Bertsoaz gozatzera, finalera

Bertsoaz gozatzera, finalera

Maialen Etxaniz

Gipuzkoako bertsolari gazteek asteburu ederra dute zain. Lasturren (Deba) elkartuko dira gehien atsegin duten gauzetako bat egiteko: bertsotan aritzeko. Gaur jokatuko da Gipuzkoako Eskolarteko bat-bateko 38. Bertso Txapelketaren finala, eta harekin hasiko da bertso eskoletako gazteen egonaldia. Finalaren atarian, urduri bezain gogotsu daude eskolartekoaren azken plazara aterako diren zortzi bertsolariak.

Otsailaren 12an hasi zen txapelketa, Zestoan, eta Orion, Oñatin, Hernanin eta Anoetan egin ditu geldialdiak; guztira, bost kanporaketa izan ditu eskolarteko sariketak. 14 eta 18 urte arteko 27 gaztek parte hartu dute bertan. Azken txanpa falta da orain, eta beren abileziak erakusteko pronto daude finalera iritsi diren zortzi gazteak: Uxue Alkorta eta Aner Peritz Euzkitze zarauztarrak; Aitor Tatiegi oñatiarra; Oihana eta Haizea Arana ahizpa eskoriatzarrak; Maddi Aiestaran beasaindarra; eta Oihana Labiano eta Imanol Albizu azpeitiarrak.

Iaz, Oihana Aranak jantzi zuen txapela, eta aurtengoa ere etxeratzeko aukera izango du gaur. Eskolartekoan esperientzia dutenek eta ez dutenek, denek dituzte kirioak dantzan finalaren atarian; hori bai, batzuek besteek baino gehiago. Peritzek, esaterako, txapelketa hasi zenean baino lasaiago dagoela azaldu du: “Kanporaketaren bezperan urduri nengoen, baina lasaiago nago orain. Nabaritzen dut tximeleta efektu hori, baina normalean baino lasaiago nago, eta hori positiboa dela esango nuke. Ea horrela den”. Albizu eta Haizea Arana ere “nahikoa lasai” daude, “oraingoz”. Aiestaran eta Alkorta, berriz, zertxobait urduriago daude. Hala dio Alkortak: “Entseguetan askoz urduriago nabaritzen dut neure burua. Normala delakoan nago, final batek bere pisua eta garrantzia duelako”. Iritzi berekoa da Aiestaran ere: “Finala hitza entzuteak berak urduri jartzen nau”. Tatiegik, berriz, “sentimendu arraroa” duela azaldu du: “Hau da jokatuko dudan aurreneko finala, eta tentsio moduko bat nabari dut”.

Kanporaketa bana jokatu dute bertsolariek, eta saioen irabazleak zuzenean pasatu dira finalera. Finalera iritsi diren zortzi gazteak, oro har, gustura daude egindako lanarekin. Iazko txapelak aurtengo lehian “presioa” eragin dio Oihana Aranari, baina, hala ere, saio txukuna egin zuela dio: “Iaz nik irabazi nuen txapelketa, eta banuen horren presioa. Hala ere, uste dut jakin dudala hori kudeatzen”. Haren ahizpa bikiak, Haizeak, Oñatiko kanporaketa irabazi zuen, eta kantuan “bertso eskolan bezain gustura” aritu zela kontatu du: “Ez nuen espero halako saioa egiterik, aurreko urtean nahikoa gorputzaldi txarrarekin atera nintzelako txapelketatik, batez ere. Poto egin nuen eta… Aurten oso niretik kantatu dut, oso gustura”. Oñatiko saioan abestu zuen Tatiegik ere, eta hark bestelako sentipenarekin amaitu zuen etxean jokatutako kanporaketa: “Nire herrian kantatu nuen, eta, ziurrenik, horrek jarri ninduen hain urduri; eta urduri egotea inoiz ez da lagungarria. Gainera, akats bat egin nuen, eta, horregatik, ez nuen espero finalera iritsiko nintzenik. Etxean gelditu nintzen finaleko bertsolarien zerrenda esan zuten egunean, ez nuelako uste sailkatuko nintzenik. Lagunek Whatsapp bidez bidalitako audio mezu bati esker jakin nuen finalera sailkatu nintzela”.

Maila oneko txapelketa

Eskolarteko bat-bateko txapelketaz galdetuta, “garrantzitsua bezain berezia” dela erantzun du Labianok: “Sariketa garrantzitsua da, gazteei jendaurrean eta bat-batean aritzeko aukera ematen zaielako. Eta berezia da, txapelketa denez urduritasun puntu hori zer den ezagutzeko parada eskaintzen duelako. Finean, txapelketa batek biltzen duen guztia ezagutzeko aukera ematen du eskolartekoak”. Albizuk, berriz, nabarmendu du eskolarteko txapelketak bertsolaritzaren munduan “aurrera egiten” lagundu diola. Duela hiru urte, “batere pentsatu gabe” eman zuen izena txapelketan, eta, orduz geroztik, kantuan ari da azpeitiarra.

Kanporaketetan “maila ona” izan dela uste dute finalera iritsi diren guztiek, eta azken saioan ere hala izatea espero dute. Kanporaketetan egindako akatsak zuzentzeko tartea hartu dute azken asteotan, eta jendaurrera ateratzea soilik falta zaie orain. Aiestaranek “finalerako prest” ikusten du bere burua: “Anoetan jokatu nuen kanporaketa, eta gustura gelditu nintzen egindako lanarekin. Gehien kezkatzen nauten puntuak indartzen edo lantzen aritu naiz ordutik, eta, beraz, finalerako nahikoa prestatuta ikusten dut neure burua”.

Txapela nork irabaziko duen ez badakite ere, ia finalista guztiak bat datoz gauza batekin: ondo pasatzera eta bertsolaritzaz gozatzera doaz Lasturrera. Peritzek nabarmendu du finalean abestuko duten zortzi bertsolariak lehiakideak baino gehiago “lagunak” direla. Gainera, “maila oso onean” ikusten ditu bertsolari denak, baina Arana ahizpak “oso indartsu” daudela azaldu du. Haientzat “oso berezia” izango da finalean bertsotan elkarrekin aritzea. Tatiegik uste du bertsolariek elkar ezagutzea “saioaren onerako” izango dela, eta uste bera du Haizea Aranak ere: “Elkar ezagutzen dugu, ia denok lagunak gara, eta uste dut horrek eragina izango duela bertsotan aritzerakoan”. Entzuleei “saio txukuna” eskaini nahi die Aiestaranek: “Garrantzitsuena hori da, guk kantatuz ondo pasatzea eta entzuleek gozatzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.