Urte osoko itxaronaldia, eta egun bateko leherketa

Urte osoko itxaronaldia, eta egun bateko leherketa

U. Zubeldia

“Bagera, gu ere bai, gu beti pozez, beti alai, beti alai!”. Donostian eta Azpeitian gehienek urte osoa igarotzen dute Sansebastian eguna noiz iritsiko zain, eta egun bakarreko danbor leherketa izaten da gero. Itxaronaldia amaituta, igande iluntzean hasiko da 24 orduko festa. Berritasunak izango dira aurten, bi kasuetan zenbait danborrada berri ibiliko baitira kalez kale. Helduen danborradan, Donostian bost talde berri sortu dira: Eroski Lankide, Karmelo Txiki, 14 Gurutze, ONCE eta Anaiak Hirian. Azpeitian, berriz, hiru dira danborrada berriak: Izarraitzpe, Ilunpe eta Inpernue.

Azpeitian, lehendik ere nahikoa pilaketa izaten zen gunean are jende gehiago sartuko dela esan nahi du aurten hiru talde berri egoteak, eta, arazorik izan ez dadin, udalak ordu laurden aurreratu du danborradaren ordua. Ondorioz, 30 taldeak 22:00etan abiatuko dira Olazko Andre Mariaren plazaren paretik, eta gauerdian iritsiko dira Azpeitiko plaza nagusira. Ohi bezala, haurrak biharamunean aterako dira danborra joz, 12:30ean, karroza eta guzti. Iluntzean, berriz, 23:15ean abiatuko dira danbor joleak Bustinzuriko Errebaletik plaza nagusira bidean, eta 00:00etan amaituko da San Sebastian eguna, banderaren jaitsierarekin.

Donostian, Union Artesanarentzat berezia izango da aurtengo ekitaldia, 150. urteurrena ospatzen ari delako elkartea. Union Artesanak festari amaiera emateko ardura izaten du urtero, eta jada jakinarazi dute “ekitaldi berezi bat” prestatzen ari direla astelehen iluntzerako.

Easo Ederrik gabe

Donostian aldaketa nabarmen bat izango da aurtengo haurren danborradan, Aitor ikastolak erabaki baitu ez dela izango ez Easo Ederrik eta ezta Ohorezko Damarik ere —urtez urte aldatuz joaten da eskola—. Ia 9.000 haurrek parte hartuko dute astelehenean haurren danborradan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.