Segiko kideen eta ‘herriko tabernen’ epaiketak, datorren astetik aurrera

Datorren astetik aurrera, 76 euskal herritarren aurkako bi epaiketa abiatuko dira Espainiako Auzitegi Nazionalean, Madrilen. Astelehenean hasiko da 40 lagunen epaiketa, Segiko kide izateagatik. Ostegunean hasiko da beste 36 lagunen aurkako epaiketa, herriko tabernen auzia deitutakoa. Aritz Lopez (Tolosa, 1987) eta Esther Agirre (Basauri, Bizkaia, 1970) izango dira akusatuen aulkian eseriko direnetako bi, Segiko kide izateagatik eta ezker abertzaleko alderdi politikoetan lanean aritzeagatik, hurrenez hurren.

"Sentimendu kontrajarriak ditut", dio Lopezek. Azaroan beteko dira lau urte atxilotu zutenetik, eta "aspaldiko kontua" dela sentitzen du: "Batetik, gogoa daukat epaiketa pasa eta behingoz nire bizitzarekin zer gertatuko den jakiteko. Bestetik, beldurra eta errespetua ematen dit: sei urteko espetxe zigorra jokatzen ari gara. Arriskua hor dago". Urte batzuk gehiago dira Agirrek Espainiako Auzitegi Nazionala zapaldu zuenetik: 2002ko abenduan izan zen. "Sumario hau beti egon da tiraderan gordeta, tarteka atera, eta tarteka sartu, etengabe. Eta, azkenean, iritsi da". Batez ere, epaiketak maila pertsonalean zenbat eragiten dion du gogoan Agirrek, senarra eta biak epaituko baitituzte auzi berean.

Seina urteko kartzela zigorra eskatu dute Segi auzian auzipetutako 40 lagunentzat. Zortzi eta hamabi urte bitarteko espetxe zigorra, berriz, herriko tabernen auzian auzipetutakoentzat. "Erabakia zigortzea balitz?". Isilik geratu da une batez Lopez. Inkomunikatu egin zuten, eta torturak salatu zituen: "Oso gogorra litzateke espetxera itzultzea. Bi urtez izan nintzen; beste batzuen aldean, ezer ez. Askatasuna ukatzeak edonori eragiten dio; beraz, oso gogorrak izan ziren bi urte horiek. Dena den, gogoan sartuta daukat aukera hori egon badagoela". Etxekoak baikor badira ere, Lopezek nahiago du txarrenean jarri: "Bere garaian esan zuen Arnaldo Otegik: 'Gaizki pentsatu, eta motz geratuko zara'. Gure kasuan, hobe gaizki pentsatzea, eta gero, ikusiko dugu zer gertatzen den". Agirre ez zuten atxilotu, eta ez zuen espetxerik zapaldu: "Pentsa, ez zitzaigun zitaziorik iritsi: prentsaren bidez jakin genuen 2002ko abenduaren 19an auzitegira joan behar genuela, eta han azaldu ginen. Ez ziguten badaezpadako espetxealdirik eskatu, baina bai 12.000 euroko bermea".

Agirreren arabera, askatasun ideologikoa eta jarduera politikoa daude euren aurkako epaiketaren oinarrian. "Banan-banan hartuta, ezin digute ekintza zehatzik edo deliturik leporatu. Jarduera politikoa lege urraketa bihurtu dute. Ezin da ezer onik espero: inongo frogarik egon ez arren, zigorra egon daitekeelako", azaldu du Agirrek. Beraz, "ikusteko dago" zer gertatuko den: "Hamaika urte pasa direnean [herriko tabernen] epaiketa hastea ere nahiko esanguratsua da". Jokaleku berrian Espainiako Estatuaren "ekarpenik eza" ikusita, bi makroepaiketetan "ez du urratsik egingo", baina ez du guztia galdutzat eman: "Egia da, testuinguru berri honetan, epaileek arreta handiago jarriko dietela frogei, frogen balioari. Baina erabakia politikoa izango da, eta eragin politikoak izan ditzake".

Epaiketa luzeak

Europako politikariei bi makroepaiketen berri emateko bira egin berri dute auzipetutako ordezkari batzuek. Lopez izan da horietako bat: Europako Kontseiluan, Estrasburgon izan da, eta Europako Parlamentuan, Bruselan, Karmelo Landarekin. Azken egunotan Katalunian ere egon da, Xabier de la Maza gazte auzipetuarekin, unibertsitateetan euren sumarioaren berri ematen. Lopezen arabera, gehienek ezagun zuten bi urte beteko direla Aieteko Konferentziatik eta ETAk jardun armatua utzi zuenetik: "Sentsazio oso onarekin itzuli naiz. Gure egoera azaldu genien, baita Herrira-rekin pasatakoa ere, eta hemen dugun egoera berria ezagututa, ez zuten ulertzen hemen gertatzen dena. Zenbait europarlamentarik konpromisoa hartuko dutela esan ziguten".

Prozesua hasi zenetik "linboan" balego bezala bizi izan dela sentitzen du Lopezek: "Planak egin ditzakezu, eta egiten dituzu, baina momentu oro buruan daukazu epaiketa hor dagoela. Ez dakizu, gainera, noiz helduko den". Uste berekoa da Agirre: "Gai izan gara azken hamaika urteetan zama horretatik askatzeko. Hirugarren haurra 2005ean izan genuen, prozesua abiatuta zegoela. Bizitza ahalik eta normalena egiten saiatu gara". Hamabostean behin sinatzera joateaz gain, Espainiatik ez ateratzeko agindua du Lopezek: "Oporretara joateko baimen berezi bat eskatu behar dut, eta zehatz azaldu zein egunetan non egongo naizen, eta abar".

"Dena galdu" zuen Lopezek atxilotu zutenean, tartean, lanpostua, eta espetxetik ateraz geroztik —"oraingo krisiaz gain"— lana topatzeko zailtasunak izan dituela aitortu du. Langabezian dago orain, eta epaiketaren iraupena kontuan hartuta, "hobe horrela". Urriaren 14an, 15ean eta 16an, azaroaren 25ean, 26an eta 27an eta abenduaren 9an, 10ean eta 11n egingo dituzte gazteen auzi saioak. Akusatu kopurua dela eta, epaiketa luzea izango dela espero dute, eta, beraz, saio gehiago egon daitezke: "Pentsa, epaiketa bera ez da Madrilen bertan izango, ez baikara egoitza ofizialeko aretoetan sartzen".

Herriko tabernen epaiketa, berriz, luzeagoa izango dela aurreikusten dute. Akusatu guztiei deklarazioa hartzeko bost hilabete beharko dituela aurreikusi dute —abenduan ez da batere izango—. Auzipetuez gain, baina, 110 herriko taberna ere epaituko dituzte, "erantzule zibil" izatea egotzita. Agirreren hitzetan, bakoitzaren egunerokoan Madrilen epaitua izateak suposatzen duen "zamari", gastu ekonomikoa gehitu behar zaio: "Donostian edo Bilbon epaituko bagintuzte, Zarautzetik joan etorria egingo genuke egunero, baina bertan lo egin behar da, eta bestelako gastu guztiak gehitu behar zaizkio: mantenua, abokatuak... Dirua da. Eta oraindik ez dakigu noiz bukatuko den, udaberri amaieran, agian".

"Nola definituko zenuke zuen aurkako epaiketa, hitz batean?". "Disparatea", dio Lopezek. "Barrabaskeria", Agirrek. Argi daukate bi epaiketak politikoak direla. Lopezen hitzetan, euren aurkako karguak, juridikoki, legezkoak dira: "Ez dakit zein manifestaziotan parte hartu izana, ez dakit zein jarduera politikotan parte hartu izana... halakoak leporatzen dizkigute". "Ez dago mamizko frogarik. Espainiako Zigor Kodeak baditu tipo penal zehatzak: zuk horietako bat urratzen baduzu, ondorio batzuk pairatuko dituzu. Guk ez dugu bat bera ere urratu", azaldu du Agirrek. Ia hogei urte dira abokatuen elkargoko kide egin zela, eta jardunean da oraindik. "Konstrukzio juridiko-politiko bat egin dute, non esaten duten ETAko kideak izan garela mahai nazional desberdinetan; hori da gure delitua". Agirreren ustez, datorren asteko epaiketekin, ideologia baten ibilbide politikoaren aurka egingo dute: "Oso gogoan daukat nola 1998an [Jaime] Mayor Orejak esan zuen, Barne ministroa zelarik, fronte abertzalea neutralizatzea zela borroka antiterrorista nagusia".

Hemengoaren Kalitatea

Iragan irailaren 27an Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko egoitzan Piperraren eta Sagardoaren lehenengo astea aurkeztu zuten. Hemengo produktuak Gipuzkoako ostalaritza guneetan defendatu eta sustatzen dituen Kalitatea proiektuaren barnean dago aste hori,...

Inkomunikazio garaiko autoinkulpazioak oinarri

Hilabete gutxiko tartearekin, 2009 eta 2010 artean atxilotu zituzten 42 gazte, Segiko kide izateagatik, "talde terroristako kide" izatea leporatuta. Horietatik bi auzitik kanpo geratu dira, eta 40 izango dira epaituak. Atxilotuak eta inkomunikatuak iz...

Adimen urrikoek autonomia har dezaten, etxe bat ireki dute Irunen

Atzegik bigarren etxe babestua ireki berri du Irunen. Gipuzkoan jende gehien bizi den hirien artean bigarrena da Irun, eta mota horretako bigarren etxebizitza izango da Antzaran auzunean zabaldurikoa. Bestea handik hurbil dago, San Miguel auzoan.

Adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak jakinarazi duenez, bost pertsona hasi dira bizitzen etxe babestuan, baina zortzirentzako tokia dute. Etorkizunean etxea betetzeko asmoa dutela jakinarazi dute.

Irungoa Atzegik Gipuzkoa osoan zabaldu duen 28. etxebizitza babestua da. Guztira, 196 lagun bizi dira etxe tutelatuetan, lau eta zortzi kide arteko taldeetan.

36 urte etxeetan lanean

Atzegi elkarteko kide Ainhoa Fizek gogorarazi duenez, gisa horretako lehen etxea Ikaztegietan zabaldu zuten, 1977an. "Gure elkartearen ustez, etxebizitza edukitzeko eskubidea dute adimen urritasunen bat duten pertsonek". Ildo horretan, etxeek euren autonomia handitzeko balio dutela ziurtatu du: "Etorkizunean familiarik gabe gelditzen diren momenturako prestatzen joatea da etxebizitzen helburua, baita beren bizimodua antolatzea ere". Horrela, pertsona bakoitza bere behar eta autonomiaren arabera aritzen da etxean.

Ez dira egun osoan etxean sartuta egoten, ezta hurrik eman ere. "Edozein pertsonak bezala", esan du Fizek, "egunez lan edo zeregin bat daukate: batzuek tailer batean lan egiten dute, beste batzuk eguneko zentroetan daude... Beren egitekoa bukatutakoan, etxebizitzara itzultzen dira". Nabarmendu duenez, ez dira bakar-bakarrik bizi: "Etxea garbitu eta txukuntzen duen pertsona bat dago bertan, eta, horrez gain, begiraleak ere izaten dira". Begirale horien jarduna zehaztu du Fizek: "Hainbat mailatan laguntzeko daude begiraleak. Kalean konpainia egiteko, autonomia sustatzeko...". Etxebizitza horietan egoten dira urte ia osoa, oporretan joaten direnean izan ezik. "Bizitza ahalik eta normalizatuena egiten saiatzen dira, azken finean", gaineratu du Fizek. Horregatik, euren eskualdeetan egiten diren jardueretan parte hartzen dute etxebizitza horietan bizi diren lagunek, hala nola aisialdian, kultura jardueretan eta beste hainbat jardueratan. "Normalizazioaren bidean ahalik eta gauza normalenak egiten dituzte", esan du.

Gizartea sentsibilizatu

Atzegi elkartea duela 53 urte sortu zen. Fizek nabarmendu duenez, familiek osatzen dute elkartea. Hori horrela, elkartearen helburu nagusia adimen urriko pertsona bat edo gehiago duten familiei laguntzea da, eta eurak babesteko ari dira lanean.

Familiei laguntza emateaz gain, adimen urritasuna duten pertsonei arreta zerbitzua ere eskaintzen diete. Horien artean dago etxe babestuena, baina baita aisialdirako aukerak sortzea eta arreta zuzena eskaintzea ere.

Atzegiren hirugarren oinarria sentsibilizazioa da. Gizarte osoari begirako sentsibilizazio kanpainak egiten dituzte, adimen urriko pertsonenganako jarrera positiboa izan dezaten. Aste honetan bertan aurkeztu dute kanpaina berria: Atzegin denok dugu gure papera, aurkitu zeurea. Horrela, 1960an zuen helburu berbera dute: adimen urriko lagunen ingurua ulerbera izatea. Atzegik esan duenez, "oso garrantzitsua" da pertsona horientzat "ezagutzen, baloratzen eta behar dutenean laguntzen dituzten ingurune batean bizitzea". Izan ere, hor baitago adimen urritasuna dutenek izaten dituzten arazo gehienen iturburua. Eskualde guztietara zabalduko dute mezua.

Pertsona horiek laguntzeko egina dagoen "sare naturala" indartzea da helburua. Horrela, sare hori osatzen duten hainbat lagun agertzen dira Gipuzkoa osoan banatuko dituzten 8.000 karteletan. Horietako pertsona bakoitzak adimen urritasuna dutenen bizimodua errazagoa izaten laguntzen du, era batera edo bestera, eta eredu dira Atzegirentzat. Laguntza mailaren arabera, paper txikiagoa edo handiagoa dute, eta euren jarduera irudikatzen dute. Elkarteak berretsi duenez, "ziur" daude "jende askok bere papera izan nahi lukeela, baina ez daki zer egin edo nola". Herritar horiei "beren papera aurkitzen" lagundu nahi die elkarteak.

Atzegi elkartea, guztira, 2.035 familiak osatzen dute —adimen urrikoak 2.130 dira—. Horrez gain, 2.733 kolaboratzaile ditu, eta 9.223 atzegizale daude.

KILOMETROEN HELBURUAK, LORTUTA

"Oso pozik" dago Unai Igartua Tolosako Kilometroen arduraduna. Eguzkia lagun, dena "ezin hobeto" atera zen igandean, eta jaialdiaren bidez lortutako diruak Laskorain ikastolaren behar guztiak aseko ez dituen arren, "asko lagunduko du". Lekukoa Orioko ...

Berritu, harritu… herritu

Eman diote 2013koari hasiera. Zinta moztu da. Martxan da berriz hitzaren kirol nazionala-ren lehia nagusia, lau urtez behingo Txapelketa: Basque Country osokoa. Bertsozale Elkarteak eta haren bueltako sare zabalak prest ditu mikroak, aulkiak eta fokuak. Bertsolari askoren sabeletan maiz ibili ohi diren tximeleta horiek dantzan dira orain ere, kasu honetan txapelketa nagusiak gehitzen dien atmosfera kargatuago eta distiratsuago horren argitara ateratzeko prest.

Kaletarren artean, denetik noski. Bati baino gehiagori entzungo diozu (eta beste askok, esan ez arren, pentsatuko du): "Berriro bertsoak! A ze pelmada! Ez al dira nekatzen? Beti beren ditxosozko errima horiekin eta beren kantu aspergarri eta nekoso horiekin!". Eta bada esango dizunik ere —hau ere normalean ez oso ahots altuarekin— bertsolariak kultura aldetik gehiegi baloratzen direla gaur egun. Azken urteetan toki pribilegiatua hartzen joan direla —edo eman zaiela— euskal kulturaren baitan. Bizkaiko edo Gipuzkoako txapelketa bateko kanporaketa batean "saio on bat" edo zerbait berezia egin duen "edozein gazteri" eskaintzen zaiola denbora eta lekua komunikabideetan, eta kolpetik bihurtzen dela urtetan lan isila egin duen hamaika euskal musikari edo idazle baino ezagunago, eta hori ez dagoela ondo.

Bestelakorik ere bada, noski. Batzuk erosia dute dagoeneko txapelketako bonua eta markatua dute egutegian zein saiotara joango diren, eta gogoz daude egun horiek iristeko. Beste asko beren herri inguruko saioetara hurbilduko dira gustura, eta ez dira gutxi izango irratian edo telebistan bertsoaldiren bat entzungo dutenak. Eta zer esanik ez, BECeko finala lagun arteko eta jai giroko egunpasa ederra izango da jende askorentzat.

Norberari txapelketa honek esango dionetik eta emango dionetik aparte, halere, bada zerbait ederra, miresteko modukoa. Eta kultura honen kide-edo garen partetik, poztekoa eta eskertzeko modukoa ere bai. Eta da nolako bidea egin duen eta egiten ari den bertsolaritzaren mugimendua. Zer zen bertsolaritza eta non dagoen gaur egun. Nola lotu dituzten Bertsozale Elkartearen jiran lehengo hariak berriekin. Nola joan den auto-antolatzen tradizio zahar izan den hori, aldiro bere burua inbentatzeko, urtetik urtera eta txapelketatik txapelketara. Nola lortu den, adibidez, "errimatzeari utzi gabe" Joxe Lizasok edo Manuel Lasartek egiten zutena eta orduko jendearentzat zirena lotzea eta jostea gaur egun, adibidez, Jon Maiak edo Uxue Alberdik egin dezaketenarekin edo sozialki direnarekin, aspektu askotan euren artean distantzia oso handiak egon arren. Ederra da lotura horri eutsiz zer eta nola berritu den, tradizioa nola ber-asmatu den. Bertsozale izan edo ez, txapela kentzeko modukoa da.

Irakurria diot norbaiti gure herri delako hau, gure etnokultura euskaldun delako hau ez dela "bere horretan iraun duen herri bat". Gaur arte iritsi den hau ez dela iritsi "beti gauza bera egiten jarraitze" batetik. Askoz gehiago izan duela moldagarritik, eta jaso dugun hura aldiro berritzen eta ber-inbentatzen jakitetik. Berritzetik izan duela gehiago irautetik baino. Betaurreko horiekin jarri naiz begira bertsolaritzaren jiran azken 20-30 urteetan egindakoari. Noski, baditu bere gabeziak eta ajeak. Eta bertsolaritza ez da txapelketa soilik, jakina. Baina lau urtez behingo zita honek begira jartzeko leku on bat eskaintzen du, eta, 2013ko begiratoki honetatik, ederra da ikusten dena. Eten handirik sortu gabe egin den eta egiten ari den berritze hori. Eta hartu dituen jite berriak. Ez da makala egindakoa. Eta ez da izan inork "oparitua", nahiz eta, gozatzen dugunontzat, oparia izan. Ez hori bakarrik; beste modu batean izan arren eta horretaz kontziente ez izanda ere, suerte bat da gozatzen ez duten haientzat ere.

Hernanin, inaugurazioa eskaerekin

Lanak aurreratuta dituzte Hernaniko Baratze Parkean. 66 lursail banatuak ditu dagoeneko udalak, eta herritarrek barazkiz bete dituzte baratzeak: azak, zerbak, letxugak, espinakak, tipuletak, porruak... Izpilikua edo lavanda jartzen ere ausartu da baka...

800 herritarrek baratze ekologikoak izango dituzte urtea bukatzerako

Aurten abiatutako Baratze Parkea Sarea egitasmoan, 250 pertsona ari dira parte hartzen. Eta aurreikuspenak betez gero, 800era igoko da erabiltzaile kopurua. Hirukoiztu egingo da baratze zati ekologikoa herri gunean lantzen duen gipuzkoarren kopurua, alegia. Datu horiexek eman ditu Ekoguneko Landa Garapeneko arduradun Amalia Virtok.

Dagoeneko martxan dira Kutxa Ekoguneak bultzatzen dituen baratze parke batzuk: Lezokoa, Usurbilgoa, Tolosakoa eta Alegiakoa zabalik daude. Autokontsumokoak dira, eta udalen lurretan egindakoak. Horiek dira bete beharreko irizpideetako bi. Errenterian eta Zegaman aurki jarriko dituzte martxan baratzeak, eta Hernanikoa datorren astelehenean inauguratuko dute. Horretaz gain, urtea amaitu aurretik beste bi herrirekin hitzarmenak sinatu nahi dituzte Kutxa Ekoguneko arduradunek —Kutxaren Gizarte Ekintzatik bultzatutako proiektua da Ekogunea—. Eta, aurrekoei Ekoguneko bertako baratzea gehituta, hamar proiektu egongo lirateke martxan epe ertainean.

Udazkena amaitu aurretik zabaldu nahi dute Ekoguneko baratzea, Zabalegi etxaldean. Donostiako, Hernaniko eta Lasarteko herritarrek erabiliko dute baratzea han. Udaberrian adjudikatu zituzten lurrak, eta donostiarrak dira erabiltzaile gehienak.

Irizpide guztiak txertatuta

Hain zuzen, Ekoguneko baratzearen irizpideak eta eredua hartu dituzte aintzat Gipuzkoan barna sarea osatzen ari diren beste herriek. "Ekoguneko baratze proiektuan gure irizpide guztiak txertatzen saiatu gara", azaldu du Virtok. "Hainbat estrategia lantzen ari gara Ekogunean, dela energia, dela hizkuntza ekologia, paisaia eta natura... Adibidez, guretzat izugarrizko balioa du proiektuan hainbat hizkuntzatako bizilagunak edukitzeak, eta horregatik lursailak adjudikatzean horrelako irizpideak ere kontuan hartu ditugu". Eraikinak ere ahalik energia gutxiena behar dutenak izango dira, esaterako.

Ekogunetik aparte, herriz herri egiten diren proiektuetan ere saiatzen dira irizpide horiek helarazten, baina argi dute udalek dutela azken hitza. "Batzuetan, diru murrizketengatik pentsatutako guztia ezin izaten dute egin herrietan. Gauza asko egin daiteke, hala ere. Errenteriako proiektuan, esaterako, etxolak eguzki plaka izango du, eta goiko aldean errota jarri diote, haize indarrarekin energia sortzeko. Gainera, menditik datorren ura jaso eta gero, ur hori erabiliko dute baratzeak ureztatzeko".

Helburua argia da, "jendea sentsibilizatzea bertako produktua eta produktu ekologikoa kontsumitzera bideratzeko". Zer balio eta onura dituen zabaldu nahi dute Ekogunetik, eta hori sustatu. "Aldi berean, horrekin helburu gehiago betetzen ditugu: horrelako proiektu batean hainbat elkartek hartzen du parte, hainbat adin, hizkuntza eta kulturatako jendea nahasten dugu, ikastetxeak txertatzen ere saiatzen gara, eta beraz, badu helburu sozial bat ere. Gainera, aisialdiko jarduera osasuntsu bat da hau", azaldu du Virtok.

Udal baratze ekologikoak ahalik eta herri gehienetara zabaltzeko, tokian tokiko udalekin elkarlana egiten dute Ekogunetik. Zati bat Ekogunearen ardura izaten da, baina gainerakoa udal bakoitzak erabaki eta gauzatu behar du, herri bakoitzeko erabiltzaileekin elkarlanean. "Aurreproiektuak egiten laguntzen diegu Ekogunetik, diru laguntzak bideratzen ditugu, eta hortik aurrera udalek lan asko dute egiteko: beraiek osatzen dituzte proiektuak, lurrak jartzen dituzte, eta eguneroko lanak beren esku hartzen dituzte". Udalen zereginetako bat da lursailen tamainak eta erabiltzaile kopurua zehaztea. Herri batetik bestera baratzeen tamaina erruz aldatzen ari da. Hernaniko baratzeak 30 metro koadrokoak dira, eta Zegamakoak eta Lezokoak, berriz, bikoitzak.

Zerrendan bat, inguruan asko

Izena eman duten pertsonak 250 dira, baina Virtok azpimarratu du horien inguruan jende gehiago ere inplikatzen dela egitasmo honekin. "Lursailaren jabeek bakarrik ez dute parte hartzen honetan. Batek bere haurrak eramango ditu baratzera, besteak bere gurasoak, edo senarra, eta hala, pertsona kopurua biderkatuz joaten da. Eta elkarteek parte hartzen dutenean ere helburu hori betetzen da".

Proiektuak indarra denbora gutxian hartu duela esan daiteke. Izan ere, urte hasieran jarri zuten martxan lehen baratze parkea, Lezon. Otsailean zabaldu zuten hangoa. Hala ere, Ekoguneko arduradunak nabarmendu du bi urte lehenagotik hasiak zirela lanean Lezoko Udalarekin. "Prozesua luzea da. Azken batean, udal bakoitzean sail askotatik igaro behar du proiektuak, udal arautegia publiko egin behar da, epe batzuk errespetatu, tokia egokitzeko lanak egin eta abar. Batzuk orain bi urte hasi ziren egitasmoa lantzen, eta oraindik ez dute martxan jartzerik izan". Gainera, lurra modu ekologikoan landu behar denez, erabiltzaileek ikastaroak jaso behar dituzte, gutxieneko irizpide eta arau batzuk ezagutzeko. Azpeitiko Kimu Bat enpresakoak ari dira lan horretaz arduratzen herriz herri.

Aurtengo helburuak argi dituzte Ekogunean. Hurrengo urtekoak, berriz, gordin samar dituzte oraindik. Hala ere, Virtok aurreratu du hausnarketa bat egingo dutela datozen bi hilabeteetan. Orduan argituko da dena. "Erabaki behar dugu datorren urtean baratze gehiago irekitzen jarraituko dugun ala hausnarketa lan bat egingo dugun, hamar hauekin aurrera nola egin erabakitzeko".