Errepideko altxorrak

Errepideko altxorrak

Ariane Vierbücher

Historia liburuetako orrialdeetan atzera eginda, iraganeko eta gaur egungo errealitatea markatu duten balentriak, egitasmoak eta sorkuntzak aurki daitezke. Lehen ibilgailua izan zen inflexio puntu garrantzitsuetako bat, gaur egun erosotasunaren eta segurtasunaren sinbolo dena. 1886ko uztailaren 3an, Benz & Co enpresak, Karl Benz buru zuela, gasolina motorra eta hiru gurpil zituen lehen ibilgailua egin zuen. Bada, liburuak alde batera utzita, automozioaren historiara gerturatzeko parada izango da bihar eta etzi, Beasaingo Motor Asteburuan, Udaletxeko plazan eta Plazazpin.

Erauskingo Laubaserri Kirol Klubak antolatu du ekitaldia, hirugarrenez, eta Igor Lizarralde antolakuntzako kideak azaldu du aurreko urteetako ekintzak errepikatzea eta horietan sakontzea izan dela aurtengo erronka. “Duela urte batzuk rallyarekin hasi zen guztia, baina, motor mundua hori baino zabalagoa denez, beste alor batzuk ere erakutsi nahi ditugu guk”. Horregatik saiatu dira automozioaren historian gehiago sakontzen, eta ibilgailu klasikoen erakusketa osatzen. “Eta segurtasuna eta heziketa lantzeko ere baliatuko dugu aurtengo saioa”.

Auto klasikoen erakusketak “altxor bat baino gehiago” erakarriko du Beasainera. Mende bat atzera egin, eta garai hartako argazkia irudikatzeko aukera eskainiko dute. Benz etxearen lehen ibilgailu hura ez, baina ondorengo urteetan sortutako beste hainbat izango dira Beasainen. Harribitxien artean ekarriko dute 1915. urteko Ford T autoa. Ibilgailu hori da sailean produzitu zuten lehenengoa. Horrez gain, eta besteak beste, 1922ko Citroen SHP autoa, 1937ko Rolls Royce Phantom 3a eta 1929ko Chrysler 65a ere ikusi ahal izango dira asteburuan Beasainen.

Ibilgailu horiek baino lehenagoko bat ere egongo da ikusgai. “Eta horixe izango da erakusketako izarra”, zehaztu du Lizarraldek. 1895ean ibilgailuak egiten hasi ziren Thouvenin eta Tollin ingeniari frantziarrak, eta Parisko Louvreko museoan zeuzkaten horietako bi. Ez ziren museoko obren artean bisita zitezkeen beste artelan batzuk. Ibilgailuetako bat “eguneroko lanetarako” erabiltzen zuten, eta bigarrena, erakusketan ikusgai egongo dena, “taxi modura” erabiltzen zuten, “garaiko aberatsak tren geltokitik museora eramateko”. Antolakuntzako kideak berak argitu du “ibilgailuaren inguruko informazio gutxi” dagoela gaur egun, baina “Europako auto elektrikorik zaharrenetakoa” izango da bi egunez Beasainen ikusgai egongo dena.

Ibilgailua hobetuz

48v motorra du Voiturette Electrique autoak; lau abiadura dauzka, eta metagailuak eta bateriak seriean konektatzen dira selektore baten bitartez. 1920an, Louvre museoaren eskakizunez eta ibilgailua hobetu asmoz, tako bidezko balaztak aldatu eta danbor bidezkoak jarri zizkioten. Bestalde, gurpilak ere eraberritu eta pneumatikoak erabiltzen hasi ziren. Ibilgailu hori Bigarren Mundu Gerrara arte egon zen erabilgarri Louvre museoan. Ondoren, pieza batzuk desmuntatu, eta 1970ean berreskuratu zuten ibilgailua. Arroxelan (Frantzia) eskuratu zuen gaur egungo jabeak, Jesus Mari Etxeberriak.

Segurtasun kontuei eta bide heziketari dagokienez, antolakuntzako kideak jabetu ziren gai horiek ez direla askorik lantzen, eta horregatik eman nahi izan diote garrantzia berezia. Errepidean sor daitezkeen egoeretan gidariek nola jokatu beharko luketen irakatsiko dute. “Zirkuitu baten barruan eskainiko dugu ikastaroa, eta errepidea bustita dagoenean balaztak eta bolantea nola erabili behar diren praktikatu ahal izango da”. Osagarri gisa, lehen sorospenen ikastaro bat ere eskainiko dute. Iraultze simulagailuari esker, istripu baten eraginez iraulita dagoen auto batetik nola atera behar den, eta horrelako egoera batean nola jokatu behar den ere irakatsiko dute. Eta alkohola eta drogak hartu ondoren gidariek nola jokatzen duten ere erakutsiko dute.

Bihar ikusgai egongo den ibilgailu klasikoen erakusketaz eta bide heziketaz harago, eskaintza zabala egongo da asteburu osoan Beasainen. Bihar bertan, trial ikuskizunak izango dira Bideluze plazan, 19:30etik aurrera, eta igandean egingo dute VI. Erauskingo Igoera. “Oso proba berezia” dela azaldu du Lizarraldek, “herri barruan dagoelako zirkuituaren zati bat”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.