Dakitenak oraindik ez dakitenei irakasten

Dakitenak oraindik ez dakitenei irakasten

Erik Gartzia Egaña

Herri aldapatsua da Oiartzun, eta herriko kaskoaren goiko aldean dago Intxixu AEK euskaltegia. Hango ikasle batzuek, baina, koska bat gorago egiten dute, Urkabe mendiaren magalera: berriki hasi dira Petra Lekuona zahar etxean bizi diren hainbat egoiliarrekin mintzapraktika saioak egiten.

Jon Diaz de Mendibil euskaltegiko irakasleak azaldu du saio horien jatorria: “Urrian zaharren egoitzatik idatzi ziguten, bertako egoiliarrekin mintzapraktika saio bat egiteko. Irakurri nuen momentutik, oso ideia ona iruditu zitzaidan”. Intxixu AEK-ko arduradunen ustez, onuragarria zen, bai ikasleentzat eta baita egoiliarrentzat ere. Ikasleen profila zehaztu zuten ondoren: ulertzeko gai zirenak, baina hitz egiteko zailtasunak zeuzkatenak. A2 mailako taldea aukeratu zuten euskaltegiko arduradunek.

Haien hitzetan, “oso ongi” atera zen lehen saioa. “Euren bizitzari buruz hitz egin zuten egoiliarrek; baserritarrak dira asko, eta orduko bizimodua eta lanbideari buruz aritu ziren hizketan”, azaldu du Mertxe Conde ikasleak. Lehenengo bilera hura “nahiko informala” izan zela esan dute. “Biribilean elkartu ginen”, zehaztu du Diaz de Mendibilek, “eta zaharren egoitzan bizi direnek hitz egin zuten gehien”. Hori bai, Condek berak eta Cristina Ruiz eta Elisabeth Hernandez ikaskideek barre artean ziurtatu dutenez, ikasleei ere utzi zieten hitz egiten.

Lehen kontaktua izan zen azaroaren 14koa. Hurrengo saioetarako —atzo izan zuten bigarrena—, gai jakin bati buruz aritzeko erabakia hartu zuten, bi taldetan banatuta. Diaz de Mendibilek azaldu duenez, gai horiek lehenagotik landuko dituzte euskaltegian bertan, prestatuago joateko.

Intxixu AEK-ko ikasgela hori osatzen dutenak Oiartzunen bizi dira, baina kanpotik etorritakoak dira denak: Conde eibartarra da; Hernandez, errenteriarra; eta Ruiz, bilbotarra. Gainontzeko klasekideak ere kanpokoak dira: Donostia, Pasaia, Iruñea…

Izatez jatorri ezberdina izan arren, hirurek arrazoi beragatik eman zuten izena AEKn: Oiartzun udalerri euskalduna da, eta herrian hobeto txertatu nahi dute ikasleek. “Nire inguruan jende guztiak hitz egiten du euskaraz, eta nik ere hori nahi nuen”, azaldu du Condek —sei urte daramatza Oiartzunen—. Orain dela 23 urte ibili zen Donostiako Ilazki euskaltegian, eta bigarren ikasturtea du aro berrian. Hernandez, berriz, Errenteriako Udal Euskaltegian aritu zen “duela urte batzuk”. Ruizek eskolan ikasi zuen euskara, A ereduan, eta ingurune guztia erdalduna izateak ez zion lagundu eskolatik jaso zuen euskara maila apal samar hura mantentzen.

Ikasleek aitortu dute oraindik zaila egiten zaiela oiartzuarrei ulertzea, “are gehiago adinekoak baldin badira”. Hala ere, hori da mintzapraktika saioen helburuetako bat: euskalkiak bere horretan ezagutzea. Eta Petra Lekuonan ez dute oiartzuera bakarrik ezagutuko, Oiartzundik kanpo jaiotakoak baitira egoiliar batzuk: Errenterian, Ezkio-Itsason, Beran (Nafarroa)…

Bizipoza egoiliarrentzat

Ordubeteko saioan, ikasleek euskararekin duten harremana estutzeaz gain, bizipoz pixka bat eman zieten zahar etxean bizitzaren azken etapa igarotzen ari direnei. “Entretenimendu pixka bat eskaini zieten, eta berritasuna izateak ere poztu zituen”, ziurtatu du Diaz de Mendibilek. AEK-ko irakasle eta ikasleek egoiliarren umore onaren berri izan zuten: “Ia ordubete generamala, haietako batek galdetu zigun ea zertara joan giren hara. Beste momentu batean, berriz, beste bat jaiki eta Txirrita eta Pernando Amezketarrari buruzko txiste bat kontatzen hasi zen”. Ikasleek barrez baietsi dute irakasleak kontatutakoa.

Helburua da hilabetean bi ostegunez behin elkartzea. Ezohiko jarduera bat izango da euskaltegikoentzat; izan ere, ohikoak dira ikasleen arteko mintzapraktika saioak, baina ezer gutxi gehiago egiten dute hortik kanpo. Ekintza berria izanagatik, oihartzuna izan du beste hainbat euskaltegitan ere, eta eredu izan daiteke. Ikasleek argi dute euskara ikasteko pizgarri izan daitezkeela horrelako saioak: “Onuragarria da ikasgelatik ateratzea. Hemen asko ikasten dugu, baina akademikoa da pixka bat”. Eta hizkuntza entzuteko eta praktikatzeko, dakienarengandik ikastea baino ezer hoberik ez dago, jakina.

Leave a Reply

Your email address will not be published.