Miguel Angel Gastelurrutia: “Pauso garrantzitsua da mediku errezeten iruzurra saihesteko”

Miguel Angel Gastelurrutia: “Pauso garrantzitsua da mediku errezeten iruzurra saihesteko”

Eider Goenaga Lizaso

Gipuzkoako Farmazialarien Elkarteko lehendakaria da Miguel Angel Gastelurrutia (Eskoriatza, 1956), eta abendua bitartean baita EAEko elkargokoa ere. Sektore pribatuan egiten diren errezeten faltsifikazioa atzemateko sistema jarri berri dute martxan Gipuzkoako farmazietan, eta asteartean aurkeztu zuten sistema berria. Gipuzkoako farmazialarien elkarteak egindako lanaren emaitza da sistema hori, eta horregatik ari dira proba bertan egiten.

Noiz eta zergatik ikusi zenuten sistema berria martxan jartzeko beharra?

Duela bederatzi urte argitaratu zen mediku errezeten dekretua, eta ordutik dugu kezka hau. Errezetaren trazabilitatea bermatzeko, errezeten kontrola egitera behartzen du dekretuak, errezeta bakoitzaren kodearekin. Estatu mailako medikuen elkargoek, farmazialariek eta beste errezeta egileek, hala nola podologo eta dentistek, aspaldi ikusten genuen sistema bat martxan jartzeko beharra. Baina oso zaila zen teknologikoki; farmaziak oso sakabanatuta daude, medikuak ere bai, eta oso konplexua zen denak sarean jartzea.

Eta nola lortu duzue?

Farmazialarien elkarteak gogor lan egin du urteotan Novofarma izeneko proiektua martxan jartzeko. Oso tresna garrantzitsua izan da farmazien eraldaketa teknologikoan, eta gauza askotarako ari gara erabiltzen jada. Farmaziak kontaktuan jartzeko tresna da, sarean gaude, eta aurrerapen handia izan da; datu base komun batekin egiten dugu lan. Eta orain, teknologia hori baliatuko dugu sektore pribatutik egiten diren errezetak egiaztatzeko.

Nola funtzionatuko du?

Errezeta bat iristean, kodea irakurri, eta datu basearekin kontaktuan jartzen gara. Hark esaten digu kodea zuzena den, medikua nor den eta errezetak egin ditzakeen, botika hori aurretik erosi den edo ez… Pazientearen segurtasunari dagokionez, pauso garrantzitsua da hori, iruzurra saihesteko, fotokopiak eta faltsifikazioak atzemateko, edo errezetarik egin ezin duten mediku edo pertsonen kasuak detektatzeko. Egun, fotokopiak erabiltzea da arazorik ohikoena.

Orain arte gertatu al dira halakoak?

Ez da oso gauza orokortua, baina gertatu izan da, bai. Dena den, ez daukagu daturik. Gipuzkoatik, hilean, bi edo hiru gorabehera bidaltzen ditugu, ohartarazteko halako errezetarekin kontuz ibiltzeko, faltsua dela ohartu garelako. Agian, Ertzaintzak izango du datu gehiago, baina gu ez gara poliziak. Benetan arazoaren neurria zein den jakiteko balioko digu sistema honek.

Eta nola faltsutzen dira errezetak?

Fotokopiak izaten dira askotan; baina fotokopien kalitatea hain da ona, maiz ez ditugu atzematen. Beraz, gerta liteke pertsona batek errezeta bakarrarekin hainbat farmaziatan botika bera eskuratzea. Eta hori gertatzen da, normalean, pixka bat bereziak diren botikekin, nerbio sistema zentralean eragiten dutenekin; psikotropoak, estupefazienteak eta halakoak. Adibidez, egoera oso konplexu bat eduki genuen Ribotril izeneko botikarekin; bagenekien errezeta faltsuekin eramaten zutela, baina ez genituen atzematen errezeta horiek.

Sistema berriarekin, ezinezkoa izango da hori?

Bai, erabat. Espero dugu hala izatea. Izan ere, Gipuzkoakoak gara Espainiako Estatuan sistema hau martxan jarriko dugun lehenak. Beraz, proba gisa hartuko dugu; eta akatsik baldin bada, zuzendu, beste tokietara zabaldu baino lehen.

Errezetak ere ezberdinak izango dira, ezta?

Bai, errezeta liburuxka berriak daude, eta profesional bakoitzak bere elkargoan jaso behar ditu. Kode bat izango du liburuxkako errezeta orri bakoitzak, eta hori identifikatuko dugu farmazietan. Errezeta egin duen mediku edo profesionalaren datu guztiak ere emango dizkigu kodeak. Eta hor, adibidez, bestelako jokaera desegokiak ere identifikatzen dira; esaterako, podologo batek depresioaren kontrako botika baten errezeta egiten badu, berehala ohartuko gara.

Oraingoz, Gipuzkoan bakarrik jarriko da martxan sistema. Beraz, gerta liteke pertsona batek Gipuzkoan errezeta originalarekin botika eskuratzea, eta, gero, kopiak erabiltzea beste lurralde batzuetan?

Bai, gerta liteke, bai. Oraingoz, Gipuzkoako farmaziak bakarrik gaude sarean, eta, ondorioz, Gipuzkoako beste farmazietan jakin ahal izango dute errezeta horren berri. Horregatik diot Gipuzkoan egiten ari garena proba bat dela; sistemak nola funtzionatzen duen ikusi, eta zabaldu egin behar da. Estatu osoko farmaziek sistema hau erabiltzen dutenean izango da %100 eraginkorra.

Leave a Reply

Your email address will not be published.