“Itsasoak ausartenak nahi ditu, eta dena planifikatu behar da”

Nekane Zinkunegi Barandiaran

Hondarribiko Gurutze Gorriak badaramatza 33 urte itsas salbamendua egiten. Horretan dabiltzan gehienak bezala, soldadutza egitean sartu zen Andoni Larra (Zarautz, 1975), eta koordinazioaz arduratzen da orain. Itsas salbamenduko arloan, Gurutze Gorriko bazkide eta boluntario direnen koordinazioa egiten du. 22 urte daramatza han lanean.

36 lagunez osatutako lantaldea dute; horietatik 30 bat larrialdi kasuei erantzuten aritzen dira, eta gainerakoek beste funtzio batzuk dituzte. “30 horien artean bakoitzak bere lana dauka; baditugu kide batzuk denetarako balio dutenak: patroi, marinel, sorosle edo urpekari lanak egiten dituzte. Hortik aurrera, denetik egitea tokatzen zaigu, baina adinean gora doazen boluntarioei lan fisikoa murrizten diegu”.

Une gogor askotatik pasatzea tokatzen zaie itsas salbamenduan lanean aritzen direnei, nahiz eta euren lana ongi egiteak asko betetzen dituen. “Bizi bat galtzen den bakoitzean, oso gogorra egiten zaigu gorpua berreskuratzeko lanetan parte hartzea. Baina, hala ere, itsasoan gabiltzan guztiok badakigu dolua egiteko funtsezkoa dela gure senideak lurperatzea, eta horregatik dela garrantzitsua gorpuak topatzea”.

Gainera, zenbaitetan euren bizia ere arriskatu behar izaten dute: “Bizia benetan arriskuan jarri izan dugu, nahiz eta oso gutxitan tokatu zaigun. Itsasoa batzuetan oso gogorra jartzen da guretzat eta erreskatatu behar dugunarentzat”. Nolanahi ere, pozgarria egiten zaio eguneroko kontuetan jendeari laguntzea: “Motorra hondatuta edo soka-muturra trabatuta gelditu zaion jendeari laguntzea ederra da”.

Halako matxura txikiak garaiaren araberakoak izaten dira: “Neguan, ibaiak gora egiten duenean, ainguratze sistema puskatu eta barkuak askatzen dira. Udaberrian, berriz, aurreko udatik mugitu gabeko barkuak itsasoratzen dira, eta ohikoa izaten da motorrean matxurak gertatzea”. Udan gehixeago hurbiltzen dira eurak ere itsasora, eta denetik topatzen dute: “Jaizkibelgo landan istripuak, ontzi matxuratuak, itzuli ezin diren piraguak edo windsurflariak”.

Funtzionatzeko modua aldatu egin dute orain gutxi, bolada guztien arteko oreka bilatzeko asmoz. Larrialdiei erantzuteko ariketak eta entrenamenduak egin behar izaten dituzte, larrialdi egoeretan baliatuko lituzketen material eta bitartekoekin lan egiten ikasteko. “Orain arte boluntarioek erabakitzen zuten zein ariketa eta noiz antolatuko zuten, eta larrialdiei erantzutea talde guztiaren ardura izaten zen. Baina formula horrekin ez ziren hilabete guztiak orekatuak izaten”. Orain, hamar bat kideko hiru talde osatu dituzte, eta talde bakoitzari hiru hilabetetik behin tokatzen zaio lan egitea: “Hilabete horretan, dagokion ariketa beteko du, eta larrialdietarako erantzuna koordinatzeaz arduratuko da”. Boluntarioen erantzukizuna asko eskertzen du: “Benetan sinesten duguna egiteko aukera dugu, eta boluntarioen erantzuna bereziki ona izaten da”.

Itsasoaren krudeltasuna

Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko diru laguntzei eta bazkideen ekarpenei esker, ahalik eta material onena edukitzen saiatzen dira, eta material hori era egokienean mantentzen; baina euren esku ez dauden kontuak ere badituzte: “Zaila izaten da batzuetan itsasoaren gordintasunari aurre egitea. Itsasoak nahi duenean bere krudeltasun gordinena azaltzen digu, eta ezin diogu aurre egin, eta hori onartzea ere gogorra egiten zaigu sarri”.

Horregatik iruditzen zaio itsasora beti joan behar dela errespetuz: “Esaera bat bada itsasoak ausartenak beretzat nahi dituela dioena; itsasora irten aurretik dena planifikatu behar da: eguraldi iragarpena eta itsasoaren egoera kontsultatu eta egon daitezkeen aldaketak aurreikusi”. Legeak ezartzen dituen segurtasun protokoloak errespetatu eta beharrezko materiala eskura edukitzea garrantzitsua da itsasora irteterakoan, eta inoiz ez da itsasoratu behar ura, janaria eta arropa hartu gabe. Beharrezkotzat du ere itsasora doanak bere asmoen berri beste norbaiti ematea: “Nora goazen eta zein ordutan itzuliko garen kontatu; berandu iritsi behar badugu, abisu eman”.