Huhezinema, molde hibridoan

Huhezinema, molde hibridoan

Miren Garate

Urte arraroa izan arren, sorpresa polita jaso dute Huhezinema jaialdiko antolatzaileek, uste baino lan gehiago aurkeztu baitira lehiaketara; 73, hain zuzen. Lehen galbahea pasatuta, aukeratu dituzte jada sail ofizialean lehiatuko diren hamar film laburrak: Maddi Barberren Gorria, Ibai Altunaren La Cirila, Aitor Gametxoren Hemen. Gaur. Berriz., Laura Perez Makedanoren Lamia, Igor Fernandezen La Noche del Cocodrilo, Iker Esteibarlandaren Before I Die, Paul Urkixoren Dar-dar, Aitor Arrutiren Datsegit, Tucker Davila Wooden Barbudos eta Xabier Larrazabalen Maite. Asteazkenean eta ostegunean izango da haiek ikusteko aukera, eta Erika Olaizolak, Arantza Santestebanek, Irati Crespok eta Aizpea Goenagak osatutako epaimahaiak erabakiko du aurtengo sarituak zein diren.

Ohi bezala, Mondragon Unibertsitateko ikasleen lanei zuzendutako sail bat ere egongo da, eta bi sari ere bai: alde batetik, giza eskubideen eta justizia sozialaren gaiak egokien txertatu dituen film labur onenari, Mundukide Saria; eta, bestetik, Komedia Saria. Berria da azken hori: “Urte zaila izan da bestela ere, eta horregatik saritu nahi izan dugu komedia”, kontatu du Igor Eguen antolakuntza taldeko kideak.

Huhezinemaren 14. ekitaldia izango da aurtengoa, eta haren berezitasunetako bat da Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko laugarren mailako ikasleek antolatzen dutela. Hiru taldetan banatuta —programazioa, komunikazioa eta finantzaketa—, hemezortzi ikasle inguru ari dira buru-belarri zeregin horretan. Eguenek onartu du ez dela erraza izaten ari, ohiko zailtasunei COVID-19ak eragindakoak ere batu zaizkielako. “Irailean hasi ginen prestatzen. Argi genuen egingo genuela, baina azken ordura arte ez genuen erabaki online izango zen edo presentzialki. Azkenean, eredu hibrido bat aukeratu dugu”.

Aretxabaletako Arkupe kultur etxean erakutsiko dituzte hautatutako film laburrak, edukiera mugatuarekin, eta plataformen bidez ere bai. Iaz, Huhezinema hasi baino pare bat aste lehenago iritsi zen konfinamendua, eta guztia egokitu behar izan zuten, online eskaini ahal izateko. Harrera ona izan zuen, etxean zegoen jendeak asko eskertu baitzuen film laburrak ikusteko aukera. “Iazko esperientzia lagungarri izango zaigu aurten ere”, nabarmendu du Eguenek.

Iban del Campo irakaslea arduratzen da jaialdiaren koordinazioaz. Orain arte egindako ekitaldi guztiak ezagutu ditu, eta badu jaialdiaren ikuspegi orokor bat. “Alde batetik, urtero da lan berdina, baina, bestetik, guztiz ezberdina, ikasleak aldatu egiten direlako”. Gogoan ditu hastapenak. “Eskoriatzan zegoen orduan fakultatea. Mondragonen metodologiaren atzean beti egon izan da eginez ikastea, eta proposatu genuen ikasleak jartzea zinema jaialdi bat antolatzen, ikasketa hauetan ukitzen diren gai asko jartzen direlako praktikan jaialdi batean”.

Ondo atera zen ekitaldia; ikusi zuten harrera ona izan zuela Euskal Herriko zinemagileen nahiz komunikabideen artean, eta ikasleen motibaziorako ere lagungarri zela. Eskoriatzatik Aretxabaletara aldatu zuten Ikus-Entzunezko Komunikazioaren gradua, eta Huhezinema jaialdian lanak zinema areto batean proiektatzeko aukera ekarri zuen horrek. “Kalitatean jauzi bat izan zen”. Helburuak, ordea, hasierako berberak direla azaldu du Del Campok.

Horietako bat da ikasleek egiten dituzten lanak jaialdi baten formatuan aurkeztea; hau da, publikoari erakustea, epaimahai baten aurrean defendatzea eta abar. “Zirkulua ixtea, nolabait”. Beste helburuetako bat da Euskal Herriko zinemagile hasiberrien lana bultzatzea edo haiei laguntzea. “Ikasgela barrutik ateratako jaialdi bat izen lehen, eta film laburren zirkuituan txoko bat izatea lortu du”.

Ikasleen sailetik ofizialera

Aurten aukeratutako lanei dagokienez, aipatu du askotariko ezaugarriak dituztela filmek: fikziozko lan esperimentalak, fikzio tradizionalagoa, dokumental faltsuak, LGTBIQ generoan sartu ohi direnak, zeluloide formatuan egindakoak… Penaren bat izatekotan, euskaraz “uste baino lan gutxiago” jaso dituztela dio, eta animazioaren hutsunea ere sentitu dutela.

Urteak aurrera doazen heinean, hainbat anekdota polit kontatzeko moduan direla esan du irakasleak. Esate baterako, Euskal Herriko zinemagile profesional askok hartu izan dute parte Huhezineman. “Eta gertatu izan zaigu lehen saria hemen jaso izana eta horrek beren ibilbideari bultzada eman izana”. Ikasle moduan parte hartu izan duten batzuk, berriz, sail ofizialean lehiatu izan dira gerora, edo masterclass bat emateko nahiz epaile izateko ere gonbidatu izan dituzte urte batzuetara.

Leave a Reply

Your email address will not be published.