Errezil
Jai giroan murgilduko da gaurtik igandera bitartean Errezil. Sanmartinetako ekitaldirik jendetsuena igandeko azoka izango da: hogeitabosgarrenez antolatuko dute gazta txapelketa bezala. Horrez gain, tarta txapelketa ere egingo dute, egun berean. Frontoian izango dira hirurak, 11:30etik aurrera.
Festak, baina, gaur arratsaldean hasiko dituzte, gaztetxoen kalejira eta haurren txupinazoarekin. Lidia eta Unai trikitilariek alaituko dituzte herriko kaleak herri afarirako ordua ailegatu bitartean —21:30ean izango da—. Parrandarako gogoa duenak Dantzadi taldeaz gozatzeko aukera izango du afalostean, dantzalekuan. Ordurako indarrez sobera dabilenik baldin bada, txinga lehiaketan parte hartzeko aukera izango du atsedenaldian.
Lagunartean sukaldean aritzea gustuko dutenek bakailao txapelketan parte hartu ahal izango dute bihar, 12:00etan. Bazkariaren ostean, berriz, beste txapelketa bat izango da, musarena: 15:30etik aurrera izango da izen- ematea, eta orduerdi geroago hasiko da lehia. Hiru bikote onenek izango dute saria.
Musika izango da protagonista, berriz ere, 18:00etatik aurrera. Triki-bertso poteoaren txanda izango da lehenengo: Janet eta Haritz trikitilariak eta ezusteko bertsolari bat izango dira kaleak girotzeko arduradunak. Pintxo eta sagardo dastaketak, 20:00etan, gaueko kontzerturako indarrak emango dizkiete festa gogoz daudenei. Gugaz taldearen txanda izango da biharkoan, 23:00etatik aurrera. Horren ostean, 02:30etik aurrera, DJ Urkik hartuko du lekukoa. Azokaz eta gazta eta tarta txapelketaz gain, kirola ere izango da igandean. Eguerdian, gaztetxoen krosa egingo dute, 12:00etan. Arratsaldean, berriz, gazteen txanda izango da: horien arteko herri kirolak egingo dituzte, 17:00etatik aurrera.
Astelehenean amaituko dira festak. Meza izango da goizean, eta, horren ostean, hamaiketakoa egingo dute, Borondegin.
ERREZILGO FESTAK
Zer. XXV. gazta txapelketa.
Non. Frontoian.
Noiz. Igandean, 11:30etik aurrera.