Zeraingo meatzeak egonkortzen hasi dira

Zeraingo meatzeak egonkortzen hasi dira

Josune Zarandona

Zeraingo Aizpitako meatzeen labeak egonkortzeko lanak hasi berri ditu Donostiako Teusa enpresak. Herriko ondare historikoa eraberritzeko lan horiek, ordea, ez dira lehenbizikoak. Amaia Junquera Zeraingo alkateak gogorarazi duenez, “azken hamarkadetan, hainbat fasetan berritzen eta hobetzen” joan baitira “meatzeen ingurune guztia eta azpiegiturak berak”. Espainiako Sustapen Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jaso dute lanek eta sei hilabeteren buruan amaituta egongo direla aurreikusi dute.

Junquerak dioenez, minerala erretzeko erabiltzen ziren labe horietan “segurtasuna bermatzeko” egingo dituzte egonkortze lanak. Paretak eta goiko hegalak konpontzeko lanak egingo dituzte, batez ere: “Labe batetik bestera pasatzeko pasabide batzuk ere badaude eta horiek ere sendotuko dituzte”, aipatu du alkateak. Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) ikerketa petrologiko bat ere egingo dute labeetan aurkitutako materialarekin, burdina egiteko erretzen zituzten mineralez beteta baitaude, oraindik, hiru labeak.

AIZPITAKO MEATZEA

Aizpitako meatzeetako labe horiek XIX. mendearen amaieran eraiki zituzten Ilazki Azaldegi Zeraingo turismo bulegoko teknikariak zehaztu duenez. Baina, Burdinaren Mendia bezala ezagutzen den eremuan —bertan daude labeak—, Erdi Aroan hasi ziren burdina ustiatzen, XI. mendean. Garai hartan haizeolekin egiten zuten lan: “Labe txiki batzuk ziren haizeolak, eta minerala zegoen lekuetan eraikitzen zituzten. Labe horietan minerala erreduzitzen zuten, burdin bihurtzeko”. Lortutako materiala inguruko burdinoletara eramaten zuten gero. “Hemen, gehienbat, Legazpiko Mirandaolara, Beasaingo Igartzara eta Aguraingo [Araba] Ajuriara”, zehaztu du Junquerak.

Mende horietan guztietan hainbat jabetza izan ditu meatzeak. Hiru mendez, 1825era arte, Aretxabaletako Otalora sendiarenak izan ziren, Espainiako Koroaren lagapen bati esker. XIX. mende hasieran, liberalen legeak indarrean jarri zituztenean, nobleziari meategiak ustiatzeko eskubidea kendu zietela adierazi du Azaldegik. Lehen Karlistaldiak iraun zuen bitartean, armadaren esku egon ziren meategiak eta Reales Minas de Cerain izena jarri zieten. Gudarosteko kideak eta presoak aritu ziren bertatik gerrarako balak egiteko behar zuten berun sulfuroa ateratzen.

Ingelesak 1892. urtean iritsi ziren Zerainera, meatzeen negozioari etekina ateratzeko helburuarekin. “Hain zuzen, eurek modernizatu eta eraldatu zuten meatzeen paisaia”. Azaldegik gaineratu duenez, ingelesek eraiki zituzten eraberritze fasean dauden Aizpitako hiru labeak, eta meatzeetara beste hainbat berrikuntza ere ekarri zituzten: “Aizpita Etxea, gaur egun interpretazio zentroa dena, eurek eraiki zuten; ingeniariak bizi ziren bertan eta Ingelesen Etxea izenez ere bada ezaguna. Mineralak garraiatzeko baporezko tren bat ekarri zuten eta trenbideak eraiki; aireko kableak ere egin zituzten minerala Mutiloaraino garraiatu ahal izateko”. Ingelesak minerala “era sistematikoago batean” ustiatzen hasi ziren eta produkzioa “izugarri” igo zen garai hartan. 1899. urtean 1.148 tona burdin ateratzetik, 1905 eta 1908 urteen artean 36.660 tona ateratzera igaro ziren.

Alemaniarren interesak

1930eko hamarkadan iritsi ziren alemaniarrak Aizpitako meatzeetara, eta beste berrikuntza batzuk egin zituzten bertan. “Diesel trena edo aireko kable berriak”, jarri ditu adibidetzat turismo bulegoko teknikariak. Hala ere, alemaniarrak “beste helburu batzuk tarteko” iritsi ziren susmoa dago. Zerain “gune estrategikoa” zenez, Aizpita eraikina “espioitza gune bat” zela baieztatzen duten zantzuak egon, badaude; Bigarren Mundu Gerra amaitzean, egun batetik bestera alde egin zuten alemaniarrek Zeraindik eta Patrizio Etxeberria Legazpiko negozio gizonak hartu zuen minen ardura. Aizpitako meatzeak 1951. urtean itxi zituzten ofizialki.

“Zeraindar askok egin zuten lan minetan”, aipatu du Azaldegik. “Baserritarrak ziren gehienak, eta eurentzako lan osagarri bat zen meatzeetan aritzea”. Herritarrez gain, “inguruetako eta kanpotik etorritako jende ugari” ibili zen lanean bertan, “asturiarrak, gaztelarrak, eta, batik bat, galiziarrak. Herriko baserrietan apopilo egoten ziren langile horiek”. Herria asko hazi zen urte horietan; meatzeetako urterik oparoenek eragin handia izan zuten herriko bizi kalitatean.

Gaur egun Burdinaren Mendiko paisaia asko aldatu bada ere, meatzeetako urrezko urteen aztarnak ikus daitezke oraindik. Labeak, trenbideak, aireko kableak, Aizpita Etxea… Ingurunea bai, ingurunea asko aldatu da, ordea. “Gaur egun berde-berde eta polita daukagu dena, baina XX. mendearen hasieran ez zela horrelakoa izango ulertu behar dugu; mendia garbi zegoen, lantegi bat zen”. Bisita gidatuak egiteko aukera ere badago egun. Hitzordua aldez aurretik hartzea komeni da, 943 80 15 05 telefono zenbakira deituta edo turismobulegoa@zerain.eus-era mezu bat idatzita.

Leave a Reply

Your email address will not be published.