Gipuzkoako herrien izenen iragana, jasota

Gipuzkoako herrien izenen iragana, jasota

Aitziber Arzallus

Patxi Salaberrik eta Luis Mari Zalduak ondutako Gipuzkoako herrien izenak. Lekukotasunak eta etimologia azterlana argitaratu du Euskaltzaindiak, liburuan eta PDF formatuan, eta akademiaren webgunean ere kontsultagarri dago. Azterlanak Gipuzkoako herrien izenak jasotzen ditu, eta baita auzo askorenak eta bestelako populazio gune batzuenak ere. Zehazki, 182 entitate bildu dituzte, 4.500 testigantzaz jantzita —horietarik 700, ahozkoak—. Izen bakoitzak historian erakutsi dituen formak eta duen edo dukeen azalpen etimologikoa dakartza, gainera.

Egileak “metodologia serio bat oinarrian hartuta eta zuhurtziaz” jokatzen saiatu dira, eta izen berezien —toponimo, antroponimo, oikonimo eta beste— hastapeneko adiera emateko, hainbat elementu hartu dituzte kontuan, hala nola agiriek denboran izandako aldaerak, euskal fonetika historikoa, lekuaren nolakoak eta gaurdainoko esperientziak. Herri, elizate eta auzoen izenekin batera, hiriburuarena eta lurralde historikoarena ere aztertu dituzte. Horrez gain, herri bakoitzaren izenaren amaieran, gentilizioa edo herritarrei deitzeko era ere ageri da.

Proiektuaren atzean “Euskal Herriko toponimia nagusi osoa aztertu nahia” dagoela adierazi zuen Salaberrik, azterlana aurkezteko martxoaren 4an egin zuten agerraldian: “2004an Nafarroa Beherekoa argitaraturik eta 2015ean Arabakoa, iruditu zitzaidan bazegoela Gipuzkoakoa ere egiteko modua”. Haren esanetan, “Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba erromatarrek ia ukitu gabeko eremutzat jo izan dira gure artean. Ez naiz arkeologoa, baina, Kantauri isurialdeko herrien izenak hartzen baditugu, ikusten da hori ez dela horrela, eragina uste baino handiagoa izan zela”.

Baina zergatik da garrantzitsua herrien etimologia ezagutzea? Honako hau esan du Zalduak: “Koldo Mitxelenak, ironia apur batekin, esan ohi zuen munduak ezagutzen duen hizkuntza-zaharkin biltegi oparoenetarikoa dela toponimia, eta haren ikerketa sistematikoak, zalantzarik gabe, fruitu naroagoa eman lezakeela. Izan ere, toponimoek eta, oro har, izen bereziek lehen begiratuan ematen duen baino informazio gehiago gordetzen dute hizkuntzari buruz”. Besteak beste, duten irauteko gaitasunarengatik, dauden tokiko hizkuntza aldatu arren bizirik jarraitzeko ahalmena dutela dio. Haren ustetan, herrien izenak ez dira salbuespena. “Gauza asko esaten dizkigutelako gure iraganaz. Zer izan garen eta nondik heldu garen jakin nahi badugu, ezinbestekoa da toponimiak ematen dizkigun datuak aztertzea. Esate baterako, azken denboretan hainbeste aipatu den euskalduntze berantiarraren ustekaria baztertzeko bidea ere bada herri izenen azterketa”.

Egileek iritzi diote lurralde bateko toki izenak xehe aztertzeak iturri idatzirik gabeko garaiak argi ditzakeela. “Toponimia zaharrena aztertzea da historiaurreko populazioen hizkuntza ezagutzeko bide bakarretakoa, baina, toponimoek dakartzaten jakingarri guztiak azaleratzeko eta ulertzeko, ezinbestekoa da ondoan dauden izenak ikertzea ere”. Irizpide etimologikoekin ez ezen, toponimia irizpide geografikoekin ere ikertzea garrantzitsua dela deritzote. “Euskal toponimia bat da, eta hangoa eta hemengoa ezagutu beharra dago, deus funtsezkorik esango bada”.

Argitu gabeko zalantzak

Lan mardula egin dute Salaberrik eta Zalduak, baina aitortu dute leku izen askok eman dizkietela buruhausteak, hainbat arrazoirengatik. “Lanari lotu gintzaizkionean, bagenekien toponimo guztien barne muinak bistaratzea zaila eta are ezinezkoa izanen zela, eta hola agitu da”, Zalduaren arabera. “Onomastikaren ikerketa oro har, eta toponimiarena bereziki, berezko arazoak dauzkan eta denboraren buruan metodo bereziak garatu dituen jarduera espezializatu bat da”. Zarautz eta Eskoriatzako Mazmela eta Zarimutz esplikakizun gelditu zaizkiela onartu du, “etorkizunerako”; eta Nuarbe-ren etorkia ere ez dutela guztiz garbi ikusi. “Beste ikertzaile batzuek argitu beharko dituzte ilun beltzean gelditu diren horiek”.

Liburua atontzeko, hiruzpalau urte behar izan dituzte, baina kontuan izan behar da izenen azterketa izan dela bi egileen iker-jardunbide nagusia azken hamarkadotan, doktore tesia egiteko tenorean eta Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko kide gisa, kasurako. Beraz, ez dira hasi berriak lantegi horretan, eta Gipuzkoakoa ibilbide horretan ikasi eta jasotakoaren emaitza ere bada.

Euskaltzaindiak argitaratu berri duen azterlana bien arteko lana izan dela esan dute egileek. Zaldua batez ere ahozko datuetan, mapetakoetan eta ahozko literaturaren ingurukoetan zentratu da, eta Salaberri, etimologia azalpenetan eta bestelako literaturan. Bion “umea” dela adierazi dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.