23.676

Behobia-Donostiako parte hartzaileak. Guztira, 23.676 lagunek egin zuten igandean Behobiatik Donostiarako bidea korrika, patinatuz zein esku bizikletan. Arantza Ezkerro korrikalaria bihotzekoak jota hil zen.

Irekita, baina bakoitza berean

Herritarrengan oinarritua" batzuentzat, eta "ekonomia suspertzeko neurririk gabea" besteentzat. Halakoxea da Gipuzkoako Foru Aldundiak 2014rako aurkeztu duen aurrekontu proposamena. Bildu eta Aralar pozik daude gizarte politiketara bideratu delako diruaren zatirik handiena; EAJk, PSEk eta PPk ez dute bat egiten "Gipuzkoa berria" deiturikoaren ereduarekin. Hala ere, aurrekontuak aurrera ateratzeko negoziatzeko prest daude gehienak.

IDOIA ORMAZABAL

Bildu

"Herritarrengan zentratuta hobeto erantzungo diogu krisiari"

1. Oinarrizko behar sozialak izan dira orain arte murrizketak jasan dituztenak, eta guk joera hori eten dugu, ez dugu murrizketarik egingo gizarte zerbitzuetan. Hori bermatu dugu aurkeztu ditugun hiru aurrekontuetan, eta aurten ere bermatuko dugu. Eta horixe da, gainera, aurrera egiteko bidea. Aurrekontuak egiterako orduan sarri ahazten dugu politika sozialetara dirua bideratzea ekonomia indartzeko modua ere badela. Gipuzkoakoa lurraldean bertan sustraitutako ekonomia da, gizarte politiketan inbertitzen den euro bakoitzeko, bi euro jasotzen ditu lurraldeak, eta hori ere bada enplegua sortzea.

2. Eusko Jaurlaritzak herritarrak alde batera utzita eurentzako zerbitzuetan egiten ditu murrizketak. Guk, hasieratik esan dugu pertsonak direla oinarrian jarri behar direnak, eta hala eginez gero, gizarte laguntzak dira lehen mailako gaiak. Egoera larrian daudenei laguntzea, gizarteari orokorrean laguntzea dela uste dugu. Ondorioz, beste arlorik kaltetuko ez delakoan gaude, izatekotan ere, arlo guztiei mesede egingo diegu. Mundu mailan gizarte kohesionatuenak eta sozialki berdinenak direnak, krisiei aurre ondoen egin dietenak dira, desberdintasunak apurtu eta ekonomia herritarrengan zentratzen badugu hobeto erantzungo diogu krisiari.

3. Garbi dago Gipuzkoa hipotekatu egin dutela, administrazio publiko guztien kontuak hipotekatu dituzte azpiegitura handiekin eta eraikuntzarekin. Gure ustez, administrazio publiko indartsua eduki ahal izateko, kontuak orekatuta eta saneatuta eduki behar dira. Ezin dugu ahaztu aurrekontuak oinarrizko tresna direla gizartea artikulatzeko, eta diru publikoaren erabilpena finkatzeko. Aurrekontuekin erabakitzen da herritar guztiek ordaindutako diruarekin zer egingo den, eta orain arteko ereduan ez dira herritarrak egon oinarrian, azpiegitura handiak edo eraikuntza baizik. Aurreko agintaldia da horren adibide, zorpetze maila ikaragarri igo baitzen, eta guk, azken bi urteetan oreka bilatzeko ahalegina egin dugu.

4. Gu posizio irekiarekin gaude, eta etortzen zaigunarekin adostasunera iristeko eta akordioak erdiesteko ahalegina egingo dugu. Konfiantza defizitaz egiten den aipamenari dagokionez, guk bete ditugu gainerako alderdi guztiekin geneuzkan konpromisoak. Gainera alderdi sozialistak horretaz hitz egitea oso larria da, atzerakada handia egin dutelako fiskalitatearen gaian, eta Gipuzkoako eredua kontuan hartu gabe Bizkaira begira daude eta horren araberako kontra-erreforma fiskala inposatu nahi digute. Aurrekontu onak eta aurrerakoiak edukitzeko, sarrerak bermatu behar dira eta guk horiek ere modu aurrerakoian bermatu nahi genituen, gehien daukatenek gehien ordaintzeko neurriekin. Gainerako alderdiek euren kontra-erreforma fiskalarekin Gipuzkoari diru sarrerak murriztea bilatzen dute.

MARKEL OLANO

EAJ

"Foru aldundiaren gizarte zerbitzuak guk bere garaian garatutakoen antzekoak dira"

1. Ez da egia. Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat udali, elkarteri eta eragileri diru laguntzak kendu dizkie, beraz, horiek guztiek arazoak izaten jarraituko dute euren eguneroko jarduerak egiteko.

2. Foru aldundiaren gizarte zerbitzuak guk bere garaian garatutakoaren berdinak ala antzekoak dira. Kudeaketa modua aldatzen ari da. Behin baino gehiagotan kudeaketa eredu horrek eragile, elkarte eta enpresa askorekin liskarrak eragin ditu, hain zuzen ere, urte dezente aldundiarekin elkarlanean aritu direnekin. Are gehiago, egun, horietako asko epaitegietan daude. Beraz, hori ez da bidea. Gure ustez, gizarte politikek lehentasuna izan behar dute.

3. Politika publikoetan pertsonek izan behar dute lehentasuna. Bilduk eta foru aldundiak ez dute krisiari aurre egiteko plangintzarik eta ez dute ekonomia sustatzeko neurririk. Horrek ardura handia sortzen digu, izan ere, gipuzkoarrontzat lehentasuna da, egun hauetan Azpeitian eta Arrasaten ikusten ari den bezala. Egindako inbertsioek zuzenbide, teknika zein ekonomia arloko txostenak dituzte, hain zuzen ere, beharrei erantzuten dieten txostenak: errepide bat dela, zaharren egoitza bat dela, antzoki baten eraikuntza dela...

4. Bilduk jarrera aldatu behar du. Inposatzeari utzi behar dio, hitz egiteari ekin behar dio eta Eusko Jaurlaritzaren, foru aldundien eta udalen aurrekontuak ahalbidetu behar ditu. Guk ez dugu oztopatuko baina lehentasunak argi ditugu: enplegua sortzeko aurrekontu sailak eta gizarte politikako aurrekontu sailak, inor gizarte babesik gabe ez gelditzeko.

RAFAELA ROMERO

PSE

"Garitanok predikatzen duen Gipuzkoa berri hori haren buruan soilik existitzen da"

1. Esango nuke Martin Garitanoren aurrekontu proiektuak erakusten duela Gipuzkoa lurralde desfasatua eta iraganean finkatua dela. Ez baitu Fagorren itxierari aurre egiteko neurririk kontuan hartzen aurrekontu proiektuak berak. Are gehiago, ez du krisi ekonomikoari aurre egiteko jarrera integralik planteatzen eta besoak gurutzatuta jarraitzen du enplegu suntsiketaren aurrean. Garitanok berak, gainera, aurrekontu horiekin jauzi kualitatibo bat emango dela dio enpleguari eta hazkunde ekonomikoari dagokionez, baina, Fagorrena eta gero ez dio enpleguaren suntsiketari zein kapital ekonomikoaren eta humanoaren gainbeherari erreferentziarik egiten. Ondorioz, aurrekontuak birplanteatu edo oposizioko taldeek gaurkotasuna kontuan izanda egingo dizkieten emendakinak onartu beharko ditu. Ez da egia Gipuzkoa murrizketarik gabeko lurraldea izango dela, beharrei erantzuteko moduko aurrekontua ez izatea bera murriztailea delako.

2. Gu ez gaude batere ados EAJren eta Iñigo Urkulluren politikekin, krisiagatik gehien sufritzen ari direnak bazterrean uzten dituztelako. Gipuzkoan pobreziari aurre egiteko dirua handitu izana babestu behar dugu ezinbestean, eta jendearen sufrimendua baretzen lagun dezaketen neurrien alde gaude. Hori bai, aldundiak dio pobreziari modu egokiagoan egiten zaiola aurre neurri horiekin, eta guk uste dugu pobrezian daudenek diru laguntza horiek jasotzea baino gehiago behar dutela lana izatea. Ez dugu zalantzarik jende horri laguntza eman behar zaiola, baina ez zaigu iruditzen egoera hori modu positiboan baloratu behar denik, ez delako diru laguntzak emanez hobetuko, enplegua sortuta baizik.

3. Adierazpen horiek ezker abertzalearen propaganda direlakoan gaude. Orain arte dena ez zelako horren txarra, eta hemendik aurrera ere dena ez delako horren ona izango. Gainera, Garitanok predikatzen duen Gipuzkoa berri hori haren buruan soilik existitzen dela esango nuke. Gehiengoaren buruetan, berriz, langabeziaren eta pobreziaren igoera dago. Ondorioz, eredu berri horretan oinarritutakoa guretzat langabeez eta ixten duten enpresez jositako lurralde bat da, eta egoera horren aurrean besoak gurutzatuta jarraitzen duen ahaldun nagusi bat duena. Ez lituzke analisi politikoak egin behar, egoerari aurre egiteko konponbideak bilatu, baizik.

4.Zein egoeratan gauden kontuan izanda, denok egon behar dugu prest eseri eta aurrekontuak hobetzeko adostasunera heltzeko. Gu oso kritikoak gara aurrekontuarekin gipuzkoarren egoerari erantzuten ez diolako, eta ondorioz, gure proposamenak helarazteko prest egon behar dugu, egiten ez badugu arduragabe batzuk izango ginatekeelako. Beraz, negoziaketarako irekita gaude, gure lehentasuna herritarrak direlako.

JUAN CARLOS CANO

PP

"Datuak ikusita, Espainiaren eta Europaren atzeko ilararen muturrean gaude"

1. Gure posizioa ezaguna eta errepikatua da dagoeneko, eta Gipuzkoan egon den murrizketarik handiena, ekonomia sustapenean egin da. Krisi egoeran gaude, Fagorrena gertatu da eta ez dugu ulertzen foru gobernuak nola ez duen enplegua eta ekonomia sustatzeko neurririk martxan jartzen, hitzei buruz ari dira hizketan, ez aurrekontuei buruz.

2. Inork ezin du ukatu behar sozial handiak daudela, krisi etengabe honetan geroz eta behar gehiago dagoela. Baina foru aurrekontuak oreka bat behar du etorkizunean inbertitzeari dagokionez ere, ez du oraina arintzeaz bakarrik arduratu behar. Etorkizunerako inbertsioak egitea ezinbestekoa da, datozen urteetan gaur egungo behar sozial handiei erantzuten jarraitu beharrik izan ez dezagun. Eta oreka hori ez da ageri foru gobernu honek aurkeztu dituen hirugarren aurrekontuotan ere.

3. Bilduren eredu sozial eta ekonomikoa eta PPkoona oso ezberdinak direla argi dago. Baina planteatzen ari diren Gipuzkoa berri hori eraikitzeko alde batera utzi nahi duten eredua ekonomia eta enpleguaren sustapenarena bada, alde batera utzi nahi dutena ikaskuntzan eta nazioartekotzean oinarritutako ekonomia eredua bada, gu erabat aurka gaude. Azken 40 urteotan gure nortasunaren marka izan da enpresa berriak sortzea, gipuzkoarrek beren kontzientzian eduki dute arriskuak hartu eta enplegua sortzea, liderrak izan gara Espainia mailan, eta baita Europan ere. Eta oraingo datuak ikusita, Espainiaren eta Europaren atzeko ilararen muturrean gaudela ohartzen gara. Hori bada Bilduk sustatu nahi duen ekonomia eredua, oso kezkagarria iruditzen zaigu eta aurka gaude.

4. Gipuzkoarren onuren alde egiteko negoziazio guztiak ongi etorriak izango dira, baina berriro diot, Bilduren eta gure ekonomia ereduak errotik dira ezberdinak. Edonola ere, beti prest egon gara eta prest egongo gara aurrekontuen hobekuntzak proposatu eta txertatzen ahalegintzeko. Ez dakit sozialistak negoziatzeko prest egongo diren, baina ziurrenik, jeltzaleek bidea aurreztuko diete aurrekontuek aurrera egiteko.

MAITE SARASUA

Aralar

"EAJ oso kudeatzaile txarra izan da, eta haren arinkeria ari gara ordaintzen orain"

1. Hitzetatik harago datuak hor daude. Foru aldundiko sailek gastatzen dutenari eta zuzenean herritarrengana iristen denari erreparatuta, ikusiko dugu 2014an 671 milioi gastatzea aurreikusten dela, 2013an baino hamar milioi euro gehiago; beraz, % 1,52 egingo du gora herritarrei zuzendutako zerbitzuetako diruak. Nabarmendu behar da gizarte politiketarako diruak % 2,91 egingo duela gora, azken urte hauetan hain zigortuta izan den kulturara bideratutako diruak ere % 3,46 egingo duela gora eta garraio publikorakoak %9. Hori guztia posible izan da aldundiak garatu duen zerga politika berriari esker, eta orain, EAJk, PSEk eta PPk egin duten zerga itunarekin arriskuan dago.

2. Foru aldundiak sustatutako diru sarrerak bermatzeko laguntzak igoera nabarmena du aurrekontuen proiektuan, ia bi milioi eta erdi izatetik zazpi milioitara pasako baita. Prestazio hori Aralarren aspaldiko errebindikazioa zen, beraz, oso pozik gaude izan duen bilakaerarekin. Pobrezia etengabe ari da gora egiten eta Eusko Jaurlaritza egoera horretan erortzeko zoritxarra duten pertsonentzako prestazioa jasotzeko baldintzak gogortzen aritu da aspalditik. Guretzat pertsonak jarri behar dira politikaren erdigunean eta horretan saiatzen ari da foru aldundia.

3. Beti agertu izan gara oso kritiko hain modu arinean lurraldea hipotekatzeko EAJk sustatu duen politikarekin. Bidegi zenbaki gorrietan utzi zuten 900 milioiko zorrarekin. Erraustegiaren aitzakian 500 milioi euro lotu zituzten bankuekin. Garai onetan pilatuta zuten zorra amortizatzen joan beharrean izugarrizko inbertsio planak ateratzen zituzten txisteratik. Emaitza begi bistakoa da. Dirua gehien behar dugun momentuan administrazio publikoa zorpetuta dago eta horren erakusle da datorren urtean Foru Aldundiak 87,5 milioi euro bideratu beharko dituela bere zorpetzea ordaintzeko. EAJ oso kudeatzaile txarra izan da eta haren arinkeria ari gara ordaintzen orain.

4. Aurrekontuak ahalik eta talde gehienekin adostea onuragarria izango litzateke, zalantzarik gabe. Orain arte arlo askotan PSErekin posible izan da adostasunetara iristea. Fiskalitatean, esaterako, erreforma aurrerakoiak egin dira Aralarrek, Bilduk eta PSEk babestuta. Baina PSEk bere estrategia aldatu du eta eskuinarekin lerrotu da, orain EAJ eta PPren eskutik doa. Alderdi Sozialistaren arazoa ez da lidergoarena, estrategikoa eta ideologikoa baizik. Beraz, EH Bildu osatzen dugun indarrak mundu guztiarekin hitz egiteko irekita gaude, baina seriotasuna eta ardura politikoa eskatzen ditugu, herritarrentzako zerbitzuekin ezin baita jolastu.

Herritarren iritzia kontuan Tolosako aurrekontuetan

Tolosako Udala 2014ko aurrekontu proposamena egiten ari da, eta herritarren iritzia jaso nahi du. Galdetegi bat banatuko dute gabeziak, beharrak eta iritziak jasotzeko. Hilaren 25erako udaletxean, musika eskolan, kultur etxean eta kiroldegian jarriko ...

Komikiek toki propioa izango dute 2014an liburutegian

Koldo Mitxelena Kulturuneak (KMK) komikien gune bat du Donostian, Errege Katolikoen kalean. Luis Gasca komiki funtsa dute han, baina komiki gunea handik KMKra pasatu nahi dute, eta egungo egoitzan aditu eta ikertzaileentzako dokumentazio zentro bat sortu nahi dute. "Komiki gunea ez da gure proiektu bakarra izango datorren urtera begira, baina bai oso garrantzitsua. Toki eredugarria izatea nahi dugu, eta leku bizi bat izatea. Guk dakigunez, ez dago besterik, eta batez ere euskal komikia bultzatu nahi dugu". Hala azaldu du Susana Araiz KMK-ko liburutegiko arduradunak.

Komiki gunea lehenengo solairuko gela batean jarriko dute, eta 2.000 komiki baino gehiago jarriko dituzte erabiltzaileen eskura. Proiektua jadanik martxan dago. Arduradunek euskal komikiak erosi nahi dituzte, arlo hori bultzatzeko. "Euskal komikia eta oro har komikia hedatzeko gune berezi bat izan dadin nahi dugu. Horregatik, maileguez gain komiki zaharrak eta baliotsuak edukiko genituzke bertan, eta tailerrak ere egingo genituzke. Baina hori guztia planifikatzeko dago oraindik".

Ikerne Badiola Kultura diputatuak ere hitz egin du proiektu horri buruz: "Euskal Herriko komikigintzan erreferentzia gune bilakatzea nahi dugu KMK-ko gune berria, eta alor horretan dagoen hutsunea betetzea, Gasca funtsak irekitako bideari esker; bilduma hori gizarteratzeko espazioa izango da KMK-ko liburutegiko gunea".

Gazteak liburutegira erakartzea ere bada helburuetako bat. Izan ere, datorren urterako erronketako bat horixe dute: erabiltzaile berriak lortzea. Eta, horretarako, pentsatuak dituzte hainbat ekintza.

Gascaren bilduma

Dokumentu garrantzitsuenen artean, KMK-k badu komiki bat ere. "Agian Txistu da Argia albistarian argitaratutako lehen euskal komikia. Oso polita da. 1929koa da", iritzi dio Araizek.

Hala ere, izen bat aipatzekotan, Luis Gasca da hori. "Komiki, zinema eta beste adierazpen artistikoenganako pasioak mota askotariko dokumentu bilduma osatzera bultzatu dute Gasca. Bizitza osoan bildutako material horrek guztiak osatzen du Gasca bilduma". Hala azaldu zuten 2011n funtsa aurkeztu zutenean aldundiko arduradunek. Komikietatik harago doan bilduma da Gascarena, nolanahi ere: "Komikiez gain, egileen biografiak, gutunak, hiztegiak, aldizkariak, monografiak, filmak, diskoak, kartelak... hainbat euskarritako materialarekin dago osatuta, baita marrazki orijinalez eta egileek sinatutako edizioez ere".

Bestalde, komikiak orain dituzten egoitzan ekitaldiak ere egin dituzte aurten. Esaterako, Tolosako komiki elkartearen eskutik, komiki lehiaketa baten deialdia egin zuten orain hilabete inguru. Horretaz gain, Zebra efektua izeneko liburua aurkeztu zuten. Iñaki Holgado eta Arkaitz Cano izan ziren ekitaldian. Araizek aurreratu duenez, hilaren 21ean beste ekitaldi bat egingo dute. Informazio gehiago Kmk.gipuzkoakultura.net webgunean aurki daiteke.

KATEA FAGORREN ETORKIZUNAGATIK

Fagorreko langileek giza katea egin zuten astelehenean eta asteartean Arrasaten, Lagun Aroren egoitzatik Mondragon taldeko bulego nagusietara, Etorkizunaren alde lelopean. Elastiko gorriekin eta urdinekin ehunka kooperatibista bildu ziren. Fagor Etxet...

Erronkaz betetako hogei urte

Hogeigarren urteurrenera 84.000 bazkideren babesarekin iritsi da Donostiako KMK Koldo Mitxelena Kulturunea. "Lehen, emakume edadetu batzuk etortzen ziren, eta Gabonetan beti txokolatezko bonboiak ekartzen zituzten. Bazkide batzuk oso kexatiak izaten d...

Fagor, komunikazio inkomunikatiboa

Fagorreko bazkideak kalera atera dira euren egonezina eta haserrea adieraztera. Gutako askori deigarri egin zaigu, aldi berean, Fagorreko langile eta ugazaba direnak kalera atera izana, eurek orain arteko prozesuan zerikusirik izan ez balute moduan. Z...

“Askoz gehiago egin dezakegu”

Gehiago egin al dezakegu?". Galdera hori proposatu du Aergik, errehabilitazioan ari diren alkoholikoen Gipuzkoako elkarteak, alkoholismoari eta menpekotasunari buruzko jardunaldiei begira. Eta erantzuna Josean Fernandez elkarteko presidenteak berak em...