Pasarteak

Felix Elejalde Aldama historialariak (Ezkurra, Nafarroa, 1929-Donostia, 2014) Behin batean Loiolan liburua idatzi zuen 1998an. Kuartelei lotutako zenbait pasarte biltzen ditu liburuak.

“San Fernando eguneko jaiegunaren barruan, futbol partida bat antolatu zuten kuarteleko talde baten eta Errealaren artean. Kuarteleko taldeak irabazi zuen. Azalpena honako hau izan daiteke: kuarteletan Idigoras, Satrustegui, Zamora, Urrutikoetxea eta abar soldaduzka egiten ari zirela”.

“Merkataritza establezimenduen hazkundea nabarmena izan zen auzoan, bezeroen hazkundeak eraginda. Adibide bitxi bat: tabernek, biltegiek eta abarrek beren armairu sistema sortu zuten. Bateren batek 500 ere izan zituela esaten da. Soldadua paseora joaten zenean, militarren arropak gordetzen zituen horietan, eta kuartelera itzultzen zenean, alderantziz. Alokairu horiek etekin onak ematen zizkieten saltokiei”.

“1922ko otsailean hasi ziren kuartelak egiten, eta Ormaechea y Cia. enpresa arduratu zen haietaz. Ez ziren bide onetik hasi, irailean gelditu egin behar izan baitzituzten lanak, langileen grebagatik. Hala ere, aurreikusitako epean amaitu zituzten”.

“Kuartelak eraikitzen ari ziren garaian, Tuniz baserriaren lurretan paseoak egin ohi zituen zaldiz Alfontso XIII.ak, eta etxeko nagusiak zaldunari kargu hartu zion: ‘Adizu, jauntxo: lur hauek badute jabea. Zuri ez zaizu tokatzen hemendik pasatzerik'”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.