an>2015

Biluztu, bizikidetza janzteko

A naia bahitu, torturatu eta hil egin zioten bati, 1983an; aita garondoan tiro bat jota hil zioten besteari, 2001ean. Biek biluztu dute euren burua, hustu dute barrena, jendaurrean azaldu sufrimendua, eta biek helburu bera agertu dute: eurek sufritutakoa, eurek pasatutakoa beste inork berriro ez bizitzea, inork berriro ere indarkeria arerio politikoaren kontra ez erabiltzea. "Etorkizun itxaropentsua eta bizikidetza baketsua" eskatu du Pili Zabalak, GALek hildako Joxi Zabalaren arrebak; "hemen gertatu denaren benetako kontakizuna egitea" Josu Elespek, ETAk 2001ean hildako Froilan Elespe zinegotzi sozialistaren semeak.

Urnietako Sarobe arte eszenikoen gunean elkartu ziren biak, Urnietako Udalak antolatutako Bake eta Bizikidetzako II. Jardunaldien barruan, iragan larunbatean. Urnietako Udala osatzen duten hiru alderdiek —EAJ, EH Bildu eta PSE-EE— bizikidetza programa bat adostu zuten agintaldi hasieran, eta horren emaitza dira jardunaldiok. Sufrimenduetara hurbilduz leloa daramate goiburu, eta horixe egin dute Pili Zabalak eta Josu Elespek, eurek sufritutakoa barrutik atera eta Saroben bildutakoekin partekatu.

Gorrotoa gainditzen

ETAk bere aita hil zuela irratian entzun zuen Elespek. "Ataunen ari nintzen lanean, eta lagun batek deitu zidan aita atentatu batean nahastuta zegoela esateko. Telefonoz ez zidan esan aita hila zenik. Etxekoei deitu eta inork hartzen ez zuela ikusita, kezkatu eta autoa hartu nuen". Hortxe baieztatu ziren haren kezka eta susmoak. Aita hil zioten.

Hilabete lehenago, Martutenen, ETA Iñaki Dubreuil Ordiziako zinegotzi sozialista hiltzen saiatu zen bonba auto batekin —inguruan zeuden bi behargin hil zituen leherketak—; baina Froilan Elespe izan zen ETAk hildako PSE-EEko lehen zinegotzia. "Aurreko atentatu saioak alarma piztu zuen etxean, baina aitak inolako momentutan ez zigun beldur hori helarazi. Guk ez genion inoiz nabaritu. Hil zuten egun berean, ordea, Ertzaintzaren dei bat zegoen etxeko erantzungailuan, bizkartzaina jarriko ziotela esanez".

Ataundik Lasarterako bidaia ez du inoiz ahaztuko Elespek. "Aita hil zutela entzun arren, ez nuen sinistu. Amesgaizto bat zen. Aita hil zuten, baina munduak berdin jarraitzen zuen, eguzkiak berdin berotzen zuen udaberriko eguerdi bero hura, errepidean ibilgailuak zebiltzan berdin-berdin, ezer pasa ez balitz bezala. Nire aita hil zuten, baina bizitzak aurrera segitzen zuen. Lasartera iritsi nintzenean ohartu nintzen baietz, egia zela, aita hila zela".

Ertzainek ez zioten utzi aita hil zuten tabernara sartzen, eta orain eskertu egiten duela dio Elespek. Izan ere, aitaren hilketak barrua gorrotoz bete ziola aitortzen du, egun horietan, eta ostean ere bai, babes handia sentitu izan duten arren. "Minari eta ulertu ezinari gorroto oso handia gehitu behar zaio. Gorrotoa ETAri, eta ETA babestu, ulertu, justifikatu, onartu eta toleratzen zuen orori".

Gorroto horren ondorioz, "oso urte latzak" igaro zituen Elespek. Baina, gorrotoak min handiena berari egiten ziola ohartuta, helburu bat jarri zion bere buruari. "Aita hil aurretik nintzena izatera itzuli nahi nuen. Gorrotatzeari utzi nahi nion, eta horrek nire sentimenduekin barne borroka handia izatera eraman ninduen. Baina azkenean lortzen da, eta gaur esan dezaket, argi eta garbi, eta zintzotzasun osoz, ez ditudala aita hil zutenak gorroto, ez eta haiek babestu eta onartu dituzten enparauak ere". Hori esan ahal izatea "garaipentzat" du.

Gorrotoa gainditzeko bidea norberak egin behar duela eta bakoitzak bere mekanismoak dituela uste du Elespek, eta denek balio dutela. Haren kasuan, bestalde, hasiera-hasieratik hartutako erabakia izan zen biktima elkarteetan ez sartzea. "Errespetu osoz" hitz egiten du horiei buruz, baina uste du "politizatuta" daudela eta PPk baliatu egin dituela. "Nire ustez, gaur egungo biktima elkarteek biktimizazioa bultzatzen dute, eta ez dute uzten biktimizazio horretatik ateratzen".

Gertatutakoa ez dela inoiz ahazten baina horrekin bizitzen ikasten dela uste du Elespek. "Hainbat arlotan, gertatutakoari buruzko irakurketa positiboa egiten dut, eta uste dut orain pertsona hobea naizela". Lehen baino gehiago baloratzen ditu gauzak; "eta behin gorrotoa gaindituta, etorkizuneko bizikidetzaren aldeko ekarpena egiteko gogoa da gelditzen zaidana".

Sufrimenduaren kontakizuna egitea ezinbestekoa iruditzen zaio, eta hainbat esperientziatan parte hartu du Elespek norabide horretan. Horietako bat ikastetxeetan, nerabeen aurrean, bere esperientzia kontatzea izan da, Adi-adian programaren barruan. "Esperientzia gogorra da, bortitza, baina aldi berean oso aberasgarria eta hunkigarria".

Beste esperientzia "are gogorragoa" dela dio. Izan ere, Euskal Preso Politikoen Kolektibotik kanpo dauden eta ETArekin kritikoak diren Zaballako bi presorekin elkartu da, batarekin espetxean eta bestearekin espetxetik kanpo, baimen bat aprobetxatuta. "Pertsona bati, hiltzaile bati, aurrez aurre entzutea hil egin duela, baina damutzen dela, autokritika zintzoa egiten duela, egin duena gaizki dagoela, inor hiltzea gaizki dagoela, hildakoa edozein dela ere... Horrek asko laguntzen du, barrua betetzen dizu".

Orain bizikidetzaz hitz egin nahi duela dio Elespek, horretan sinisten duela, eta itxaropentsu dela. Pausoak eman behar direla uste du, eta, indarkeria oro arbuiagarria denez, horretan ez dagoela ñabardurarik. Gauza bera giza eskubideekin; giza eskubide guzti-guztiak errespetatu behar direla dio Elespek, "baita giza eskubideak errespetatu ez dituztenen giza eskubideak ere". Hala, euskal presoak hurbiltzearen aldekoa da. "Ez da oraingoa, beti pentsatu izan dut hori. Eta uste dut presoei eman behar zaien tratamendua gainerakoei ematen zaien bera dela; espetxe onura berberak izatea, gaixo daudenak kaleratzea eta, noski, zigorra etxetik hurbil bete ahal izatea. Azkenean, niri berdin dit zigorra non betetzen duen, Cadizen edo Martutenen, eta senideek ez dute zertan hamalau orduko bidaia bat egin autobusean, eurek inolako errurik izan gabe".

Egungo egoeran "atzera bueltarik" ez du ikusten Elespek, gizarteak ez lukeelako ulertuko, eta ETAk berriro armak hartuko balitu ezker abertzalearen "hondoratze erabatekoa" ekarriko lukeelako. "Ziur nago etortzear dagoen guztia hobea izango dela, baina ona da gertatutakoa gogoratzea, nire istorioa oroitzea, Pilirena, ezberdina izan arren ondorio berberak izan baitira gu biontzat: mina, sufrimendua...".

"Ni ez naute biktimatzat"

Pili Zabalak urte asko egin ditu anaiaren bahiketa eta hilketari buruz hitz egin gabe, baina momentu batean jarrera hori baztertzea erabaki zuen. "Nahiz eta nik beti pentsatu dudan bi aldeak zeudela gaizki, behin eta berriro ikustea sufrimenduaren alde bakarra hartzen zela kontuan, soilik indarkeria mota bat ikusarazten zela, niretzat gogorra zen. Ez. Hemen indarkeria mota asko egon da, eta denak arbuiatu behar dira. Ez bagara puntu horretara iristen, ez dago etorkizun baketsu bat eraikitzerik. Eta horregatik nago hemen, nik bizi izandakoa zuei adierazten". Garrantzitsua iruditzen zaio sufrimenduari buruz hitz egitea eta biktimek euren esperientzia partekatzea. "Ni hemen Josurekin baldin banago, helburu bat daukagulako nago: gure herria maite dugu, eta seme-alabak herri baketsu eta zoriontsu batean bizitzea nahi dugu".

1981eko azaroaren 6an Espainiako Polizia anaiaren bila etxera joandako eguna oroituz hasi du hitzaldia Zabalak. "Banketxe batean lapurretan egiten saiatu zirela esan ziguten, eta, noski, gu, kristau balioetan hezitakoak izanik... kristau batentzat ezin da lapurretan egin, eta are gutxiago inor hil. Orduan hasi ziren niretzat dilema etikoak".

Egun horretan hasi zen anaiaren errefuxiatu bizimodua ere; eta 1983ko urriaren 16ko gauean amaitu zen, modu bortitzean. "21 urte zituen, eta, gau batean, desagertu egin zen, desagerrarazi egin zuten. Oso gogorra da. Gure etxean, egun horretan, tristura sartu zen leihotik, eta ilusioa irten zen atetik".

Urte askotako sufrimendua izan zen zabalatarrentzat, hilda zegoela pentsatu arren horren baieztapenik ez baitzuten izan 1995ean Alacanten agertutako bi gorpu Joxean Lasa eta Joxi Zabalarenak zirela jakin zen arte.

Aldi berean, torturaren gaineko datu oso gordinak ere ezagutu ziren. Baina Zabalarentzat "zorionekoa" izan zen gorpuak agertzea. "Beti da hobea egia jakitea, ezjakintasuna baino. Ezjakintasunean zaudenean, mamuak besterik ez duzu buruan. Egia dakizunean, gordina izan arren, mamuak desegiten hasten dira, eta aukera ematen dizu bide eraikitzaileago bat abiatzeko".

Urte horietan guztietan bizi izandako "latzena" babes falta izan zela aitortu du Zabalak, ezker abertzaleak bakarrik babestu zituela, inoiz ez zituztela erakundeak alboan izan. Hori gutxi ez, eta anaia lurperatzeko unean, Ertzaintza Tolosako hilerrian bildutakoei oldartu zitzaien. "Gu gaizki tratatuak izan gara alde guztietatik; bai guardia zibilek, bai Espainiako poliziek, bai ertzainek. Baina kanposantukoa... inork merezi al du horrelako tratu bat?".

Anaia hil zutenak epaitu zituzten gero, eta Intxaurrondoko erantzule eta guardia zibilen zigorra iritsi zen. "76 urteko zigorra jarri zieten Galindori eta Elgorriagari, eta zigor handiak besteei ere. Non daude orain? Denak kalean. Gizarteratuta al daude? Damutu al dira? Aitortu al dute egindakoa? Zergatik daude kalean? Hau al da Espainiako zuzenbide estatua?".

Legearen babesik ere ez dute sentitu, beraz. "Terrorismoaren Biktimen Babes Integralerako Legearentzat eta egungo Barne Ministerioarentzat ni ez naiz biktima. Noski, legeak ez du estatu terrorismoa jasotzen, eta guri lege horretan agertzen diren lau printzipioak ukatzen zaizkigu: memoria, egia, berdintasuna eta justizia ukatu egiten zaizkigu". Baina sufrimenduaz hitz egitean, alde batekoek zein bestekoek "min bera" sufritu dutela argi du Zabalak, eta hori onartzea eta giza eskubideen urraketa guztiak mahai gainean jartzea "derrigorrezko" ikusten du.

Aipatutako lau balioak biktima guztiei aitortzea ezinbesteko jo du Zabalak, etorkizun baketsua eraiki nahi bada, baina horretarako "politikari eta legelari zintzo eta ausartak" behar direla deritzo, "bestela iragana errepikatzeko arriskua izango baita".

Bai Pili Zabalak, bai Josu Elespek egia, justizia, aitorpena eta memoria aldarrikatu dute Urnietan, gertatutakoak jaso, sufrimendua aitortu eta berriro ez errepikatzeko konpromisoa berrestea. Horretan, eta Euskal Herrian bakea eta bizikidetza eraikitzeko bidean euren ekarpena egiteko prest agertu dira bi-biak. Aletxo bat jarri dute Urnietan, salbuespena dirudien pausoa, baina orokorra izatea xede duena: "Josu eta biok asmo horrekin gaude hemen, eta espero dugu gero eta jende gehiago egotea gurekin. Izan ere, herri honek merezi du, eta gure seme-alabek behar dute".

Erretiratuak, gazte espirituaz

Gaztaroa akordarazteko asmoarekin, Gipuzkoako berrehun erretiratu baino gehiago elkartuko dira bihar Getariako kiroldegian. Loadinn irabazi asmorik gabeko enpresako Irene Martinez, Adriana Uribesalgo eta Uxue Barrenetxea ekintzaileen ekimenez, Flashba...

Ama lurra? Bai, zera!

Liburu famatu eta oso irakurri batean dioenez, gizaki bikote bat, ar bat eta eme bat, berebiziko zoriontsu bizi omen ziren zuhaitz eta belardiz betetako paradisu batean. Bertan ez zeukaten ehizatu eta animaliarik akabatu beharrik, dirudienez, urdai hirugiharra jan nahi zutenean txerri bat agertzen omen zen eta hankaz gora etzaten omen zen beraien aurrean, hirugihar gozoa bistaratuz. Ez dakigu hirugihar hau frijitu egin beharko ote zuten, baina horra hor txerri produktu gozo eta bikainak batere lanik egin gabe. Paradisu horretan, ordea, baten batek onddo haluzinogeno bat jan, suge batekin berba egin eta sagarrondo sakratu batetik sagar bat jan zuen. Paradisuko partzelako nagusia, ez dakigu sagardogilea zen ala ez, haserretu eta paradisu hartatik bidali egin zituen. Liburu mota hauek eta zenbait telebistetan ikusten diren erreportajeek gizakia eta naturaren arteko harreman estu eta zoriontsu hori bistaratu digute behin eta berriz. Naturalista etiketa duten asko etorri zaizkit, ama lurraz hizketan eta gizakiak berriro antzinako paradisu natural horretara joan beharko lukeela esanez, bizimodu triste eta antinatural honetatik ihesi, berriro baso eta belardietan buztana airean saltoka eta aztarrika, ama lurraren besoetan zoriontasunaren erdian. Ni biologo izanik eta gizakiaren biologia ebolutiboaren jarraitzaile sutsua afizioz, nahikoa buruko min sortzen dit pentsatzeak orain milaka urte naturarekin bat bizi zen gizaki hura zu eta ni baino zoriontsuagoa zela pentsatzeak; izan ere, hor aurkitzen diren gizakien fosilek beste zertxobait baitiote.

Lehenengoa, hilkortasun tasarik handiena lehen bi urteetan zela; bigarrena, hogeita hamar urterekin jada nahiko zaharrak zirela; eta hirugarrena, artrosi, hezur apurtu eta infekzioak ugari zirela. Gu baino elikagai ekologiko, biologiko eta probiotikoagoak jaten zituzten, haragi prozesatu eta enbasatu gabea, arrantzatu berria zen arrain freskoa eta, ziurrenik, Danacol bat ere bai tartean. Baina ama lurrak, bere kumetxoak elikatu eta zoriontsu mantendu ordez, giza-fosilak ikusita, nahikoa egur ematen zietelakoan nago. Badut lagun bat, konpostajean aditua bera, Thailandia aldeko oihanetan urtebetez bizi izan zena bertako indigena baten moduan. Lagun horrek, argala zen arren, hamar kilo galdu zituen bertan, eta bere hitzak dira: "oihanak barrua xurgatzen dik". Beroa, hotza, hezetasuna, animalia arriskutsu eta pozoitsuak nonahi, egunero ur bila, ehizarik ezean gosea, zauri infektatuak… leku arriskutsua da ama lurra!

Gizakiek, bere historian zehar, naturarekin bat eta zoriontsu bizi baziren, ez zituzten asmatuko bizirik irautea ahalbidetu zizkieten arropa, ehizatzeko tramankulu, sua, elektrizitatea, ibilgailuak… Orain hogei mila urteko gizaki baten egunerokoa bizi ala irauneko borroka zen; ziur hotza pasatzen zuela, sua aurkitu zuten arte; ziur gosea pasatuko zutela, armak eraikitzen hasi arte; animalia bidez mugitzen ikasi zutenean, beste lekuetara azkarrago mugituko ziren, elikagai gehiago edukiz eskura. Ebaki zornetu batek gizaki osasuntsu bat baino gehiago hilko zituen; ama ugari hilko zen ere erditzen, baita zorioneko agurea berrogei urte betetzen zituena ere. Beraz, argi ibili zuen etxeko atera gizon bizardun eta ile luze bat, panfleto batekin etortzen bazaizu, ama lurra eta gizakiaren askatasunerako sekta batera gonbidatuz. Eko etiketa duten ferietan eta Telebost-eko erreportajeetan oso dotore azalduko da zintzilikarioa airean, zuhaitz bati besarkatzen, errekan igerian, egunsentiari errezoka edo lurzoruan bertan siesta botatzen. Ni oraintxe, eko-natural-ekologista zoramenak ematen badit eta Aralarko basoetara biluzik banoa, gauerako hotzak akabatuta nago, ehunka sasirekin urratuko naiz, hanka azpiak zauriz beteko zaizkit, eta "ño! Ama-lurra gorra dek!" esan eta benetako amaren etxera bueltatuko nintzateke zopa beroa jatera. Ama lurra maite baduzue, hasi ama lurrean bizi diren bizidunak errespetatzen, zuen hondakinak birziklatu eta konpostatzen; hori ongi egiten dugunean hasiko gara bestelako gauzak egiten eta! Badago aurretik zer eginik!

Hernaniko neskak prest dira trainerua uretaratzeko

Bizi-bizi dator Urumea ibaia Hernani parean. Lekualdaketan dabiltza arraun elkartean, tresnak egungo egoitzatik aldameneko eraikinera eramaten. Maialen ere han da —Maialen Lujanbioren omenez—, eraikin zaharrean oraindik. Hernaniko emakumezkoen trainerua, gaur ez dute uretaratuko; arraunlariak, ordea, entrenatzen hastekoak dira berehala. Ainhitze eta Añarbe Kalonje ahizpa eta arraunlariek Gipuzkoako Hitza hartu dute entrenamendua hasi aurretik.

Lehen aldia izango du aurten Hernaniko emakumezkoen traineruak. Bateletan ari dira orain, apirila bitarte, eta maiatzetik aurrera hasiko dira bete-betean trainerurako prestatzen. Debuta, ordea, otsailaren 21ean egingo dute, Orioko jaitsieran.

21 neska biltzen ditu taldeak; "ia denak berriak" traineruetan: Hernaniko hamabi arraunlari, Tolosako zazpi eta herri bakoitzeko patroi bana. Azken horietako bat da Añarbe. Traineruan aritutakoa da aurretik —2012an San Juanen arraunlari moduan—, baina inoiz ez patroi lanetan.

Ainhitzeri baino "gogorragoa" egiten zaio lana eta entrenamenduak uztartzea, eta hortik heldu zitzaion patroi izateko proposamena. Iaz, arrauna utzi egin behar izan zuen, denera iritsi ezinda, eta elkarteak berak planteatu zion aukera. "Entrenamenduak desberdinagoak direnez, errazagoa egiten zait nire aldetik entrenatzea. Errazagoak dira bakarrik egiteko". Arraunlariek egiten dituztenetatik aparte, "ariketa gehiago" eskatzen ditu patroi izateko prestaketak; oreka lantzeko saioak, esaterako. "Pisu arina eta bizia behar du patroiak", gehitu du Ainhitzek.

Astean gutxienez bost entrenamendu egiten dituzte; arraunlari guztiak, ordea, astean behin elkartzen dira. Tolosa eta Hernanikoak norbere herrian aritzen dira; hala ere, "antzeko" saioak egiten dituzte. Normalean, bitan aritzen dira gimnasioan, beste bitan ibaian batelekin eta astean behin Pasaian elkartzen dira denak traineru saioa egiteko.

Arraunlari izateaz gain, "psikologo lanak" egitea ere tokatzen zaio Ainhitzeri. Bateletan, Juanjo Etxarte dute entrenatzaile Hernanin, baina haren lan kontuak tarteko, laguntzaile aritzen da, "eguneroko jarraipena egiten". Trainerurako prestaketaz, berriz, Etxarte eta Koteli arduratzen dira.

Harrobiko lana

Duela zortzi urte "harrobia lantzeko apustua" egin zuen Hernaniko arraun elkarteak, eta arrauna ikastera joateko deialdia egin zuten eskoletan, gazteen artean. 13-16 urte bitarteko zortzi gazte batu ziren, bost mutil eta hiru neska. Tartean zen Ainhitze; Añarbe, berriz, hiru urte geroago hasi zen. Hasieretan, "larri" ibili ziren bateletarako taldea osatzeko. Gutxienez bost kide behar dira —lau eta patroia—, eta behin baino gehiagotan geratu ziren atera ezinik: "Beti ibili gara justu; baten lanarengatik edo lesioengatik, batzuetan ezin izan dugu atera".

Emakumezkoen trainerua osatzeko ideia atzetik dator. "Duela lau bat urte edo" hasi ziren horretan pentsatzen, eta iaz ikusi zuten posible ideia gauzatzea. "14-15 urteko gazte asko hasi ziren orduan. Talde indartsua sortu zen, eta pentsatzen hasi ziren 2-3 urtera jarraituz gero trainerua osatzeko kopurua izango zutela", dio Ainhitzek. Iaz, zazpi arraunlari zebiltzan maila gorenean, eta beheko mailatik bospasei neska zetozela ikusita hasi zuten bidea.

Apirila bitarte bateletan lehiatuko direnez, "proba modura" hartuko dute Orioko jaitsiera. Denboraldiari dagokionez, berriz, ez dute helmuga jakinik jarri. Añarbek dioenez, "atera eta itxura emanez gero, pozik" egongo dira. Ahizpa ere ados dago: "Helburua da ordezkaritza bat izatea, eta urte honetan behintzat hor mantentzea".

Lehen aldia dutenez, ez dakite nola ibiliko diren, baina ez eurak, ezta haiekin batera jardungo duten gainerako neskak ere: "Asko aldatzen dira traineruak; iaztik hona ere asko aldatu dira". Badakite Gipuzkoako ligan ariko direla, Euskotren ligarako sailkapen fasea jokatuko dutela, eta Kontxako sailkapena ere hor dutela. "Sailkatuz gero, primeran, eta bestela ere, ondo. Gu ahal dugun guztiarekin aterako gara" .

“Programa aitzindaria da”

BTTa, BMXa, errepidea eta pista. Horiek dira Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskolak (Otxe) datorren astetik aurrera landuko dituen modalitateak. Izan ere, eskola hasiberriak formazio integrala emateko helburua du: "Programa aitzindaria da. Euskal Herrian formazio integrala ematen duten eskola bakarra da, eta atzerrian ere gutxi izango dira mota honetakoak", azaldu du Arkaitz Iza eskolako zuzendariak.

12 eta 16 urte arteko nerabeentzat da. Formazioaren barruan, kirol arloa lantzeaz gain, arazo mekanikoak konpontzen erakutsi nahi diete. "Txirrindulariak buruaskeak izatea nahi dugu, hori ere garrantzitsua delako. Bestela, 18 urterekin ere, gurpila zulatu, eta gurasoei deitu behar diete, ez delako nola aldatzen den irakasten".

Oinarri horiek finkatuta, datorren astelehenean hasiko dira ikastaroekin. Hala ere, Izak gogorarazi duenez, ekainera bitartean izena eman daiteke oraindik —Oarsoaldeko edozein kiroldegitan—. Egutegia zein izango den zehaztua dute jada. Horrela, hil honetan Ane Santestebanek eta Izak berak teknika eta mekanika emango dute, hurrenez hurren. Martxoan, berriz, pistaren txanda izango da eta apirilean errepidearena. Tenperatura epelagoak diren garaietan —maiatzean eta ekainean— BTT eta BMX motako bizikletekin egingo dute lanketa. Astelehen eta asteazkenetan geratuko dira, 18:00etan, Errenteriako Alaberga auzoko 4 zenbakian. Bertatik abiatuko dira, toki egokiagoetara, jarduerak egiteko.

Eskolak formazioaren irizpideak jarraitu eta lehiakortasuna alde batera uzten duen arren, lasterketei aterik ez diete itxiko. "Gure plangintzaren arabera, fase edo jarduera bat bukatutakoan, irteera bat egingo dugu asteburu batean". Horrela, ikasleek eurek eskatuz gero, lasterketa edo martxa batera joango dira. "Hori bai, ikusi behar dugu nolakoa den euren teknika eta ea gai diren halakorik egiteko". Horrez gain, datozen urteetan, Lezoko Allerru zein Errenteriako Laguntasuna taldeekin elkarlanean aritzeko asmoa du Otxek, lehia eta formazioa uztartze aldera.

Bide luzea atzetik

Proiektuarekin iaz hasteko asmoa zuten arren, asmoa atzeratu behar izan zuten, aurrekontua aurkezteko epera ez zirelako iritsi. Girizia elkartearen bidez egin zuten eskaria. Handik Oarsoaldeko Kirol Kontseilura joan ziren, eta han egin zuten eskaria, eskualdeko lau udalek babes zezaten.

Pedalei eragiten aurten hasi bada ere, bidea urratzen aspaldi hasi zen Otxe. Izak lehen urratsak gogoratu ditu: "Zazpi urte dira Oiartzun BTT lasterketarekin hasi ginenetik. Txirrindularitza sustatu, eta, aldi berean, herriari zerbait eman nahi genion. Girizia elkartearen barruan bizikletan zein eskaladan aritzen ginenak, gehienbat". BTTko proba horrek izan duen parte hartze arrakastari esker, dirua pilatu du antolakuntzak. "Dirua ez da guretzat, eta, bizikleta martxa denez, horrekin zerikusia duen zerbaitetan inbertitzea pentsatu genuen".

Hainbat proposamen aztertu ondoren, txirrindularitza eskola bat sortzea erabaki zuten, aldeko faktoreak eta kontrakoak kontuan hartuta. "Konturatu ginen zeuden eskolak errepidekoak bakarrik zirela, eta BTTkorik ez zegoela". Gainera, Oiartzunen BMX pista bat daukate.

Horrela, "orain arteko eskemak hautsi" eta formazio eskola sortu zuten, eta eskualdeko jendea lotzen hasi ziren: Ane Santesteban eta Dorleta Eskamendi errepideko txirrindulari profesionalak, Mikel Astarloza txirrindulari ohia, Urko Munduate BTTn aritutakoa, Asier Maeztu eta Gorka Agirrezabala pistardak, eta Igor Eskudero eta Aritz Petrirena BMX modalitatean aritzen direnak.

Hasieran, Oiartzungo txirrindularitza eskola izateko bokazioz jaio zen proiektua, baina gerora Oarsoalde osora zabaldu zuten. "Behin maila horretako begirale horiek lortuta, herriko gauza txiki batean ezin zen geratu, lau katurekin". Oiartzungo Udalari aurkeztu zioten egitasmoa. Lehenago ere eurak akuilatzen aritu zen, euren jarduera hedatzeko. "Eta guk horrela ibili izana eskertzen diogu".

Baten sorrera, bik gogoan

. 1615eko otsailaren 4an Seguratik independe egin zen eta hiribildu izaera hartu zuen Idiazabalek. Herri bilakatuta, Batzar Nagusietan ordezkaritza izateko eskubidea bereganatu zuen; hala ere, beste zenbait herrirekin batu behar izan zuen hainbat urtetan.

Euskal Herriko Idiazabal herria, gure anaia, bere independentziaren 400 urteurrena ospatzen ari da". Argentinako El Diario del Centro del País egunkarian irakur daitezke hitzok. Asteazkenean lau mende bete ziren Idiazabal Seguratik apartatu zenetik, eta, urteurrena gogoratzeko, hainbat jarduera antolatu dituzte egunotan. Argentinako Idiazabalgo ordezkariak ere herrian izan dira.

Idiazabal eta beste 29 herrik independentzia lortu zutela gogoratzeko, ekitaldia egin zuten joan den astean Andoainen, eta orduan esandakoak berreskuratu zituen asteazkenean Ioritz Imaz Idiazabalgo alkateak: "Antzinako askatasun maitea berreskuratzea, politika zuzena, gobernu zuzena, onura publikoa eta justizia banatzailearen eskuratzea izan ziren gure arbaso agintariak gidatu zituzten lemak [...], eta gaur inoiz baino gehiago, inoiz baino presenteago ditugu balio horiek".

Ekitaldi instituzionalaz gain, erakusketa bat jarri dute udaletxeko areto nagusian, eta San Blas jaiak ere baliatu dituzte urteurrena gogora ekartzeko. Festen atariko agurrean, hain justu, herriaren historiari egin diote erreferentzia. Diotenez, Idiazabal izena XII. mendeko dokumentu batean agertu zen, lehendabizikoz.

Udaletxeko erakusketak bederatzi paneletan laburbiltzen du Idiazabalgo historia. Lehen mugarria, 1384. urtea. Idiazabal Segurara batu zen orduan, inguruko beste zenbait herrirekin batera. Serapio Mujika Zufiria historialariak Geografía de Guipuzcoa atalean jaso zuenez, "nafarren lapurreta, hilketa eta bestelako gehiegikeriatatik babesteko" hartu zuen batzeko erabakia. Hala ere, "unibertsitate" titulua hartu zuen herriak, eta, horri esker, hainbat eskumeni eutsi ahal izan zion. XVI. mende amaierara arte. Orduan hasi ziren Idiazabal eta Segurara batutako gainerako herriak herri modura antolatzeko nahia agertzen; "herriei zegozkien erabakietan esku hartzea leporatzen zioten Segurari".

Ordainketa errealetan

Urre, zilar eta kobrezko hiru txanpon ageri dira erakusketako paneletako batean, eta azalpena: "Idiazabalek hiribildu titulua eskuratzeko ordainketa errealetan egin zuen". 70.795 erreal pagatu zituen, zehazki. Urte hartan gehien ordaindu zuten herrien artean dago, Seguratik, Tolosatik eta Ordiziatik independente egin ziren herri guztiak kontuan hartuta. Konparaziorako, Beasainek 54.699 erreal ordaindu zituen Ordiziatik independente bihurtzeko, Zerainek 31.364 Seguratik irteteko eta Alegiak 43.704 Tolosatik banantzeko.

Seguratik apartatu eta hiribildu titulua eskuratuta, herriko etxea kontzeju etxe bihurtu zen, eta Idiazabalek bere bideari ekin zion. Eliza ere mende hartan hasi ziren eraikitzen, eta gerora amaitu zuten —XVI. eta XVII. mendeetan eraikina, eta XVIII. hasiera aldean korua, erretaulak eta irudiak—.

Gainerako herriek bezala, Idiazabalek ere Batzar Nagusietan esku hartzeko eskubidea izan zuen hiribildu bilakatzean. Hala ere, herritar kopuruak baldintzatu egin zuen ordezkaritza osatzean. Biztanle gutxi izanda, "garestia" zen, eta inguruko herriekin batu behar izan zuen: 1619an Beasain eta Ataunekin joan zen, esaterako. Mutiloa eta Zegama ere izan zituen kide, 1691. eta 1708. urteetan.

%96

ENERGIA MENPEKOTASUNAAldundiak eraginkortasun energetikorako hainbat neurri hartu ditu errepideetan, eta urtero 600.000 euro gutxiago ordainduko du. Haren arabera, Gipuzkoak kontsumitzen duen energiaren %6 energia berriztagarrietatik dator, eta menpek...

Urkijo: non pausoa, han auzia

Euskara, euskalgintza, naziogintza eta, oro har, euskal kutsua duen guztia jomugan hartua du Carlos Urkijok, Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako duen ordezkariak. Euskal erakundeek —berdin dio udal, foru gobernu edo Jaurlaritza izan— hartzen duten erabaki oro Urkijoren iragazkitik pasatzen dira, eta askok auzitegietan bukatzen dute. Joan den astean, Urkijok Gipuzkoako euskara planari helegitea jarriko ziola iragarri zuenean, foru aldundiak salatu zuen dagoeneko Urkijoren aldetik pairatzen duten "hamaseigarren erasoa" dela. Izan ere, foru aldundiaren hamasei erabaki eraman ditu auzitara Urkijok. Hona hemen, auzi horien nondik norakoak:

2011KO AZAROA
Espainiako bandera jartzearen kontrako plaka

Espainiako bandera jartzeko betebeharrarekiko desadostasuna erakusteko, foru jauregian plaka bat zegoen jarrita 2010eko otsailetik, eta hura kentzeko agindu zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Plaka Markel Olano (EAJ) ahaldun nagusiak jarri zuen aurreko agintaldian, eta Estatuaren abokatuak jarri zuen salaketa EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Auzitegiak, hasiera batean, ez zuen salaketa onartu eta Estatuaren abokatuak helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Gorenean. Gorenak helegitea aintzat hartu eta plaka kentzeko agindua eman zuen 2011ko azaroan.

2011KO ABENDUAREN 6A
Espainiako Konstituzio Egunean, ezin lanera joan

Foru aldundiak 2011ko abenduaren 6an (Espainiako Konstituzioaren eguna) lanera joateko aukera eman zien diputazioko langileei. 2012ko martxoan, Urkijoren bultzadaz, Estatuaren abokatuak horren kontrako helegitea aurkeztu zuen. EAEko Auzitegi Nagusiaren behin-behineko epaia, foru aldundiaren kontrakoa, 2013ko azaroan iritsi zen. Aldundiak helegitea aurkeztu zuen, baina ez zuen onartu. Ondorioz, langileek jai dute, ezinbestean.

2012KO URRIAREN 12A
Hispanitatearen Egunean, jai egin behar

2011n Espainiako Konstituzioaren Egunarekin bezala, 2012ko urriaren 12an, Hispanitatearen Egunean, lanera joateko aukera eman zien langileei foru aldundiak. Azaroan, Estatuaren abokatuak horren kontrako helegitea jarri zuen, Urkijok hala eskatuta. EAEko Auzitegi Nagusiak aintzat hartu zuen salaketa, eta arrazoia eman zion Estatuaren abokatuari. Egun horretan, beraz, foru aldundiko langileak behartuta daude jai egitera.

2012KO URRIA
Espainiako banderaren kokapenaren auzi luzea

Espainiako banderaren kokapenaren auzia 2005ean hasi zen, eta EH Bildu Gipuzkoako Foru Aldundira iritsi zenean bete-betean harrapatu zuen auziak. Espainiako Auzitegi Gorenak 2005ean EAJren esku zegoen foru gobernua behartu egin zuen Espainiako bandera jartzera. Baina Urkijok, 2012an, Espainiako bandera merezi zuen lekuan ez zegoela iritzita, Estatuaren abokatuari eskatu zion prozedura hasteko. Haien helburua zen foru aldundiak Espainiako bandera "ohorezko lekuan" jartzea. Foru aldundiaren helegiteak behin eta berriro baztertuta, 2014ko apirilean, Espainiako bandera "ohorezko lekuan" jartzera behartzen zuen epai irmoa eman zuen Auzitegi Gorenak. Egun, foru jauregiko balkoi batean dago jarrita, albo batean eta ikurrinaren eta Gipuzkoako banderaren artean.

2012KO ABENDUA
Gabonetako aparteko ordainsariaren ordainketa

2012ko abenduan Espainiako Gobernuak administrazio publikoetako langileen aparteko ordainsariaren ordainketa bertan behera utzi zuen dekretu bidez. Foru gobernuak, ordea, aldundiko 1.900 funtzionario publikoei soldata osagarria ordaindu zien, haien erosteko ahalmena kaltetua izan ez zedin. Urkijok hala eskatuta, Estatuaren abokatuak erabaki haren kontrako helegitea aurkeztu zuen EAEko Auzitegi Nagusian. Oraindik ez dago ebazpenik.

2013KO MARTXOA
Presoen aldeko pankarta kentzeko agindua

2013ko martxoan, EH Bilduren foru gobernuak adostu zuen foru jauregiaren balkoian Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira zioen pankarta bat jartzea. Urkijoren eskaerari erantzunez, Estatuaren abokatuak helegitea aurkeztu zuen 2013ko apirilean, pankarta hori "delitua" zelakoan. 2014ko urtarrilean, pankarta kentzearen aldeko ebazpena kaleratu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Foru aldundiak helegitea aurkeztu zuen, baina EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen. Behin betiko epaia 2014ko irailean eman zuen Auzitegi Nagusiak. Jada ez dago pankarta hori foru jauregiko balkoian.

2013KO APIRILA
Xalbador ikastolari diru laguntza

2013ko apirilean Xalbador ikastolari emandako diru laguntza izan zen salaketaren iturri. Foru gobernuak Seaskari hiru urtez 200.000 euro ematea erabaki zuen, Kanboko (Lapurdi) ikastolak behar zituen zabalkuntza eta berrikuntza lanak egin ditzan. Urkijoren eskaerari erantzunez, baina, Estatuaren abokatuak salaketa jarri zuen 2013ko ekainean, neurria "legez kanpokoa" dela argudiatuz. Oraindik ez dago gaiaren inguruko epai irmorik.

2013KO URRIA
Obra publikoetan gizarte klausulak

2013ko urrian, Eusko Jaurlaritzak eta Estatuaren abokatuak obra publikoetako kontratuetan gizarte klausulak txertatzen dituen foru arauaren kontrako salaketa jarri zuten. 2013ko uztailean indarrean sartutako foru arau baten arabera, obra publikoen kontratazioan, Gipuzkoan indarrean dauden lan hitzarmenak betetzen dituzten eta gizarte irizpideak kontuan hartzen dituzten enpresak hobesten dira. Bi erakunde horiek foru arauaren kontra salaketa jarri zuten, eta, epaia egon bitartean, araua bertan behera uzteko eskatu zuten. EAEko Auzitegi Nagusiak ez zuen onartu behin-behineko eten hori, eta klausulak indarrean segitu du. Joan den astean auzitegiak atzera bota zuen Jaurlaritzaren helegitea, eta aste honetan gauza bera egin du Estatuaren abokatuak aurkeztutakoarekin. Dena den, ez da epai irmoa, eta helegitea aurkez dezakete ebazpenaren aurka.

2013KO AZAROA
Igeldoko kontsulta

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Igeldoko bizilagunen elkarteak eskatuta, Igeldoren etorkizuna erabakitzeko kontsulta bultzatu zuen 2013ko azaroan. Igeldotar gehienek udalerri propioa izatearen alde bozkatu zuten, eta aldundiak erabaki hori gauzatzeko bidea eman zuen. Donostiako Udaleko oposizioko alderdiek (EAJk, PSE-EEk eta PPk) auzitara eraman zuten igeldotarren erabakia. 2014ko otsailean, EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen Igeldo herri bihurtzeko prozesua. Foru Aldundiak helegitea aurkeztu zuen apirilean, eta Gorenak berretsi egin zuen prozesua gelditzeko erabakia, epai irmoa eman arte. Auzi honekin hiru prozedura daude irekita —kontsulta bertan behera uzteko eskatzen duten bi eta segregazioa onartzen zuen erabakiaren kontrako beste bat—.

2014KO MARTXOA
Adolfo Suarezen heriotzagatik dolurik ez

2014ko martxoan, Espainiako Gobernuko presidente ohi Adolfo Suarezen heriotza zela eta, hiru eguneko dolua ezarri zuen Espainiako Gobernuak. Foru aldundiak eta Donostiako Udalak ez zituzten banderak masta erdira zintzilikatu. Urkijoren ekimenez, EAEko fiskalak diligentziak ireki zituen, baina artxibatuta daude.

2014KO EKAINA
Gure Esku Dago-rentzako diru laguntza

2014ko ekainean, Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduari 100.000 euroko diru laguntza eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horren kontrako salaketa ere jarri zuen Estatuaren abokatuak. Zabalik dago auzia. Jada emanda dauden laguntzak direnez, ebazpena edozein dela ere, diru laguntza ez litzateke itzuliko; baina foru aldundiari legokioke auzibidearen gastuen kargu egitea.

2014KO EKAINA
KPIaren igoera

2014ko ekainean, aldundiko langileei soldatan KPIaren igoera aplikatzea erabaki zuen. Urkijok eskatuta, Estatuaren abokatuak salaketa jarri zuen ebazpen horren kontra EAEko Auzitegi Nagusian. Auzia zabalik dago oraindik, eta langileen soldatetan aplikatu egiten da KPIaren igoera.

2014KO UZTAILA
Udalbiltzari diru laguntza

2014ko uztailean Udalbiltzari emandako diru laguntza hartu zuen jomugan Urkijok. Estatuaren abokatuak auzibidean jarri zuen foru aldundia. Zabalik dago auzia oraindik.

2014KO AZAROA
Kataluniako 'senyera'

2014ko azaroan, Kataluniako independentziari buruzko galdeketa zela eta, prozesuari sostengu sinbolikoa eman nahian, senyera Kataluniako bandera jarri zuen foru aldundiak jauregiaren aurrealdean. Estatuaren abokatuak auzibidean jarri du erabaki hori, eta zabalik dago oraindik. Bandera, ordea, aspaldi dago kenduta, galdeketa pasatzean kentzea baitzen asmoa hasiera-hasieratik.

2014KO ABENDUA
Seinale elebakarrak

Euskal Herriko zenbait interesgune seinalizatzen dituzten panelak jarri zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak errepideetan. Seinale elebakarrak (euskaraz) eta tamainaz handiegiak direlakoan, legez kontrakoak direla iritzita, Estatuaren abokatuak helegitea jarri du Gipuzkoako errepideetan turismoa sustatzeko jarritako seinaleen harira. Auzia zabalik dago.

2015EKO URTARRILA
Euskara planari helegite iragarpena

Urtarrilaren 8an, Gipuzkoako Foru Aldundiak sektore publikoan euskarari lehentasuna emateko plana aurkeztu eta hurrengo egunean, Carlos Urkijok iragarri zuen Estatuaren abokatuari eskatu diola planari helegitea jartzeko. Bigarren hizkuntza ofizialari kalte egiten diola eta Espainiako Konstituzioak jasotzen duen koofizialtasuna urratzen duela uste du Urkijok. Oraindik helegiterik ez da aurkeztu.

Desanexioan aitzindari

. 1615eko urtarrilaren 26an Tolosatik independentzia lortu eta bakarkako bidea abiatu zuen Andoainek, hiribildu gisa. Beste 29 herrik ere hasi zuten bide bera, baina Andoainek denbora luzea zeraman desanexioa eskatzen; aitzindari izan zen.

Andoain lau mendetara. Izenburu hori darama herriaren sorreraren laugarren mendeurrenaren harira Bastero kulturgunean atondutako erakusketak. Joan den astelehenean, izan ere, Andoainek 400 urte bete zituen; 400 urte Espainiako Felipe III.a erregeak hiribildu titulua eman zionetik; 400 urte Tolosaren menpeko izatetik askatu eta bere bidea bakarka hasi zuenetik.

Erakusketa Andoaingo artxiboko Karmele Otaegik eta Marta Truchuelok atondu dute, eta erakusketaren inaugurazioan aurkeztu zuten Susana Truchuelok gaiari buruz idatzitako liburua ere: Andoain 1615. Hiribildu berri baten historia. Tolosaren menpeko zen garaitik desanexiorako ibilbidea jasotzen du liburuak; eta hiribildu bihurtu zenetik gaur arterako ibilbidea zedarritzen du erakusketak. Andoainekin batera, Gipuzkoako beste 29 herrik lortu zuten hiribildu titulua garai bertsuan —batzuek urtarrilaren 26an, eta otsailaren 4an besteek—, baina Andoain aitzindari izan zen borroka horretan.

Joan den astelehenean, herriaren sorreraren datarekin bat eginez, ekitaldi xumea egin zuten udaletxean, eta etzi ekitaldi instituzionala egingo dute, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin eta independentzia eskuratu zuten beste 29 herrietako agintariekin batera. Ana Karrere alkateak hartu zuen hitza asteleheneko ekitaldian, udal korporazioarekin batera urteurrenarengatik topa egin ostean.

Andoaindarrak zoriondu zituen Karrerek, duela laurehun urte hasitako ibilbidea oroituz. "Orain, 2015. urtean, begirada atzera bota eta gertatu zena gomutan daukagula, 400 urte hauetako ibilbideari erreparatu nahi diogu, gaur egungo Andoaingo eraikuntzan parte hartzen dugun guztiok bat eginez". Hiribildu titulua lortzeak asko aldatu zuen Andoain, eta hari esker bihurtu da gaur dena. "Horixe baita Andoain: jatorri ezberdinetatik etorritako herritarren mosaikoa, gure herria den bezala egiten duten kulturen artelana. Andoaindarrak hamaika garelako, andoaindarrak 400 (eta gehiago) garelako".

Tolosarekin tirabirak

Hiribildu izan aurretik, unibertsitatea zen Andoain, eta, ondorioz, hiribilduek zituzten eskubide eta pribilegiorik ez zuen. Donostiaren babesa bilatu zuen lehenik, 1379an, eta Tolosarena ondoren, 1475ean. Beraz, haiei atxikita egon zen XIV. mendeaz geroztik. Susana Truchuelo historialariaren arabera, Donostiak eta Tolosak garai hartan oraindik ez zuten garrantzi handirik, "baina barrualdea eta kostaldea lotzen zituen bidean zeuden biak, eta horregatik zuten Gaztelako erregeen laguntza". Abantaila fiskal eta komertzialak zituzten, eta abantaila horiek oso onuragarriak ziren bai bertako bizilagunentzat, eta baita haiei atxikita bizi ziren herrietako biztanleentzat ere.

Baina hasierako harreman baketsua berehala belztu zen, eta tirabirekin hasi ziren. Liskar artean eta auziz auzi pasatu zuten XVI. mende osoa. Ez zen Andoain, ordea, Tolosarekin liskarrak zituen bakarra, eta beste herri asko ere hasiak ziren euren nahigabea adierazten, bai kalean, bai Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta baita Valladolideko kantzelergoaren aurrean ere.

Truchueloren arabera, "XVI. mendean Andoainek oso rol aktiboa jokatu zuen eskualdeko herrien artean, euren buru zen hiriaren kontra". Izan ere, Andoainen eta Tolosaren menpeko beste herrien iritzian, Tolosak "nagusikeriaz eta jauntxokeriaz" jokatzen zuen, bai gobernu kontuetan eta bai eguneroko elkarbizitzan ere. Andoaindarrek zuten edozein arazo Tolosan epaitzen zen, Tolosako alkatea epaile zela; eta bestelako arazorik bazegoen, Batzar Nagusietan ere aurkez zezaketen kexua, baina betiere Tolosa bitartekari zela.

Desanexioa hainbatetan eskatu zuen Andoainek, eta hainbatetan ukatu zitzaion. Baina 1615ean, Felipe III.a Gaztelako erregeak Andoaini eta Gipuzkoako beste 29 herriri hiribildu titulua saltzea erabaki zuen. Hala, herri horien eskaerak aintzat hartzearekin bat, Felipe III.ak bere diru kutxak betetzea lortu zuen, erresuma nahiko larri baitzegoen diruz.

Andoainek familiako 25 dukat ordaindu zituen hiribildu tituluaren truke; guztira, 7.270 dukat inguru. Behin diru hori ordainduta, 1615eko maiatzaren 2an, Andoainek lehen aldiz bere ordezkaria bidali zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietara, eta bakarkako bidean, egungo Andoain eraikitzen hasi ziren.