Iraupen eskiaren harrobia

Iraupen eskiaren harrobia

Imanol Garcia Landa

Iraupen eskian lehiaketari begira trebatu nahi duenak aukera badu Tolosan egoitza duen Rojo teknifikazio taldean. Joseba Rojo tolosarrak jarri zuen martxan proiektua, eta bigarren denboraldia da hau. Iraupen eskian lehiatutakoa da Rojo, baina 2014. urtea ez zen izan berak nahi bezalakoa: “Orduan nire entrenatzaile zenak esan zidan ea zergatik ez nintzen animatzen prestatzaile moduan lan egitera, eta horrela hasi nintzen”.

Tolosarrak azaldu du ez zela zaila izan eskiatzaile soilik izateari utzi eta prestatzaile bihurtzea. Hori bai, pena eman zion: “Eskiatzaile gisa, Olinpiar Jokoetara joatea zen nire helburua, eta bi aldiz gelditu nintzen joateko zorian. Pausoa ematearen zailtasuna hori izan zen. Gainerakoan, ezagutzen nuen mundu hori, eta erraza izan zen lan horretan hastea”. Hori bai, Espainiako selekzioan entrenatzaile eta teknikari gisa lau urte egin eta gero, “ziklo bat amaitu zela” ondorioztatu zuen Rojok, eta, inguruan eskiatzaile gazte asko entrenatzaile gabe zeudela ikusita, taldea sortzera animatu zen. Lanbide bihurtu zuen entrenatzaile lana, baina, gaur egun, iraupen eskiko entrenatzaile izateaz gain, beste lan bat ere badu, “oso zaila baita eskitik bakarrik bizitzea”.

Txapelketei begirako prestaketan aritzen da Rojo, batez ere. “Iraupen eskirako teknifikazio lana egitea da asmoa; hemen, EAEn, ez dugu-eta halakorik. Kirolariek maila horietan azpiegitura eta entrenatzaile bat izan dezaten saiatzen ari gara, entrenamendu zehatzak izan ditzaten, kontrolak egin ditzaten bai medikuekin eta bai analisiekin…”, azaldu du Rojok. “Atea irekita dago norbaiti kirol hau hasieratik erakutsi behar bazaio, baina, printzipioz, lehiaketaren mundura begira sortu dugu taldea”.

Aurretik, eskiatzaileak Aragoiko teknifikazio taldera edo Kataluniakora joan ohi ziren trebatzera. “Nik uste dut hemen teknifikazio talde bat behar dela”, esan du. “Orain arte ez dugu jaso diru laguntzarik. Kirolarien gurasoengandik jasotzen dugu diru guztia, eta eskertzekoa da haien laguntza, bestela ezingo baikenuen sortu taldea. Saiatu gara diru laguntzak jasotzen, eta oraindik ere saiatzen ari gara. Teknifikazio taldea ofiziala izan dadin nahi dugu”.

Bost emakume eta lau gizon

Egun, 13 eta 16 urte arteko bederatzi kide daude taldean, bost emakume eta lau gizon: Olaia Plazas berastegiarra, Jurgi eta Ibon Irurieta errenteriarrak, Naroa Amantegi eta Irati Azpilgain tolosarrak, Alaia Jauregi azpeitiarra, Laia Arakama getxoztarra, eta Xabier Uriguen eta Peio Añerbe gasteiztarrak. “Kopuru polita dugu batera edo bestera mugitzeko; adibidez, Espainiako Kopako lehiaketara joateko. Eta ateak zabalik daude beste norbait parte hartzera animatzen bada”.

Tolosako Alpino Uzturre elkartekoak dira taldean dauden eskiatzaile gehienak. “Estatu mailan, Tolosak eta Alpino Uzturrek tradizio handia dute iraupen eskian. Asteburu oro, jende asko joaten da eskiatzera, nahiz eta gero lehiaketetan ez duten hainbestek parte hartzen. Ea orain taldean dauden hauek ikusita gazte gehiago animatzen den lehiaketetan parte hartzera”.

Astean zehar elkartzen dira entrenamenduak egiteko, Tolosako Berazubi estadioan; gimnasioan batetik, eta atletismo pistan bestetik, rolleskia egiteko. Neguan, berriz, asteburuetan, normalean, elurretara joaten dira prestatzera, Candanchura edo Somportera. Horrez gain, hainbat probatan ere parte hartzen dute. “Neguan, normalean, okupatuak izaten ditugu asteburu guztiak”.

Iraupen eskia “oso kirol osoa” dela azaldu du Rojok: “Azkenean, gorputzeko ia gihar guztiak mugitzen ditugu, eta oso gogorra da prestaketa. Lan asko egin behar da gimnasioan, enbor aldean batez ere, eta, aldi berean, asko landu behar da iraupena, kirolaren izenak dioen moduan. Lan asko dago atzean, indarra eta erresistentzia koordinatzeko”.

Txapelketei dagokienez, Espainiako Kopako probak zehaztu dituzte helburu gisa. Hain justu, asteburu honetan dituzte probak, Baqueira Bereten (Herrialde Katalanak). Espainiako Txapelketa da denboraldiko erronka nagusia; denboraldi bukaeran iritsiko da proba hori.

Leave a Reply

Your email address will not be published.