Musika klasikoa: gertukoa eta gaztea

Musika klasikoa: gertukoa eta gaztea

Kerman Garralda Zubimendi

Bederatzi sinfonia, bederatzi kontzertu eta bederatzi herri. Kamerata EusKdivarius ganbera orkestrak Gipuzkoa zeharkatzeko asmoa zuen Ludwig van Beethovenen sinfoniak lagunduta. “Beethoven bat dator gure izaerarekin. Gainera, haren jaiotzaren 250. urteurrena da aurten, eta ospatzeko modu bat da hori”, aipatu du Arkaitz Mendoza Kamerata EusKdivariusen zuzendariak. “Ezin asezkoa zen Beethoven. Beti nahi zuen gehiago; beti hobetu nahi zuen. Iraultzailea zen”, definitu du zuzendariak musikari alemaniarra. Zoritxarrez, lehen kontzertuak bertan behera gelditu dira COVID-19ak eragindako alarma egoeragatik. “Ea zikloa amaitzerik daukagun”, desiratu du Mendozak.

Azkenerako proiektua gauzatzen bada, zuzendariaren hitzetan emanaldiak ez dira nolanahikoak izango: “Kontzertu pedagogikoak izango dira. Lehendabizi, Ekaitz Gonzalezek herrian kokatuko du sinfonia, duela 250 urteko testuingurua zein zen azalduz”. Ondoren, Beethovenen sinfonia bakoitzaren nondik norakoak azalduko dizkiete entzuleei: “Zergatik izan zen berritzailea, zer berezitasun dituen, une bakoitzean zergatik sartzen duen instrumentu bat edo bestea…”.

Pedagogikoa izatea ez dela haurrekin eta gazteekin lotu behar zehaztu du Mendozak, “helduentzat ere erabilgarria izan daitekeelako”, ohartarazi du. “Musikarien laguntzaz, zuzeneko adibideak ematen ditugu kontzertuaren hasieran, eta amaieran interpretatzen dugu sinfonia”. Zuzendariak azaldu du lehen bi sinfoniak klasizistak zirela, baina hirugarrenetik aurrera dena apurtu zuela: “Instrumentu eta molde berriak sartu zituen, eta aro erromantizistari ekin zion”.

Kamerata EusKdivariusek musika klasikoaren klixeak apurtu nahi ditu. “Normaltasuna eman nahi diogu musika mota horri”, hasi du azalpena Mendozak. “Adibidez, zutik jotzen dugu. Musikariak erosoago eta askeago sentitzen dira horrela, eta emaitza politagoa da”. Gainera, entzuleengandik “urruti eta beltzez jantzita” egon beharrean, elkarren arteko “distantzia txikiagoak” planteatzen dituzte. “Eta galtza bakeroak eta alkandora arrunta janzten ditugu. Hurbilago sentitzen gaituzte horrela, eta giroa ez da izaten hain hotza”. Lurrera ekarri nahi dute musika. “Kontzertua hasi baino ordu erdi lehenago kalean edo tabernan egoten diren lagunak gara gu. Hori bai, atrilaren aurrean jartzean izugarrizko lana eskaini behar dugu”.

Goi mailako musikariek osatzen dute Kamerata EusKdivarius, punta-puntakoek eta gazteek: “Musikeneko [Donostiako goi mailako musika ikastegia] azken kurtsoetako ikasleekin hasi eta musikari profesionaletaraino. Denetik dago: musika eskoletako irakasleak, kontserbatorioetakoak… Gainera, jende berria iristen ari da, eta horrek bizitasuna ematen dio taldeari”. Mendozak azaldu du Donostia inguruan musikari asko elkartzen zirela operak eta zarzuelak egiteko. “Eta gauza berriren bat egiteko gogoa sentitu genuen”. Iazko urtarrilean eman zuten lehen kontzertua, Karl Jenkins konpositore britainiarraren Bakearen Aldeko Meza. “Oso ikusgarria izan zen: abesbatza eta orkestra handiekin, bideo proiekzioekin…”. Aurten Beethovenen inguruko zikloa egitea proposatu zioten aldundiari. “Eta asko gustatu zitzaien ideia”. Kameratak abesbatza ere izaten du, eta, behar dutenetan, Donostiako Orfeoiko eta Santa Zezilia abesbatzako kideek laguntzen diete.

Kide gehienak gazteak izan arren, publiko helduarentzat interpretatzen dute normalean. “Egia da, gehienetan, helduak izaten direla musika klasikoaren entzuleak. Betidanik izan da hala, eta batzuetan gehiegi tematzen gara gazteengana hurbildu nahi horrekin”. Etapa bakoitzak musika estilo bat duela uste du zuzendariak: “Gazteek energia handiagoa izaten dute, eta pop-rocka behar izaten dute. Hogei urte geroago, berriz, atseginagoa izaten da Franz Schuberten edo Felix Mendelssohnen pieza bat”.

Etorkizunean, aukerak

“Berandu baino lehen” agertokietara itzultzeko itxaropena du zuzendariak. “Baliteke hasieran jendeak beldurra izatea, baina musika kultura da, eta itxialdi honetan argi geratzen ari da kultura behar-beharrezkoa dugula”. Gaineratu du haien kontzertuetan ez dela jende pilaketa handirik izaten. “Elizetan eta areto txikietan jotzen dugu normalean, berrehun edo hirurehun lagunen aurrean”. Suedian jada hasi dira musikarien artean metro eta erdiko tartearekin kontzertuak eskaintzen. “Eta, agian, hala hasi beharko dugu guk ere”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.