Zestoako Librek frontoia betetzeko erronka du gaur

Kiroldegiko frontoia jendez betetzea du helburu Zestoako Libre taldeak. Horrela, 35/02 auzian auzipetutako herrikide Mikel Arregi Ertxin-i babesa adierazi nahi diote, Segiren eta herriko tabernen aurkako epaiketen aurkako jarrera erakusteaz gain. Herr...

Txondorra berpiztu dute Lizarrustin

Egun, beheko sutarako, ekonomiketarako eta parriletarako soilik erabiltzen bada ere, ikatza oso erregai preziatua izan zen orain 50 urte inguru arte. Burdinarekin lan egiten zuten lantegi ugari zeuden, eta enpresa horietan ikatz asko behar izaten zuten.

Behar hori asetzeko, ikazkinak behar izaten ziren. Ataunen, esaterako, 400 lagun inguru ere ibili ziren ikazkin lanetan, herriak 2.500 biztanle inguru zituen garaian. Horietatik asko, diru gehigarria lortzeko aritzen ziren ikazkin gisa. Eguneko bi erreal eta talo eta babarrun otordua ematen zieten ikazkinei. Baina, duela mende erdi, ikatza alde batera utzi eta elektrizitatea erabiltzen hasi ziren lantegietan, eta garai batean bizi-iturri zen lanbide hura desagertuz joan zen, historia bihurtuz.

Ikazkinen "bizimodu gogorra" ekarri nahi izan du gogora orain Joxe Ramon Agirre Marron-ek. Lizarrustiko Parketxearen ardura hartu du, eta jatetxe-taberna eta interpretazioa izateaz gain, "jendea informatzea eta heztea" ere badu helburu, bestelako proposamen batzuk eskainiz eta "bizia emanez". "Hona etortzen denak beti erakargarritasunen bat aurki dezan nahi nuke", dio; "mamiari heldu nahi diot; gizakiaren eta naturaren arteko lotura, eta kultura eta ekonomia batuz". Oraingoan, txondor bat egin du, bertaratzen diren guztiei "ikazkinen bizimodu gogorra" nolakoa zen eta ikatza egiteko prozesua nolakoa den azaltzeko.

Irailaren 22an hasi ziren txondorra egiten, eta bihar aterako dute ikatza txondorretik festa handia eginda. "Garai batean ere, ikazkinek, mendian egoteko denboraldia amaitzen zitzaienean, festatxoa egin ohi zuten, eta guk ere horrelaxe egingo dugu", dio Marronek. Denboraldiak, ordea, giro ona egiten zuen artean irauten zuen: maiatzetik urrira edo azarora. Neguan ere ez ziren lo egoten; hurrengo urtean txondorrak non jarri lekuak bilatzen, enkanteak egiten, kontratistekin negozioak egiten eta halako lanetan ibiltzen ziren.

Garai hartako txondorrak askoz handiagoak izaten baziren ere, eta jende gehiagoren esku-lana behar izaten bazuten ere, bihar jasoko duten ikatza egiteak ere eman dio lana Marroni.Txondorra egiteko laguntza izan du ataundarrak. "Garai batean, herriko aguazilak moztu nahi ziren pagoak markatzen zituen, onespena emanaz bezala. Markatu gabekoak moztuz gero, isunak izaten ziren", dio.

Pagoak, pagomotzak edo tantaiak izaten ziren; bietatik. Pagomotzak, mugarratutako pagoak ziren. Altuera jakin batean heltzean mozten zituzten, eta enbor batean hazi ordez, zabalera ere asko hazten ziren, horrela, enbor beretik egur gehiago ateratzeko. Tantaiak, aldiz, zuzen, naturalki hazten uzten zituzten.

Moztu ere, tamaina ezberdinetan mozten zuten egurra, txondorraren zati ezberdinetan jartzeko. Erdian tximini bat egiten da, eta tximini hori egur zati txikiz inguratuta egoten da. Inguruan, handiagoak. Eta egur guztiak ongi jarrita daudenean, gainean orbela eta lurra botatzen da. "Txondor txikia da hau, 12 tona ingurukoa", dio Lizarrustikoagatik.

Dena prest dagoenean, sua, txingar handi bat, sartzen da txondorraren barrura tximiniatik eta txondorraren gailurrean egurrak jartzen dira eta zotalekin —belarrez osatutako lurrazalarekin— estaltzen da, txondorrari txapela jarriz.

Behin sua emanda, zulotxoak egin behar dira inguruan. "Egurra goitik behera erre behar da", dio Marronek. Horretarako, erre nahi den txondorreko zatiaren arabera egin edota estali behar dira zuloak. "Tximini batek bezalaxe funtzionatzen du honek, eta zuloek tiroaren funtzioa egiten dute". Zuloak ziri batekin egiten dira, eta orbelez eta lurrez estali.

Sekretua sua mantentzea da

Txondorrak labe arriskutsuak dira, ordea. "400-500-600 gradu ingurura iris daitezke. 200 gradutara iristen denean, deshidratatzen hasten da egurra, eta, hortik aurrera, ikaztu egiten da: horri pirolisia deitzen zaio, eta hori interesatzen zaigu", dio.

Lehen asteetan, 24 orduko zaintza behar izaten du, bi edo hiru orduz behin behintzat kasu eginez. Ondorioz, Agirrek Lizarrustin lo egin behar izan du, txondorra mimatuz. Izan ere, "ondo mantentzea da sekretua". Haizea behar den neurrian bakarrik sartu behar da; bestela, txondor osoak su hartzeko arriskua du.

Haizea kontrolatzeko, begiratzen zaion bakoitzeko zuloak nola dauden ere begiratu behar da, eta orbela eta lurra bota tarteka. Noizean behin, gainera, "zauri bat sendatzen arituko bagina bezala, hutsuneak bete behar dira", dio Marronek. Egurra erretzen doan heinean, zuloak egiten dira txondorrean, eta, zulo horiek betetzeko, txondorra ireki, garbitu, lehengo orbel eta lur zaharrak kendu, eta berriz orbel eta egur berria botatzen da.

Lizarrusti Parketxean erakusketa ugari jarri dituzte azkenaldian, bertan dagoen Aralarko Interpretazio Zentroan daudenez gain. Txondorra piztuta egon den bitartean ere, nola egiten den ikasteko eta ikusteko informazio panelak jarri ditu Marronek, eta behar diren lanabesak eta ikazkinen argazki zaharrak ere ikus daitezke. Biharko festan ere ikusi ahalko dira argazki horiek. Horrez gain, txondorraren ondoan, garai bateko ikazkinen txabolaren erreplika ere badago.

Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean ere landu dute ikazkintzaren gaia, eta Lizarrustiko parketxeko arduradunak berak azaldu du ikazkinen lana eta ikatza egiteko jarraitu beharreko prozesua nolakoa izaten zen.

Berdinketa firmatuko nuen

Gure uda sexualki patetikoei errepasoa egiten ari ginen iraileko arratsalde hartan, azenario pastel zoragarriekin garagardoak edanez. Uztail hasieratik inor larrutan egin gabe egotea sinesgaitza iruditzen zitzaigun. Gutako batek otsailetik batere busti barik zebilela aitortu zuen, lotsa galduta.

Tragoen joan-etorrian, Estefania, Laura, Santi eta laurok lehorteari amaiera jarri beharra zegoela erabaki genuen. Badakit pentsatu duzula errazena festa modu zoroan gutako baten etxean jarraitzea zela, xanpain eta kokainaz inguratuta. Nik ere hala uste nuen, baina ez zen suertatu. Aitzitik, hilabeteko epea ezarri genuen bakoitzak bere kasa sufrikarioa arindu zezan. Ordurako lasaitua lortu ez zutenek afaria ordaindu beharko zieten arrakasta izandakoei. Ni atzera botatzekotan nengoen, baina, "diru pixkat galdutare Hitza-rako zutabe errexa zekat hor" deliberatu, eta igerilekura batere urik gabe bota nuen neure burua.

Norberak bere aurrerapausoen berri eman zezan, Whatsappeko taldea atondu genuen. Txortaldiaren ondorengo zigarretaren ordez, lagunetaz gogoratu eta pasahitz motz baina ezin esanguratsuagoa bidaltzekotan geratu ginen: "Gola!". Nik ahal izango banu mezua pertsonalizatzea erabaki nuen. "Gola Las Gaunasen!" idatziko nuen, eta betaurreko ilunak dituen emotikono jostagarriarekin lagundu —erretzen ari denik ez dauka nire sakelako berriak; politikoki zuzenak dira gaur egungo trasteak, dedio—.

Coach-ei, autolaguntza idazleei, zutabegile honi eta beste hainbat ke saltzaileri irakurriko zenion horrelako egoeretan proaktiboa izateak duen garrantziaz. Laurok ere ez ditugu lozorroan eman azken asteak: agendei hautsa kendu, eta lotsaz betetako telefono deiak egin ditugu. Haiek porrot egindakoan, kale eta tabernetan gora eta behera aritu gara goiz eta gau, gure praka eta irribarre onenak soinean.

Bi euskal herritarrek, andaluziar batek eta kataluniar batek osatzen dugu taldea —sexu kontutan parekatzeko atzerritar bakoitzeko gutako bi behar direlako dela pentsa dezakezu, nahi baduzu—. Nesketako bat objektiboki beste hirurok baino ederragoa da, eta ezin gozoagoa gainera; haren arrakasta ziurtzat neukan.

Afari bezpera iritsi da, ordea, eta Whatsappak isilik jarraitzen du, marka da gero. Ez hori bakarrik: Estefania, Laura eta Santik adostutako epeari pare bat aste gehitu beharra dagoela diote, gola lortzear daudelako. Niri ez dit batere graziarik egin proposamenak, eta eskola zaharreko gipuzkoarra naizela azaldu diet, apustuen arauekin zorroztasun osoz jokatzen duen horietakoa. Pitokeria galanta da hori, noski. Kontua da hasieratik isekarik ez jasateko husnako berdinketarekin amesten nuela. Eta lehia behingoz amaitzera doanean epaileak luzapena jokatu beharra dagoela esaten badu, irabazteko gutxi eta galtzeko asko dudalakoan nago.

Aukera euskal sortzaileei

Dantza

Donostia

Zazpigarren aldiz ospatuko da aurten da Dantzan Bilaka. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak antolatzen du, eta Egia kultur etxeko Gazteszena aretoan izango da, bihar. Antolatzaileek "lantegiaren, gogoetaren eta jendaurreko erakusketaren artean" kokatzen dute egitaraua.

Dantzan Bilaka-k elkarrizketarako eta gogoetarako tartea eskaini nahi die agertuz doazen euskal sortzaileei. Beren proposamen koreografikoak garatzeko aukera eman nahi die. Dantzaren inguruan dituzten kezkak, prozesuak eta aurkikuntzak ikusleei erakusteko aukera izan dezaten. Hala, koreografo horiek diru laguntzak jaso dituzte ikertzeko eta pieza labur bat sortzeko, "ikasketa eta komunikazio giroan", antolatzaileek azaldu dutenez.

Bihar, 19:30ean hasita, bost euroren trukean, lau koreograforen lanak ikusteko aukera izango da Egiako Gazteszenan: Iker Arrueren Retratos de la Belle Epoque, Noemi Vianaren Duo, Natalia De Miguelen La Vida de los robles eta Aiala Etxegarairen Piel Rota, hain zuzen.

Aurretik, lan luzea

Dantzan Bilaka-ren ikusle aurreko egunean lanak taularatu aurretik prozesu luzea dago egiteko. Gazteszenan ariko diren dantzariak deialdi bidez hautatu dituzte dantzaren ikerketarako diru laguntza emateko. Zortzi hilabetez, sormen lanean ibili dira buru-belarri, eta beren lanaren jarraipen artistiko eta teknikoa egin diete.

Ondoren, epaimahaiaren aurreko lehen aurkezpena egin dute, lanen inguruko eztabaidan eta balorazioan sakontzeko. Azkenik, ekain inguruan lanak berriz aurkeztu dituzte epaimahaiaren aurrean, bakoitzak sormenaren zein fasetan dagoen erakutsiz. Irailean, egitasmo bakoitzaren beharren araberako ikasketa prozesu tekniko bat jaso dute dantzariek, eta, hala, prest dituzte euren lanak ikusleei aurkezteko.

DANTZARIAK ETA LANAK

Iker Arrue. Retratos de la Belle Époque.

Noemi Viana. Duo.

Natalia De Miguel. La vida de los robles.

Aiala Etxegarai. Piel Rota.

BIRIKAK AIRE GARBIZ, ARNASTEN IKASTERA

Napoka Iria bikoteak —argazkian— disko berri bat kaleratuko du egunotan. Lana aurkezteko lehen saioa Donostiako Lugaritz kultur etxean izango da, gaur, 21:00etatik aurrera. Birikak aire garbiz beteta dator bikotea Arnasten ikasteko berriz lanarekin. Oraingoan estudiotik pasatu dira diskoari behar zuen denbora eta dedikazioa eskaini ahal izateko. Gaurko aurkezpenean, taula gainean ikusiko ahal izango dira, halaber, grabazioan parte hartu duten musikariak ere. Tartean, Cafe Teatro, Andrakan edo Bizarra taldeetan aritutako Iban Urizar tronpeta jolea eta Willis Drummond eta Tin Trails taldeetatik igarotako Felix Buff bateria jolea.

“Neure burua ez dut ikusten baserritik kanpo”

Betidanik gustatu izan zaio Joseba Insaustiri (Ordizia, 1977) artzaintza lanetan aritzea. Bere senitartekoak industria sektorean aritu izan dira lanean, baina berak argi izan du betidanik artzaina izan nahi zuela: "Betidanik gustatu izan zait baserria...

Eskubide zibil eta politikoen aldeko manifestua

Bi sumarioetako auzipetuek Libre dinamika jarri zuten martxan uztailean, eskubide zibil eta politikoen alde egin eta epaiketen aurkako dinamika bultzatzeko. Hainbat profesionalen ekarpenak kontuan hartuta, bost puntuko manifestua osatu zuten, hauexek:...

Nork zaintzen du zaindaria?

Oso zaila da alzheimerrak jotako norbaitekin bizitzea. Maite duzun pertsona guztiz aldatzen du gaixotasunak". Pairatzen dutenena, eta horien senideena, horra alzheimerraren bi aldeak. Naroa Diaz gizarte langileak (Donostia, 1986) gertutik ezagutzen di...

49.155

Gipuzkoako langabeak, irail bukaeran. Langabeziak %2,24 egin du gora azken hilabetean. Guztira, abuztuan baino 1.079 langabe gehiago daude. Iazko iraileko datuen aldean, %6,91 egin du gora langabezia tasak —orduan baino 3.175 langabe gehiago—.