an>2015

Emaitza bakarra: hamarra

Zaila. Bera Bera eskubaloi taldeak hitz horrekin definitu du lehen kolpean aurtengo denboraldia. Eta polita, gelditu zaien sentsazioa.

Kirolean zein pertsonalki izan dituzte zailtasunak zein momentu gogoangarriak. Espainiako Liga hirugarren urtez jarraian irabazi dute, horrek dakarren sekulako lanaren zamarekin, baina, era berean, ereindako fruituez gozatzeko sentsazio gozoarekin. Entrenatzailea aldatu aurretik momentu zailak izan dituzte, eta aldaketa horrek berak zer ekarriko zuen, tentsio hori ere egon da. Taldekide baten heriotzak ere denboraldia belztu du.

Guztiaren gainetik, ordea, hamar borobil bat eman dio denboraldiari Tati Garmendia Bera Berako kirol zuzendariak: "Oso konplikatua eta zaila da hiru urtez jarraian liga irabaztea. Gainera, liga oso estu egoten da; lau talde daude goian, eta ez da hain erraza garaipenak eskuratzea, are gehiago denboraldi honetan izan ditugun zailtasunak kontuan hartuta. Nahiz eta Erreginaren Kopa ez irabazi, hamar bat ematen diot denboraldiari".

Lortutakoa lortzeko sekretu gutxi: lana gogotik egitea. "Talde honetako jendeak kalitate handia du, eta, horrez gain, oso-oso lehiakorrak dira. Kalitatea, lana eta lehiakortasuna elkartzen badira, hori oso positiboa da, eta lorpenak etortzen dira".

Jokalariek ere bat egin dute kirol zuzendariaren iritziarekin. Zailtasunei aurre egiten jakin dutela nabarmendu dute Esther Arrojeriak, Nagore Arizagak eta Uxue Ezkurdiak. "Ondo egokitu gara, eta lan asko egin dugu", adierazi du Ezkurdiak. "Bai, konplikatua izan da, baina, oso lotuta gaudenez, aurrera atera gara, eta bukaera polita eman diogu", gehitu du Arrojeriak.

Ondorio nagusi bat atera du Garmendiak denboralditik: denboraldi berean gauza askori aurre egin behar izaten dietela eta ikusi dutela taldeak zailtasunei aurre egin diezaiekeela. Entrenatzailea aldatzea gakoetako bat izan da. Aitor Etxaburu izan dute entrenatzaile denboraldi hasieran, baina taldea ongi ez zegoela jakinarazi zioten jokalariek kirol teknikariari, eta zirt edo zart egin beharra zegoen: "Apustu arriskutsua izan da, nire postua galtzear egongo litzateke gauzak gaizki ateraz gero. Lider zihoan talde bateko entrenatzaile bat ordezkatu genuen, eta hori arriskutsua zen. Baina taldea ez zegoen ongi, eta horrela jakinarazi zidaten. Askotan zeure buruari ez diozu garrantzirik eman behar eta guztiaren gainetik taldea jarri behar duzu". Montse Putse kataluniarra aritu da entrenatzaile lanetan.

Babeslearen esperoan

Zailtasun ekonomikoen gainean ere hitz egin du Garmendiak: "Zor bat dugu, eta pixkanaka tapatzen ari gara; helburua hemendik hiruzpalau urtera zorrik ez edukitzea da. Egia da ez dagoela arazo ekonomiko larri bat, baina beti gehiago nahi duzu, eta bide horretatik taldekideen egoera hobetu". Taldekideen kontratuak hobetzea, esaterako: "Kirolari bati kontratua hobetu nahi diozu errendimendu ona duelako, baina ezinezkoa da aurrekontu bati lotuta zaudelako".

Orain urte batzuk denak profesionalak ziren taldean, eta duela lau urte eta bi urte murrizketa "oso handiak" egon ziren —200.000 euroko murrizketa aurrekontuan—. Hori horrela, talde guztia profesionala izatea "ezinezkoa" da, eta gaur egun semiprofesionala da. "Hori bai, talde osoak Gizarte Segurantzan kotizatzen du. Gurea talde bakarra da, edo bakarrenetakoa, Gizarte Segurantzan kotizatzen duena, taldekide guztiak esan nahi dut. Kirolari ordu asko eskaintzen dizkiozu, eta zure lan moduan azaltzea oso garrantzitsua iruditzen zait". Jendearen konpromisoa ere bide beretik doala adierazi du, "profesionala". Emakumeek ere kirol bat edukitzeko eta horretara dedikatzeko "eskubidea" dutela iritzi dio.

Zailtasun handiena finantzaketa pribatua aurkitzea da. Erakundeek babesten dute, baina argi du diruak finantzaketa pribatutik etorri behar duela: "Ezin gara soilik publikotik bizi". Aurten bi babesle atera zaizkie, baina babesle indartsu baten esperoan daude. "Hori da behar duguna". Iritsiko dela ziur dago: "Bera Berara batzea proiektu indartsu eta sendotu bati batzea da. Balio garrantzitsu batzuk ordezkatzen ditugu, garaipenez aparte. Nik uste garaipenek ez dutela beti egon behar babesle bati lotuak, eta hala izan ohi da askotan, gainera".

Emakumeen eskubaloiak publizitatean eta gizartean erakargarritasuna baduela iruditzen zaio kirol zuzendariari, eta komunikabideetan toki gehiago duela ere bai. "Telebistan, hala ere, oraindik pauso bat dago emateko. Jendeak eskubidea du eskubaloi femeninoa telebistan ikusteko".

Aitorpen horretan Espainiako Eskubaloi Selekzioak lortutako garaipenek zerikusia dute Garmendiaren irudikoz. Harmailetan ikusle gehiago daudela nabaritu dute Bera Berako kideek, "eta hori pozgarria da benetan". Eskubaloian emakume eta gizonen desberdintasunez hitz egitean, Garmendiak uste du gaur egun ezin dela horretaz hitz egin, "krisiak gizonen eskubaloia ere jo duelako".

Desberdintasunak zeuden garaian, beraz, ekonomikoak ziren batik bat. Bere jokalari garaiak gogoratu ditu horri erreferentzia eginez: "Garai batean desberdintasunak handiak ziren. Selekzioan ere emakumeek lan bera egiteagatik gutxiago kobratzen zuten. Nire garaian, kopuru bera kobratzen zuten neska onenak eta aulkian jokatu gabe egoten zen mutilak".

Zehaztapenak ere egin ditu: "Egia da garai hartan neskek ez zituztela gizonek adina garaipen lortzen, baina lortzen hasi zirenean ere ez zen inon islatuta azaldu. Aitzakia bezala garaipenak erabiltzen ziren lehen". Hala ere, alderaketak egitea ez zaio gustatzen, "agian gizonek gehiago sortzen dutelako", baina argi du bakoitzak berea aldarrikatu behar duela, eta desberdintasunak baldin badaude gutxitu egin behar direla.

Kirola, lana eta ikasketak

Esther Arrojeria eta Uxue Ezkurdia ikasleak dira goi mailako kirolariak izateaz gain. Arrojeria Erizaintza ikasten ari da, eta Ezkurdia, Enpresaritza. Euren denbora hobeto antolatzea dute erronka, bi gauza uztartu ahal izateko. Biek ala biek goizez dituzte klaseak, eta, entrenamenduak arratsaldez direnez, nahiko ongi moldatzen dira. Gainera, goi mailako kirolariak izanik, unibertsitatean erraztasunak ematen dizkietela adierazi dute: azterketen datak aldatzeko, klaseak galduz gero irakasleen laguntza dute... Kirola eta ikasketak uztargarriak direla diote.

Zaila dena eskubaloitik soilik bizitzea da, eta horren adibide da Nagore Arizagaren erabakia: taldea utziko du. Erizain lanetan dabil, eta bere kasuan zailtasunak egon badaude: "Bi gauzak aldi berean egiten saiatu naiz, baina zaila da goi mailako kirol bat eginez bi gauzak uztartzea. Egunero entrenatzen gara, eta asteburuetan partidak ditugu. Denbora asko kentzen dizu". Ikasten zebilen bitartean, eskubaloian izaten zuten bi hilabeteko atsedenaldia aprobetxatzen zuen praktikak egiteko.

Asko pentsatutako erabakia izan da Arizagarentzat: "Hainbeste urte eskubaloian ibilita, nire egunerokoan zegoen". Aurrerantzean harmailetatik ikusiko ditu partidak: "Ea zenbateko inbidia pasatzen dudan!". Bere ibilbidea gogora ekarriz, hasierako garaiak "gogorrak" izan zirela gogoratu du. Ikastetxetik atera eta entrenatzera joaten zen. Lehenengo bi urteetan gazte mailan bere taldearekin entrenatu eta gero, egun batzuetan Bera Berara joaten zen, entrenamentu saio bikoitza egitera. Handik atera eta etxera joaten zen ikastera. Sentsazio ezin hobearekin bukatu du, ordea, bere goi mailako kirol ibilbidea: "Ezagutu ditudan pertsonak geratuko zaizkit gogoan. Hainbeste bidaia, ordu... lagun handiak egin ditut. Kiroletik harago, pertsona moduan asko ikasi dut".

Arizaga ez da taldea utziko duen bakarra; beste hiru ez dira hurrengo denboraldian Bera Beraren parte izango. Patri Elorza eta Maria Nuñez Frantziako Ligara doaz, eta Amaia Azanzari ez diote kontratua berritu. Garmendia kirol zuzendariak dioenez, normalak dira jokalarien joan-etorriak, baina baikorra da hurrengo denboraldiari begira: "Ez dut inongo zalantzarik talde lehiakor bat osatuko dugula".

TS Fundiciones, berpizteko bidean

Uda amaitzerako jarduera berriro martxan egotea espero dute Zestoako TS Fundicionesen. Aste honetan jakinarazi du Pedro Malagon epaileak Shandong Iraeta Wind Power Flanges Manufacturesen esku utziko duela planta, hau da, Gonvarriren esku. 2014ko azaroan konkurtsoan sartu zen enpresa, eta 150 langilek postua galdu zuten. Planaren arabera, 121 lanpostu berreskuratuko dituzte. LABek eta ELAk begi onez hartu dute lantegia Gonvarriren esku geratu izana —irudian, LABen bilera langileekin—.

Gure baitan daude biak

Aurreko batean auzoko supermerkatuan erosketak egiten niharduela, gizon bat hurreratu zitzaidan, eta "hamabost zentimo emango dizkidazu barra bat erosteko?", esan zidan. Eskua jaso eta ogia zuela erakutsi zidan. Oso erreakzio arraroa izan nuen. Begira...

Zorraren zama, gero eta arinago

Legealdia “motxilarik gabe” bukatuko dute Gipuzkoako udalek. Udaletxera iritsi zirenean, 2011. urte erdian, zorpetze handia jaso zuten herentzian aurreko agintalditik. Lau urte geroago, zorra kontrolatuta edo ia kontrolpean dute gehienek. Azken bi urteetan, gainera, inbertsioak mugitzen eta gerakinak erabiltzen hasi dira. “2011n baino egoera askoz hobean daude, eta ez dago egoera larririk uneotan”. Itziar Miner...

“Amaitzen ari zaigu denbora”

Orain dela urte eta erdi inguru egin zen ezagun Oier Iribarren (Ibarra, 2008). Polita da hari begiratzea. Ekainean 7 urte egingo ditu, eta Tolosako kiroldegiko txiki-parkean alde batera eta bestera dabil. Adin horretako ume gehienak bezala, ezin geldirik egon. Amak adi begiratzen dio. Kafea zutik hartzen du, semea gertutik zaintzeko. Semeak ere ama bilatzen du, maiz hurreratzen zaio, eta eskutik eusten dio. Gipuzkoako Hitza-rekin egindako hitzordura ere halaxe agertu da Oier, amari eskutik helduta. Etengabe bilatzen du amarekiko kontaktu hori, baina ez du besteen kontaktua errefusatzen, kazetariari eskutik eutsita ere goxo egon da.

Baina Oierrek sanfilippo gaitza du, eta gaitz horren erruz egin da ezagun, bai bera eta baita bere gurasoak ere, Izaskun Aizpurua eta Kepa Iribarren. Donostia ospitalera urtean bitan egiten dituen frogak egitera joan aurretik, tartetxo bat hartu du Aizpuruak Hitza-rentzat. "Nolako egunak daramatzagun, ezta Oier?", galdetu dio semeari. Ez du erantzunik espero. Gaitza dela eta, Oierrek ez du hitz egiteko ahalmena garatu.

Hedabide bat bestearen atzetik, dela telebista, dela irratia, egunkariak ere bai... Azken urte eta erdian sanfilippo gaitzaren kontrako botika bat garatzeko dirua biltzen ikusi ditugu Aizpurua eta Iribarren, Oier eta Maite seme-alabekin. Hamaika ekitaldi antolatu dira dirua biltzeko, batik bat Tolosaldean eta Goierrin. "Inoiz ez dut jasotako babesa ahaztuko", dio Aizpuruak.

Dirua lortu dute

Baina, orain, amaitu da dirua biltzeko premia bizi hori —ez, ordea, beharra, sendagairik ezean laguntza asko behar baitute hainbat terapia aringarri ordaintzeko—. AEBetako farmazia enpresa txiki bat, Abeona, aritu da azken hamar urteotan A eta B motatako sanfilippoaren kontrako botika sortzeko ikerketak eta frogak egiten. Orain arte egin dituzte frogak saguekin, eta lortu da gaitzari aurre egitea —gelditu egiten da gaixotasunaren garapena, eta batzuek lortzen dute galdutako hainbat funtzio berreskuratzea ere—. Orain, umeekin hasi behar dituzte entseguak, eta horretarako ibili dira finantzaketa bila. Entsegu horiek Bilbora, Gurutzetako ospitalera ekartzeak hiru milioi euroko kostua du.

"Abeona farmazeutika txiki bat zen, eta ikerketarako dirua fundazioen bidez lortzen zuen. 4,8 milioi euro bildu ditugu sanfilippoaren kontrako fundazioek Abeonari emateko. AEBetan, Suitzan, Mexikon, Australian daude fundazioak, baina diru gehiena guk lortu dugu, Euskal Herrian", azaldu du Aizpuruak. Hiru milioi lortzea zen hasierako erronka. Gero, beste pauso bat eman beharko zuten, botika komertzializatzea, eta horretarako milioi asko beharko ziren.

Buruhauste hori gainetik kentzea lortu dute, ordea. PlasmaTech Biopharmaceuticals AEBetako enpresak erosi du Abeona, eta agindu du gaitz honen kontrako botika komertzializatu arteko epeak bete eta fase guztiak finantzatuko dituela. Alde horretatik, pozik dira Oier Iribarrenen gurasoak. "Nork pentsatuko zuen lortu dugun diru kopuru hori lortuko genuela? Baina, entseguekin hasteko moduan geunden arren, bagenekien ezin genuela dirua eskatzen jarraitu beti; jende gehiagok ere baditu arazoak".

Dirua bilduta, baina, beste hamaika zalantza, kezka eta arazori aurre egin behar diete. Batez ere denboraren joanari. "Pasatzen den egun bakoitza, egun bat gutxiago Oierrentzat. Denboraren kontra egiten dugu borroka", azaldu du amak. Sanfilippo gaitzari umeen alzheimerra ere esaten zaio. Endekapenezko gaixotasuna da, neuronei egiten die eraso, eta umeak oinarrizko funtzioak galtzen joaten dira. Goiz iristen zaie heriotza. Goizegi. Nerabezarora heltzen dira justu-justu. "20 urtera gehienez. Bizkaiko kasu bat ezagutzen dugu, 1980ko hamarkadan hil zen mutil batena. 20 urte zituela hil zen, baina azken sei urteak begetal bezala egin zituen".

Botika beste itxaropenik ez dute, beraz. "Ez daukagu beste ezer. Bost urte dira Oierren gaitza ezagutu genuela, eta ezin diogu ezer eman, ezin dugu ezer egin. Gaitzak gure semeari egiten dionaren ikusle hutsak gara, eta hori oso gogorra da. Terapia genikoa da irtenbide bakarra, baina oso terapia berria da, eta ikusteko dago zer gertatzen den".

Entseguak, urte amaieran

Ikusteko dago terapia geniko hori eraginkorra den, eta ikusteko dago urte amaieran hastekoak diren entseguetan zenbat ume sartzen diren ere. "Itxaropena entsegu horietan jarrita daukagu. Izan ere, denbora amaitzen ari zaigu. Entseguetatik kanpo gelditzea sekulako kolpea litzateke, baina gerta liteke, iragazki batzuk pasatu behar baitira entseguetarako".

Birus baten kontrako antigorputzak eduki edo ez, hor egongo da entseguetan parte hartu ahal izateko giltza. Sanfilippo gaitzak hondatu gabeko genea sartuko diete umeei entseguetan; txertoa balitz bezala, birus batekin batera sartuko dute genea, eta birusa zeluletara zabaltzearekin batera zabalduko da gene sanoa ere. "Baina sartuko duten birus hori nahiko birus arrunta da, ohikoa, eta gerta liteke umeak birus hori pasatu izana eta, ondorioz, birusaren kontrako antigorputzak edukitzea. Beraz, ezingo luke entseguetan parte hartu". Birus arrunt samar bat erabiltzearen arrazoia da kontrolpean duten birusa dela.

Entseguetan sendagaiaren toxikotasuna aztertu eta kantitatea neurtuko dute. Alegia, botika hori toxikoa ez dela ziurtatu behar da lehenik, eta ume bakoitzari, pisuaren arabera, zenbateko kantitatea eman behar zaion neurtu behar da gero. Behin botikaren eraginkortasuna frogatuz gero, komertzializatzeko bidean egongo litzateke, baina Aizpuruaren arabera urteak beharko dira. "Agian hogei urte barru normala izango da terapia genikoa, baina guk ez dauzkagu hogei urte".

Beldurrez bizi

Sendagaia iritsi bitartean, Oierrek "ahalik eta bizimodu normalena" egin dezan saiatzen dira haren gurasoak. "Gustura joaten da ikastolara, paseatzea atsegin du, eta baita mendira joatea ere". Aizpuruaren arabera, "Oier inoiz baino hobeto" dago, baina beldurrez esaten du hori ere. "Beldurrez bizi gara; ohikotik ateratzen den edozein txikikeriak ematen dizu beldurra. Hau al da iragartzen digutenaren hasiera? Ondo gaudela esateak berak izua ematen dit. Badakizu, askotan nahikoa da hori esatea, bideak okerrera egiteko".

Belarriko infekzioak eta mukiak maiz izaten zituen Oierrek, eta urte eta erdiren bueltan hasi ziren haren egoerarekin kezkatzen. "Ordu arte dena normal zihoan; maiz gaixotzen zen, baina medikuek esaten ziguten ohikoa zela adin horretako umeengan. 2010eko udan baieztatu ziguten sanfilippo gaitza zuela. Ni haurdun nengoen, bost hilabeteko. Pentsa ze beldurra. Maite jaio zen gero, gaitzaren generik gabe". Iribarren familiaren bizimodua erabat baldintzatu du Oierren gaitzak; beldurra, inpotentzia eta maitasun neurrigabea bihurtu dira haien bizitzaren ardatz. "Gauero, oheratzerakoan, gauza bera esaten diot, 'oraindik ez daukagu ezer zuri emateko, Oier'". Aizpuruak nahiago gabon soil bat esanez oheratzea, baina oraindik zain egon beharko dute, eta kontra dute.

64

HONDAKINEN %60 gaika BILTZEN DitUzTEN HERRIAKZero Zaborrek aste honetan emandako datuen arabera, Gipuzkoako 88 udalerrietatik 64k %60 baino gehiago biltzen dute gaika. Materia organikoaren gaikako bilketa 2011n halako lau izan da 2014. urtean. "Gipuzk...

378

UDALEN ZOR BIZIA MILIOITAN2014ko abenduko datuen arabera, Gipuzkoako udalen zor bizia 378,5 milioi eurokoa da. 2006tik areagotzen joan zen zorra; maila gorenera 2010ean iritsi zen, 482 milioira. Geroztik nabarmen jaitsi da: 464 milioi eurokoa zen 2011...

Meskitari erreparatu diote

Azkoitian, Floreaga Berri plazan meskita berri bat eraikitzeko asmoa du herriko musulmanen komunitateak, eta kezka sortu du horrek bertako auzotarren artean. Horregatik, "harrituta" daude komunitate horretako kideak. Hala dio Azkoitiko meskitako presi...