Herrien familia zabalak mundu osoan barrena

Herrien familia zabalak mundu osoan barrena

Miren Garate

Euskal Herrian bertan, Europan nahiz beste kontinenteren batean. Herriek ere han eta hemen izaten dituzte senideak. Luzea da zerrenda, baina adibide batzuk jartzen hasita, Donostia Bojador (Sahara), Marugame (Japonia), Plymouth (Ingalaterra), Reno (AEB), Trento (Italia) eta Wiesbaden (Alemania) hiriekin dago senidetuta; Arrasate, Sunchalesekin (Argentina); Azpeitia, Hazparnerekin (Lapurdi); Zarautz, Pontarlierrekin (Frantzia); eta Antzuola, Aiherrarekin (Nafarroa Beherea). Pertsonen artean gertatzen den bezala, harreman horiek estuak izaten dira batzuetan, eta antzuagoak beste batzuetan.

Batik bat, Bigarren Mundu Gerraren ostean hedatu zen udalen arteko harremanak finkatzeko ohitura hori; hein batean, adiskidetze behar batek bultzatuta. Hain zuzen, 17.000 senidetze baino gehiago daude gaur egun Europan —Alemania eta Frantzia dira halako gehien dituzten herrialdeak—. Elkar ezagutzea dute helburu nagusi, eta, horretarako, jai eta folklore kutsuko egitasmoak antolatu ohi dituzte elkarrentzat, baita ekonomia sustatzeko proiektuak ere. Alabaina, badaude guztiz bestelako senidetzeak ere, kooperazioari begirakoak. Esate baterako, Gipuzkoako herriek hainbat lotura finkatuta dauzkate Palestinarekin, Mendebaldeko Sahararekin eta Latinoamerikako herrialdeekin.

URRETXU ETA SCHWARZENBRUCK
Elkar ezagutzeko gogoa

Alemaniako Schwarzenbruck herriarekin dago senidetuta Urretxu, 1991tik. Honako hau dio hitzarmenaren aktak: “Europa aske bat, kontinenteko herriak bakean eta askatasunean bizitzeko aukera emango duena, indar guztiek bat egiten dutenean eta eskualde bakoitzaren berezko ezaugarriak errespetatzen direnean bakarrik izango da posible”. Adostu zuten dokumentuaren arabera, horretarako beharrezkoa da “hizkuntza desberdinak hitz egiten dituzten pertsonek, mugak gorabehera, topo egitea eta elkar ezagutzen ikastea”. Alemanian bizi zen urretxuar baten bidez hasi zen erlazioa, 1988an. Europako Batasunak ere sustatzen zituen lotura horiek, diru laguntzen eta bestelako tresnen bidez. Urte batean, urretxuarrak joaten ziren Schwarzenbruckera, eta hurrengoan, alderantziz. Hasieran, udaleko ordezkariek hartzen zuten parte bidaietan, eta gero, kultur, kirol eta gizarte arloko pertsonek ere bai, herritarren arteko harremanak sendotzeko.

“1990ean, adibidez, 54 lagun etorri ziren Urretxura, eta herriko jendearen etxeetan hartu zuten ostatu”, kontatu du Miren Castillo Urretxuko Sustapen Soziokulturaleko koordinatzaileak. Hurrengo urtean gauzatu zuten ofizialki senidetzea. Udal agintariekin batera, txistulariak eta Lurra taldeko dantzariak joan ziren Alemaniara, eta bost arlo hauek bultzatzea adostu zuten: truke kulturalak, kirol trukeak, lankidetza teknikoa eta prestakuntza, garapen ekonomikoa eta truke sozialak —bidaia turistikoak, ikasketa bidaiak eta beste—. Esaterako, senidetzearen osteko urteetan, zenbait urretxuar Schwarzenbrucken izan ziren, umeak zaindu eta hizkuntza ikasten.

Gorabeherak ere izan dira, ordea. Akordioa sinatu eta hurrengo urtean, 60 lagun etorri ziren Alemaniatik, eta, guztientzat etxerik ez zegoenez, erdiek hoteletan hartu behar izan zuten ostatu. “Alemaniako familia gehienak etxebizitza familiabakarretan bizi ziren, baina Urretxukoak pisuetan. 60 pertsonako taldeen mantenuak eta ostatuak eragiten zituen kostu handiak tarteko, planteatu zen zaila zela maila horretako truke kulturalei eustea”.

Senidetzea sinatu eta bost urtera egindako balorazioan ere, bi alkateek onartu zuten sinbolikoak, folklorikoak eta trukeari lotutakoak izan ez ziren egitasmoek ez zutela garapen handirik izan, nahiz eta sortu ziren zenbait lotura. Nabarmendu zuten ezen, udalek harremana izatea garrantzitsua izan arren, herritarrek izan behar zutela protagonista.

Hala, 1998tik 2008ra artean, harreman instituzionalen ordez harreman pertsonalak izan ziren nagusi, aurrez egindako adiskideak bisitatzen jarraitu baitzuen jendeak. “Gernikan bizi zen alemaniar batek xake txapelketa ere antolatu zuen senidetuta zeuden Alemaniako eta Euskal Herriko herrien artean”. 2003tik 2011ra egin zen txapelketa hori, baina 2012an, egoera ekonomikoa zela medio, bertan behera geratu zen, eta 2013an online egin zuten. Azken urteotan indartu egin da bi herrien arteko harremana. Iaz, 50 lagun etorri ziren Urretxura Schwarzenbruck, eta aurten UGLE eskolako hogei gazte ziren hara joatekoak, Erasmus antzeko programa baten bidez, baina pandemiagatik bertan behera geratu da.

ZIZURKIL: SEGUNDO MONTES ETA LLADO
Lankidetza erdigunean

Bestelako helburuak ditu Aiztondo haraneko herrien eta El Salvadorko Segundo Montes komunitatearen arteko senidetzeak. 1992a zen, eta Mikel Arrastoa Zizurkilgo alkatea eta Euskal Fondoko kidea zen —gaur egun lehendakariordea da—. Erakunde horren bidez iritsi zitzaien El Salvador bisitatzera joateko gonbidapena. “GKEek bultzatuta, udalen aurrekontuaren %0,7 kooperazio proiektuetara bideratzeko kanpaina zegoen orduan. El Salvardorren gerra amaitu berria zenez, pentsatu genuen han izango zutela beharrik handiena”. Bitxikeria bat ere izan zen lehen hartu-eman hartan: katalanak zirela pentsatu zuten, eta katalanez abestu zieten. “Hala ere, oso ondo kantatzen zutela esan genien, eta Euskal Herrira etorriz gero, arrakasta izango zutela”.

Hala, etxera itzulitakoan, El Salvadorko talde bat ekartzeko bidaia prestatzeari ekin zioten zizurkildarrek. “Hango egoera kontatu nahi genuen. Kontzertu dezente eman zituzten, eta ateratako diruarekin ordaindu zituzten egonaldia eta bidaia”. Urte horretan bertan gauzatu zuten senidetzea Zizurkilek eta Segundo Montes komunitateak, 1993an, eta Aiztondo haraneko herriei ere zabaldu zieten gonbidapena. Hala, hurrengo urteetan, Asteasuk, Adunak eta Villabona-Amasak, ere bat egin dute egitasmoarekin.

Proiektu nagusietarako laguntza —ura, saneamendua, generoa…— Euskal Fondotik bideratzen dute. “Baina mikroproiektuak ere egiten ditugu herrietako laguntzarekin: Asteasun, kros bat egiten dute urtero; Zizurkilen, elkartasun taloak saltzen ditugu; Adunan, Santa Agedan biltzen dute dirua…”. Eta baliabide horiekin, besteak beste, haurtzaindegi baterako baratzea eta gazteentzako ikasteko bekak sortu dituzte. “Gazteek egoera oso txarra dute, marengatik, indarkeriagatik eta abar; nahi duguna da musikaren, antzerkiaren eta beste tresna batzuen bidez, joera horietatik apartatzea”.

COVID-19a dela eta, aurten ezin izan dute senidetze eguna ospatu, baina, bestela, urtero egiteko ohitura dute, maiatzeko azken larunbatean, herriz herri, txandaka. Segundo Montes komunitateko zenbait ordezkarik parte hartu ohi dute, eta Aiztondotik ere joan izan dira El Salvadorrera. “Whatsapp bidez ere harreman handia dugu: han edo hemen zerbait gertatzen bada, elkarri galdetzen diogu zer moduz gauden, elkartasuna adierazteko udalaren idatziak bidaltzen ditugu, eta abar”.

Urtero ospatzen duten egun horretan, Kataluniako Llado herriko ordezkariak ere izaten dira; izan ere, herri horrekin ere senidetuta dago Zizurkil. “Guztiz bestelako funtzionamendua du: harreman kultural edo politikoa da, ez kooperazio harreman bat”. 2017ko urriaren 1eko erreferendumean, adibidez, nazioarteko ordezkari moduan joan ziren zenbait lagun Kataluniara.

LEABURU: GUELTA ETA LARRESORO
Herritarren ekimena

Leaburu ere bi herrirekin dago senidetuta: Mendebaldeko Saharako Gueltarekin eta Lapurdiko Larresororekin. “Saharakoa elkartasun proiektu bat da; izan ere, herritar batzuk oso inplikatuta daude hango egoerarekin: urtero joaten dira kanpalekuetara, Oporrak Bakean proiektuan parte hartzen dute…”, azaldu du Jose Ramon Eizagirre alkateak. 2005ean sinatu zuten senidetzea.

Leaburuk Larresororekin duen harremana ere herritar batzuek bultzatutakoa da. “Hemengo batzuek eta Larresoroko batzuek elkar ezagutu zuten, eta elkar gonbidatzen hasi ziren: hangoak etortzen ziren, gero hemengoak hara joan…”. Denborarekin, sakondu egin zuten harreman hori. “Halako batean, bi udalok pentsatu genuen gauza polita zela, eta udaletik bultzada bat eman behar geniola ofizialki, eta horrela etorri zen senidetzea”. 2014ko abenduan izan zen.

Urtero, gutxienez pare bat egunpasa egiteko ohitura daukate. “Bat hemen eta bestea han, eta, horretaz gainera, azokaren bat edo ekitaldi kulturalen bat dagoenean, elkar gonbidatzen dugu”. Harreman horien balorazio oso positiboa egiten dute udaleko ordezkariek. “Uste dugu horrelako harremanak oso mesedegarriak direla, elkar ezagutzen laguntzen dutelako”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.