Manex Agirrezabal eta Jexux Larrañaga, Mintzolaren hurrengo gonbidatuak

Munduko ahozko kantu inprobisatuen jardunaldiak egiten ari dira Villabonako Subijana etxean, Mintzolaren egoitzan. Hainbat ikerlari gaiaren inguruan egindako azterketak aurkezten ari dira, eta Manex Agirrezabalen eta Jexux Larrañagaren txanda izango da asteazkenean, 19:00etan. 1986 eta 2009 arteko Txapelketa Nagusien azterketa eta Txapelketa prozesu errituala eta bertsolarien arrazoi sortzailea XXI.mendeko agoran dira aurkeztuko dituzten lanak, hurrenez hurren. Horrez gain, Larrañagak Jolas sakona dinamika ere zuzenduko du, eta, ondoren, mahai ingurua izango da, bi hizlarien eta Bertol Arrietaren eskutik.

Agirrezabalek 1986az geroztik egin diren txapelketa nagusi guztiak ikertu ditu, eta hortik atera dituen ondorio "interesgarri eta deigarrienak" aipatuko ditu asteazkeneko hitzaldian, antolatzaileen arabera. Larrañagak, berriz, Txapelketa Nagusiaren finalari buruzko antropologia tesia aurkeztu du duela gutxi Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Cum Laude maila eman diote. Hori bera izango du ardatz Villabonan. Asteazkenekoaz gain, beste hiru jardunaldi prestatu ditu Mintzolak, baina abenduan izango dira, hilaren 11n, 12an eta 13an.

Bertsolari Txapelketa Nagusia abian dela aprobetxatu du Mintzola fundazioak jardunaldiok antolatzeko. Bi jarduera prestatu ditu: batetik, Villabonako jardunaldiak —urriaren 9an izan zen lehena—, eta bestetik, hainbat esparrutako ikerlarik eta adituk egingo dituzten Txapelketa Nagusiaren azterketak —Mintzolaren webgunean eta Bertsozale Elkartearenean jarriko dituzte—.

Izatez, sarean dago jada lehenengoa, Aniztasuna txapelketaren bertsogintzan, Arkaitz Goikoetxea filologo, bertsolari eta itzultzaileak egindakoa. Hurrengo analisi sorta astelehenean bertan jarriko dute sarean, txapelketako kanporaketak igarota. Jone Miren Hernandez EHUko ikerlariaren Emakumeak txapelketan, Xabi Paia ahozkotasunean aditu eta bertsolariaren Txapelketako bertsogintzan ahozkotasun maila eta Xabier Sukia kazetari eta bertsolariaren Kanporaketetako bertsogintzaren azterketa.

Txapelketa bukatzen denean, beste sei analisi eskegiko dituzte, honakoak: Andoni Egaña bertsolariaren 2013ko txapelketaz, Pio Perez EHUko ikerlariaren Emozioak txapelketan, Pere Bescos Harvardeko Unibertsitateko (AEB) doktoregaiaren Alderdi kultural, komunikatibo eta sortzaileak txapelketan, Anais Falco musikologian adituaren eta Christian Simelio corrandistaren Txapelketaren musika. Katalunia eta Euskal Herriaren arteko aldeak, Manex Agirrezabalen 2013ko txapelketaren datuen azterketa, eta Joxerra Gartzia komunikazio zientzietan doktore eta ahozkotasunean adituaren Finaleko bertsogintzaren azterketa.

Energia kontsumoa kudeatzeko plataforma

Inergetika energia kudeatzaileak instalatutako Inerdatu plataforma baliatzen dute Andoaingo La Salle Berrozpe ikastetxean energia kontsumoa kudeatzeko. Pio Erasoren arabera, plataformak "elektrizitate, ur eta gas kontsumoaren datuak gordetzen ditu une...

Ondareen ‘b aldea’ ezagutzen

Etxekoak izan dira Arkeologiaz blai jardunaldiez gozatzen lehenak Irungo Gipuzkoako Kultur Ondare Higigarriaren Zentroan, Gordailuan. Haur eta gaztetxoentzat tailerrak eskaintzen hasi dira bertan, eta Irungo Belaskoenea ikastetxeko 11 eta 12 urteko gaztetxoek estreinatu dute egitasmoa, aste honetan. "Oso gustura ibili dira ikasleak. Esperientzia interesgarria iruditu zaigu, oso pozik gaude, eta errepikatzeko asmoa dugu". Hala adierazi du Zuriñe Irazoki irakasleak. Hain zuzen ere, ikastetxe horretako ikasle gehiago joatekoak dira jardunaldietara datozen asteetan. Egitasmoa ez da Irunen bakarrik egingo, ordea; Hondarribia, Oiartzun, Errenteria, Pasaia eta Donostiako hainbat ikastetxetako lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleek ere parte hartuko dute.

Jardunaldi horien helburua "lan arkeologikoaren ezaugarriak zabaltzea eta indusketetan jasotzen diren bildumak nola aztertzen diren erakustea da", Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duenez. Aranzadi Zientzia Elkartea eta Arkeolan Fundazioa ari dira tailerrak ematen, eta, Belaskoenea ikastetxekoen ustetan, egoki hasi dira. "Gordailua zer den azaldu ziguten aurrena, zertarako balio duen, eta zer pieza gordetzen dituzten ikusi ahal izan genuen. Gero, tailerrak egin zituzten, eta han pasatu zuten hoberen ikasleek".

Ikasleak hogei laguneko bi taldetan banatu, eta bi tailerretan parte hartu zuten, txandaka. "Tailerretako batean erreplika pila bat manipulatzeko aukera izan zuten, eta oso erakargarria egin zitzaien gure ikasleei", azaldu du Irazokik.

Tailerrak doakoak izango dira, eta, oraingoz, Oiartzualdeko, Bidasoko eta Donostia aldeko ikastetxeei eskaini zaie jardunaldietan parte hartzeko aukera.

Haurrei pentsarazten

Jardunaldien helburuak zein diren argi du tailerrak gidatzen dituen Manu Zeberio arkeologoak: laborategiko lana nolakoa den ezagutaraztea, materiala nola ikertzen den azaltzea eta garai bakoitzean zer material mota aurkitzen den irakastea. "Inportantea da umeek ondo pasatzea tailerretan, baina helburua umeek hemen egiten den lanari buruz zerbait ikastea da", azaldu du.

Arkeolan Fundaziok ere azaldu du zein den jardunaldien helburua: "Indusketa arkeologikoa bukatu ondoko lanak jarraitzen duen prozesua azaltzea ere bada tailerren asmoa".

Helburu horiek lortzeko, bi tailer egingo dituzte haur guztiek: arkeologia historiako tailerra eta historiaurre tailerra. Arkeolaneko Pia Alkain arkeologoak gidatuko du lehenengoa, eta Aranzadiko Zeberio arkeologoak bigarrena.

Batetik, aurkitutako objektuak nola tratatzen diren azalduko dute: zeramika, suharria, beira, hezurra eta metala bezalako materialak bereizten erakutsiko dute. Bestetik, horietako bakoitzak atzean duen lana ikusaraziko dute. Hala, Alkainen tailerrean zeramika lantzeko aukera izango dute gaztetxoek, besteak beste. "Aztarnategi bat hartuko dugu adibide bezala, eta horren inguruan egingo dugu tailerra. Marrazteko, materialari etiketak jartzeko eta hainbat erreplika ikusteko aukera dute ikasleek", azaldu du Alkainek. Irungo Bidasoa kaleko aztarnategia hartuko dute ardatz tailer horretan.

Zeberiorenean, berriz, arbasoek tresnak nola egiten zituzten ezagutuko dute. "Paleolito garaiko tresnak ikusiko ditugu tailerrean: harria, hezurra...". Horrez gain, ikasleei pentsarazi ere egingo diete tailerretan: "Tresnak ikusteaz gain, haiek nola landu ote zituzten pentsaraziko diegu. Hori egitea ere bada gure lana".

Azalpenei laguntzeko argazkiak eta bideoak erabiliko dituztela kontatu dute Zeberiok eta Alkainek. Haur eta gaztetxoei gai horiek gerturatzen badute esperientzia tailerren arduradunek. Orain arteko egitasmoak, ordea, "egurats zabalean izan dira nagusiki", Zeberiok gaineratu duenez. "Historiaurrean gure arbasoek sua nola egiten zuten azaldu izan diegu haurrei, baina egurats zabalean. Gordailuan aritzen garen lehen aldia da".

Lehenengo eguneko esperientzia "ona" izan dela iritzi dio Zeberiok, baina baita "arraroa" ere. Izan ere, Martin Garitano ahaldun nagusiak jardunaldien hasieran parte hartu zuen, eta baita tailerretan ere.

Garitano, Gordailuaren alde

Arkeologiaz blai egitasmoaren lehen egunean parte hartzeaz gain, hainbat adierazpen egin zuen Garitanok. "Gipuzkoako ondarea gordetzeko biltegi bat baino gehiago da Gordailua. Gipuzkoar guztion ondarea erakusteko, dinamizatzeko eta balioan jartzeko ezinbesteko tresna da", azaldu zuen. Funtzio hori betetzeko, Gipuzkoak Foru Aldundia hainbat egitasmo martxan jartzen ari dela gaineratu zuen. Eta horren barruan kokatu zituen aste honetan hasitako jardunaldiak. Gipuzkoako ondare arkeologikoak Gordailuan egon behar duela ere aldarrikatu zuen, "arkeologiaren alorreko eragileekin bat eginez".

2011n amaitu zituzten Gordailua eraikinaren lanak. 9.148 metro koadro ditu, eta horietatik 5.945 daude prestatuta bildumak biltegiratzeko. Egun, 36.000 pieza dituzte erregistratuak, eta San Telmo museoak beste 24.000 pieza eman berri dizkie.

Janari miragarriak

Lehengo batean, gizon batek kolesterol altua zuela esan zidan. Harrituta geratu nintzen. Izan ere, gaur egungo merkatuan, farmazietakoez aparte, kolesterolaren aurkako mila eta bat produktu ditugu. Benetan pertsona utzia izan behar du gauden garaietan kolesterola altua edukitzeko.

Oso arraroa da supermerkatura joan eta zerbaitentzat onuragarria ez den produktu bat ikustea. Guztiek daukate zerbait ona. Batzuek kolesterola jaisten dute (funtziona!), besteek argaltzen laguntzen dute, eta badira sistema immunea aktibatzeko balio dutenak ere!

Eta ez pentsa onura horiek guztiak pilula moduan saltzen direnik. Baita zera ere! Onura horiek egunero kontsumitzen ditugun elikagaietan daude barneratuak: esnea, jogurtak, entsaladak…

Hori horrela badoa, hemendik urte batzuetara supermerkatura sartzen garenean, ea zein gaixotasun dugun galdetuko digute, diagnostiko bat egin, eta, horren arabera, igarobide batera edo bestera eramango gaituzte.

Eta nola bihurtzen da bezperan behi baten tititik jetzi berri den esne arrunta kolesterolaren aurkako esne? Marrazki txiki batekin. Asteriskoa izena du. Izar formakoa da, eta, broma dirudien arren, medikuaren analisietan zerbait gaizki dagoenean agertzen den izartxoaren berdina da. To mezu subliminala!

Janari miragarri hauek eragiten duten miraria oso erraz ikusteko moduan ipintzen dute etiketan, eta, alboan, asterisko ikustezin txiki bat. Asterisko horri inork ez diogu begiratzen. Kolesterola altua dugunean... kolesterola jaisten duela adierazten duen esaldiari begiratzen diogu, alferrik irakurtzea ez zaigu-eta gustatzen!

Asterisko txiki horrek, ordea, bere senide bikia dauka paketearen atzealdean. Biki horrek, alboan, letra mikroskopikozko esaldi luze eta aspergarri bat eramaten du. Eta hortxe dago tranpa. Esaldi ñimiño horretan, araudi bat aipatzen da: Europar Batasuneko 42/2012.

Araudi horren arabera, elikagai batek (jogurtak, esneak, entsaladak…) substantzia baten gutxieneko kantitate bat eramaten badu bere konposizioan, onura batzuk dituela ipini ahal zaio etiketan.Adibidez. Bada jogurt bat ziur zuetako %99,9k frogatu duzuena. Jogurta baino urtsuagoa da, edatekoa, eta oso poto eramangarri eta moñoño batean dago. Kanpoko etiketan, bakteria xelebre bat duela esaten du. Xelebrea, baina oso ona: gure defentsa sistema babesten laguntzen duen bakterio bat omen da. Telebistan, txuri-txuri eta hotza pasatzen ari den ume koittaduari ematen diote, eta umetxoa, Jesukristo piztu zenean bezala, argi batek estaltzen du, eta irribarrez jolastera joaten da. Zein amak esango dio ba ezetz horrelako onuragarria den produktuari? Jesukristok hirugarren egunean poto miragarri horretako likidoa edan ote zuen?

Zer tranpatxo dago horren atzean? Jogurt horren onura barnean daraman bakterio miragarriena delakoan bazaudete… ez da egia. Jogurt horren asteriskoa eta letra ñimiñoa irakurtzen baduzue, ondoko esaldi honekin topatuko zarete: "B6 bitaminak. Sistema immunearen funtzionamentu egokian laguntzen du. Betiere, dieta orekatu baten barruan eta bizimodu osasungarri bat eramanez". Zer esan nahi du horrek? Jogurt miragarri horren miragarritasuna ez dagoela bakteria famatu horretan, B6 bitaminan baizik. Lehen aipaturiko Europar Batasuneko 42/2012 araudian, produktu batek egunero gomendatzen den B6 bitaminaren %15 baino gehiago eskaintzen badu, bere etiketan "sistema immunearen funtzionamentu normalerako onuragarria" dela ipini ahal du. Beraz, egin dezagun jogurt goxo bat, bakteria miragarri bat duela esanez, baina B6 bitaminez lepo dagoena. Modu horretara, bere etiketan, "sistema immunearen funtzionamentu normalerako onuragarria" dela ipini ahal zaio etiketan; hotzak dauden umeei katarroak eta bestelako gaixotasunak harrapatzea saihestuko diela esango dugu telebistako iragarki batean, eta guztia, egunero gomendatzen den B6 bitaminaren %15 baino gehiago eskaintzen duelako.

Kuriositate moduan: badaude egunero merkatu arruntean B6 bitamina %15 baino gehiago eskaintzen duten elikagai naturalak. Jakinda potetxo miragarri horretan 100 ml produktu dagoela, bertan 0,20 mg B6 bitamina dago. Jakin dezazuela platano eder batek, besteak beste, 0,60 mg B6 bitamina eskaintzen duela, potetxo miragarri horrek baino hiru aldiz gehiago eta hamar aldiz merkeago!

Gauzak horrela, platanoak ekoizten dituztenek, nahi izatekotan, eta araudi guztiak legalki beteta, platanoei ere etiketa hau ipini diezaieke: "Sistema immunearen funtzionamentu normalerako onuragarria".

Beraz, utzi potetxo miragarriak (funtziona!) eta jan platanoak, gibela, oloa, oilaskoa… B6 bitaminez lepo daude eta! Argi ibili produktu miragarriekin! Mirariak hil bukaeran sosik ez eta umeei jaten eman ahal dieten gurasoek egiten dituzte eta!

Horrelako datu interesgarriak Scientiablog.com atarian aurkituko dituzue; eman begiradatxo bat, elikagaiei buruzko mito asko kenduko dizkizu gainetik eta.

84,7

Tolosaldean gaika biltzen dituzten hondakinen ehunekoa. Ekainean hasi ziren hiri hondakinak atez ate biltzen Alegia, Anoeta, Irura, Villabona eta Zizurkilgo herritarrak. Iazko irailean gaika biltzen zituzten hondakinen %14,5; orain, berriz, %84,7ra iritsi dira.

“Ezin da ezer egin gabe geratu halako miseria ikusita”

Bokazioz lan egin duenaren irrika nabari zaio Jenny Cruzi (El Salvador, 1973) bere herrialdean argazkilari eta kazetari zeneko bizipenak kontatzen dituenean. Egun, Hazi ta Hezi familia enpresan dihardu, gurasoentzat eta umeentzat produktuak saltzen. Baina argi utzi du: bere barneko argazkilariak bizirik dirau.

Nolatan heldu zen El Salvadorko argazkilari eta kazetaria Ataunera?

Nire asmoa Bartzelonan argazkilaritza maisutza bat egitea zen, eta bukatutakoan El Salvadorrera itzultzea. Baina ostalaritzan aritzeko kontratua lortu nuen, eta 2000. urtean Iruñera joan nintzen lanera. Gero, Mikel ezagutu neun, nire senarra, eta Ataunen geratu nintzen.

El Salvadorren, batik bat, argazkilari eta kazetari lanetan aritu zinen.

Komunikazioa eta Kazetaritza ikasi nituen Jose Simeon Erdialdeko Amerikako Unibertsitatean. Emaitza onak nituela eta, irakasle izateko aukera eman zidaten. Yvonne Berardi argazki- gintzako irakaslea falta izaten zenean, zalantzak argitzen nizkien ikasleei, eta, horrez gain, argazki laborategiko arduraduna nintzen. Pozik aritu nintzen lan hartan. Handik La Prensa Gráfica egunkarira joan nintzen. Argazkilaritzan ez zebilen emakumerik, eta egunkariko zuzendariak, hori aldatzeko, emakume argazkilari bat bilatzeari ekin zion, eta halaxe deitu zidaten. Denbora luzez, El Salvadorko emakume argazkilari bakarra izan nintzen.

Nolakoa zen zure eguneroko lana?

La Prensa Gráfica-n, eguneko gaiak aztertu, eta erreportajeak egiteko gaiak proposatzen genituen. Adibidez, behin, kartzelan zegoen adineko emakume baten kasua kontatu nahi izan nuen. Emakumea ehun gramo marihuana saltzeagatik zegoen preso, zenbait anputaziorekin, gaixorik, oso egoera txarrean. Beste batzuetan, ospitaleetara, Gurutze Gorrira edota Poliziara jotzen genuen, eta balaz zauritutakoren bat bazegoen, ikertzen hasten ginen istorio bila.

Eta El Diario de Hoy egunkarian?

Hiru urtez lan egin nuen bertan, eta askatasun handiagoa genuen; erredaktore bakoitza zein gai lantzen ari zen ikusi, eta nork bere plana egin zezakeen; gustukoen zuen gaia aukeratu, eta horretan lan egin. Zenbaitetan, kaotiko samarra ere izaten zen hura.

Lan askori jarri zenizkion irudiak El Salvadorren, tartean Oscar Tenorioren Hijos de la Barbarie lanari. Unicefen Komunikazio Saria jaso zuen zuen lanak, eta ohorezko aipamena zuk. Nolako lana izan zen?

El Salvadorren arma ugari dago, edonork izan baitezake arma bat. Futbol partidaren bat dagoenean edota Gabonetan, kasurako, jendeak airera tiro egiteko ohitura handia du. Bala galduek, baina, haur asko eta asko zauritu dituzte El Salvadorren, eta lan horretan gai hori jorratu genuen.

Zer izan zen sari hura zuretzat?

Egiten ari nintzen lanaren eta esfortzuaren esker ona. Gainera, esan bezala, ia ez zebilen emakumerik lan horretan, diskriminazioa itzela zen. Horregatik, sari horrek berebiziko garrantzia izan zuen, emakumeok ere, gizonen modura, lan hura egin genezakeela agerian utzi baitzuen.

Bokazioa da zurea.

Benetan atsegin nuen zerbait egiten nuen. Lan hura ez zen niretzat soldata lortzeko lan soila, ez nuen horrela ikusten. Kalean lan egiten nuen, eta oso zoriontsu nintzen. Izan ere, kalean lan eginda ikaragarri ikasten da. Hara eta hona joateko gai izan behar duzu; zeure burua zaintzen irakasten dizu kaleak, baita besteei laguntzen ere. Gogoan dut, adibidez, San Vicenten izandako lurrikara. Sarraskiaren erdian, familia bati erreparatu genion. Gurasoak hil egin ziren, eta haurrak eta amona elkarri besarkatuta zeuden, negarrez. Argazkia atera, eta han geratu nintzen eurekin, kontsolatu nahian. Mitch urakanaren hondamendian ere saiatu ginen teilatuetan zeuden familiei laguntzen, eta gu izan ginen azken erreskatatuak. Nahiz eta argazkiak ateratzera joan, azkenean gizatasun kontua da; ezin da ezer egin gabe geratu halako miseria ikusita, hainbeste heriotzaren aurrean. Odol usaina barneraino sartzen da, izugarria da. Egoera latzak ikusten genituen, eta geure buruari galdetzen genion nola bizi zitekeen jendea horrela. Gainera, zeukaten apurra eskaini egiten ziguten. Askotan desiratu nuen eurei emateko zerbait gehiago izatea.

Zure lanen artean bat nabarmentzekotan, zein nabarmenduko zenuke?

Errefuxiatu esparru batean neskatila bati atera nion argazkia. Panpina bat besarkatzen zuen, ez zeukan beste ezer. Miseriaz eta abandonuaz harago, haurra pozik zegoen. Lan hark zirrara handia eragin zidan, eta sari bat ere eman zidaten. Hijos de la barbarie lana ere nabarmenduko nuke. Bala baten erruz hanka galdutako mutiko bat oroitzen dut. Urtebete inguru zuen, eta artean oinez jakin gabe, abilezia handiz igotzen zituen eskailerak. Harrigarria zen bere bizitzeko gogoa.

Hazi ta Hezi enpresa sortu duzu Ataunen, umeei eta gurasoei zuzenduta. Aldaketa handia izan da?

Bai, hala izan da. Ama izan nintzenetik nire lehentasuna seme-alabekin egotea izan da, baina zerbait gehiago egin nahi nuen. Alaba gazteenak bi hilabete zituela, besoa hautsi nuen. Haurra soinean izan eta gainontzekoak zaindu ahal izateko motxila bat behar genuen, eta anaiak Kanadatik pare bat bidali zizkigun. Haietako bat Internetez saldu genuen, eta hala hasi zen guztia. Gero, antzeko zerbait gertatu zen anaiak bidalitako oihalezko fardelekin; gehiegi zirela eta, saldu egin genituen, eta, harrezkero, produktuak ekartzen eta ekoizten hasi ginen. Egun, produktu asko nik neuk egiten ditut emakume baten laguntzaz.

Aurrerantzean argazkilaritzarekin lotutako lanik egiteko asmorik baduzu?

Orain egiten ari naizen guztia argazkintzara bideratzea da asmoa. Argazki erreportajeak egin, eta Hazi ta Heziren webguneko blogean jarri nahi ditut. Badakit hemengo jendearen inguruko erreportajeak nire herrialdean publikatuko lituzketela, baina hori egiteko denbora behar da, eta orain ez nago prest denbora hori seme-alabei kentzeko. Edonola ere, oso barruan sentitzen dudan zerbait da.