Beganismora gonbita

Beganismora gonbita

Rebeka Ruiz

Be veggie!. Horixe izango da gaurtik igandera Irungo Ficoba erakustazokan bilduko diren hirurogei erakusketari baino gehiago bisitariei transmititzen saiatuko diren mezua: Izan beganoa!. Elikadura mota hori aukeratzen dutenentzako elkargunea izan nahi du azokak, batetik, eta jakin-mina dutenen artean informazioa banatzeko helburua ere badu, bestetik.

Lehen aldiz antolatuko du Ficobak tankera horretako ekitaldi bat. Monica Aldai Ficobako azoken zuzendaria da, eta, azaldu duenez, Gabonetako Azoka antolatu ohi zuten abendu hasieran. Hala ere, azoka horrek “ibilbidea bete zuela” iritzita, bukatutzat ematea erabaki zuten. Hutsune hori zerekin bete aztertzen ari zirela ohartu ziren beganismoaren inguruko interesa eta kezka hazten ari zirela. Gizarteak eta sektoreak berak gai horren gainean zer-nolako ikuspegia zuten ikertzen hasita, eta gabeziak ikusita, hainbat enpresa, elkarte eta eragilerekin harremanetan jartzea erabaki zuten.

Abiapuntua finkatuta, azokaren lehen ekitaldia antolatzen hasi ziren. Ez dute nahi soilik beganoentzat izatea; areago joan nahi dute: “Beganoentzako egokiak diren produktuak egongo dira azokan, erabat jatorri begetala dutenak, baina, orokorrean, edozein pertsona dago gonbidatuta azokara etortzera”, azaldu du Aldaik.

Hori horrela, beganismoaren hiru oinarriak uztartuko ditu Be Veggie azokak: ingurumenaren iraunkortasuna zaintzea, animalien esplotazioa saihestea, eta osasunarentzat onuragarriak diren jaki eta produktuen kontsumoa bultzatzea. Hiru zutabe horiek izango dituztela ardatz zehaztu du Aldaik, hitzaldiak, jarduera osagarriak, elikagaiak, kosmetika produktuak eta moda desfileak tartean direla.

“Berezia” izango da azoka, “lehen aldiz egiten dugulako eta sektorea oraindik ere txikia delako”. Txikia izateak, halere, ez du esan nahi oihartzunik ez daukanik, eta, Aldaik onartu duenez, gizartean interesa pizten du beganismoaren gaiak. Are gehiago kontuan hartuta Madrilgo Klimaren Gailurrarekin eta Greta Thunberg aktibista gazteak sortutako zurrunbiloarekin bat egingo duela ekitaldiak. Aldaik ñabardura bat egin nahi izan du horren inguruan, eta Ficobak iraunkortasunaren alde egiten duen apustua berretsi du: “Ingurumenarekin eta iraunkortasunarekin lotuta daude guk antolatutako ekitaldi asko, eta iraunkortasunaren aldekoa da Ficobaren proiektua bera; energia iraunkorra erabiltzen dugu eta gure ekitaldietako neurri asko ere iraunkortasunaren ikuspegitik jartzen dira martxan”.

Gipuzkoako kostaldean azoka berritzailea izaki, eta gaiak pizten duen interesa kontuan hartuta, Be Veggie azokak Bidasoaren bi aldeetako bisitariak erakarriko dituela sinetsita dago Aldai.

Beganismoari buruzko informazioa jaso nahi duenak edo produktu beganoak eskuratu nahi dituenak gaurtik igandera izango du aukera: 11:00etatik 20:00etara gaur eta bihar, eta 11:00etatik 16:00etara etzi. Ez da sarrerarik ordaindu beharko, eta, aparkalekua ere doakoa izan arren, “benetan iraunkorra” Euskotrenen bidez joatea dela oroitarazi nahi izan die Aldaik bertaratzeko asmoa dutenei. “Hemen bertan dago geltokia”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.