EH Bilduk dio negoziazioa “bide onetik” doala EAJrekin

Gipuzkoako Foru Aldundiaren proposamenari zuzenketak iritsi zaizkio. 2014rako 758,6 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu zuen diputazioak urrian, aurten izandako kopurua baino %3 gehiagokoa. Oposizioaren aldetik, PSEren eta PPren osoko zuzenketak heldu zaizkio. EAJk, berriz, babesa baldintzatu du. Hala ere, Bildu eta Aralar "baikor" dira, eta uste dute negoziazioak "bide onetik" doazela.

1. EH Bildu

Aurrekontu proposamena negoziatzeko lehen bilera txandaren ondoren, EH Bildu EAJri begira dago. Uste du alderdi jeltzaleak ekonomia eta enplegua sustatzeko egindako planteamendua bat datorrela aldundiaren aurrekontu proiektuaren ildoekin: "Batetik, gipuzkoarrak kontuan hartzen ditu, eta, bestetik, krisia astintzen ari den ekonomia oinarri hartuta, enplegua eta ekonomia sustatzeko helburua du". Hala eman zuen jakitera astelehenean Bildu eta Aralar batzen dituen koalizioak.

EH Bilduren iritziz, EAJren ekarpenak "osagarriak" dira diputazioak lanaren eta ekonomiaren esparruan finkatutakoekin. Koalizioak nabarmendu du aurten 25 milioi euro inguru bideratu duela aldundiak prestakuntzara, ekintzailetzara, nazioartekotzera eta "krisiak jota" zeuden hainbat proiektutara.

2. EAJ

Ez dio osoko zuzenketarik aurkeztu aurrekontu proiektuari; osoko zuzenketarik ez, baina "aurrekontua adostea" proposatu dio EAJk aldundiari. Horren barruan, bi arlo aipatu ditu: hamabost milioi euroko aurrekontu saila egitea krisiari aurre egiteko, eta, horrez gain, bost milioi euroko zuzenketa "garrantzi handia duten beste hainbat sailetan". Markel Olano Gipuzkoako Batzar Nagusietako eledunaren ustez, EAJk "krisiari aurre egiteko ezinbesteko plangintza egin du, kontuan hartuta proiektuak lehenesteko garaia dela". Egungo egoeratik irteteko "itxaropen bakarra" industria dela deritzo; horregatik, ezinbestekotzat jo du 2014ko kontuek sail berezi bat izatea.

Olanok joan den ostiralean azaldu zuenez, alderdiaren nahia da "euskal erakunde guztiek aurrekontua izatea, oso garrantzitsua baita krisiari aurre egiteko". Horregatik, Batzar Nagusietako EAJren taldea "koherentea" izan da alderdiaren erabakiarekin, eta ez du osoko zuzenketarik aurkeztu.

3. PSE-EE

EAJk ez bezala, PSE-EEk osoko zuzenketa aurkeztu zion astelehenean aurrekontu proiektuari. Rafaela Romero PSEren Batzar Nagusietako ordezkariaren arabera, aldundiaren proposamenak "ez dira sinesgarriak", eta hasieratik "boladaz pasatuta" daude. Susperraldi ekonomikorako 46 milioi euroko plana proposatu du PSEk 2015era arte —23 milioi hurrengo urterako, eta beste erdia 2015erako—. Diru sail hori hainbat arlotan erabiliko litzateke: Gipuzkoako ehun industrialerako laguntzetan, proiektu berritzaileetan, prestakuntzan eta nazioartekotzean, besteak beste. Sozialistek 371 zuzenketa partzial ere aurkeztu dituzte; Romerok esan duenez, horien "ardatza" ekonomiaren eta enpleguaren susperraldia da.

Aurkeztutako zuzenketen artean, Ficoba Fundazioari eta Basque Culinary Center Fundazioari diru laguntzak ematea aurreikusi dute sozialistek, "Gipuzkoaren garapenerako proiektu estrategikoak" direlakoan. Txikizkako merkataritza eta zerbitzuen sektorea babesteko neurriak ere bildu dituzte zenbait proposamenetan.

4. PP

"Toxikoa" da aldundiaren aurrekontu proiektua PPrentzat. Horregatik, osoko zuzenketa aurkeztu dute PPkoek. Hala iragarri zuen astelehenean Juan Carlos Cano PPren Batzar Nagusietako ordezkariak. Horrez gain, beste laurogei zuzenketa partzial eraman dituzte. Canoren aburuz, enpresei babesa ematea ezinbestekoa da, "gizarte aske eta arrakastatsuen zutabeetako bat direlako". Hori horrela, ekonomia suspertzeko 25 milioi euroko saila proposatu du PPk.

Canok EAJri eta PSEri egotzi die azken bi urteetan aldundiaren aurrekontuak babestearekin "munstroa sostengatzen lagundu" izana.

Akordeoien akorde ugari

Musika

Arrasate

Akordeoien akordeek hartuko dute asteburu osoan Arrasate, hiru jaialdiz gozatzeko aukera izango baita: Arrasate Hiria Nazioarteko Akordeoi Lehiaketa, Gipuzkoako Lehiaketa eta Gipuzkoako Jaialdia antolatu dituzte gaurtik igandera bitarte.

Arrasate Hiria Nazioarteko Akordeoi Lehiaketak 21. aldia du. Ohi bezala, nazioarteko hainbat soinu jotzailek parte hartuko dute; aurten, 11 herrialdetatik etorriko dira: Kroazia, Frantzia, Serbia, Polonia, Hungaria, Alemania, Katalunia, Portugal, Kazakhstan, Eslovakia eta Txinatik. Derrigorrezko obra Georg Katzerren Toccata izango da guztientzat.

Lehiaketa horren barruan, gaur izango dira kanporaketa faseko saioak, 09:00etan eta 15:00etan, Amaia antzokian. Azken fasekoak, berriz, igandean, 10:00etan eta 15:30ean, toki berean.

Gipuzkoa mailako saioak

Arrasate Hiria txapelketan bezala, Gipuzkoako Lehiaketan ere gaur jokatuko dute kanporaketa fasea senior mailakoek, 18:00etan, Amaia antzokian. Azken fasea igandean izango da, 08:30ean. Maila horretan ariko diren akordeoi jotzaileek Zuriñe F. Gerenabarrenaren Arnasa jo beharko dute derrigorrez.

Junior eta haur mailetako kontzertu guztiak ere igandean izango dira, kultur etxean eta Arizmendi ikastolan. Junior mailan Andrzej Krzanowski musikagilearen pieza bat eskainiko dute guztiek; haurren kategorian, Hauta-Ahoren Takaa-ajo + voitto! obra.

Horrekin batera, Gipuzkoako Jaialdia ere izango dute asteburuan Arrasaten. Jaialdi hori musika eskoletako mailaren adierazgarritzat jotzen dute; lehiatzeko baino gehiago, haurrei "lehenengo pausoak" emateko aukera eskaini nahi diete. Emanaldi guztiak bihar izango dira, 09:30etik aurrera.

Musikak askotariko guneak hartuko ditu: Amaia antzokia, kultur etxea eta Arizmendi ikastola. Jaialdia sari banaketarekin amaituko da, bihar, 20:00etan, Amaia antzokian.

Indar antioxidatzaile handia du sagardoak ere

Ardoaren indar antioxidatzaileaz asko hitz egiten bada ere, sagardoak ere badu propietate hori. Gezamina eta moko sagarren polifenol kopuruari esker, mota horietako sagardoek teak, ardo gorriak, ardo zuriak, garagardoak, laranja zukuak eta oliba olioa...

MUSIKARAKO ETA HIZKETARAKO TARTEA

Musikagela Weekend jaialdiaren laugarren aldia iritsi da. Horren barruan, hainbat kontzertu antolatu dituzte gaurko eta biharko Donostian, Gazteszenan. Gaur, 20:00etatik aurrera, Supersweet, Los Hormigones eta Kryzer taldeak ariko dira; bihar, ordu berean, Los Coronas eta Los Galerna. Gaurko kontzertuak ez bezala, biharkoak ordaindu egin beharko dira —10 euro—. Jaialdia ez da musika soilik izango, ordea. Hilaren 14rako hainbat hitzaldi iragarri dituzte. Aurten, zinema musikal dokumentalari eta sustatzaile berriei eskainiko diete egun hori, eta goiz eta arratsaldez zenbait gonbidatu ariko dira solasean.

39

Antalis ixtean lana galduko duten langileak. Antalis paper fabrika multinazionalak, Albizturren duen enpresa itxi, eta 39 langile botako ditu kalera, ELA sindikatuaren arabera. Enpresako zuzendaritzak eta sindikatuek asteazkenean ekingo diete negoziazioei.

Asuncion publikoki kudeatzea eskatu dute Tolosaldean

Tolosaldeko, Andoaingo eta Legorretako herritarrei eragiten die Asuncion klinikako auziak. Langileen ordezkariek eta osasun publikoaren aldeko herritarrek argi dute 2011n berritutako hitzarmenaren aurreko egoerara itzultzea dela bidea, eta kudeaketa s...