpena eman berri dio Donostiak planari, gorde beharreko hiri ondarea babesteko irizpide berriak ezarriz, eta bertako elementu bakoitzaren babes maila zehaztuz.

Industria ondarearekin nahiko "zabar" jokatu izan da gaur arte; hala iritzi diote arkitektoen elkargoan. Uste dute interes handia zuten eraikin asko desagertuz joan direla, "gehienetan hiriaren hazkundeak" eraginda. Horregatik, geratzen direnen artean hiru eraikin "esanguratsuenak" txertatu dituzte arkitektoek Donostiako Udalaren planari aurkeztutako alegazioetan, eta garai baten azken aztarna gisa gorde ditzaten eskatu diote.

Juan Martin Garcia arkitektoen elkargoko Gipuzkoako ordezkaritzako Kultura batzordeko kidearen aburuz, Luzuriagako bulegoen eraikina "Donostiak izan dituen intereseko industria eraikin guztien artetik azkena izan daiteke". 1950eko hamarkadako post-arrazionalismoaren garaikoa da, eta planak jasotzen du, baina, arkitektoen ustez, "marjinalki", eraikinaren inguruan egin den planeamendu berriak ez duelako kontuan hartu eraikina.

Iraunkortasun irizpideak

Martinek uste du iraunkortasun irizpideak kontuan hartu beharko liratekeela hirigintza eta ondare kontuetan, "baina ez bakarrik arlo teknikotik begiratuta". Eraikinak berrerabiltzea aurrezteko modu gisa ikusten du: "Irtenbideak ez du zertan beti izan eraikitakoa botatzea berriro eraikitzeko".

Arkitektoek gordetzeko eskatu duten hiru eraikin industrialetatik bi erabiltzen dira gaur egun —Coca Cola eta Farmazialarien Batasuna, hain zuzen ere—, baina Luzuriagakoa hutsik dago aspalditik, eta, horregatik, "arriskuan".

Izan ere, Luzuriagakoa kasu bitxia da. Pasaia eta Donostia arteko mugan dago, Molinao auzoan, eta kokapena, kasu honetan, eraikinaren kalterako izan da. "Donostian egon arren, zerbitzua eman diezaioke Pasaiari. Ondareak interes partikularren gainetik egon beharko luke", dio arkitektoak.

Errealitatea, baina, bestelakoa da. Martinek salatu du eraikinaren inguruan egin dituzten lanak "eraikinari bizkar emanda" egin dituztela, "fatxada baten zati handi bat lurperatuz". "Horrek erakusten du, printzipioz, ez dela egon Luzuriaga gordetzeko interesik, ezta inguruko garapen urbanistikoan txertatzekorik ere".

Eskaera gehiago

Luzuriagako eraikina babesteko eskaera ez da berria; Antxotarrok Historia Mintegiko kideek aspalditik ekin zioten eraikina gordetzeko eskatzeari. Eusko Jaurlaritzaren industria ondarearen inbentarioan txertaturik dago, baita Ingeba Euskal Geografia Elkargoan ere.

Antxoko Historia Mintegiaren ustez, eraikinak "balio historiko, estetiko eta funtzionala du", eta zerbitzu sozial eta kulturaletarako ekipamendu gisa erabilgarria izan daitekeela uste dute.

Coca-Cola eta Farmazialarien Batasunaren eraikinen kasuak bestelakoak dira. Martinen ustez, "eraikin oso esanguratsuak dira biak, Donostiako hiriaren memoria kolektiboaren adierazgarri garrantzitsuak". Mugimendu modernoaren adierazgarri dira, "nazioarteko estiloan ohikoagoak".

Martinek azaldu duenez, Peña Gantxegik proiektatutako eraikina "oso berritzailea" da industria barne eraikuntzari dagokionez, Farmazialarien Batasunaren beharren arabera eraikitakoa; "sendagaiak jasotzeko behar zituzten tenperatura eta argiztapen baldintzak kontuan hartuta".

Eraikina, baina, ez dute jaso Eraikitako Hiri Ondarearen Plan Berezian, planak 1950. urtea baino lehen eraikitakoak baino ez dituelako kontuan hartzen, eta hori da, hain zuzen, arkitektoei gutxien gustatu zaien irizpidea. "Ez gaude ados irizpide horrekin". Arkitektoen ustez, "ondareak ez du zerikusirik adinarekin".

"Kontua ez da zaharra den guztia gordetzea", dio, eta galdera bat plazaratu du: "Norbaitek jarriko luke ezbaian Kursaala gure ondarearen parte denik?". Arkitektoak azaldu duenez, Moneoren hiru eraikin daude Donostian —Iesu eliza, Kursaala eta Urumeako etxebizitzen eraikina—, eta planak ez du bakar bat ere jasotzen.

Egoera berean daude arkitektoek txertatu nahi zituzten bestelako etxebizitza multzoak —Benta Berriko Lizarrituri eta Rezolako langileen etxebizitzak, Karmelo ikastetxea eta Egiako Korea taldea, kasurako—, baita Ondarretako Teniseko plazaren hirigunea ere.