Izarraizko probarako gogoz

Izarraizko probarako gogoz

Ane Olaizola

Ultratrail probetako munduko korrikalaririk onenen artean daukate askok Nuria Picas (Manresa, Katalunia, 1976), eta lasterkariarentzat “ohorea” da maila horretan lehiatzea. Izarraitz mendi lasterketan parte hartuko du etzi, zeina elkarlanean antolatzen duten Azpeitiko Lagun Onak eta Azkoitiko Anaitasuna mendi bazkunek, eta hitzaldia emango du Azpeitiko Soreasu antzokian, bihar, 19:00etan. Irudien eta hitzen bitartez, Picasek bere kirol ibilbidea azalduko du, Ainhoa Lendizez kirolari eta kazetariak gidatuta.

Estreinako aldiz izango da korrikalaria Azkoitia eta Azpeitia arteko mendilerroan egiten den 25 kilometroko proban. Korrikalariak hainbat mendi maratoi gorriz markatuta ditu denboraldi honetako egutegian, eta horietarako prestaketa gisa baliatuko du igandeko proba; Picasek aitortu du Izarraitz mendi lasterketa “kalitate oneko entrenamendua” izango dela.

Katalanarentzat “berezia” izango da etziko lasterketa, eta “gogotsu” dagoela aitortu du. Izan ere, ondo ezagutzen ditu Euskal Herriko mendiak, eta “gustura” sentitzen da bertako txokoetan. 2013an, esaterako, bigarren egin zuen Zegama-Aizkorri mendi maratoian, eta katalanak oroitzapen onak ditu ordutik. “Bihotzean daramadan proba da”. Proba hori maiatzaren 27an jokatuko da aurten, baina Picasek ez du parte hartzerik izango, agenda kontuengatik: “Beste lasterketa bat daukat Menorcan, baina Zegama-Aizkorrin aritzen diren lagun asko ditut, eta gertutik jarraituko dut proba. Urtero egiten da Zegama-Aizkorri, eta itzuliko naiz, ziur”.

Picas munduko eski zeharkaldirik luzeenean parte hartu eta egun batzuetara izango da Azpeitian. Izan ere, joan den martxoaren 17an, Picasek eta beste sei kirolarik 1971tik inork egin gabeko espedizio bati ekin zioten. 40 egunean 2.000 kilometro egitea zen haien asmoa, Vienatik (Austria) Nizara (Frantzia) arteko bidea eginez, baina Picas erretiratu egin zen 11. egunean, hainbat arrazoi tarteko. “Elur-jausien arrisku handia zegoen, eta ez zitzaidan gustatzen espedizioa egiteko modu hori. Ez nintzen eroso sentitzen, eta zeharkaldia uztea erabaki nuen”. Hain zuzen ere, aitortu du bere burua “arriskuan” ikusi zuela hainbatetan, elur asko zegoelako pilatuta eta “okerreko erabakiak” hartu zituztelako. Horregatik, hark azpimarratu du “hartu beharreko erabakia” izan zela zeharkaldia uztea.

Picasen iritziz, garrantzitsua da batzuetan “pauso bat atzera” ematea, gero “beste hainbat aurrera” eman ahal izateko. Alde horretatik, iaz Makalun gertatua du gogoan. 8.463 metroko mendiaren gailurrera igotzen saiatu zen arren, etxera bueltatu behar izan zuen, pneumonia baten ondorioz. “Oso harro” dago orduan hartu behar izan zuen erabakiarekin ere, bizitza bera “arriskuan” ikusi zuelako. “Luzea da bizitza, eta mendiak han jarraituko du beti. Horixe da mendizaleok daukagun zorterik handiena”.

Picasen hitzetan, mendiak “guztia” eman dio, eta “modu askotan” gozatzen du paraje horietan. “Oinez, korrika, eskalatuz, alpinismoa eginez nahiz seme-alabekin. Mendiak pozik sentiarazten nau “. Suhiltzailea da izatez. 1999an egin zuen lehenengo maratoia, Aneton; podiumera igotzea lortu zuen orduan. Hiru hilabetera, ordea, orkatila hautsi zuen, eta, horren ondorioz, urteak eman zituen mendian lehiatu gabe.

Politikagintzara pausoa

Ordea, katalanak uste du bizitzak “beste aukera bat” eman ziola, eta 2011n entrenatzen hasi zen berriz. Hain zuzen ere, urte horretan estreinatu zuen garaipen zerrenda, Cavalls del Vent ultratrail lasterketa irabazita. Garaipen mordoa pilatu du ordutik; hiru aldiz dauka irabazita Munduko Txapelketa, eta iaz irabazle izan zen Alpeetan egiten den Mont Blanceko Ultra Trail mendi lasterketa ospetsuan. Aurten ere begiz joa du Mont Blanceko proba, eta lasterketa horretan aritzea da katalanaren erronka nagusia.

Iaz, berriz, Picasek beste erronka bati heldu zion: politikagintzari. Izan ere, ERCko zerrendetan aurkeztu zen Kataluniako azken hauteskundeetan. “Pertsona ezaguna naiz Katalunian, eta nire iritzia plazaratu nahi nuen, baita beste kirolariak horretara animatu ere”. Egun, Katalunia nola dagoen ikusita, kirol jardunean ditu jarriak indar guztiak. “Baina prozesua aurrera eramaten lagundu badezaket, lagundu egingo dut, hala sentitzen dudalako”. Alde horretatik, Katalunia jasaten ari den “errepresioa” salatu du, eta “justizia egitea” eta herrialdea “bere onera” itzultzea espero du.

Picasek berrikuntzaz betetako lasterketa batean parte hartuko du etzi. Izan ere, Azkoitiko eta Azpeitiko mendi elkarteek elkarlanean antolatu dute proba, aurrenekoz, eta Azpeitiko Izarraizko Atea parkean hasi eta Azkoitiko Plaza Berrian amaituko da. Ondorioz, aurtengo ibilbidea ere desberdina izango da. Biharko hitzaldiari dagokionez, Picasen azalpenen aurretik solasaldia izango da, ElikaEsport aholkularitza enpresako kideen eskutik. 14 urtetik gorakoek bost eurotan eros ditzakete sarrerak, entradium.com atarian.

Leave a Reply

Your email address will not be published.