Hezkuntza formalaren itzalean

Hezkuntza formalaren itzalean

Julen Aperribai

Ohi baino ia hilabete geroago, eta protokoloek eta neurri zorrotzek baldintzatuta. Hala hasi dute ikasturtea Gipuzkoako haur txoko eta gazteleku gehienek. Azkeneko asteak irizpideak eta jarraibideak prestatzen eman dituzte espazio horiek kudeatzen dituzten elkarteek, COVID-19aren aurrean hartu beharreko prebentzio neurriak zehazten. Gipuzkoako Foru Aldundiak iragan astean jakinarazi zuen akordio bat izenpetu zuela 71 udalerrik eta 31 erakundek osatzen duten Gaztematika sarearekin, eta dokumentu batean jaso dituztela akordioaren oinarriak. Esparru horretan lanean aritzen diren zenbait hezitzaile, ordea, kexu dira zehaztasun faltaz eta hezkuntza ez-formala behar beste aintzat hartu ez izanaz.

Uztailean jaso zituzten lehen irizpideak, Eusko Jaurlaritzaren eskutik; hain justu, konfinamenduaren ostean, haur eta nerabeen egoera lehengoratu, eta gurasoen kontziliazio arazoak azaleratu zirenean. Orduan jasotako gomendioei jarraikiz osatu dituzte barne araudiak haur txoko eta gazteleku gehienek, udalekin elkarlanean. “Uztailean marra gorri moduko batzuk ezarri zitzaizkigun, eta horren arabera aritu gara gu egoera kudeatzen eta planak garatzen. Irailean ere oinarri horri helduta hasi gara lanean”, azaldu du Jone Ojea Txatxilipurdi elkarteko kideak. Aretxabaletako eta Eskoriatzako gaztelekuetako koordinatzailea da Ojea. Asteburu honetan hartuko dituzte lehenbizikoz haur eta gazteak ikasturtea hasi zenetik. Iragan asteburuak tenperatura hartzeko balio izan zien, ate irekiak izan baitzituzten. Barne araudia oraindik praktikara eraman ez duten arren, eta gaztelekuko jarduna asko mugatuko diela jakitun bada ere, “oso sentsazio onak” izan zituztela dio.

Hezkuntza ez-formalak berezkoa duen funtzio hezitzailea ez galtzea dute erronka halako espazioek. Mugatuta izango bada ere, horretarako modua ikusten du Idoia Mariñelarena Zarauzko Haize-Orratz udal gaztelekuko koordinatzaileak: “Guk ez dugu edukien curriculum bat. Ekintzak, jolasak, talde jolasak… Hori da gure esentzia, eta hala izan behar du, gainera. Nerabeen arteko harremanak sustatzen ditugu, eta zaila izango zaigu egungo egoerara egokitzea; posible da, ordea, eta ari gara horretan”. Urriaren 1ean ireki zuten gaztelekuaren eraikina, baina lehenago jarri ziren martxan. Irailean zerbitzua kalean eskaini dute. “Hezkuntza harremanean” jarri dute fokua, Mariñelarenak azaldu duenez: “Hezitzaileak gauden lekuan, hor eskaintzen dugu zerbitzua, eta hori ondo ulertu da. Azken batean, garrantzitsuena ez da zer baliabide ditugun, baizik eta zer hezkuntza harreman daukagun nerabeekin”.

Helburuak bete

Mugak muga, zerbitzuaren helburuak betetzearen garrantzian jarri du fokua Julen Urrestarazu Ibarrako Gazte Zuloko koordinatzaileak: “Ekintza aberasgarriak egiten saiatzen gara, haurrak eta nerabeak herrian agente aktibo izan daitezen. Argi geneukan horri bide eman beharra zegoela”. Asteartean berrartu zuten espazioko jarduna, baina irailaz geroztik izan dira martxan. Haurrek erabilgarri izan dute txokoa aste barruan, eta helduagoak izango dira bertan asteburuan. Izan ere, haurrei nahiz nerabeei begirako lekua da Ibarrakoa, Parte Hartzea Sustatzeko Zerbitzu gisa kategorizatua. Barrura begirako lanean aritu dira azken asteetan, udalarekin batera, zerbitzua egoerara egokitzen. Ikastolako haur eta nerabeek bete ohi dute espazioa, baina funtzionamenduan aldaketa dezente izango dira aurrerantzean: adin tarteak txikitu, haien arteko banaketa handitu, ratioak murriztu…

Horrez gain, higiene neurriak zorroztu dituzte, eta materiala egungo egoerara egokitu behar izan dute. Aldaketa horiek guztiek espazioaren berezko jarduna “dezente eragin” dutela uste du Urrestarazuk, eta praktikara eramatean ikusiko dutela ea hala moldatzeko gai diren: “Azaro erdialdean jakingo dugu ea planteatutako guztiak benetan funtzionatzen duen”.

AZPEITIKO GAZTELEKUA.

Kontziliazio arazoen menpe

Guraso askok lana eta seme-alaben aisialdia bateratzeko dituzten arazoei aterabidea aurkitu beharrak lehen planora eraman izan du hezkuntza ez-formalaren garrantzia. Agerikoa izan zen hori uda hasieran, Ojeak, Mariñelarenak eta Urrestarazuk diotenez. Hala ere, egoera hark hezitzaileen lanari balioa eman baino gehiago, haur eta nerabeen zaintzaren beharra azaleratu zuela uste dute. Gurasoen begirada nagusitu zela dio Mariñelarenak: “Uda partean garrantzia eman zitzaion hezkuntza ez-formalari, baina ez hainbeste nerabeen ikuspegitik, baizik eta kontziliazioaren ikuspegitik; zer egin gure haurrekin eta nerabeekin, non sartzen ditugun, helduok gure eguneroko dinamikarekin jarraitu ahal izateko”. Uztailetik hona, “aisialdiak eta hezkuntza ez-formalak duten garrantzia” bigarren plano batean geratu dela uste du Ojeak, eta, lehen planoan izan denean ere, “zaintzaren ikuspegitik” heldu zaiola gaiari.

Eskaintzen duten zerbitzuarekiko “ezjakintasunak” benetan duen garrantzia kentzen diola iruditzen zaio Urrestarazuri: “Ez dira zerbitzu ezagunak; jendeak ez daki zein diren lantzen ditugun edukiak eta egiten saiatzen garena”. Hortik datoz uste okerrak, haren arabera. “Formazioa eta esperientzia dauzkagu, eta, hala ere, oraindik begirale deitzen digute batzuek”, dio. Hezkuntza helduen tutoretzapean egiten denetik harago doala defendatu du, ordea. “Haurrak eta nerabeak aske dira hemen, euren erabakiak hartzen dituzte, eta, bide horretan, gu zirikatzaileak eta bidelagunak gara. Autonomia eta pentsamendu kritikoa duten haur eta gazteak sustatzen ditugu”, azaldu du. Edonola ere, beti hezkuntza formalaren itzalpean egongo direla uste du; bai, behintzat, “hezkuntza ez-formala etorkizunerako inbertsio moduan ikusten hasten garen artean, eta ez gastu moduan”.

Estigmatizazioa

Kasu askotan, COVID-19aren hedapenaren ardura gazteengan jarri izanak aisialdia estigmatizatu duela uste dute hiru hezitzaileek; eta, gaztelekuetako jarduna ere aisialdi hutsera mugatzen dutenez zenbaitek, halako espazioetan egiten denarekiko beldurra handiagotu dela. Izen emateek behera egin dutela aitortu du Urrestarazuk, azken urteetako bilakaerarekin apurtuz, eta beldur horrekin lotu du. Jokabide batzuekin lotu dira nerabeak, Ojearen arabera, eta haien inguruan asko hitz egin dela uste du, baina, egin denean, batez ere helduen begiradatik egin dela dio. Kontrara, Txatxilipurdik kudeatzen dituen espazioetan, “nerabeen izaera propioa” aldarrikatuko dutela dio: “Neurri guztiak errespetatuko ditugu, noski, baina nerabeen autonomia sustatuko dugu. Are gehiago, kontuan izanda helduok gure aisialdia nahiko era normalean bizi dugula”.

Nerabeek egoera euren betaurreko propioekin behatzeko eta ahots propioz hitz egiteko aukerarik ez dutela izan uste du Mariñelarenak, eta uda partean asko estigmatizatu dela haien aisialdia. “Hemen, Zarautzen, agerraldi bat izan genuen ekainean, eta ardura handia jarri zen nerabeengan”, adierazi du. Hain justu, harremanetarako eta esperimentaziorako oso garrantzitsua duten garai batean jaso dute zigor soziala, nabarmendu duenez: “Nerabetan, denok izaten ditugu esperientzia esanguratsuak uda garaian: lehenengo harremanak, jaiak, alkoholaren kontsumoa… Aukera gutxiago izan dute horrelakoetarako. Eta oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit beraien ibilbide pertsonalerako. Beharrezkoak dituzte halakoak; ez dira kapritxoak”. Aisialdi eredu jakin bat bultzatu, eta beste bat baztertzeko arriskua ere ikusten du, eta, alde horretatik, zer mezu zabaltzen den garrantzitsua dela. “Uste dut administrazio publikoak aurrerapauso bat eman behar duela, eta eredu izan. Ekintza pribatu ia gehienak egiten ari dira, eta, udan, berriz, bertan behera geratu dira herri askotako udaleku irekiak”.

Ildo beretik jo du Urrestarazuk. “Publizitate eta sustapen gehiago egin, eta zerbitzu hauei benetako garrantzia” eman beharko litzaiekeela uste du.

Leave a Reply

Your email address will not be published.