“Barrua mugitzen didana egin nahi dut argazki kamerarekin”

“Barrua mugitzen didana egin nahi dut argazki kamerarekin”

Ikerne Zarate

Ezagutzen duen orok kamera zintzilik duela irudikatuko du Mendi Urruzuno (Errenteria, 1971). Ihes egin ez dezan, une oro momentua izoztu nahian. Herrigintzari lotuta, argazkilaria baino gehiago argazki sortzailea dela adierazi du, “Memek dioen bezala [Jon Urbe argazkilaria]”. Aitortu du garatu “edo, agian, atzerapausoa eman” duela, eta, orain, argazkiak beretzat egiten dituela besteentzat baino gehiago.

Barrubaso liburua autoeditatu zuen iaz, urte amaieran. Hitzik gabekoa da, baina erretratuz erretratu irakur daiteke. Oso lan pertsonala dela azaldu du, “transmititzen duenagatik eta egiteko moduagatik”: banan-banan eskuz egin zituen bi edizioetako 63 liburuak, eta ale bakar bihurtu zuen bakoitza. www.mendiurruzuno.com webgunean ikus daiteke haren lana.

Argazkilaritza. Noiz eta nola heldu zinen mundu horretara?

Txikitatik beti eduki izan dugu kamera txiki bat etxean. Amarekin leku guztietara joaten ginen kameratxo horrekin. Tomavistas bat ere [hartzeko kamera] bagenuen. Oso goiz hasi nintzen argazkiak ateratzen. Eguzki bat, hodei bat eta botoi gorri bat zeuzkan argazki kamera bat oparitzen zuten txokolate tabletarekin, eta horrekin hasi nintzen; horrekin ibiltzen zen ama ere.

Gustatzen zitzaidan, eta jaso nahi nuen dena jasotzen nuen. Ikasketei ekitea erabaki nuen 2008an, bazirudielako ikasketarik gabe ezin zela izan argazkilari profesionala; Ivasfot Euskal Argazkilaritza Erakundean egin nuen ikastaroa. Bi urtekoa izan zen, baina nahikoa umezurtz amaitu nuen.

Iaz argitaratu zenuen Barrubaso liburua. Berezia da, biltzen duenagatik, modu artisauan autoeditatu zenuelako eta barne mundura bidaia proposatzen duelako. Nolako prozesua izan da? Eta zer jaso duzu?

Bete-betean ari naiz lan horrekin, eta zeharo hunkituta nago, orain arte egin dudanarekin alderatuta erabat ezberdina delako. Eskuz eta bihotzez egina dago. Ez nuen planteatu horrela; ez nekien hori sortuko zenik ere. 2017an pare bat asteburu igaro nituen Klavdij Slubanekin; argazkilari handia da, eta pertsona jatorra, norberak bere buruaz ez dakizkien gauzak ateratzeko dohaina duen horietakoa. Proiektu berezi bat egin behar genuen, eta une berezi batean nengoen, aitari minbizia diagnostikatu ziotelako. Aitarengana gerturatzeko esan zidan Klavdijek, argazkiak bakarrik etorriko zirela. Eta hori egin nuen. Aitarengana hurbiltzeko erabili nuen argazki kamera, aitarekin egoteko, berari erretratuak egiteko… Izugarria izan zen. Minbiziak ama eraman zueneko hutsunea azaleratu zitzaidan aitarengana gerturatu nintzenean. Barne mugimendu handia eragin dit proiektuak.

Modu positiboan?

Oso positiboan. Ama hiru hilabetean joan zitzaigun minbiziarekin, eta gordina dirudi, ziurrenik, baina izugarrizko bizi ikasketa izan zen hura. Orain berriz konturatu naiz minbiziak bizitzarekin gehiago konektatzen nauela heriotzarekin baino. Bitxia izan da liburua jendearengana nola iritsi den ikustea, jendeak nola konektatu duen sentitzea; iritsi egin zaie. Azken batean, gauzak eskuz eta bihotzez egiten dituzunean, iritsi egiten zaizkio jendeari. Lehenengo edizioko 30 liburuak saldu ziren, eta baita bigarreneko guztiak ere.

Banan-banan, eskuz muntatu dituzu guztiak, ezta?

Bai. 63 ale bakar egin ditut, ezberdinak direlako guztiak. Artisau lana izan da. Asko gozatu dut prozesuan, argazkiak egiten baino gehiago, agian. Izugarria izan da jendearengandik jaso dudana. Oso pertsonala izan da, oso nirea, baina klik bat egin dio liburua hartu duen bakoitzari. Ez neukan liburu bat egiteko asmorik, baina hala atera da. Gustatu zait.

Errepikatu egingo duzu, beraz?

Ez dakit. Baliteke. Ez dut askorik pentsatu, eta ezin dizut esan.

Garapena izan du zure argazkilaritzak. Paisaietatik argazki artistikoagoetara bidaia egin duzu, nolabait esatearren?

Lehen, argazki zuzenak nahi eta ateratzen zituen jendea nahi izaten nuen inguruan, eta horrexek kezkatzen ninduen ni ere. Baina konturatu nintzen unibertso horrek ez ninduela betetzen; enfokatzen baino gehiago desenfokatzen gozatzen dudala konturatuta nengoen aspalditik. Ziurrenik, beti egin izan ditut argazki ez-formalak; izaera kontua ere izango da [barrez], baina argazki horiek erakusten ausartu naiz orain; sormenerako mundu zabal batera gonbita egiten duten argazkiak dira. Askeago sentitu nahi nuen. Badakit zailagoa dela autore lanak saltzea, baina bizitza ez dut pasatu nahi Aiako Harriaren eta Haizearen Orraziaren argazki ederrak bakarrik egiten; horrek ez nau betetzen. Kameraren azken modeloaren zain egoten dira batzuk, baina ni gusturago sentitzen naiz analogikoaren erritmoan. Ez dakit garapena den; atzerapausoa dela esango dute batzuek. Uste dut beste zerbait aurkitu dudala azken urteotan, baina neure buruari, oraindik, ez diot erantzun askotan egin izan diodan galdera: norentzat, zertarako egiten ditudan argazkiak. Milaka argazki ditut artxibategian, eta orain zer? Ordenagailu aurrean ez dut disfrutatzen.

Bideo muntaketak ere egiten dituzu: Irri Baratzea proiektua eta Atlantikaldia, kasurako.

Kamerak aukera ematen duenez, saltsan aritzen naiz.

Zure lanbideak, berez, zerikusi gutxi dauka argazkilaritzarekin, baina hori ere baliatzen al duzu argazkiak ateratzeko?

25 urte daramatzat Donostiako Zuhaizti eskolan. Ludotekan hasi nintzen, ludotekan eta jangelan ibili nintzen gero, eta jangelan ari naiz egun. Umeekin eta aisialdiarekin lotuta aritu izan naiz beti lanean. Lehen, errazagoa zen umeei argazkiak ateratzea; orain oso zaila da. Beti aprobetxatu izan dut argazkiak ateratzeko, beti eraman izan dudalako kamera ondoan. Oiartzungo Girizia mendizale elkarteko kideekin mendira joaten ginenean, motxilan sartzen nuen kamera; burnizko Nikona zen, eta izugarri pisatzen zuen. Oso gustura ibiltzen nintzen, hala ere.

Albaola irudiz janzten duzu. Nola heldu zinen hara?

2002an, Erme Pedroso Albaolako kidea ikusi nuen Errenterian egiten den eskulangintza azokan; egurrezko txalupa txiki bat egiten ari zen beste kide batzuekin. Aurretik ere ezaguna nuen; gerturatu eta egurrezko txalupak eurek egiten zituztela esan zidan. Adarra jotzen ari zela pentsatu nuen, eta, are gehiago, nabigatzeko erabiltzen zituztela esan zidanean.

Hurrengo urtean, Albaolako kideekin ontzi horietako batean sartuta nindoan Irlandara bidean. Maitemindu egin nintzen egurraz, basoaz eta itsasoaz. Amets egiteko eta ametsak betetzeko oso leku ona da Albaola, eta lotu egin ninduten pirata zoro haien asmoek. Boluntario gisa hasi nintzen, niretzat oso erakargarria zelako irudi aldetik; estetikoki izugarrizko aukera ematen zidan artisautza arloko erretratuak egiteko. 2015ean kontratatu ninduten argazkilari ofizial gisa, eta hortxe gabiltza ahaleginean.

Zer lan egiten duzu? Eta sortzaile batentzat zer esan nahi du sortzaileen gune batean sorkuntza lanean aritzeak?

Izugarria da dokumentazio lana, eta baita artxiboa txukun mantentzea ere. Proiektu pertsonalago batzuk martxan jartzeko asmoa daukat: zura, eskuak, emakumeak, itsasoa, arotzak… Hori dena lotuta. Baina ez da posible, lan gehiegi eta sormenerako aukera gutxiegi daukagulako. Iritsiko da hori ere martxan jartzeko eguna.

Nola definituko zenuke zeure burua?

Galdera zaila da hori. Argazkilaria bai, izango ahal naiz! Hainbeste argazki aterata… [barrez]. Memek erabiltzen duen argazkigilea hitza gustatzen zait; argazkiak sortzen dituena. Hor nago orain. Lehen, agian, ezberdin ateratzen nituen argazkiak. Barrua mugitzen didana egin nahi dut nik argazki kamerarekin. Lehen, besteengan ikusten nuen hori; argazki bat ikusi eta zerbait transmititzen zidan. Orain hori lortu nahi dut nire argazkiekin. Barrukoa transmititzeko erreminta bat da argazkia. Ez naiz batere hizlari trebea, eta are idazle kaskarragoa naiz, baina asko betetzen nau nire argazkiak jendearengana irits daitezkeela konturatzeak, besteei zerbait transmititzea lortzeak.

Hori al da argazkilaritzaren alderdirik politena?

Oso margolari txarra naiz. Oso berezia da argiarekin margotzearen aukera deskubritzea. Denbora behar da horretarako, eta orain askoz gehiago erreparatzen diot horri, argiak zein aukera ematen digun berekin margotzeko. Magia da. Argi horren bila aritzen naiz; argi horren zain egoten naiz; askoz gehiago betetzen nau horrek.

Eta argazkilaritzak ba al du alde txarrik?

Bai. Abiadura, azkar lan egite hori, gero eta gutxiago gustatzen zaidala uste dut. Artxiboak pilatzea, ordenagailua betetzea, prozesatu behar izatea… Ez zait gustatzen erritmo azkar hori.

Argazki bakoitzak bere istorioa dauka atzean, ezta?

Bai. Batzuetan zalantza izaten dut kontatu edo ez, argazki berak pertsona ezberdinei mezu ezberdinak ematen dizkiela ohartzen naizelako. Hori gertatu zait liburuarekin; letrarik ez duen liburu bat nola irakur daitekeen erakutsi dit jendeak, eta modu ezberdinean irakurri dute denek.

Nola erabakitzen duzu objektiboaren aurrean zer jarri?

Asko gustatzen zaizkit desenfokea eta mugimendua. Asko erakartzen nau mugimenduak, eta baita zirrikituek ere. Dena lehen kolpean erakustea baino gehiago gustatzen zait zirrikituetatik, modu sotilagoan, dena ez erakustea, misterio pixka bat uztea.

Zein da argazkiak ateratzeko unerik egokiena?

Eguzkiak itzal etzanak marrazten dituenean.

Eta egun eguzkitsu bat edo trumoi giroa, zer da hobea?

Argazki interesgarriagoak ateratzen dira trumoi giroarekin.

Ba al daukazu proiekturen bat esku artean?

Amari egindako argazki baten negatiboa topatu nuen duela bi hilabete, eta “hau seinale bat da, martxan jarri behar dut” pentsatu nuen neurekiko. Horren harira badut, beraz, proiektu bat. Nik ez dut ikusi ama zahartzen. Berak gaur egun izango lukeen adineko emakumeekin egin nahi dut proiektu hori.

Leave a Reply

Your email address will not be published.