@sarean

Sare sozialak, mezuak hedatzeko baino gehiago, hartzaile eta emaile arteko harremana sortzeko baliatu nahi dituzte. Facebooken, esaterako, hartzaile eta emaile esperientziak konta daitezke.

www.gotatanta.com

www.twitter.com/gotatanta

www.facebook.com/Gotatanta

Errugbian, topikoak hautsiz

Ez da masa kirola inoiz izan Euskal Herrian, baina zale amorratuak izan ditu beti, batez ere Iparraldean. Gipuzkoan ere baditu bere zaleak, eta pentsa daitekeenaren kontra, ez soilik gizonen artean. Emakumeek ere gustuko dute errugbia.

Euskal Ligan aurten bi talde gipuzkoar daude. Hernaniko taldea eta Eibarrek eta Irunek elkarrekin sortu berri dutena. Lehengo igandean jokatu zuten elkarren kontra, Irungo Plaiaundin. Hernani zen faborito eta Hernanik irabazi zuen, 17-29. Hala ere, "uste baino hobeto" aritu ziren Eibar-Irun taldeko jokalariak, Amaia Telleria Eibarko entrenatzailearen arabera. Hernaniarrek ere hala uste dute, eta "partida borrokatua" izan zela aitortu dute.

Iñigo Camarero Irungo nesken taldeko entrenatzailea da. Gogoratu duenez, aurten eratu dutena ez da Irunen izan den lehenbiziko nesken errugbi taldea. "Orain dela hamabost urte sortu zen Irunen nesken talde bat, eta bost bat urte iraun zuen, 2005. urtera arte". Ordutik, baina, nahi eta ezin ibili dira. "Guk beti nahi izan dugu emakumeen taldea egin, baina orain arte ez dira etorri". Iaz, eta ezustean, aukera sortu zen arte. "17-18 urteko mutilak erakartzeko kanpaina bat egin genuen, eta neska batzuk agertu ziren", kontatu du Camarerok. Talde bat eratu zuten lehengo apirilean eta ordutik ari dira lanean. Jokalariak berriak izanik, denboraldia hasteko garaian ez zeuden ligan lehiatzeko moduan. "Horregatik pentsatu genuen Eibarrekin batzea".

Irungo neskentzat aukera paregabea izan dena Eibarkoei ez zaie gaizki etorri. Jokalari asko behar dira talde bat osatzeko, eta, Eibarrek talde beteranoa duen arren, ez zituen behar beste jokalari taldea haien kabuz eratzeko.

Telleria kontent da hartutako erabakiarekin. Bost urte badira Eibarren nesken taldea osatu zenetik, baina urtero dituzte zailtasunak jokalarien kopuruarekin. Eibarkoen esperientzia eta Irungo neska hasiberrien gogoa hasia da lehen fruituak ematen. "Hasieran, Irungoak pixka bat galduta ibili ziren, baina pixkanaka badirudi hobetzen eta ikasten doazela". Egunerokoan prestaketa ez da erraza izaten, batez ere Irun eta Eibar ez daudelako gertu, baina gustura dabiltza bi taldeak.

Zailtasunak

Ez da erraza nesken errugbi talde bati eustea. Horretan bat datoz Irungo, Eibarko zein Hernaniko arduradunak. Bi zailtasun nagusi aipatu dituzte. Batetik, nesken artean errugbiak duen hedapen mugatua, aurreiritziak oztopo, eta, bestetik, taldea eratzeko behar den jokalari kopuru handia. "Neska bati esaten diozu errugbira jokatzeko, eta bere lehenengo pentsamendua honako hau izango da: 'Astakiloen kirol hori!'. Beti dago irudi hori errugbiari buruz", dio Camarerok. "Probatzen dutenean, ordea, gustatzen zaie. Baina zailena hori da, kirolera erakartzea", gaineratu du.

Hernaniko errugbi taldeen arduradun teknikoak, Jose Elosegik, jokalarien kopuruari erreparatu dio: "Kontuan hartu behar da errugbian partida bakoitzean 22-23 jokalari behar direla. Beraz, taldea ondo osatzeko 30 jokalari behar dira". Kopuru handia da, eta horri eutsi ahal izateko oso garrantzitsua deritzote haurrekin eta gazteekin egin daitekeen lanari.

Eibartarren entrenatzailearen ustez, "eskolatik" egin behar da lana, "neskek txikitatik ikas dezaten errugbian". Bilakaera positiboa dela iritzi dio, "neskek, oro har, gero eta hobeto" jokatzen dutela errugbian, eta bilakaera horri laguntzeko garrantzitsua iruditzen zaio neskekin txikitatik lan egitea; "neskak eskolan hastea, seniorretara iristerako jokatzen jakiteko".

Bat dator ideia horrekin Elosegi. Taldean izan dituzte neska oso gazteak jokatzen, baina senior mailako talderik ez edukitzea oztopo izan da orain arteko jarraipena bermatzeko. "Orain ispilu bat dugu. Orain arte izan ditugu jokalari oso gazteak, baina, seniorretan talderik ez edukitzean, ez dute izan beren etorkizuna non proiektatu, non irudikatu. Orain badaukate hori, eta horrek pentsatzen dut emango digula beta adingabeko neska gehiago animatzeko", nabarmendu du.

Alde horretatik, hernaniarrek argi dute zein den denboraldirako helburu nagusia: "Taldearen iraupena bermatzea, eta ez gertatzea orain arte beste talde askorekin gertatu dena. Bera Bera, Zarautz... Bizkaian ere talde asko zeuden, eta poliki-poliki desagertzen joan dira denak".

Hala eta guztiz ere, Hernaniko taldeak badu dagoeneko eskarmentua eta gorago begiratzeko moduan badirela aitortu du Elosegik. Aurten, gainera, jokalari berriak batu zaizkie, Gipuzkoako beste taldeetatik eta Madrildik iritsitakoak, eta horrek talde sendoa osatzeko aukera eman die zuri-gorri-berdeei.

"Ondo hasi gara eta ikusi behar. Orain dela hiru denboraldi azkenak gelditu ginen. Aurreko sasoian seigarren, eta aurten saiatuko gara pixka bat gorago geratzen", dio Elosegik. Gainera, Hernanin errugbiak sustrai sakonak ditu. Mutiletan Ohorezko Mailan dute taldea, eta horrek ere eragiten du, herrian zaletasuna badagoelako eta partidetan giroa egoten delako.

Bestelakoak dira oso Eibar-Irun taldearen helburuak. "Aurten gure helburua da neskek ondo pasatzea eta errugbian ikastea", azaldu du Camarerok. "Ez dugu partidak irabazteko aukera askorik", aitortu du. Camarerok jakin badaki Eibarrentzat helburu hori ez dela "deus handirik", eta zerbait gehiago lortzen saiatuko dira, baina bi taldeak ados daude: ez da erraza izango. "Hala ere, badira gu bezala dabiltzan beste talde batzuk, eta behintzat haien kontra saiatuko gara. Ea garaipenen bat lortzen dugun aurten", dio Camarerok.

Emakumeen errugbia indartu

Elosegik jakinarazi duenez, Gipuzkoako eta Euskadiko federazioek nesken errugbia indartu nahi dute, eta bide horretan badute helburu bat epe ertainera lortu beharrekoa: "Gipuzkoan talde bat sortu, edo dagoen indartsuena gehiago indartu, txapelketa irabazi eta Ohorezko Mailara igo".

Igoera hiruzpalau urteren buruan lortu nahiko luketela dio. Asmoa irmoa bada, emakumeen ilusioa eta grina, behintzat, ez dira faltako.

Datorren asteko ateraldiak

Azaroak 25, astelehena. 17:00etatik 21:00etara, Azkoitiko kultur gunean; eta 17:30etik 20:30era, Lasarte-Oriako osasun etxean.

Azaroak 26, asteartea. 17:15etik 20:15era, Zumarragako Zelai-Ariztin; eta 18:00etatik 20:00etara, Beasaingo odol emaileen aretoan.

Azaroak 27, asteazkena. 17:00etatik 21:00etara, Azpeitiko osasun etxean; eta 18:30etik 20:30era, Urnietako osasun etxean.

Azaroak 28, osteguna. 18:00etatik 20:30era, Irungo Irason; eta 18:30etik 20:30era, Eibarko odol emaileen gelan.

Azaroak 29, ostirala. 18:30etik 20:30era, Zaldibiako Lardizabal ikastolan; eta 19:00etatik 21:00etara, Zestoako osasun etxean.

‘Solteroak’ edo ezkongabeak

Filosofoak ez direla ezkontzen esan ohi diet ilobei harremanen bat zapuztu zaiola-eta norbait kezkatuta ikusten dudanean edo familiako bazkaloste luzeetan neu ere, eskuan kopa erdi bat dudala, filosofatzen hasten naizenean. Nietzchek izua ziola ezkont...

200

Fagor Etxetresnen aferak eragingo dien enpresak. Hartzekodunen konkurtsora jo du Fagor Etxestresnen kooperatiba nagusiak. Horrek berrehun enpresari eragingo die; batzuek itxi egin beharko dute, eta besteek lana erregulatzeko espedienteak tramitatuko dituzte.