Txuri Urdineko mutilak, finalera sailkatzeko zorian

Gizonezkoen izotz hockeyan, Donostiako CHH Txuri Urdin taldea izan da Espainiako Ligako lehena fase erregularrean. Kanporaketak jokatzen ari da orain. Joan den asteburuan, finalaurrekoetan, Majadahondaren aurka lehiatu zen Donostian, eta ondo bideratuta utzi zuen kanporaketa, elkarren aurka jokatutako bi partidak irabazita (4-2 eta 6-1).

Asteburu honetan, Madrilen jokatuko du txuri-urdinek Majadahondaren aurka, eta nahikoa izango dute bi partidetatik bat irabaztea finalera sailkatzeko. Biharko partida irabaziz gero, beraz, finalean izango dira. Kanporaketa bina garaipenekin berdintzen badute, ordea, bosgarren partida jokatu beharko dute; eta Donostian izango litzateke.

Beste kanporaketan, Jaca Izotz Klubak bi partidak irabazi zituen joan den asteburuan, etxean, Bartzelonaren kontra (4-1 eta 4-2). Hori horrela, hark ere nahikoa izango du biharko partida irabaztea sailkatzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.