Eneko eta Leire, Ilintxatik Eibarrera

Eneko eta Leire, Ilintxatik Eibarrera

T. Madinabeitia

Genuine ligaren adarrak Legazpiraino iristen dira, hangoak baitira Eibarreko jokalarietako bi: Eneko Lopez 16 urtekoa eta Leire Gonzalez 20 urtekoa. Angel Lopez eta Amaia Mendizabal dira Enekoren gurasoak, eta Genuine liga bi gazteentzat zein garrantzitsua den azaldu dute.

Eneko izan zen lehena Eibarrera iristen. Aurretik, herriko talde batzuekin entrenatu zen, baina 2018ko udaberrian gurasoak Atzegirekin harremanetan jarri ziren, semearentzako aisialdi eta kirol aukerez galdezka; Realaren Elkarrion kirol jai inklusibora joateko gonbidapena egin zieten han. “Eneko oso futbolzalea da, eta esperientzia polita izan zen”, gogoratu du Angelek. Ondoren jakin zuten adimen urritasuna dutenentzako liga bat martxan zela, eta Eibarren bukatu zuten; “poz-pozik gaude”. Leire, berriz, denboraldi honetan hasi da jokatzen Eibarren, eta kapitaina eta golegile nagusia da dagoeneko.

Entrenamendu “zorrotzak”

Eibarrera iritsi zenean, Enekok artean ez zituen 16 urte, eta ezin izan du lehiatu hankaz gora geratu den denboraldi hau hasi arte. Hala ere, hasieratik joan da Soraluzera, entrenamenduetara. “Batzuetan lan orduak ere galdu izan ditut, baina hain aberasgarria da…”, azaldu du Angelek. Jokalarien arteko giroa goraipatu du Enekok. “Batzuk hobeak dira jokoan, adin desberdineko jendea dago, baina ez dago lehiakortasunik; berdinak gara guztiak”.

Entrenamenduak “oso zorrotzak” dira. “Derrigorrezkoa da joatea, ordurako joan behar da, elastikoa eraman behar da… Diziplina asko zaintzen da”, baina bukaeran giroa lasaitu egiten da, eta elkarrekin ogitarteko bat janez bukatzen dute goiza. Teknikarien lana ere nabarmendu du Angelek: Romarate koordinatzailea, Andoni Igartua entrenatzailea, Ioritz Begoña bigarren entrenatzailea, Jose Ignacio Santaines eta Borja Bastida boluntarioak…

Elkarbizitza ere asko lantzen dutela azaldu dute Enekoren gurasoek. “Oso garrantzitsua da, lehiatzera kanpora joaten direnean elkarrekin igarotzen dutelako asteburua”. Enekok, dagoeneko, bi irteera egin ditu taldekideekin, Sevillara (Espainia) eta Tarragonara (Herrialde Katalanak). Gijonerako (Espainia) eta Lezamarako (Bizkaia) irteerak bertan behera geratu dira. Ez da alarma egoerak Eibarri zapuztu dion plan bakarra, zale talde bat sortzeko lehen pausoak ere bere horretan utzi dituelako. “Lehiatzera joaten garenean, jokalariei merezi duten babes soziala eman nahi diegu”. Hurrengo denboraldian jarriko dute martxan zale talde hori.

Enekok Eibarren egindako bi urteen ondoren, gurasoek esker on hitzak besterik ez dituzte klubarentzako. “Tratua bikaina da; lehiatzera joatean, abioian bidaiatzen dute, aireportura lehen taldearen autobusean joaten dira, elastikoak-eta ematen dizkiete…”. Eta Paniniren apustua ere “txalogarria” dela diote.

Kromo bilduma

Legazpiko bi futbolari gazteak ere gustura daude Eibarrekin. Leirek erdilari gisa jokatzen du, ezkerretik batzuetan, eskuinetik besteetan; Eneko, berriz, atzelari eta aurrelari gisa aritzen da. Larunbatak noiz iritsi zain egoten dira, entrenamenduetara joateko. “Oso ondo pasatzen dugu”.

Leire oso kirolzalea da, eta futbola txikitatik gustatzen zaio. Eibarren jokatzea “amets bat bezalakoa” dela aitortu du. Hasiera “arraroa” izan zela dio, denbora asko zeramalako jokatu gabe; Ilintxan ibili zen lehenik, eta Urolan gero. “Zoriontsu nago; jende asko ezagutu dut, entrenatzaileak konfiantza ematen dit, Tarragonan eta Sevillan izan naiz, komunikabideek elkarrizketak egin dizkidate…”. Eta kromoarena… “Ospetsua naiz orain!”.

Eneko ere harro dago Eibarreko jokalaria izateaz. Betidanik gustatu izan zaio futbola, eta txikitatik entrenatu du Ilintxarekin; aurten, gainera, herriko zazpiko futbol txapelketan parte hartu behar zuen talde bateko kidea zen. Paniniren albumeko kromoa izatea ere gustatu zaio.

Leave a Reply

Your email address will not be published.