Elkanoren uberan sartuta

Elkanoren uberan sartuta

Aitziber Arzallus

Getarian bihar ekingo diete Elkanoren mundu biraren V. mendeurrena gogoratzeko ekitaldiei; Elkanoren Itsasoratzea kultur jaialdia antolatu dute bihartik irailaren 17ra. Hain zuzen ere, jaialdi hori izango da datozen hiru urteetarako prestatzen ari diren ekitaldietatik lehena. Haritz Alberdi Getariako alkatearen ustetan, “historia eta ondarea ezagutzeko aukera paregabea” izango da mendeurrena.

Jaialdiko ekitaldi nagusiak hurrengo asteburuan izango diren arren, hainbat ekintza antolatuko dituzte aurreko egunetarako ere: hitzaldiak, solasaldiak eta San Anton menditik astronomia behaketa bat, tartean. Ikuspegi historikoa eta zientifikoa uztartuko dituzte hitzaldietan. Filosofia, antropologia, astronomia, medikuntza edota gastronomian adituak direnekin solasaldiak egingo dituzte, mundu bira ikuspegi desberdinetatik aztertzeko asmoz. Astronomia behaketa, berriz, Aranzadiren bidez antolatuko dute. Izarrei begira nabigatzen zuten XVI. mendeko marinelek, eta nola egiten zuten ikasteko aukera izango da.

Juan Sebastian Elkano kide zuen espedizio hura 1519ko irailaren 20an itsasoratu zen Sanlucar de Barramedan (Cadiz, Espainia). Elkano hiru urte geroago itzuli zen Victoria ontzian, beste hamazazpi itsasgizonekin batera; hilabete batzuk geroago beste hamabi itsasgizon itzuli ziren Cabo Verdetik. 2022ra bitartean jarraipena izango duen egitasmo zabal baten lehen ekintza izango da Elkanoren Itsasoratzea jaialdia, Mundubiraren ubera lelopean egingo den ekitaldi sorta baten lehena.

1519ko itsas espedizio hura merkataritza helburuekin abiatu zutela ekarri du gogora Alberdik. “Helburu ekonomikoarekin hasi zenak, ordea, ondorio askoz ere handiagoak izan zituen; gizarte paradigma aldaketa ekarri zuen. Hiru urte geroago, hainbat egoerak baldintzatuta, inondik inora ere aurreikusita ez zegoen moduan amaitu zen espedizio komertzial hura, lehen mundu birarekin”. Elkanok parte hartu zuen espedizio hartan, baina ez zen izan hura posible egin zuen itsasgizon bakarra: “Fenomeno zabalago baten parte da Elkano. Kultura baten isla da mundu bira osatu izana; espedizioa ere kultura baten parte izan zen bere horretan: euskal nabigatzaileen kopurua, ontzien jatorria… Ez da kasualitatea. Horregatik diogu Elkano eta mundu bira herri baten, gure herriaren kulturaren adierazle direla, Getariakoarena eta Euskal Herrikoarena”. Itsasoa Getariaren osagaia dela esan du. “Gure herriaren garapenean eta kulturan eragin nabarmena izan duen gakoa”.

Dena dela, badira mendeurren ekitaldiokin kritiko diren herritarrak ere; mendeurrena “aitzakia” hartuta, historia “gaur egungo interes politiko eta ekonomikoen arabera” moldatu nahi dutela uste dutenak. Horiek sortu dute Elkanori Bira egitasmoa, “Elkanoren eta historia eurozentristaren hausnarketa bultzatzeko eta orain arte historiak isilarazitakoak lehen lerrora ekartzeko”. Gutxienez ehun norbanakok eta eragilek sinatu dute Elkanori Birak abiapuntu modura argitaratu duen manifestua.

Haien ustean, Elkano ez zen izan azaldu ohi duten itsasgizon eta merkatari eredugarria. “Oran hiriaren konkistan aritu zen Cisneros inkisidore handiarekin batera, eta batean eta bestean hildakoak eta bortxatuak utzi zituzten 1519-1522 urteen arteko bidaian ere, bidaide izan zituen Antonio Pigafettaren eta Francisco Alboren egunerokoek erakusten duten moduan”. Beraz, Elkano omentzea eta eredutzat aurkeztea “zentzugabekeria” dela adierazi dute Elkanori Birako kideek, “horrek etorkizuna baldintzatzen duelako”. Egia azaleratzeko garaia dela uste dute, eta mendeurrena horretarako testuinguru egokia dela. “Pedagogia lana” egingo dute, “isilarazitakoak lehen lerrora ekartzeko”.

Alberdiren esanetan, baina, mendeurreneko ekitaldiekin lortu nahi dutena ez da Elkano eredu edo erreferente bilakatzea. “Argi dago egindakoak eginda daudela, guk ezin dugula iragana aldatu, baina ez genuke erreparorik izan behar iraganaz hitz egiteko, txarrez eta onez, horrek gaur egungo errealitatea hobeto ulertzen lagunduko digulako, baita etorkizun hobea eraikitzen ere”. Horregatik, mundu bira jakin-minez aztertu nahi dutela esan du. “Iraganarekin ados edo kontra egon gaitezke, eroso edo deseroso senti gaitezke, baina iragana ezagutu eta ulertu behar eta nahi dugu, etorkizuneko proiektuak hobeto bideratu ahal izateko, horiek alda baititzakegu”.

“Getariarren gogotik” sortu da jaialdia, eta herritarren parte hartzearekin ari dira dena “diseinatzen eta antolatzen”. Getariarrek inguruko herrietakoekin banatu nahi duten jaialdia dela ere adierazi du Alberdik. “Bereziki, mundu birarekin lotura izan zuten euskal udalerrietako bizilagunekin”.

Doako ekintzak prest

Jaialdia herritar guztiak kontuan hartuta antolatuko dutela azaldu du Maialen Gereka herri eragileak. “Elkano gogoratzeaz gain, historian itsasora joan diren milaka euskaldunak ere gogoratu nahi ditugu”. Askotariko ekintzak izango dira, doakoak denak: jolasak, tailerrak, musika, sukaldaritza lehiaketa bat, herri bazkaria eta erakusleiho lehiaketa, besteak beste. Sukaldaritza lehiaketak eta herri bazkariak espeziak eta arroza izango ditu osagai.

Itsasoratze sinboliko bat ere egingo dute, eta mundu biraren espedizioan parte hartu zuten Euskal Herriko hainbat udalerritako ontziak izango dira bertan. “Espedizioarekin harremana izan zuten udalerriak ordezkatuko dituzten ontziak gurean nahi ditugu”. Saltokietan, berriz, erakusleiho lehiaketa egingo dute, eta mundu birako herrialdeak izango dituzte apaintzeko gai gisa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.