an>2015

Aralar eta Oriaren artean

. Enirio-Aralar mankomunitatearen barne eman ditu mendeak Orendainek. Eremu hori garrantzi handikoa izan da inguruko herrientzat. Oria ibarrarekin ere harreman estua du herriak, Tolosari lotua egon zelako eta ondoren Aizpurua Batasuneko parte izan zelako.

Orendainen izena ez da azaltzen agirietan XIV. mendearen erdira arte. Gipuzkoako Orendain herriarena, behintzat. Ernesto Gonzalez Castrok Orendain, Txindoki eta Oriaren artean liburuan azaldu duenez, bazen Orendain izeneko herri bat, Nafarroan, gaur egun desagertuta dagoena, Mañeruko bailaran, Lizarrako merindadean, eta hari buruzko agiriak badaude, XII. eta XIII. mendeetakoak. "Informatikaren eta ordenagailuen gure mundu honi aurrea hartuz, agiri horiek moztu eta itsatsi, eta gure Orendaini egokitu zizkioten. Zuloa estali zuten. Horrela, gure Orendaini buruzko notiziak XIV. mendetik XII-XIII. mendeetara lehengoratu zituzten", idatzi du Gonzalez Castrok.

Lehen aipamenak, beraz, XIV. mendekoak dira: 1350ean, Iruñeko Elizbarrutiaren barruan dagoen parrokia gisa agertzen da Orendain; 1374an, Tolosako auzotasuna eskuratzen duten bilguneetako baten eran; eta 1384. eta 1390. urteetan, Enirio eta Aralar Batasunaren barruan, Amezketako Batasunaren parte diren kolazio edota eliza bati atxikitako auzotarren bilguneetako baten moduan.

Orendain betidanik egon da lotuta Enirio-Aralar mankomunitatera, eta egun ere horren parte da. "Enirio mendiak eta Aralar mendilerroak erabateko garrantzia dute Orendain eta inguruko beste hamalau herri txikiren historian eta ongizatean", azaldu du Gonzalez Castrok. Haren historian aldaketa handia ekarri zuen 1374. urteak. XIII. mendean Gaztelako erregeek hiribilduen sorrera bultzatu zuten, eta XIV. mendean herri txikiak taldekatzen hasi ziren hiribildu horien aldera. Orendainen kasuan, Tolosa hiribilduari lotu zitzaion urte horretan. "Herri txikiek bere autonomiaren parte bati uko egiten diote hiribilduaren mesedetan, eta, trukean, segurtasuna eta bere produktuentzako irtenbidea jasotzen dute. Baina hiribilduari ere mesedegarri zaio, ikuspegi sozial eta komertzialetik begiratuta".

Hasierako segurtasun hori, baina, urteak pasatu ahala menpekotasun bihurtzen joan zen hiribilduei lotutako auzo eta herrientzat, baita Orendainentzat ere. "Denboraren poderioz, areagotu egin ziren agintekeria kasuak, hiribilduaren mesederako eta elkartutako herrien kalterako, neurri interesatuak, era askotariko ustelkeria eta nagusikeria kasuak salbuetsi gabe. Horri guztiari gehitu behar zaio udalbatzetako parte hartze mugatua". Herriek hiribilduaren erabakien eta gastuen zehaztapenean eta kudeaketan parte hartu ahal izatea eskatu zuten. Azkenean, herri independente izateko prozesua martxan jarri zuten Tolosari lotuta zeudenek, eta 1615ean jaso zuten baimen hori. Horrek sekulako zama ekonomikoa sortu zien, eta Orendain ez zen salbuespena. Bizilagun bakoitzeko, herriak 25 dukat ordaindu behar izan zuen, bakoitzak 9.375 marabedi. Orendainek egiazko 117 bizilagun eta dudazko bost zituenez, 1.096.875 marabedi ordaindu behar izan zituen, gehi kostuak: guztira, 1.153.125 marabedi. Kostu horri aurre egiteko, udalak Segurako Maria de Jauregiren eskutik 2.000 dukat jaso zituen, "zentsu modura".

Batzar Nagusietan parte hartzeko eskubidea lortu zuen, eta kostu horri aurre egiteko, beste herri batzuekin batu zen. Baina horretarako ez zituen aukeratu Enirio-Aralar mankomunitatean Bozue Nagusiko kideak, Alegia eta Ikaztegieta baizik. Izan ere, hiribildu izaera lortzerakoan, Orendainek eta beste zenbait herrik mankomunitatean ordura arte ez zituzten jabetza eta jurisdikzio eskubideak aldarrikatu zituzten. Ezezkoa jaso zuten, eta prozesu horrek seguruena eragina izango zuen Batzar Nagusietarako kideak bilatzeko unean. Batetik, beraz, Aralarri begira zegoen, eta, bestetik, Oria ibarrera.

Gipuzkoako Batzar Nagusietara begira, Orendainek 11 boto zituen, eta desiratutako eskubidea lortu bazuen ere, gastu handiak zekartzan. Horregatik, Aizpuruako Batasunean elkartu zen Alegia eta Ikaztegietarekin batera. Batzar Nagusietan txandaka ordezkatu ziren: Alegia hiru aldiz, Orendain bi aldiz eta Ikaztegieta behin. Batasun eskritura hogei urtean behin berritzen zen, eta azkena 1865ean egin zen. Ordurako Gipuzkoako gizartea asko aldatu zela dio Gonzalez Castrok: "Krisi urteak ziren. Batzarrak hilzorian zeuden, baina Orendainek eta Aizpuruako Batasunak azken unera arte eutsi zioten, 1876-1877 urteetara arte".

Gaur egun herri independentea bada ere, orain gutxi Orendainek beste batasun batean parte hartu zuen. Izan ere, 1966. eta 1988. urteen artean Iruerrieta izeneko udalerri elkartua osatu zuen ondoko Ikaztegieta eta Baliarrainekin batera.

Txikiek bat egitea, errazagoa

. Segura auzo herri boteretsuaren menpe ia bi mende eta erdi egon ziren, 1384tik 1615era. Bereizi ondoren, 90 urteren buruan lortu zuten azpiegiturak eraikitzea eta norbere egiturak indartzea. Gaur egun, inoiz baino batuago daude bi udalerriak.

Meategiekin estu lotutako herriak izan dira Mutiloa eta Zerain azkeneko 500 urtean. Aizpea-Barnaola-Troi meatze barruti aberatsaren sarbide eta bizileku izan dira. Meatzari, garraiolari eta meatzeen ingurura bildu ziren langile ugarien topaleku. Antzinatik ustiatu izan dira mendi horietako meategiak —horren lekuko haizeolen aztarna diren zepadiak—, baina 1512an jarri zuten Aro Modernoko zutarria: Gaztelako erregeak otaloratarrei eman zien Aizpeko meategien ustiapena eta jabetza.

Mutiloaren lehen aipamena 1144koa da. Zerain bi mende geroago azaldu zen agirietan, 1384ko martxoaren 20an, Santa Maria de Basarte edo Santa Maria la Asunta de Zerain izenez. Hain zuzen, egun horretan geratu zen Zerain Segurako hiribilduaren menpe, ofizialki. Baita Mutiloa ere, eta inguruko beste zazpi herrixka: Astigarreta, Gudugarreta, Gabiria, Idiazabal, Legazpi, Ormaiztegi eta Zegama.

Beren herri lurren gaineko eskumenari eutsi zioten herrixkek. Horrela, nola Mutiloako sei etxek hala Zerainek, Fernan Perez de Aialari Altzaniako eta Aizkorriko lurrak erosten parte hartu zuten, 1401ean. Baita 1440an belardi komunatuak arautzeko idatzian ere. Gaur egungo Urbiako partzuergoaren hastapena hori izan zen.

Arlo batzuetan zeukaten askatasunak, ordea, ez zien lasaitasun handiagorik eskaini Seguraren jurisdikziopean egoteagatik bete behar zituzten gainontzeko zereginetan.

Segurako gastuei, muzin

Dagoeneko 1399. urtean, Segurako alkatearen esanetara jarri eta hamabost urtera, hainbat herrik tributua ez ordaintzeko eskaera egin zuten. Zerga kobrantzan izandako gehiegikeria batzuek haserretu zituzten herrixketako bizilagunak. Geroago, 1470ean, beste auzi bat sortu zen Seguraren eta haren menpean zeuden herrien artean. Hiribilduaren defentsa berritzeko gastuetan parte izateko eskatu zien Segurak besteei: herriko itxiturak, harresiak, dorreak, ateak, lubakiak eta kartzela konpontzeko gastuak banatu nahi zituen. Baina baita alkatearen, fidelen eta errejidoreen soldatak, eskribauena, herriko pregoilariarena, morroiena, kontzejuko mezulariarena, prokuratzaileena eta probintziako batzarretara bidalitako ordezkariena ere. Horrez gain, gastu gehiago ere bazituen Segurak: gauero zaintza egiten zuten lau zaindariena eta haien ofizialarena, eta ekaitz handien gauetako zaintzaileena.

Menpeko herrixkek ere horiek guztiak ordaintzeko betebeharra zutela iradoki zuen Segurak. Herriek erantzun zioten "inoiz ez" zituztela ordaindu, eta aurrerantzean ere ez zutela dirurik jarriko. Salvatierra de Iraurgiko (Azpeitia) Juan Perez de Bikuña jarri zuten epaile. Herrixkek ere ordaindu beharra zeukatela ebatzi zuen hark, 1.000 doblako isunarekin mehatxu eginda.

Norbere bidea, 1615ean

Babespeko herrien eta hiribilduaren arteko ika-mikek 1615era arte izan zuten zioa. Urte hartan, Filipe III.a Gaztelako erregeak hiri-gutunak saldu zizkien, eta hiribildu beregain bihurtu ziren Mutiloa eta Zerain ere.

Berehala samar hasi ziren bertako azpiegiturak prestatzen. Hala, Zerainen 1705ean hasi zuten udaletxe berria, Seguratik banatu eta 90 urtera. Olabide baserriari erositako lurretan altxatu zuten herriko etxea. Sei urteko lanen ondoren, 1711n bukatu zituzten udaletxea, alondegia, labea, zalditegia, ostatua eta gaur egun ospetsu den kartzela. Hain zuzen, udaletxe horretan ospatu dute zeraindarrek 400. urteurrena ere, urte honen hasieran. Herritarrek bilkura bat egin, eta plaka berezia jarri zuten.

Hiribildutik bereizi bai, baina bi urtera (1617an) beste herri elkargo bat eratu zuten Mutiloak, Zerainek, Gudugarretak, Astigarretak eta Ormaiztegik: San Esteban Errekako Bailara Elkartea. 1637an Zegama batu zitzaien.

Elkarte espirituak bizirik dirau, oraindaino. Zerainek eta Mutiloak bi herrien arteko harremana estutu, eta ildo estrategiko komunetan batera jarduteko lan-mahaia osatu zuten, 2013ko urrian. Medikua, idazkaria eta gizarte laguntzailea bi udalerriek banatzen dituzte. Mutiloako ume txikiak Zeraingo haur eskolara joaten dira —larriagoak, Segurakora—, gimnastika saioak Mutiloan ematen dituzte, dantzakoak Zerainen... "Bi herriak batzea, elkarlana eta auzolana bultzatzea" du helburu mahai horrek.

Lotura hori, kontzeptuetan ez ezik, fisikoki ere gauzatu da. 2006an ireki zuen aldundiak Mutiloa eta Zerain zuzenean batzen dituen errepide berria. Inoiz baino gertuago daude orain.

Miguel de Aranburu Gipuzkoako Historialarien Elkartea liburu bat idazten ari da, 400. urteurrena ardatz hartuta. Zerain, Zegama, Idiazabal, Mutiloa eta Gabiriako herriak dira partaide. Irailerako, bestetik, Aizkorpe bailarako herrietan barrena mendi ibilaldi bat egiteko asmotan dira, Antonio Berasategi historialari idiazabaldarrak gidatuta.

“Itsasoan luze egonda ezagutzen da pertsona, eta ez txikiteoan”

“Itsasoan luze egonda ezagutzen da pertsona, eta ez txikiteoan”

Arrantzale familiakoa izanik, itsasoan lan egitea egokitu zitzaion Gregorio Kanpandegiri (Hondarribia, 1948), beste afizio batzuk bazituen ere. Lau hamarkadatik gora horretan aritu ondoren, 2006an hartu zuen erretiroa, eta gaur egun, ez du itsasoan lan egitearen faltarik sumatzen. Arbasoek itsasoarekin lotutako lanbideak izan badituzte ere, Kanpandegiren oinordekoek ez dute arrantzarekin zerikusia duen ezertan lan egiten, eta, hein batean, ulergarria iruditzen zaio.

Jatorriz dira arrantzale familiakoak: "Gure aita hala zen, aitona ere bai, birraitona...". Hiru anaia eta bi arreba dira etxean; hura da zaharrena, eta, anaiek itsasoan lan egin ez badute ere, denak daude arrantzaren munduarekin lotuta: "Arrebetako batek Hondarribiko Arrantzale Kofradian lan egiten du, eta bestea, berriz, sare konpontzen-eta aritzen da. Gure ondorengoetako inork ez du jarraitzen, ordea; egia esan, normala ere bada, itsasokoa ez da lehorrekoa bezalako bizimodua".

15 urterekin hasi zen aitarekin Santa Klara barkuan; gero, Pasaiako eskolara joan zen, 19 urterekin, eta patroi ikasketak egin zituen bi urtez. Ondoren, berriz aitaren barkura itzuli zen; eta 25 bat urte zituela, bi anaiekin batera, bigarren eskuko barku bat erosi zuten: "Bi anaiak izena zuen. Hiru anaiok eta Antton Blanco bazkidea 1985era arte ibili ginen barku horrekin, eta, ondoren, Marinel izeneko egurrezko barku bat egin genuen geure kasa, 22 metroko luzera zuena".

Barkuko patroia izatea egokitu zitzaion Kanpandegiri, eta barku txikiekin ibili izan zirenez, amuarekin egiten zuten arrantza, baita arraste-arrantza esaten zaiona ere. "Atunetan ibiltzen ginen, eta hasi ginenean pentsatzen genuen Kantauri itsasoan bakarrik arrantzatuko genuela. Atunak, hiru bidaia-edo egiten ditu: iparralderantz, Irlandara; ipar-ekialderantz, AEBetara; edo Kantauri itsasora. Baina urteak pasatuta, gero eta atun gutxiago sartzen zen hona, eta hantxe ibili ginen Irlandaraino joanda".

Ekain aldera-edo irteten ziren, eta Coruña ingurura joaten ziren, nahiz eta batzuetan beherago ere jaitsi behar izaten zuten. "Barku handiek beste funtzionamendu bat izaten dute, baina gurea ez zen handia, eta geure kasa ibiltzen ginen". Arrantzatutakoa ez zuten Hondarribiko kaira ekartzen. "Arrantza bidaiak hamabost egun irauten badu, lehen egunean arrantzatutako atuna hamabigarren egunerako hasten da kalitatea galtzen". Coruñatik hurbilen zegoen portura eramaten zuten. Han hustu, eta itsasora itzultzen ziren. "Gainera, Hondarribiraino etortzeak bidaiarako egun bat hartzea esan nahi du, eta denbora galtzen da horrela". Beraz, hilabete eta erdi inguru egiten zuten irteten ziren aldiro etxetik kanpo, besterik ez zegoelako: "Bakoitzak daki bere lana nolakoa den, gurea atunaren eta berdelaren arloa zen, eta zegoenean jo eta ke aritu beharra izaten genuen".

Itsasoan lan egitea gogorra izanda ere, "alde onak" ere badituela iruditzen zaio: "Esaterako, barkuan zurekin doana egiaz ezagutzeko aukera ematen dizu; itsasoan luze egonda ezagutzen da pertsona, eta ez txikiteoan. Hilabete eta erdi etxetik kanpora egiten baduzu, eguneko hogeita lau orduak hogei metro luze eta bost metro zabal den barkuan beste batzuekin pasatzen badituzu, han agertuko da guztia: bakoitzaren izaera, noiz dagoen baxu, noiz duen etxera itzultzeko gogoa...". Hala ere, eurak "oso ongi" moldatzen ziren, eta arrantza egindakoan sentitzen zuten poza "izugarria" izaten zen. "Hori bai, eguraldi txarra egindakoan-eta ez da ederra izaten; gu saiatzen ginen kontuz ibiltzen. Izaten dira barkuak eguraldi txarrarekin ere arrantzan jarraitzen dutenak, baina guk ez genuen arrisku hori hartzen, ez dugu inoiz susto handirik eduki".

Uztailean beteko dira bederatzi urte erretiroa hartu zuela, eta ez du itsasoko lanaren faltarik sumatzen: "Nire bi anaiek bai, baina nik ez. Hasi nintzenean ere banituen beste afizio batzuk: kuadrillakoekin kantatzea-eta gustatzen zitzaidan, eta besteen inbidia izaten nuen". Lagun batek atunetara joateko proposamena eginez gero, denbora-pasa joatera animatuko litzateke, "baina lehen bezala ibiltzeko ez". Hala ere, entretenituta egoteko aukera badauka. Izan ere, 2011n Hondarribiko Udalak Mariñel egurrezko azken arrantza ontzia erosi zuen, eta Benta Zaharrean, garai batean zegoen karroan jarri zuten ikusgai. Barkua Benta ingurura hurbiltzen diren guztiek ikusteko aukera dute, eta Kanpandegi bera arduratzen da haren mantentze lanak egiteaz.

Elkartasunaren fruitua biltzen

Elkartasunaren fruitua biltzen

Poza. Itxaropena. Ilusioa. Urduritasuna. Harrotasuna. Hainbat sentipen dituzte barruan TS Fundicionesen Arroako (Zestoa) plantako langile(ohi)ek, baina bat gailentzen zaie, eta agerikoa da haiekin hitz egitean: harrotasuna. Egindako borrokarengatik. Bat eginda jarduteagatik. Herrikideengandik eta eskualdeko erakundeetatik jaso duten elkartasunagatik. Lorpenarengatik. Lanera itzultzeagatik. Inoiz ez burua jaisteagatik… Oso argi dute TS Fundiciones euren borrokari esker irekiko dela...

Elkartasunaren fruitua biltzen

Poza. Itxaropena. Ilusioa. Urduritasuna. Harrotasuna. Hainbat sentipen dituzte barruan TS Fundicionesen Arroako (Zestoa) plantako langile(ohi)ek, baina bat gailentzen zaie, eta agerikoa da haiekin hitz egitean: harrotasuna. Egindako borrokarengatik. B...

Eskola bizirik, herri hil bilaka ez dadin

"Gela batzuen ateak itxiarazi nahi dizkigute. Erreformaren eragina ere, zertan gauzatuko ote; etorkizuna ziurtatzekoz, saiatu denok jo ta ke; herri txiki bat eskola gabe, herri hila litzateke". Hala zioen 1991ko Gipuzkoako Eskola Txikien Festaren abes...

Legorreta, babes truke azpiratuta

. Ahaide nagusien oldarkeriatik defenditzeko, Ordiziako hiri gotorraren menpeko bihurtu zen Legorreta 1399an. Lotura bera izan zen, mende bat geroago, askatu beharreko mataza. Eragina zuten pertsonengana jotzen eta isilpeko bideak irekitzen jakin zuen.

Legorretaren lehen aipamena 1227koa da. Sebastian de Legorretazarra Lope de Haroren gudarostean borrokatu zen, Gaztelako errege Fernando III.aren zerbitzura, Baeza hiria (Jaen, Espainia) hartzeko guduan. Hurrengo ia bi mendeetan, herrixka modura osatu zen Legorreta, garai hartako hiru zutabeen gainean: kleroa, noblezia eta nekazariak.

Toki estrategikoan kokatua zegoen Legorreta: Oria ibaiaren ertzean, Ordiziako eta Tolosako hiri gotortuen erdibidean. XIV. mendeko ahaide nagusien oldarraldiek Ordiziako hiribildura inguratu zuten herrixka —ez zuten onartzen beren eraginpetik aldentzen ari ziren herrixkak izatea, hiribilduen eta errege babesaren hegalpean—.

"Herrixka" gisa lotu zitzaion Legorreta Ordiziari, Antxon Agirre Sorondok 2004an idatzitako eta Pello Iturriotzek euskaratutako —hilak dira biak— Legorreta, bizitza ibaiaren biragune batean liburuak dioenez: "Etxe multzo txiki bat, eta, akaso, eliza txiki edo ermita zuen toki gisa", deskribatu zuen Agirre Sorondok. 1399ko apirilaren 8an izenpetu zuten batasun ituna, Gipuzkoako Ermandadea sortu eta bi urtera.

Ataungo eta Ordiziako eskribau banak egin zuten agiria, eta Juan de Arriaga izan zen legorretarren lekuko. Herriko ordezkaritza zabala joan zen izenpetze ekitaldira: Martin Perez zinpekoa eta auzo eskubidea zuten hemeretzi bizilagun. Garai hartan Legorretan zer etxe zeuden jakiteko balio dute, haien abizenek jatorria adierazten dutelako.

Babes premiak uztartuta

Legorretan otsailetik apirilera bitartean gogoratu dute hiribildu titulua 1615ean eskuratu zuteneko laugarren mendeurrena. Felipe III.a erregeak emandako herri gutunaren kopia udaletxean zintzilikatu zuten, koadro batean. Joxe Mari Allur historiazale legorretarrak hitzaldi bat ere egin zuen; hark dioenez, komenentziazko ezkontza izan zen Legorretaren eta Ordiziaren artekoa.

Ezkontza baino gehiago, azpiratzea. "Babesa lortu zuen Legorretak Ordiziari batuta, baina baita menpekotasuna ere. 1399ko itunean garbi dio Legorreta Villafrancako [Ordiziaren garai hartako izena] jurisdikzioaren azpian geratuko dela —sometido aditza darabilte—. Ordiziako harresia zaindu, berritu, zubi berriak eraiki, kaleak berritu... bertan bizi balira bezalaxe egitera behartuta zeuden legorretarrak, auzolanean. Errotaren errentetan ere parte hartzen zuten".

Ordaina, berriz, segurtasuna zen. Gipuzkoan artean ez zegoen diputaziorik, herrien arteko ermandadeak bakarrik. Ahaide nagusiek kontrolatzen zuten hiribilduetatik kanpoko guztia, nahierara. "1439an eman zieten azken kolpea ermandadeek ahaide nagusiei: jauntxoak Andaluziara deserriratu zituzten urte batzuetarako, eta haien dorretxeak moztu zituzten". Legorretan Ibarbia eta Oriar ziren oinetxeak.

Herrixka txikiak hiribilduen gonapera biltzearen arrazoia, hau da, ahaide nagusien tirania desagertu zenean, egoera "asko" lasaitu zen. "Eta orduan hasi ziren menpekotasuna nabaritzen eta Ordiziaren kontrako jarrera pizten. Liskarrak hasi ziren, ordu arte, babesaren izenean, irentsi izan zituzten gauzengatik".

Bereizketa, ezkutuan prest

Morrontzaren zioak desagertu ziren, baina ezin izan zuen Legorretak erraz askatu Ordiziarekin lotzen zuen morroiloa. Indarra irabazi zuen metropoliak, gainera: 1512ko martxoan Villafranca erabat kiskali zuen suak, eta maiatzerako astero feria egiteko baimena eman zion erregeak. "Azokari esker izugarrizko indarra hartu zuen Ordiziak".

"Burujabetzaren bidean", erabaki guztiak hiribilduaren esku zeudenez —herrixkek administraziorako gaitasunik ez zeukatela argudiatzen zuen—, Legorreta isilpeko bidea ibiltzen hasi zen. Ordiziako notarioak baztertu, eta Areriako alkatetzakoa hartu zuten: askapenerako pausoak aurrera ematen hasi ziren hala.

Legorretak "hiru aingeru guardako" ere izan zituen, joko politiko-ekonomiko eta burokratiko hartan laguntzeko: Juan de Oriar, Filipe III.aren idazkaria; Juan Iriarte Ganboa, erregearen Ogasun kontseiluko kidea; eta Juan Otxoa de Ibarbia Zunzunegi, Ordiziako notarioa. Legorretarrak ziren hirurak.

Gaztelako errege Filipe III.ak 1615eko urtarrilaren 26an hartu zuen erabakia herriak hiribilduetatik aske uzteko, eta bederatzi egun geroago —otsailaren 4an— izenpetu zuen hiri titulua.

Pedro de Aulia izendatu zuten Legorretako lehen alkate. Bonaetxean hartu zuen aginte makila —plazan dago oraindik etxe hori—. Errege zedulan dio Legorretan 148 familiak zutela auzo eskubidea, eta beste hamahiru zalantzazkoak zirela. 25na dukat ordaindu zuten.

Lur astinduaren osteko giza mugimendua

Hilabete pasa igaro da Nepalgo lurrikaratik. Aste honetan itzuli dira haurrak eskolara. "Normaltasunera". Nerea Agirrek zuzeneko harremana du Nepalekin, Rokpa Euskadi gobernuz kanpoko erakundeko presidentea baita. Kideek ematen dioten informazioaz gain, Nepalgo egunkariak irakurrita jasotzen ari da gertatzen denaren berri: "Eskolako lehen egunetan klaserik ez ematea gomendatu du gobernuak, soilik hitz egin dezatela, lagunekin jolastu, trauma gainditzen joateko. Pixkanaka bada ere, eskolara bueltatzea ere nahi zuten, normaltasunera itzultzeko".

Zortzi mila hildakotik gora eragin zituen apirilaren 25eko lurrikarak herrialdean, eta beste dozenaka gehiago hamazazpi egun geroago izandako seismoak. Mendialdeko herrixka asko guztiz suntsituta geratu ziren; kalte handiak daude egun Katmandu hiriburuan. Zauriturik edo bizirik atera zirenek, beraz, egoera zaila dute aurrean. Horiei laguntzeko lanean ari dira gobernua eta askotariko gizarte erakundeak; tartean, Rokpa Euskadi.

"Hasieran ez genuen argi zer laguntza mota bidali. Harremanetan gaude laguntza banatzen ari direnekin, eta beharrak aldatuz doazen arren, kanpadendak dira gehien eskatzen dutena". Rokpa Euskadik 82.000 euro inguru bildu ditu, eta ia 700 kanpadenda bidaliko ditu Nepalera. Gehiago ere izango dira: "Dirua iristen doan heinean materiala bidaltzen goaz". Bide askotatik ari dira laguntza jasotzen: bazkideetatik, Gipuzkoa Solidariotik, enpresa pribatuetatik, norbanakoetatik, udaletatik... —besteak beste, Arrasate, Tolosa, Irun, Zarautz, Aretxabaleta, Errenteria eta Amurriokoek babestu dute—.

Egoera aldatu egin da lurrikararen osteko lehenengo egunetatik. Hasiera batean, "exodoa" egon zen Katmandutik herrixketara, baina alderantzizko bidea egiten ari dira herritar asko orain: "Herri ugari suntsituta geratu dira, eta luizi arriskua dago; beraz, gobernua jendea birkokatzen ari da, eta beste batzuk euren kasa doaz Katmandura". Landa eremutik "milaka eta milaka" lagun iristen ari dira hiriburura; han, ordea, zaila da guztiei behar bezalako zerbitzua ematea.

Rokpa Euskadi Tibeten aritzen da lanean, baina nazioarte mailako erakunde bat izaki, Nepalen jarduten dutenekin harremanetan jarri zen lurrikararen ondoren. Rokpak umezurztegia du Katmandun, eta hara bidaltzen ari dira laguntza, baita beste hainbat umezurtz etxetara ere —Indrenira, adibidez—: "Kalean ari ziren lo egiten, eta orain kanpadendak aprobetxatzen ari dira, bitartean eraikina sendotzeko". Kanpadenda handiak egiten dituen hornitzaile bat ere topatu du Rokpak, eta umezurztegietako batean jarri nahi duten gizarte jangelarako baliagarria izan daiteke: "Han dauden umeez gain, herrixketako jendea iristen ari zaie". Landa eremuetara ere eramaten dituzte kanpadendak, familietan banatzeko. "Materiala herrixketara iristen denean, laguntzaileek hango ordezkariekin hitz egiten dute, jakiteko zein familiak behar duten gehien. Okerren daudenei ematen diete".

Bestelako arazoak ere areagotu egin dira etxeak suntsitzearen ondorioz; pertsonen trafikoa, haurren kasuan, bereziki. Unicefek arriskuaz ohartarazi du: erakundearen arabera, haur esplotazioko indize altuak ditu Nepalek; azken datuen arabera, 12.000 ume dira urtean pertsona trafikoaren biktima. Agirrek azaldu duenez, gobernuak umezurztegi berriak irekitzea debekatu du, mafiek haurrak hartzeko arriskua ikusita: "Zin egiten diete Indian lana izango dutela, fabrika batean, etxeak garbitzen, haurrak zaintzen... Askok emagaldu etxeetan bukatzen dute". Prebentzio neurri gisa, 16 urtez azpikoek ezin dute bakarrik baimenik gabe bidaiatu, eta herrixketara gizarte langileak bidaltzen ari dira, familiei gertatzen ari denaz abisatzeko.

Osasun arloan ere, zailtasunak dituzte. Gobernuak martxan jarritako kanpaina batez mintzo da Agirre: "Jendeak aire zabalean kaka egin zezan saihesteko, oso lan ona egiten ari zen gobernua, Osasunaren Mundu Erakundearekin batera. Nahiko aurreratuta zegoen kontua, baina lurrikararekin jendeak ez du etxerik, eta kalean egiten du; askok ibai ondoetan, garbitzeko". Horren ondorioz, gaixotasunak agertzen ari dira; kolera da garrantzitsuenetako bat. "Eta espero da egoerak okerrera egitea montzoia iristen denean. Atzeratuta dator, baina ailegatzear da". Ura edangarri egiteko gailu bat ere bidali du Rokpa Euskadik Nepalera —egunean 4.000 litro ur hornitzeko ahalmena du—.

Laguntza bidaltzeko momentu zailak igaro dituzte, aduanetako trabak eta abarrak. Hala ere, han ordezkaritza izateak lana erraztu die: "Ziurta dezakegu laguntza guztia iristen dela".

@ Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.rokpa.org/eu_EU/