Blues musikarekin “herria egiten”

Blues musikarekin “herria egiten”

Udane Arbeo

Martxan da Arrasateko lehenengo blues jaialdia. Gaurtik igandera bitartean egingo dute, Ibai-Arte komertzioen eta zerbitzuen elkarteak antolatuta. Denda eta tabernei balio handiagoa eman nahi diete, Jon Apraiz Ansola (Eskoriatza, 1971) Ibai-Arteko lehendakariaren hitzetan. Musika eskolakoekin batera erabaki zuten Arrasate Blues festibala sortzea. Herriarentzat, dendentzat eta bezeroentzat ideia ona izango zelakoan ekin zioten jaialdiari. Herriko dendak “indartu” nahi dituzte bide horretatik.

Herriko dendetan eta tabernetan kontsumitzea eta horiekiko atxikimendua handitzea lortu nahi dute ekitaldiarekin, edonora joateko beharrik zan gabe. Horregatik, Ibai-Arte elkartekoek adierazi dutenez, jendea herriko dendetan erostera bultzatzeaz gain, harago joan nahi dute jaialdiarekin: “Denon artean egin behar dugu gure herria, eta horrelako ekintzekin herria egiten dugula uste dut”. Asteburu honetan herritarrak kalera irten eta kanpotarrak Arrasatera bil daitezen nahi dute. Herria “musika erreferente” bilakatu nahi dute asteburuan. Helburuak helburu, jaialdiarekiko zituzten itxaropenak “ia-ia” bete dira: herrian bolo-bolo zabaldu da Arrasate Blues jaialdiaren berria, eta gizartean mugimendua sortzea lortu dute jada.

Blues musikarako joera handia dago Euskal Herri osoan; horretara bideratzen dituzte uztailean antolatzen dituzten jaialdi asko. Arrasaten ere horregatik aukeratu zuten estilo hori. Indar handia duten jaialdiak ere badaude tartean; adibidez, Hondarribi Blues eta Tolosandblues. Hala ere, Apraizen arabera, “nabarmen desberdinak” dira bi jaialdi horiek. “Munduko onenak izatea da jaialdi horien jomuga. Herritarrei Arrasaten dauden musikariekin giro polita sor daitekeela erakustea da, berriz, gure jomuga; gu ez gaude kanpora begira”.

Jaialdian Arrasateko taldeek parte hartzea nahi zuen Ibai-Artek, “agerikotasun handiagoa” lortzen laguntzen baitie talde horiei. Blues taldeen bila hasi ziren horretarako. Beharrezko baldintzak adostu eta akordio batera iritsi ziren: talde bakoitzetik, gutxienez, arrasatearra izan beharra zeukan batek. Bestela ere, onartuko litzateke taldekide batek, behintzat, herrian lan egitea.

Bost egun, hamahiru talde

Guztira hamahiru talde izango dira festibalean; horietatik bik jada jo zuten uztailaren 4an eta 9an, Blass Picon & The Junk Express eta Fredi Pelaez Trio taldeek. Arrasaterekin lotura dute gainontzeko taldeek ere, Soriako (Espainia) Blues Deluxe taldeak izan ezik; Enclave del Agua blues festibala antolatu duen taldea da hori. Gaur Kritikal Latin Blues Bandek emango dio hasiera jaialdiari, eta The Song ariko da ondoren. Mario Fernandino, Blues Deluxe, Aldakan, Leike eta The Allnighters taldeak ariko dira bihar. Lau taldek joko dute azken egunari amaiera emateko: Garcia Del Val, Jose Barrio Quartet, Jim Tnt eta Scarecrowsek. Herriko tabernetan edo herriko plazan joko dute horiek. Guztira zortzi gunetan ariko dira Arrasate girotzen.

Kontzertuez gain, beste jarduera batzuk ere antolatu dituzte astebururako. Larunbateko kontzertuetan, Arrasateko artista talde batek mural bat margotuko du musikarekin batera. Umeentzako apar festa egongo da, berriz, arratsaldean. Osterantzean, ingeles akademia bateko umeak abesten ariko dira, eta haurrentzako beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte.

Antolatzaileek udalaren laguntza izan dute hori guztia gauzatu ahal izateko. “Nahiko estua da aurrekontua, eta oso baliagarria izan da udalaren babesa”, adierazi du antolatzaileak. Bai diru aldetik, bai azpiegitura aldetik, “laguntza handia” jaso dute. Apraizek aitortu du “zaila” dela horrelako ekintza bat martxan jartzea. “Eta pena izango litzateke hau alferrik galtzea”. Etorkizunari begira, jaialdiarekin jarraitzeko intentzioa dute antolatzaileek, nahiz eta erronka handia dela onartu. Hala ere, “itxaropentsu” daude, jendea “ilusio handiz” ikusten baitute.

Arrasateko dendak “oso apropos” apaindu dituzte jaialdirako, eta herritarrak asteburuan jaialdiaz disfrutatzera gonbidatu ditu elkarteak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.