Silvia Garrues: “Senideen arteko gatazketan emozioak landu behar dira”

Silvia Garrues: “Senideen arteko gatazketan emozioak landu behar dira”

Karmele Uribesalgo

Duela 25 urte jarri zuen martxan Eusko Jaurlaritzak familia bitartekaritza zerbitzua. Senideen arteko gatazkak konpontzea du helburu. Gaur egun, publikoa zein pribatua izan daiteke laguntza hori. Silvia Garrues abokatuak (Tolosa, 1972), esate baterako, Tolosan dauka bulegoa, eta askotariko harremanak lantzen ditu bertan.

Zer da familia bitartekaritza?

Familia zuzenbidea dago familia bitartekaritzaren atzean, eta familia barruan gertatzen diren gatazkak lantzen ditugu horren bitartez. Oinordetzak, esaterako, familia zuzenbidearen barruan daude. Hala ere, batez ere, banantzeetan eta dibortzioetan zentratu ohi gara gu, eta, ondorioz, kustodia edo zaintzetan. Bikote bat banantzera doanean, kontu pila bat aztertu behar dira; besteak beste, arlo ekonomikoa, etxebizitza edo zaintza. Horien inguruko xehetasunak aztertzeko aukera ematen du familia bitartekaritzak.

Nori zuzenduta dago?

Printzipioz, senideekin gatazkak dituztenei. Gure bulegora askotan etortzen dira adostasunezko banantze bat egin nahi duten bikoteak, eta gustatzen zaie tramiteak egiteko orduan guk pixka bat gidatzea. Bitartekari gisa, hasieratik saiatzen gara laguntzen. Zer behar dituzten aztertzen dugu, ondorioak atera ahal izateko. Banantzeen kasuan, oso ohikoa izaten da bikoteak haserre ateratzea epaitegitik, baina kontuan izan behar da umeak edukiz gero harremana ez dela bukatu; bikote hori banantzen den momentuan beste harreman mota bat hasten da, eta askok ez dute jakiten horri nola aurre egin. Hori kontuan hartuta, oso garrantzitsua da harremana lantzea.

Bikote harremanetan bai, baina aipatu duzu beste kasu batzuetan ere behar izaten dela bitartekaritza.

Anai-arreben arteko gatazkak ere lantzen ditugu. Batzuetan, ondasunak banatzeko orduan, arazoak izaten dira, eta adostasun bat lortzen laguntzen diegu. Izan ere, badaude kasuak non hainbat konpromiso dauden familia barruan, baina ez dagoen inon idatzita. Enpresa arloa ere lantzen dugu. Familiako enpresak direnean eta lantegiaren ardura bigarren edo hirugarren belaunaldiari iristen zaionean, ohikoak izaten dira iskanbilak. Gainera, hainbat belaunalditako kideak elkartzen dira batzuetan, eta horiek ez dute izaten ikuspuntu bera. Horrela, gure lana da enpresa horrek aurrera egin dezan laguntzea, desager ez dadin. Horretarako, guztiek dituzten gauza komunetan jarri behar dugu arreta, desberdintasunak baino gehiago izaten baitira. Emozioak ere asko lantzen ditugu. Izan ere, senideen artean emozioak airean egoten dira, eta emozio horiek landu egin behar dira. Sistema tradizionalean, bide judiziala hartuta, hori ez da lantzen. Horrez gain, nik uste dut epaile batek edo hirugarren pertsona batek ezin duela egin baten edo bestearen alde; ni bitartekaria naiz, baina ez ditut erabakiak hartzen, haiena da azkeneko hitza. Modu horretara, ezer inposatu gabe, askoz errazagoa da akordioa betetzea.

Zein da bitartekaritzaren helburua?

Familiako kideen arteko harremanak eraldatzea eta zuzentzea, baina ez behin-behinean, betirako baizik. Bikote harreman bat kutsatuta egonez gero, komunikazioa hobetzen saiatzen gara, bide onetik eramaten. Gainera, horrelako kasuetan posible da bi aldeek irabaztea. Pentsatu izan dugu alde batek irabazten zuela eta besteak galdu, baina gure asmoa da denek irabaztea.

AEBetan ikasitakoa zara. Bitartekaritzari dagokionez, badago desberdintasunik hango eta hemengo egoeraren artean?

Kulturak zeresan handia dauka. AEBetan familia bitartekaritzara jotzean, arratsalde batean egiten da lanketa, lau edo bost ordutan; gehienez ere, bi egunetan. Hemen, berriz, ezinezkoa da hori. Jendeak askoz denbora gehiago behar du gauzak prozesatzeko. Gure pentsatzeko modua erabat ezberdina da estatubatuarrekin alderatuta, eta hemen ez da posible AEBetako erritmoan egitea bitartekaritza. Hori dela eta, informazioa ematen dugu, entzun egiten dugu, eta baita proposamenak egin ere. Hemen, saio bat egin eta hurrengo astean elkartzen gara berriz ere. Horrela, lasai har dezakete prozesua eta pentsatzeko denbora izaten dute. Gutxi gorabehera, lau saio behar izaten ditugu jendea gustura gelditzeko. Horrez gain, AEBetan bitartekaritza oso zentratuta dago negoziazioan. Emozioak lantzen badituzte ere, ez dituzte izaten hemen bezain presente. Nik uste dut horrek ere baldintzatzen duela bitartekaritzaren iraupena.

Ezaguna da zuen zerbitzua? Herritarrek badakite aukera hori dagoela?

Gero eta jende gehiago etortzen da guregana. Batzuk nahastuta egoten dira, ez dute guztiz argi izaten zer den bitartekaritza. Hala ere, kontzeptu positibo gisa hartzen dute, eta jendeak lasaiago hartzen du kontua gurera etorrita. Esango nuke gero eta ezagunagoa dela zerbitzua.

Agian, uste baino jende gehiagori etor dakioke ondo bitartekaritza, ezta?

Noski. Baina jende askori, agian, bururatu ere ez zaio egingo zerbitzu horretara jotzea. Guregana etortzen direnak galduta etortzen dira askotan; entzun dute zerbait, badakite positiboa dela, baina ez dute guztiz argi zer den. Ez dute haserretu nahi elkarrekin, eta harreman on bat izateko asmotan etortzen dira.

Pandemiak are beharrezkoagoa egin du zerbitzua?

Harreman batzuk hobetu egin dira, baina badaude okertu diren erlazioak ere. Guk nabaritu dugu pandemia hasi zenetik lan gehiago daukagula. Izan ere, denbora asko ari gara pasatzen etxean, eta, ondorioz, liskar asko izaten da. Bitartekaritza laguntzen ari da arazo horiek konpontzen. Oso positiboa izan daiteke bitartekari batengana jotzea. Blokeoak egoten dira askotan, eta merezi du hori aldatzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.