Esperotakoaren bikoitza bildu du elikagai bankuak

Aurreko urteetan ez bezala, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak aurten bat egin du bi eguneko ezohiko janari bilketaren kanpainarekin. Azaroaren 29 eta 30ean egin zen janari bilketa hori, eta Kanpaina handia izena jarri zioten; helburua "asmo handikoa" zen,...

Jaunaren egunez gorbata jantzita

Inguruan dauzkadan hainbat gauza zertarako erabil daitezkeen ez nuke jakingo asmatzen. Haien artean daude alkoholik gabeko garagardoa, txikoria, bidetak eta Lokarri, esaterako. Baina seguru nago horiek guztiak ezin baliagarriagoak direla, ezertarako ez zirela uste nuen bat baino gehiagoz gozatzen hasi bainaiz oraintsu. Igandeez, adibidez.

Azken hogei urteetan mila domeka baino gehiago kabitu dira, baina haietaz ezer gutxi gogoratzen dut. Seiehun bat ohetik sofarako eta sofatik oherako bidaiak egiten xahutuko nituen, kaskezurreko min galantarekin, Espidifenari entxufatuta. Beste laurehunetan tona bat Risketos eta BocaBits irentsitakoa naiz, telebistako kirol emanaldiren batek lagunduta —golfa, ahal izanez gero, baina berdin zuen zein—. Eta kito, hori izan da guztia, ez da besterik egon.

Susmoa daukat ez naizela Jaunaren eguna nora ezean pasa izan duen bakarra. Antzina, meza, txikiteoa eta erromeria izaten zituzten herrietan, hobetu ezinezko pack-a. Hernanira zuritoak hartzera joateko plana modan jarri zen gero —batzuek bagenekien benetako mobida Oialumen zegoela, hori bai—. Orduan Goretex-a asmatu zuten, eta, horrekin batera, pipa zorro bat eskuan hartuta inon hasten eta inon amaitzen ez ziren paseo mantsoak. Eta hor hil zuten igandea —kontakizun historikoa oso zehatza ez bada, barkaidazu, kontakizun historikoak beti izaten dira delikatuak eta—.

Baina bada urte erdia edo, izaera matxino sutsuak bultzatuta, asteko azken egunari zukua ateratzen ari naizena. Desorduko txupitoek ez dute alde egin nire bizitzatik, eta haien sasiko semeak diren ajeek ere ez. Baina barruan daramadan Homer Simpson arrastoan sartuta daukat, eta asteko une gorenerako saiatzen naiz plan onenak gordetzen: gauerdian amaitzen diren bazkariak, garagardo sorta ederrarekin bultzatako Monopoly partidak, rock kontzertuak. Domekan ere egin daitezke horiek, egiaztatuta daukat, eta ez da astelehen produktiboen polizia azaltzen inor atxilotzera.

Iraultza erabatekoa izan dadin, halere, azken urratsa falta zait, sinbolikoena: astelehenetik larunbatera erabiliko ez ditudan janzki dotore batzuk apartatu, eta igandeetako uniformea osatzea, hain zuzen ere. Gorbata, txaleko eta guzti, nola ez. Dozenaka bururatzen zaizkidan pitokeria horietako bat izango da hauxe. Baina kirtenkeria horrexek ohetik jaikitzen lagunduko dit orain dela hogei urte galdutako ilusioarekin, egundoko bestondoa izanda ere.

49.208

Gipuzkoako langabeak azaro amaieran. Jaitsi egin da langabezia Gipuzkoan. Urri amaieratik %1,34 jaitsi da, eta, guztira, 49.208 langabe zeuden azaro amaieran. Urri amaieran baino 666 langabe gutxiago badaude ere, iazko azaro amaieran baino 1.035 gehiago daude.

Elkarlana, aisialdia eta lana

Makinak martxan, ordenagailuak pizturik eta eskuak lanean dituzte Gureak-ek Donostian duen egoitzan, Goienetxen. Gurepost ataleko biltegian etengabea da mugimendua. Hamarnaka langile dabiltza lanean asteazken goizez; batzuek, laukizuzen itxurako kaxak edo horietarako osagarriak darabiltzate esku artean. Oparibox kutxak dira, Gureak-en eta Deskontaliaren elkarlanari esker sortutako opari kaxak.

"Adimen urritasuna duten pertsonentzat kalitatezko lanpostuak sortzea". Horixe da hain justu elkarlan horrek duen helburuetako bat, Txomin Alkorta Gupost-eko zuzendariak azaldu duenez. Horri esker hamabost lanpostu sortu dituzte ekoizpen atalean; diseinuaz, inprimatzeaz, manipulazioaz, bezeroaren harretarako zerbitzuaz eta logistikaz arduratzen dira. Ekoizpen prozesu osoa han egiten dute, beraz. Garrantzitsua deritzo Alkortak sortze prozesua azaltzeari; haren ustetan, "produktua nola egiten den azaltzea produktua bera azaltzea bezain garrantzitsua da".

Horrez gain, Oparibox kutxekin "bertako merkatariei komertzializaziorako bide berriak irekitzea" da asmoa. Kutxa erosita, erabiltzaileak hainbat zerbitzu eskuratu ahal izango ditu; izan daitezke esperientziak, edo izan daitezke produktuak. Azken horien artean daude gastronomiarekin, edertasunarekin, aisiarekin eta ongizatearekin lotutakoak.

Sustatzaile nagusiak Gureak eta Deskontalia izan arren, asko dira egitasmoarekin bat egin duten elkarte eta fundazioak —tartean daude Real Sociedad Fundazioa, Jakitera, Callate la Boca...—. Alkortak nabarmendu du proiektu bakarrean "hainbat arlo eta sentsibilitate" biltzea lortu dutela, eta aurrera begira ere kolaborazio gehiago lortzeko prest eta gogotsu agertu da. Eskaintzen duten produktuak edo zerbitzuak duen "balio erantsia" kolaborazioetan dagoela gaineratu du.

Guztira, 1.200 eskaintza ezberdin aurki daitezke Oparibox kutxetan; salneurriak, "poltsiko guztietara" egokitzen dira, Deskontaliako Juan Manuel Muleyren arabera. 30 eurotik 130 eurora arteko prezioak dituzte. Gipuzkoan ez ezik, Bizkai eta Araban ere badago Oparibox kutxak erosteko aukera —300 salmenta gunetan eskuratu ahal izango da produktua—.

Gupost-en ekoitzitako kaxetako batzuk iritsi dira dagoeneko salmenta guneetara; hori posible izan dadin, biltegiaren txoko batean lanean dihardute hainbat langile haien lankideek egindakoari segida ematen: produktuak batu, sailkatu eta kutxa handietan sartzen. "Zurrunbiloa" dute egunotan gune horretan, ahalik eta lasterren ahalik eta toki gehienetara heltzea baitute helburu.

“11 urte nituela hasi nintzen harategian laguntzen”

Txikitan hasi zen Helena Muñagorri (Tolosa, 1988) familiako negozioan laguntzen. Muñagorri sendiak Tolosako Pablo Gorosabel kalean dauka harategia, eta urte mordoa daramatza ofizio horretan: "Familia negozioa da; aitonaren osaba hasi zen ofizio honekin", azaldu du Muñagorrik. "11 urte nituela hasi nintzen larunbatetan aitari harategian laguntzen", gaineratu du.

"Zer ikusi hura ikasi", esaten da sarritan, eta Muñagorrik ere txikitatik ikusi eta ikasi du ofizioa: "Txikitatik ezagutu dut harategiaren mundua barrutik; gainera, beti gustatu izan zait saltsan ibiltzea harategian".

ISSA zuzendaritza idazkaritzako ikasketak egin zituen, eta, ondoren, kanpora joan zen, Australiara, hamar hilabetez. Atzerrira joan aurretik harategian aritu zen lanean, eta Australiatik itzulitakoan ere bertan jarraitu zuen. Eskolan eta unibertsitatean zebilen bitartean ere larunbatetan harategian laguntzen zuen: "Garai hartan aitak 500 pezeta ematen zizkidan larunbatetan harategian lana egiteagatik". Euskal Herrira itzulitakoan, harategian lanean jarraitzeaz gain, Kanpo Merkataritza masterra egin zuen etxetik: "Bi asteburutik behin joaten nintzen Madrilera", azaldu du. Krisiaren eraginez, ez du ikasitakoarekin lanik aurkitu, eta familiako harategian jarraitzen du lanean gaur egun: "Karrera eta masterra ikasi nituen, baina, lanik ez dagoenez, harategian jarraitzen dut".

Harategietan askotariko lanak egiten ditu gazte tolosarrak. Astean behin edo bitan odolkiak eta mondejua egiten ditu; txistorra eta txorizoa, berriz, egunero. Horrez gain, harategiko sukaldean, salmahaiaren atzean eta garbiketa lanak egiten ere aritzen da.

Mota guztietako bezeroak joaten dira Muñagorrira haragia erostera, adin nagusikoenetatik hasita gazteetaraino. Inguruko herri txikietakoak gehienbat asteburuetan joaten direla azaldu du tolosarrak: "Bezero fidel asko daude, eta guk hori nabaritzen dugu".

Ingurutik ekarritako haragia

Tolosako Muñagorri harategiak ehun urte daramatza lanean. Euskal Okela haragia saltzeko baimendutako harategia da, hau da, Euskal Herrian jaio eta hazi diren animalien haragia saltzeko baimenduta daude: "Txekor guztiak baserrikoak ditugu, labela daukagu eta ingurutik ekartzen dugu haragia; dena Tolosa ingurutik ekartzen dugu. Urrutien ekartzen dugun txekorra Hernanikoa dela uste dut", azaldu du Muñagorrik. "Aita baserrietara joaten da, eta hark aukeratzen ditu txekorrak prest daudenean", gaineratu du. Arkumeak, berriz, Azkaratetik (Nafarroa) ekartzen dituzte.

Muñagorri harategiko bezeroek badakite nondik datorren haragia. Txekorren bizitzako etapa guztiak kontrolatuta daude, baita jaiotzen denetik txekorrak jaten duen guztia ere: "Labela izateagatik dena kontrolatuta daukagu; txekor hori non egon den, zer jan duen, nola hazi den...", esan du gazte tolosarrak. Animalien elikadura bazka naturalean oinarritzen da, eta Kalitate Fundazioak baimendutako pentsua dute osagarri.

Harategiko sukaldean hainbat produktu lantzen dituzte. Horien artean, ondorengoak dira produktu izarrak: txistorra, txorizoa, odolkiak, arrozarekin egindako odolkiak, mondejua, saltxitxak eta tripakiak. 2010. urtean, Euskadiko Txistor Txapelketan txapela jaso zuen Muñagorri harategiko txistorrak.

Ofizio gehienetan bezala, harategietan ere nabarmendu dute krisia. Esate baterako, txekorraren salmenta jaitsi egin da krisiarekin: "Txuleta edo xerraren ordez, orain saltxitxak, hanburgerrak eta horrelakoak saltzen dira gehiago". Tolosarraren ustez, krisia baino gehiago jendearen jateko moduak aldatu dira: "Gazteen artean, ez dago gisatzeko haragia erosteko ohiturarik. Helduek bakarrik erosten dute. Gazteek ez dute erosten ez gisatzeko ezta saltsak egin behar zaizkion haragirik ere".

Sukaldaritza programen eragina

Telebistako sukaldaritza programek gero eta arrakasta handiagoa dute gaur egun. Hori horrela, hainbat bezero joaten dira harategira, telebistan ikusitako plater bat egin nahi dutela-eta, gauza bereziak eskatzera: "Sukaldaritza programen eragina asko nabarmentzen da bezeroengan. Esate baterako, normalean hainbeste saltzen ez den gauza bat eskatzera etortzen badira hainbat bezero, askotan produktu hori sukaldari batek telebistan prestatu duelako izaten da", azaldu du Muñagorrik. "Batzuetan, jendeak normalean eskatzen ez dituen gauzak eskatzen ditu, eta orduan jabetzen gara aste horretan Karlos Argiñanok hori prestatu duela telebistan". Muñagorriren arabera, noizbehinka eurek ere gomendatzen diete bezeroei haragi bat edo bestea erosteko. "Batzuetan, fio dira, eta beste batzuetan, ez, baina Argiñanorekin %100 fidatzen dira".

Gainontzeko ofizioetan bezala, gustuko lanak eta egiteko atseginak ez diren eginbeharrak daude harategietan: "Nire kasuan, odolkiak egitea da harategian gehien gustatzen zaidan lana. Garbitzea da, berriz, gutxien gustatzen zaidana, eta hemen uneoro ibili behar dugu dena garbitzen".

Etorkizunera begira harakin lanetan jarraitzeko asmoa dauka tolosarrak, baina, kanpo merkataritza ikasi zuenez, beraiek egiten dituzten produktuak —txistorra, txorizoa, odolkiak, tripakiak...— kanpora eramatea gustatuko litzaioke noizbait.

Hainbat erakundek parte hartzen dute proiektuan

Juan Zuriarrain kimikako doktorea da proiektuaren sinatzailea eta haren anaia Andoni Zuriarrain ari da doktore tesia gauzatzen, Iñaki Berregi EHUko Kimika Fakultateko irakasleak gidatuta. Horrez gain, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko Unai Agirre eta Domingo Arina enologoa ere laguntzen ari dira.

Aldundiak 3,2 milioi bideratuko du landa garapeneko proiektuetara

Datozen egunetan banatuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak nekazariei zuzenduriko diru laguntzak. Guztira, 3,2 milioi euro bideratuko du landa garapeneko hainbat proiektu bultzatzera eta nekazari gazteei laguntzera.

Zenbateko horretatik 1,5 milioi euro ingurumen neurrien laguntzetarako zuzenduko da, beste 1,4 milioi euro inbertsiotarako diru laguntzetarako, eta gainerakoa nekazari gazteentzat. Azken laguntza horren bitartez, gazteak sektorera "erakartzea" da aldundiaren helburua —40 urtetik beherakoak sartzen dira deialdian—.

AUTOMATIZAZIOARI SARIA

Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateko Ixa taldeari eman dio Anton Abadia saria Gipuzkoako Foru Aldundiak. Euskararen normalizazioaren alde egindako lanagatik saritu dute aurten 25 urte bete dituen ikerketa taldea. 1987. urteaz gerozti...