Lou, bizi-bizirik

Lou, bizi-bizirik

Aitziber Arzallus

Oroitzen dena inoiz ez bada hiltzen, bizi-bizirik jarraitzen du Lou Olanguak. Besteak beste, Humedecidos, O.K. Korral eta Las Lagartas taldeetako abeslaria izan zen zarauztarra; 80ko hamarkadan, punk-rock munduan emakumerik ia ibiltzen ez zen garaian oholtzara igo ziren gutxi haietako bat. 2013ko urtarrilaren 12an hil zen, 52 urte zituela, gaixotasun larri baten ondorioz. Heriotzak ez du eten, ordea, haren ibilbidea. Izan ere, Marivi Ibarrola kazetari eta argazkilariaren argazkiekin osatutako Lou y el korral de la costa erakusketa gaurtik ikusgai izango da Zarauzko Ispilu Arte galerian, eta Lou. Dantzan jo ta ke, oinak lehertu nahian dokumentala emango dute bihar, 20:00etan, Zarauzko Modelo aretoan.

Usua Garin, Andrea Lopetegi eta Izotz Barrio zarauztarrek ekoitzi dute Lou Olangua abeslariari buruzko ikus-entzunezko lana. Duela pare bat urte otu zitzaien. “Guk ez genuen ezagutzen Lou. Uxuk [Usuak] ezagutzen zuen pixka bat, bere gurasoen laguna zelako, baina gutxi”, azaldu du Barriok. “Kontua da, orain dela bi urte, Arraio Irratiaren 11. urteurrenaren harira, jaialdi bat antolatu zutela Xabier Laskibar Tximas-en omenez. Tximas O.K. Korraleko bateria jotzailea izan zen taldearen azken urteetan. Bideo txiki bat egin genuen orduan; emaitza gustatu zitzaigun, eta Lourekin ere antzeko zerbait egitea polita izango zela pentsatu genuen, mamia bazuelako”.

Halaxe, Zarauzko Udaleko Kultura Sailak arte sorkuntzarako ematen duen Daniel Txopitea bekara aurkeztu zuten proiektua, eta baita irabazi ere. Urte eta erdiz landu dute dokumentala. “Materiala bildu, elkarrizketak egin… lan handia izan da, baina baita oso polita eta aberasgarria ere”, Barrioren esanetan. Edukietan sakondu gabe, adierazi du Louren bizitza dela dokumentalaren ardatza, eta haren bidez errepasoa egiten zaiola 80ko hamarkadari, “baina ohikoa ez den ikuspuntu batetik, beste begi batzuetatik”. Dokumentalean jorratu dituzten gaietako batzuk dira emakumeek agertokietan hartu zuten lekua, euskaraz abesteko erabakia, eta garai hartan jarrerak eta estetikak izan zuten garrantzia.

Emaitzarekin “oso-oso gustura” daudela adierazi du Barriok: “Bideogintzan aritu izan gara gu, baina lehen aldiz egin dugu horrelako proiektu bat. Ez gara profesionalak, baizik eta lan profesional bat egiten saiatu diren amateurrak, eta emaitzarekin ezin gaitezke egon gusturago”. Ez da gutxiagorako: zarauztarren Lou. Dantzak jo ta ke, oinak lehertu nahian lanak publikoaren saria irabazi du Dock of Bay musika dokumentalen jaialdian, Donostian. “Sekulakoa izan zen publikoaren erantzuna. Aretoa bete egin zen, jendea sarrerarik gabe gelditu zen, eta, gainera, publikoaren saria eman ziguten. Han ziren Louren familiakoak eta lagunak, eta denek zoriondu gintuzten. Dokumentala egiteko elkarrizketatu ditugunetako batzuek ere esan digute ikaragarri gustatu zaiela azken emaitza, eta horrek sekulako indarra eman digu”.

Urtarrilean estreinatu zuten dokumentala Donostiako jaialdi horretan, eta bihar emango dute Zarautzen,protagonistaren eta egileen herrian, hain zuzen. Modelo aretoan eskainiko dute, doan, 20:00etan. 17:00etan zabalduko dute leihatila, eta emanaldirako sarrera lortu nahi dutenek hara joan beharko dute. Sarrerak bukatzean itxiko dute txarteldegia. “Gogotsu” daude egileak, baina “nahiko lasai”. “Askoz urduriago geunden Donostiako estreinaldiaren aurretik. Asko lasaitu gaitu han zein erantzun ona izan zuen ikusteak”. Barriok aitortu du, gainera, eskuak bete lan dabiltzala egunotan. “Emanaldiaz gain, pintxada bat ere antolatu dugu gauerako. Marina Txiki tabernan izango da, 23:00etan”. Dinamita pa’ los Pollos taldeko Reyes Toriok jarriko du musika; dokumentaleko parte hartzaileetako bat da hura ere.

Biharkoaren ondoren, beste hainbat herritan emango dute dokumentala. Barriok aurreratu du momentuz zazpi emanaldi dituztela programatuta martxorako; “Gipuzkoan gehienak; Bizkaian bat, eta Bartzelonan bi”.

Argazki erakusketa

Eta dokumentala bakarrik ez; Louren agertokietako ibilbidea jasotzen duen argazki erakusketa ere zabalduko dute gaur, 19:30ean, Zarauzko Ispilu Arte galerian. Lou y el korral de la costa izena du erakusketak, eta Marivi Ibarrola kazetari eta argazkilariak egindako 30 argazkik baino gehiagok osatzen dute lana.

“Dokumentalaren emanaldiaren harira sortu zitzaigun argazki erakusketa osatzeko ideia”, azaldu du Leticia Eizagirre galeriaren arduradunak. “Nik aspalditik nerabilen buruan Louren inguruan zerbait egiteko ideia, emakume apurtzailea izan zelako, erreferentea. Donostian dokumentala eman zutenean, Marivi Ibarrolaren eta bion laguna den batekin hasi nintzen horretaz hizketan, eta argazki erakusketa bat egitea erabaki genuen azkenean”. Argazkietako asko inoiz erakutsi gabeak direla aurreratu du Eizagirrek. “Xarma handiko erakusketa da, zarauztarrentzat batez ere, herriko jende asko azaltzen baita argazki horietan”. Argazkiak martxoaren 15era arte egongo dira ikusgai, asteartetik larunbatera, 19:00etatik 21:00etara, eta baita larunbat eguerdietan ere, 12:00etatik 14:00etara.

Leave a Reply

Your email address will not be published.