Ezabatu gabeko orbanak

Eider Goenaga Lizaso

Francoren gorpua Erorien Haranetik ateratzea erabaki du Espainiako Gobernuak. Datarik ez dute jarri, baina Pedro Sanchezen gobernuak aitortu du erabaki hori “berandu” datorrela, besteak beste Espainiako Memoria Historikoaren Legea 2007ko abenduan onartu zelako, eta bertan jasotzen zelako frankismoa goratzen duten ikurrak erretiratu behar direla. Legeak dioenez, “altxamendu militarraren, Gerra Zibilaren eta diktadura garaiko errepresioaren gorazarrea egiten duen edozein aipamen, armarri, domina, plaka edo objektu” erretiratu behar da eraikin eta espazio publikoetatik. “Arrazoi artistiko, arkitektoniko edo erlijioso-artistikoengatik” legez babestutako ikurrak salbuespenak dira; argitzeko dago zer gertatuko den Erorien Haranarekin.

Legea onartu zenetik 11 urte pasatu dira, baina Gipuzkoan arrastoak gelditzen dira oraindik. Eusko Jaurlaritzak 2011n ekin zion frankismoaren kaleko arrastoak zenbatzeari; hiriak eta eskualdeetako herri garrantzitsuenak aztertu, eta 2012an kaleratu zuten horri buruzko katalogoa. Urte berean, Ikur Frankistak Kentzeko Batzordea eratu eta gomendio sorta bat kaleratu zuten.

Katalogoan, hiru ataletan banatu zituzten frankismoaren ikurrak: sinbolo bereziak, kale izenak eta etxeetako ikurrak. Hainbat herritan berehala hartu zituzten ikurrak kentzeko neurriak; beste zenbaitetan, motelago ibili dira, eta batzuetan, oraindik, arrasto dezente gelditzen da. Jaurlaritzak ez du eguneratu katalogoa, baina apurka-apurka paisaia aldatzeko urratsak egin dira han eta hemen.

SINBOLO BEREZIAK

Oroitzapen-gurutzeak, eskulturak edota fusilamenduak egin zituzten murruak jaso zituen katalogoak atal honetan. Martirien eta erorien aldeko kultuarekin lotuta daude sinbolo horietako asko. Halako askorik ez dago Gipuzkoan.

Oiartzungo hilerrian dago garrantzitsuena; hori da esanguratsuenetako bat Gipuzkoan zein erkidego osoan. 1936ko gerran egin zuten monumentua, frankisten alderdian hildako oiartzuarrak oroitzeko. Marmol pieza handiekin eginiko hiru pareta ditu, goian gurutze bat dago, burdinazko hesi batek inguratua. Egitura hori hilerrian dago oraindik, baita gerran hildako oiartzuarren zerrenda ere. Gurutzearen oinean zegoen hileta koroa eta ondoan idatzitako testua, ordea, ezabatu egin zituzten.

Jose Antonio Primo de Riveraren izena ageri zen zizelkatua, eta azpian Oyarzun a sus heroicos hijos zegoen idatzita (Oiartzunek bere seme heroikoei). 1936ko gerra hasi zeneko eta amaitu zeneko datak daude bi aldamenetan. Oiartzungo Udalak 2013ko urriko udalbatzan aho batez erabaki zuen hileta koroa eta testua ezabatzea, eta urte bereko azaroan kendu zituzten.

Mendi gailurretako gurutze batzuk ere frankismoaren ikur dira. Buruntza mendiko (Andoain) gurutzea, adibidez, 1939ko irailean inauguratu zuten,eta plaka bat zeraman “fedearen eta aberriaren gurutzatuei” eskainia; 2012rako, plakarik ez zuen jada. Halakoetan, gutxienez idatzia kentzea aholkatu zuen Ikur Frankistak Kentzeko Batzordeak, baina ez zuen aipamenik egiten gurutzea kentzeari buruz. Belkoain mendian (Aduna) ere badago gerraostean eraikitako gurutze bat, baita Eibarko Akondia eta Elgoibarko Morkaiko mendietan ere; horietan ere ez dago plakarik.

Tolosako Nafarroa etorbideko plaka ere aipatzen zuen katalogoak. Burdin forjatuan egindako bi plaka ikusgarri zeuden kalearen bi muturretan. Bakarra gelditzen zen 2012an, eta 2015eko maiatzean erretiratu zuen Tolosako Udalak. Horrekin batera, 1936an errepublikaren aldekoek fusilaturiko tolosarren omenezko panteoian zegoen idatzia ere erretiratu zuten: “Gloria a los mártires de la religión y de España” (Aintza erlijioaren eta Espainiaren martiriei). Oiartzunen bezala, Tolosako Udalak hilen izenak uztea hobetsi zuen. Garai hartan beste ikur bat ere erretiratu zuten Tolosan. Harriz eta zementuz eginiko plaka handi bat zegoen Berazubi auzoan, frankismoan eraikitako etxe multzo batean: Grupo Capitán Zabala zegoen idatzita, eta falangearen ikurra ondoan. Guernica koadroaren zati batekin bete zuten plakak utzitako hutsunea.

KALE IZENAK

Tolosakoaren moduko bi plaka handi zeuden Elgoibarren; Pedro Muguruza eta Iñigez Karkizano etxe multzoetan zeuden Espainiako Sindikatuen Ordezkaritzaren plakak, antzeko sinboloekin. Pedro Muguruzakoa kenduta dago, etxea berritzeko lanak egin zituztenean bizilagunek hala erabaki baitzuten; bestea, berriz, bertan dago oraindik. Francoren arkitekto kuttuna zen Pedro Muguruza elgoibartarra; haren gobernuko Arkitektura zuzendari nagusia izan zen gerraostean, baita Falangeko burua eta Espainiako Gorteetako prokuradorea ere. Elgoibarko Udalak garai batean esan zuen presarik ez zela haren izena daraman kaleari izena aldatzeko, eta oraindik izen hori darama kaleak.

Kaleen izendegiaren alorrean, aholku batzordeak hainbat ataletan sailkatu zituen izenak; horietako bat osatzen dute frankismo garaian jarritako baina jatorri karlista duten kale izenek: adibidez, Nafarroa, Oriamendi eta Zumalakarregi. Bi aukera utzi zituen batzordeak: kale izena aldatzea edo edozein erreferentzia ideologiko ofizialki ezabatzea. Beste izen batzuen kasuan (Espainiako eskuineko intelektualak, militar eta agintari frankistak, gerrako martiriak eta oroitzapen tokiak…) argiagoa zen aholkua: ezabatu egin behar dira kale izen horiek.

Hainbat udalek egin dute ahalegin serioa izen horiek ezabatzeko, baina Gipuzkoako hainbat herritan daude oraindik arrastoak. Adibide gisa, Irunek lau kaleren izenak aldatu zituen 2014an: Maritxu Anatol izena jarri zioten Telletxea Jenerala kaleari; Nicolas Gerendiain, Ortiz de Zarate kaleari; Martxoak 8, Manuel Aznar Enbaxadorea kaleari; eta Poxpologile, Bergaretxe Jeneralaren kaleari. 2015ean, Mourlane Mitxelena kaleari izena aldatu eta Nestor Basterretxea izena jartzea ere erabaki zuen udalak. Falangearekin lotura izan zuen Pedro Mourlane Etxeberriak, eta Cara al Sol ereserkia sortzen lagundu zuen, besteak beste. Oraindik ez da gauzatu izen aldaketa hori.

Mutrikun ere hasi ziren hainbat kaleren izenak aldatzeko pausoak ematen. Udalak bost izen aldatzeko proposamena jarri zuen mahai gainean. Bi kasutan, militarren izenak ziren aldatu beharrekoak —Txurruka Tenienteak etorbidea eta Felix Txurruka Dotres kalea—, eta beste hirurak, frankismoarekin lotura zeukaten elizgizonen izenak —Jose Mari Alzibar etorbidea, Eulogio Ulazia kalea eta Modesto Txurruka kalea—. Izen berriak proposatu eta herritarrekin batzar irekia egin zuen udalak, baina proposamenak ez zuen aurrera egin. Kale izendegian izen horiek daude oraindik.

ETXEETAKO PLAKAK

Diktadura garaian sustatutako etxeetako plakak dira, hala ere, Gipuzkoan gelditzen diren frankismoaren ikur gehienak. Herri askoren hazkunde garaian (1950eko, 1960ko eta 1970eko hamarkadetan) etxe gehienek diru laguntzak jaso zituzten Espainiako Etxebizitza Erakundearen eta Etxebizitzaren Obra Sindikalaren eskutik. Bi erakundeoi publizitatea egiteko balio izan zuen etxeari emandako babes hark, sinbolo propioak zituzten plakak ipinita. 2012an, ehunka plaka zeuden Gipuzkoako hiri eta herrietan.

Eusko Jaurlaritzako katalogoaren arabera, Elgoibar zen plaka horietako gehien zuen herrietako bat. Pedro Muguruza eta Iñigez Karkizano auzuneetako etxe blokeez gain, 1960 eta 1970eko hamarkadetan Deba ibaiaren iparraldera eraikitako etxeetan zeuden asko. Elgoibar1936 elkarteak salatu duenez, plaka gehienak hantxe daude oraindik. “Kendu egingo zituztela esan zuten 2012an, baina askok hor jarraitzen dute oraindik”.

Beste muturrean agertzen dira, adibidez, Tolosa edo Villabona. Udalaren erabakiz, plaka guztiak kendu zituzten bietan, eta gaur egun ez dago halakorik. Hernanin ere gauza bera egin zuten herrian zeuden plakekin. Errenteriako Alaberga auzoan eta Zumarragako Legazpi etxe multzoan zeuden plakak, adibidez, ez zituzten kendu, eraikinaren hormaren zati zirelako; bietan, baina, plakak estaltzea erabaki zuten eta gaur egun ez dira ikusten. Mutrikun ere gertatu zen antzekorik. Bi gunetan zeuden plakak; San Migel kalean kendu egin zituzten, eta Azkiaga kaleko atarietan gasaren hoditeriarekin estali zituzten.

Katalogoa egin zutenean, Donostiako hainbat kale eta auzotan antzeman zituzten plakak, eta udalak kontaketa propioa egin zuen ondoren. Udaletik azaldutakoaren arabera, katalogoan agertzen zirenak baino plaka gehiago topatu zituzten eurek, hamasei, eta etxejabeen elkarteekin jarri ziren harremanetan haiek kentzeko. Bizilagunak ados bazeuden, udalak plakak doan erretiratuko zituela eskaini zien. Etxejabe elkarteen erantzuna “hutsala” izan dela, eta kasu gehienetan ezezkoa erantzun dutela jakinarazi dute udaletik. Beraz, baten bat kendu dute, baina hantxe jarraitzen dute gehienek.