“Harizko txotxongiloei zaien miresmena ez da sekula itzali”

Maialen Etxaniz

Corrado Masacciren (Ravena, Italia, 1952) azken erakusketak geldialdia egin du Azpeitian, eta hantxe egongo da azaroaren 17ra arte. Artista italiarrak Ondarroan (Bizkaia) duen tailerrean ematen die bizia surrealismoz eta metaforaz jantzitako irudiei.

Zer dela-eta hasi zinen harizko txotxongiloak egiten?

Txotxongiloekin hasi aurretik, arte ederrak landu nituen institutuan. Txikitatik atsegin izan ditut pintura, eskultura, musika eta antzerkia. Ez nintzen gai bat edo beste aukeratzeko, guztiak atsegin nituen. Txotxongiloetan aurkitu dut modua afizio horiek guztiak batzeko. Gainera, komunikatzeko tresna ederra direla ikusi dut, arte bizi-bizia da txotxongiloena. Hogei urte nituela ekin nion panpinak sortzeari, eta emanaldiekin hasi nintzen gero Italiako hainbat txokotan. Euskal Herrira, berriz, 1982an etorri nintzen, eta bide beretik jarraitu nuen hemen ere.

Laugarren urtez zaude Azpeitian, Euskal Antzerki Topaketen barruan. Zerk lotzen ditu antzerkia eta txotxongiloen mundua?

Praktikan, lengoaia bera dute bi diziplinek. Antzerkiaren lengoaia ezagutu behar da txotxongiloak egiteko, eta hori ikuskizunetara nola eraman asmatu behar da. Txotxongiloekin zailagoa da mezua ikus-entzuleari helaraztea, mugimenduak oso mugatuak baitira. Horregatik, antzerkian bezala, ezinbestekoa da mugimenduak menderatzea. Aldi berean, ikuslearen arreta nola bereganatu pentsatu behar da, ikusleak obrari lotuta geldi daitezen.

Txotxongiloen ametsak erakusketa ekarri duzu Azpeitira, baina, aurrez, beste batzuk ere jarri izan dituzu ikusgai.

Txotxongiloak eta artea izeneko erakusketa bat prestatu nuen aurrena; Zirkua eta txotxongiloak zuen izena bigarrenak; kulturaniztasunaren aberastasuna erakutsi nahi zuen hirugarrenak; erakusketako protagonistak igelak ziren laugarrenean, era guztietako igelak… Izan ere, umeei asko gustatzen zaizkie animaliak, eta erakarri egiten dituzte. Txotxongiloen ametsak da oraingo erakusketaren izena, eta orain arteko bereziena hauxe dela esan daiteke.

Eta, zein dira amets horiek?

Amets mitologikoak direla esan daiteke. Txotxongiloa mitoarekin lotu izan da sarritan, surrealismoarekin. Izan ere, mitoen irudikapenak dira, modu batera edo bestera. Denetariko ametsak gorpuzten dituzte.

Zenbat denbora eskatzen du halako erakusketa bat prestatzeak?

Adibide gisa, sei urte inguru behar izan ditut azken erakusketa amaitzeko. Igelen erakusketa bukatzeko, berriz, hamar urte behar izan nituen. Izan ere, lehen, denbora gutxiago pasatzen nuen panpinak egiten. Udan sartzen nintzen tailerrean, urtean zehar hara eta hona ibiltzen nintzelako erakusketak herriz herri mugitzen eta tailerrak ematen. Orain, denbora gehiago eskain diezaioket sortze prozesuari.

Zer egitea duzu gustukoen sortze prozesu horretan?

Bururatzen zaidana marraztea eta panpinen bozetoak egitea gustatzen zait. Hainbat artista eta margolariren lanek inspiratu izan naute, baina baita egunerokoan ikusten ditudan gauza txikiek ere. Jendearen mugimenduak behatuta, panpinenak nolakoak izan daitezkeen ere pentsatzen dut. Une oro sortzen zaizkit ideiak, eta horiek paperean marraztea atsegin dut. Objektuak ikusi eta imajinatzen ditut. Mundiala da buruan dudan ideia horri gorputza ematea.

Txotxongiloek ez dute lortu zinemak edo antzerkiak duten sonarik. Zein da horren arrazoia?

Galdera ona da; nik ere sarritan galdetu izan diot hori neure buruari. 20 urterekin ekin nion harizko txotxongiloak egiteari, eta ia 100.000 biztanleko hirian haridun txotxongiloak egiten nituen bakarra nintzela konturatu nintzen. Euskal Herrira etorri nintzenean ere ez zen erraza izan harizko txotxongiloak egiten zituen norbait topatzea. Pasio eta lan asko eskatzen duen lana dela uste dut. Pasiorik ezean, zaila da aurrera egitea. Dena den, nahiz eta sortzaile gutxi izan, toki guztietan harrera ona egiten zaie txotxongiloei.

Gainbehera nabaritu al duzu harizko txotxongilo sortzaileen artean?

Zinemaren sorrerarekin indargabetu egin zen txotxongiloen mundua. Urteek aurrera egin ahala, zinemara egin zuten salto txotxongilo egileek. Paradoxa da, baina gaur egun txotxongiloak sarri ikusten ditugu zineman edo telebistan, publizitatea egiteko gero eta gehiago erabiltzen direlako. Euskal Herrian sekula ez da egon harizko txotxongiloen tradiziorik, baina lanean jarraituko dugu horretan aritzen garenok, hurrengo belaunaldiek txotxongiloen sorkuntzaren lekukoa har dezaten. Egileak gutxiago bagara ere, txotxongiloei zaien miresmena ez da sekula itzali, izugarria baita ikusleek egiten dieten harrera. Gaur egun, haurrek eta gaztetxoek pantailari so igarotzen dute eguna, eta gailu elektronikoak hotzak direnez, harritu egiten dira bizi-bizirik dauden txotxongiloak ikustean.

2019an, 40 urte beteko dira txotxongiloekin hasi zinela. Ba al duzu asmorik jarraitzeko?

Oraingoz, bai.Urteurrena ospatzeko proiektu bat dut esku artean. Ez dut nahi hemen kateatuta gelditzerik, eta horregatik jarraituko dut sormenari tiraka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>