“Auzo nortasun propioa izan du Alkizak, berandu arte burujabe izan ez arren”

Jon Miranda

Alkiza auzo eta hiribilduaren azterketa historikoa (1348-1950) lanaren egilea da Pello Joxe Aranburu (Alkiza, 1936). Maizpide euskaltegian erretiroa hartuta, ikerketara emana bizi da. 11 urte zituela atera zen herritik seminariora, apaiz ikasketak egitera, baina ez du galdu harremana herriarekin, ezta sortetxearekin ere, Aldapa bailarako Urruzola baserriarekin.

Noizkoak dira Alkizaren lehen arrastoak, eta zein bilakaera izan du orain arte?

Alkizak herri izaera edo alkatetza berandu lortu zuen, XVIII. mendean, hain zuzen. Baina auzo gisa XIV. mendetik funtzionatu izan du, nire ikerketek diotenez. Lehenengo, jauntxoei aurre egiteko, Tolosarekin elkartu zen bolada batean, eta, Tolosak diru asko eskatzen zuela eta, Donostiara jo zuen baldintza egokiagoak jartzen zizkiolako. Garai batean, Alkizak garrantzi handiagoa izan zuen gaur baino. Adibidez, XVI. mendean Alkizan zegoen apaizen artxiboa, bertako parrokoa baitzen idazkaria. Apaizak batzuetan Bidanian eta beste batzuetan Asteasun biltzen ziren, eta bi herri horien erdian zegoen Alkiza. Pasabideko tokia zen, eta inportantzia handia zuen orduan.

Zein harreman izan du inguruarekin eta inguruko herriekin?

Hernio mendiaren magalean dago Alkiza, eta horrek baldintzatu dizkio harremanak. Eugenio Lizardi eta beste batzuen ekimenez, Hernioko gurutzearen 50. urteurrenaren harira Erniozaleak taldea sortu zen, mendiaren inguruko herriek osatua. Gu gazte ginela, Alkizako bailara batean edo bestean bizi, joera handiago genuen edo Tolosara edo Villabonara joateko.

Non euskaltzaletu zinen zu?

11 urte arte eskolan aritu nintzen, Alkizan. Maisuak euskaldunak izan arren, gaztelaniaz aritzen zitzaizkigun. Gero, Saturrarango seminarioan sartu, eta han ere giro euskalduna topatu genuen, Donostiako seminariokoaren oso bestelakoa. Apaiztu, Goierri aldean jarri zidaten destinoa, eta, kontzilioarekin batera, ni eta beste hainbat apaiz lanera sartu ginen. Orduan puri-puri zegoen ikastolen mugimendua. Gau eskoletan hasi, eta Maizpide euskaltegia sortu genuen 1988an.

Oilategitik aldizkaria kaleratzen duzue Alkizan urtero.

2000. urtean hasi ginen herriko aldizkaria kaleratzen. Lau laguneko taldeari jende berria batu zaio, eta herriko festetan kaleratzen dugu urtero alea. Orain dugu aurtengoa prestatzeko lehen bilera, eta nik ere nire ekarpena egingo dut. Behin erretiroa hartuta, ikerketan pasatzen dut denbora.

Leave a Reply

Your email address will not be published.