Atzeak erakuts dezala aurrea nola dantzatu

Leire Narbaiza
Azken boladan oso jende gaztearekin dut harremana, ikasle dauzkat eta. Aurreko ikasturteetan izan ditut gaztetxo batzuk taldeetan, baina aurten bezainbeste sekula ere ez.

Leire Narbaiza

Azken boladan oso jende gaztearekin dut harremana, ikasle dauzkat eta. Aurreko ikasturteetan izan ditut gaztetxo batzuk taldeetan, baina aurten bezainbeste sekula ere ez. Konturatuta nago ia ez duguna erreferenterik konpartitzen, zeren eta ematen diedan testu askotan —ia guztietan ez esategatik—. hiztegia eta esamoldeak ez ezik, datu eta egoerak ere azaldu behar baitizkiet. Batzuetan harrigarria egiten zait ez ezagutzea kontu batzuk (abstinentzia sindromea zer den, esate baterako). Beste batzuetan sutan ere jartzen naiz, eskolan ikasi beharko zituzketen erreferentzia historikoak direlako. Gutxienetan —nire belaunaldia delako gizateriaren zilborra—, kontziente naiz ezin dutela jakin, eta inork ez diela transmititu —gure gizaldiaren errua, argi eta garbi—. Ez dizkiegu adierazi gauza asko gure ondorengoei, eta esamoldea eraldatuta, esango nuke atzeak erakutsi behar duela aurrea nola dantzatu, egin ditugun akatsak errepika ez ditzaten.

Hirugarren kasua izaten denean, Amama Kipuleta bihurtzen naiz, eta kontu kontari jarduten dut. Aurreko baten azaldu nien gutunak idaztea zer zen, zelako zirrara eragiten zigun lagun baten eskutitza jasotzeak, zelako kontuak kontatzen genituen, denbora behar izaten zela trukea gauzatzeko, batzuetan itxarotea zein gogorra izaten zen… inoiz ez dutelako benetako gutunik idatzi, ezta jaso ere! Baliabide teknologikoek moztu diete bidea, modernizatzeak beti duelako ordainketaren bat. Ez dadila gaizki uler: eskutitzena ez da aurreko sasoietako nostalgia, gure lanaren zati bat baizik. Gazte horiei gutunak idazten irakatsi behar diegulako, hirurehun hitzeko testu errealak produzitu behar dituztelako azterketari begira. Hirurehun hitz eta erreala! Eta eskutitza izan daiteke, gainera! Azterketagintzaren absurdoak! Baina, sistemak eskatzen duenez, guk bete egin behar.

Sistemak eskatutako horretaz gain, beste alor batzuetan ilustratzeko behar morala ere sentitzen dut, eskolak eta familiak egin ez dutena. Euskalduntze prozesuan egiten dugun moduan, baina zonalde nahiko euskalduneko D ereduko gazteez dihardut, euretako asko familia euskaldunetakoak, euskaraz bizi direnak. Baina ez zaizkie transmititu hainbat pasarte, oraingo hizkeran “errelatorik” ez diegu eman. Eta horrelakoak gertatzen zaizkigu: ia inork ez zekien nor zen Xabier Lete. Ezaguna ere ez zitzaien egiten.

Zer esanik ez euskararen jazoera garrantzitsuekin. Ez diegu debekuez hitz egin, ikastolen sorreraz, euskara batuaren jaiotzaz… Ez dutenez egunkaririk irakurtzen, ez dakite ezer Euskaldunon Egunkaria-z, adibidez. BERRIA existitzen dela bai, ematen dizkiegun artikulu askoren logoa delako. Bestela, zalantza dut jakingo zuten zer den ere.

Ezagutu barik Egunkaria zelan jaio zen, zenbat kostatu zen sortzea, zenbat oztopo zeuden eta jarri zizkioten, nola balioetsi produktua? Jakin gabe indarrez itxi zutela Auzitegi Nazionalak eta Guardia Zibilak, zelan prezatu BERRIAk egunero ematen diguna? Kazeta biek egindakoak ez dira esfortzu horiegatik estimatu behar, badakit, eguneroko beharrak balio ematen dielako emaitzari, baina adierazi behar zaie norbaitzuen eginahalei esker dugula orain duguna. Pertsona askoren proiektua (izan) dela hizkuntzaren normalizazioan, euskaldunon beharrak asetzean. Gure historiaren berri izan dezaten, berriro ere eraikitakoa berreraiki behar ez dezaten.