Musika bidezko bonboiak

Musika bidezko bonboiak

Unai Zubeldia

“Berritzailea” batzuentzat, “futurista” beste batzuentzat, eta “maisua” gehienentzat. Ludwig van Beethoven konpositore alemaniarrak (1770-1827) arrastoa utzi zuen ondorengo musikagile askorengan, eta, jasotako guztiaren zati txiki bat itzuli nahian, ekitaldiz josita dator 2020a. Aurten 250 urte beteko dira Beethoven jaio zenetik —1770eko abuztuaren 16an jaio zen, Bonn hirian—, eta, urteurrena ospatzeko, hainbat kultur ekitaldi izango da mundu osoan; baita Gipuzkoan ere.

Donostia Musikaren ekimenez, esaterako, konpositorearen bi obra oso-osorik eskainiko dituzte Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Urtarrilaren 14an izango da lehen emanaldia —egun horretan Beethovenen pianorako 32 sonetoei buruzko hitzaldia eskainiko du Miguel Ituarte irakasleak—, eta abenduaren 19an azkena, Jon Urdapilleta piano jotzailearen eskutik.

“Hasiera-hasieratik, gazteenei musika klasikora, ganbera musikara, gerturatzen laguntzea izan da gure erronka”, azaldu du Carlos Benitok, Donostia Musikako presidenteak. Hamabi urteko ibilbidea egin du jada irabazi asmorik gabeko elkarte horrek. “Musikenerekin batera [Donostiako goi mailako musika ikastegia], hamar bat urte daramatzagu ganbera musika programatzen, eta zortzi-hamar kontzertu eskaintzen ditugu urtero”. Donostiako Viktoria Eugenia klubean, berriz, duela bost urte hasi ziren ganbera musika eta ahotsa uztartuta emanaldiak egiten. “Eta, urte hauetako ibilbidea aztertuta eta Beethovenen urteurrena bertan geneukala jabetuta, aurten zerbait egin beharra geneukala pentsatu genuen”, adierazi du presidenteak berak.

Maila handiko artistak

Antolatzaileek hasieratik buruan zeukaten proiektua gauzatuta, pianorako sonetoen egitaraua prestatu dute batetik, bederatzi artistaren ekarpenarekin —Judith Jauregi, Josu Okiñena eta Jon Urdapilleta donostiarrak daude tartean—, eta pianorako eta harirako sonetoen egitaraua osatu dute bestetik. Bigarren ziklo hori Julia Siciliano piano jotzaile estatubatuarrak proposatu zion Donostia Musikari, eta Ensemble Siciliano zikloa osatu ahal izan dute hari horri tiraka, beste 11 artistaren ekarpenarekin. Sicilianok hainbat sari jaso ditu nazioartean, eta bere izena duen ensemblea sortu du Beethovenen piano eta harirako trio eta soneto guztiak interpretatzeko. Donostiako bigarren ziklo horretako kontzertu guztietan parte hartuko du estatubatuarrak, nazioartean ospe handia daukaten beste zenbait bakarlariren laguntzarekin: Dmitri Makhtin, Raphael Bell, Birgit Kolar, Delphine Dupuy…

“Munduan oso leku gutxitan gozatu ahal izango da Beethovenen omenezko urte osoko zikloren batekin, eta ia inon ez dira izango bi ziklo”. Benitok zehaztu du entzuteko “oso errazak” izango direla Donostiarako prestatu dituzten bi zikloak. “Azken batean, irakastea da gure helburua, jendeari horrelako musika entzuten laguntzea”. Ildo horretan, gida liburu bat ere eskuratu ahal izango du hala nahi duenak —10 euro balio du—. “Modu horretan, obraz obra, entzungo duten horren azalpen zehatzak jasoko dituzte ikus-entzuleek”.

Ordubete pasatxoko kontzertuak izango dira guztiak, labur antzekoak. Igandeetan eskainiko dituzte Ensemble Siciliano zikloaren barruko emanaldiak, Viktoria Eugenia antzokian bertan, 12:00etan. “Saio horietan, kalitatea eskaini nahi dugu guk; kalitatea, oso prezio merkean, hamar euroan gozatu ahal izango baita goi-goi mailako emanaldiekin. Musikaren bidez pralinezko bonboiak eskainiko ditugu guk, eta joan gabe gelditzen dena ez dadila geratu diru kontuengatik”. Sarrerak salgai daude Viktoria Eugeniako leihatilan bertan eta Interneten, Donostiakultura.com/ sarrerak webgunean.

Donostia Musikako presidenteak onartu du askori oraindik ere kosta egiten zaiola ganbera musika entzutea. “Azken batean, ez dago tradiziorik, eta musika klasikoak, lehen begiratuan, ez du erakartzen jende asko”. Hain zuzen ere, helburu horrekin ekin zion bideari Donostia Musikak. “Rock zalea izandakoa naiz ni ere, eta nire garaiko musika gustatzen zitzaidan niri ere. Batzuek, agian, ‘tira, ez dago hain gaizki’ esango dute gure zikloetakoren bat entzunda, eta gu pozik geundeke horrekin; hori da helburua”. Benitok zehaztu du, “karteletik bertatik hasita”, 30-35 urte arteko gazteei begira egin dutela apustua bereziki. “Oso serioa zen Beethoven, hala diote haren garaiko testigantza guztiek, baina jator itxura eman nahi izan diogu guk, jendearengana pixka bat gehiago gerturatzeko”.

Mozarten parekoa

Donostia Musikako presidentearen hitzetan, “inoiz izan den konpositorerik onenetako bat” da Beethoven. “Baina ez konpositorerik onenetako bat bakarrik, musika klasikoaren mugarri baitira haren bederatzi sinfoniak. Musika klasikoa gustatzen zaionak derrigor entzun beharra dauzka Beethovenen bederatzi sinfoniak”. Erromantizismoan eta Aro Modernoan izan diren konpositore “guzti-guztiek” Beethovenen eskutik ikasi dutela azpimarratu du Benitok. “Eskemak apurtu zituen, eta iraultza eragin zuen”, zehaztu du presidenteak. “Baina entzuteko oso erraza da Beethovenen musika, [Wolfgang Amadeus] Mozart bezain erraza, ia-ia. Musika klasikoa entzuten hasteko konpositorerik egokienetakoa da”. Alemaniarrak 6 urterekin eskaini zuen lehen kontzertua pianoarekin, eta organoarekin hasi zen 11 urterekin. 17 urterekin Vienara joan zen, Austriara, eta han egin zuen bere ibilbidea.

Bi zikloak Viktoria Eugenia antzokian eskainiko dituzte osorik, baina beste hainbat gunetara ere iritsiko da konpositore alemaniarraren arrastoa. Besteak beste, Donostiako Orfeoiaren egoitza nagusira, Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofizialera —herenegun egin zuten emanaldia— eta Donostiako Konstituzio plazara. “Abuztuan izango da saio hori, Aste Nagusian, Irungo Udal Bandaren laguntzarekin”. Benitok ez dauka zalantzarik: “Aukera paregabea da oraindik musika klasikora gerturatu ez diren horiek lehen pausoak emateko eta ganbera musika ulertzen hasteko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.