“Maila emateko egoskorra izan beharra dago”

“Maila emateko egoskorra izan beharra dago”

Josune Zarandona

Elena Calvillo (Ordizia, 1970) berandu hasi zen mendi lasterketatan parte hartzen: 35 urterekin. Bere ibilbidean, ordea, garaipen zerrenda bikaina osatu du; mendi lasterketetako Munduko Kopa batean (2012) eta Espainiako zein Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hainbat probatan parte hartu du, besteak beste. Erizaina da lanbidez, eta bi semeren ama. Pandemiak zuzenean eragin dio lanbidean, baita kirolari moduan ere. Lehiaketak utzita dituen arren, entrenatzen jarraitzen du.

Noiz hasi zinen mendian korrika?

Nire senarra oso zalea da, beti ibili izan da atletismoan. Haren eskutik hasi nintzen korrika; lehenbizi, asfaltoan, 35 bat urte nituela. Gaztetan kirolzalea nintzen arren, 25 urtetik 35era artean ez nuen batere kirolik egin. Garai hartan ama izan nintzen, Mendaron lan egiten nuen orduan, oposizioak prestatzen ari nintzen… Nahikoa lan banuen. Semerik txikienak 6 urte bete zituenean, igerilekura eramaten nuen ordubeteko tarte hori aprobetxatzen hasi nintzen korrika egitera joateko. Hala hasi nintzen herriko lasterketak egiten: Josetxo Imazen oroimenez Beasainen egiten dena izan zen lehenbizikoa, Behobia-Donostia etorri zen gero… Pixkanaka emaitzak lortzen hasi nintzen, eta horrek ere motibatu egin ninduen.

Mendizaletasuna, berriz, aitarengandik datorkizu, ezta?

Bai. Haurra nintzenetik asko gustatu izan zait mendia. Aitarekin askotan joan izan naiz; Aralarrera, batez ere. Nire ahizpak eta anaiak ez zioten hainbeste jarraitzen aitari, baina ni harekin ibiltzen nintzen beti. Aitaren osaba bat artzain egoten zen Aralarren, eta horregatik joaten ginen sarri hara.

Modu naturalean sortu al zitzaizun, hortaz, mendian korrika egiten hasteko grina hori?

Ordurako hasi berriak zeuden mendiko lasterketak, eta garai hartan Zegama-Aizkorri mendi lasterketan parte hartzea zen nire ilusioetako bat. Proba hori ikustera joaten ginen aurretik, eta gustuko nuen han egoten zen giroa. Juanito Rubiorenak, babesleetako batek, jakin zuen interesatuta nengoela, eta haren bitartez dortsala lortu nuen 2007an. Hura izan zen nire lehenengo maratoia, eta nahikoa txukun egin nuen: lehen hamar emakumezkoen artean amaitu nuen. Urte berean, Euskadiko Kopan ere parte hartu nuen, eta proba bertikalak ere hasi ziren orduan. Bi probatan parte hartu nuen, eta biak irabazi nituen.

Profesional gisa aritu ez arren, maila handiko lasterketatan parte hartu duzu, ezta?

Munduko Kopako hainbat probatan parte hartu nuen 2012an, eta Espainiako eta Euskadiko kopetako hainbat lasterketatan ere aritu izan naiz. Munduko Kopakoak dira buruan gelditu zaizkidan lasterketak: Sierre Zinal, Limone, Moncar…; horiek, batez ere. Munduko Kopako lasterketak gogorragoak izaten dira. Lehen hamarren artean amaitu nahi izan nuen Munduko Kopa hura, baina ez nuen lortu; hamabigarren gelditu nintzen. Inoiz ez naiz nabarmendu izan lasterketetan, baina oso erregularra izan naiz beti, beteranoen mailan, batez ere. Espainiako Txapelketan, adibidez, bosgarren amaitu nuen sailkapen nagusian; beteranoetan, berriz, lehenbizikoa izan nintzen. Batez ere, giroaz gozatu nahi izan dut nik beti; euskal selekzioa, adibidez, familia baten modukoa zen.

Zer talderekin ibili zara korrika?

2010ean Idiazabalgo atletismo taldearekin aritu nintzen, Euskadiko Kopan parte hartzeko emakumezko bat falta zitzaiela eta. Hilabete batzuen buruan mendiko lasterketetako euskal selekziotik deitu zidaten. Idiazabalgo taldean hitza emanda nuela eta urtebete itxaroteko eskatu nien, hartara neure burua nola zegoen ikusteko aukera ere izan nezan. Urtebete geroago berriro deitu zidaten, eta euskal selekzioarekin egin nituen lasterketa gehienak; Espainiako Kopa 2011n eta Mundukoa 2012an, adibidez. Beasaingo Bealak taldean ere aritu izan naiz, eta baita Ordiziako Txindokin ere.

Berandu hasi arren, sekulako garaipen zerrenda daukazu…

Hamar Zegama-Aizkorri egin ditut. Inoiz ez dut lortu oso postu onik, baina denak bereziak izan dira niretzat, guztiek markatu naute, lasterketa kutuna da. Ultratrailetan geroago hasi nintzen, eta modalitate horretan Ehunmiliak proba ere oso berezia da niretzat, herrian bertan egiten delako, giroa apartekoa delako eta oso ondo antolatuta dagoelako; erronka handia izan da niretzat, gainera. Ondo amaitu izan ditut egin ditudanak, eta asko betetzen nau horrek. Hiru Handiak lasterketa ere eginda daukat, Lavaredon [Italia] ere ultra asko egin izan ditut…. Hori bai, etxekoak aukeratuko nituzke orain.

Sekreturik ez dagoela aipatu izan duzu noiz edo noiz. Lana eta iraunkortasuna dira gakoak?

Bai. Egiten duzun hori gustura egitea da garrantzitsuena, entrenatzen gozatzea. Azken batean, iraunkortasunari esker lortzen da fisikoki ondo egotea; zeure burua hobetu nahi horretan jarraitzea da gakoa. Ez dago sekreturik. Erraza da, gainera; nahikoa da zapatilak jantzi eta etxetik ateratzea, mendiz inguratuta baikaude hemen. Entrenamenduen ohitura mantentzea da zailena. Batzuetan gogo handiagoarekin ateratzen zara, beste batzuetan gogorik gabe… Egoskorra izan beharra dago maila emateko, gorputza alferra baita askotan, eta horri kontra egin behar zaio.

Erizaina zara lanbidez, eta bi semeren ama ere bai. Nondik ateratzen duzu denbora entrenatzeko?

Lehentasunak jarri behar dira. Etxeko lanak, bazkariak, erosketak, garbiketak… Guztion artean banatu beharrekoak dira lan horiek. Senarrak nik bezainbeste egiten du etxean. Oreka bilatu behar da.

Dena den, ba al duzu sakrifizio sentimendurik?

Ama naizen aldetik, semeekin denbora gehiago pasatu ez izanaren pena izaten dut askotan. Sarri galdetzen diot neure buruari ondo egin ote nuen edo ez. Gerora galdetu izan diet haiei, eta amaren faltarik ez dutela nabaritu erantzun izan didate, baina sentimendu hori hor egoten da beti. Heziketak ere zerikusi handia du horretan, ziurrenik.

Korrikalariak dituzu familiako kide batzuk. Senarra izan zen lehenengoa, baina semeak ere badatoz atzetik.

Biei gustatzen zaie, bai. Gaztetan futbolean ibili izan dira biak asko, eta gero hasi ziren mendiko lasterketatan. Zaharrenak Zegama-Aizkorri egina du dagoeneko, eta ekainean parte hartuko du Zaldibian egitekoak diren lasterketan ere. Gazteena ere, orain utzita duen arrean, aritu izan da. Betidanik, mendia asko gustatu izan zaie biei. Pirinioetara-eta asko joan izan gara elkarrekin, eta zaletasuna hor gelditu zaie.

Sarritan aipatu izan duzu lasterketa eguna bera baino gogorragoa izaten dela aurretik egin beharreko lan guztia.

Bai. Lasterketa gozatzeko egun bat izan da beti niretzat, egindako lan guztiaren emaitza jasotzeko unea. Lasterketa egunetan urduri egon izan naiz, baina daukadan guztia ematen saiatu izan naiz beti. Nahiz eta emaitza onik lortu ez, asebeteta sentitu izan naiz, arrazoi horregatik.

Azken bi urte hauetan lasterketetatik urrundu zara. Zergatik?

Hainbeste lehiatu eta gero, psikologikoki jarraitzeko motibazio falta handia sentitu nuen. Koronabirusa etorri zen geroxeago, eta lasterketa guztiak bertan behera gelditu ziren. Ama ere behar handiagoekin daukat orain, eta harekin denbora gehiago pasatu nahi nuen. Lehiaketak utzi ditut, baina entrenatzen jarraitzen dut, eta ia egunero ateratzen naiz korrika egitera. Momentuz, ez dut esan nahi erabat utziko dudanik, baina nire bizitzan beste lehentasun batzuk dauzkat orain.

Kirolari gisa, nabaritu al duzu desorekarik emakumezkoen eta gizonezkoen artean?

Gizonezkoen lasterketak emakumezkoenak baino gehiago baloratzen dira oraindik, nahiz eta mendi lasterketetan egon daitekeen aldea ez den, adibidez, futbolean egon daitekeenaren antzekoa. Entrenatzeko orduan ere, talde bat aurkitu nahi izanez gero, gizonezkoenak izaten dira denak. Oso emakume gutxi ibiltzen da korrika. Oraindik alde handia dagoela uste dut; are handiagoa nire adinekoen artean.

Nola eragin dizu pandemiak entrenatzeko orduan?

Egunero lanera joaten nintzen arren, kostata igaro nituen itxialdiko egun haiek. Egun batzuetan etxeko eskaileretan gora eta behera ere ibili nintzen, barrua askatzeko. Bizikleta ere egin nuen, asko, baina amorruz bizi izan nuen itxialdia; etxetik kanpora entrenatu beharra daukat, naturarekin kontaktuan egon… Faltan sumatu nuen hori.

Pandemiaren eraginez, proba asko bertan behera geratu dira iaztik. Kirolari bezala zer iritzi duzu horren inguruan?

Pena sentitzen dut; uste dut lasterketak egiten hasteko garaia dela dagoeneko. Nahiz eta koronabirusarekin bizi behar izan eta neurri batzuk hartu behar izan, egin egin behar dira. Beharrezkoa dugu nolabaiteko normaltasuna, ezin gara egon hainbeste debekurekin, bizi egin beharra daukagu. Agian, beste modu batera antolatu behar ditugu probak, baina egin daitezkeela iruditzen zait.

Lehiara bueltatzeko asmorik baduzu?

Erabat uzteko asmorik ez daukat, momentuz; lasterketa jakin batzuk egiteko ilusioa badaukat oraindik. Presiorik gabe eta fisikoaren arabera, ikusiko dut. Ehunmiliak edo hemen inguruko lasterketaren bat egingo nuke gustura. Etxeko probak nahi ditut orain; ez dakit zergatik, horrela hasi nintzelako, agian, eta horrela amaitu nahi dudalako.

Bokazioz aukeratu zenuen erizain lana?

Bai, haurra nintzenetik gustatu izan zait erizaintza. Oraindik gustura joaten naiz lanera.

Nola ari zara bizitzen pandemia garaia?

Azken zortzi urteotan lehen arreta zerbitzuan ari naiz lanean, Zumarragako anbulatorioan. Pandemia ez dugu ospitale batean bezain estu bizi izan, baina nabaritu ditugu aldaketak. Hasieran nahikoa kaotikoa izan zen dena, protokolo aldaketa asko izaten ziren, EPIrik ez zen iristen, PCRak karpa batean egiten genituen euritan, bustitzen… Baldintza txarretan lan egitea tokatu zitzaigun. Orain gauzak aldatu egin dira pixka bat, baina, txertaketa kanpaina dela eta, aldaketa asko izaten ari gara. Faltan sumatu dut guri antolaketan ardura gehiago ez ematea; egin duten kudeaketarekin ez naiz erabat ados egon batzuetan.

Herritar askorengan ezinegon handia sortu dute lehen arreta zerbitzuan izan diren aldaketek.

Inpotentzia sortu digu. Arreta mota bat eman nahi dugu eta sarri ez gara iristen. Askotan, telefonoz artatu ditugu pazienteak, ikusi gabe, eta deserosotasuna sortzen du horrek, zalantzak sortzen ditu lanean ondo edo gaizki ari ote zaren. COVID-19aren krisiak agerian utzi ditu hainbat hutsune; ondo dago muga batzuk jartzea, baina beste neurri batzuk ere hartu behar dira, eta osasungintza indartu, batez ere. Gauza asko aldatu behar dira, oinarritik hasita.

Erizain askok aipatu dute pandemiaren eraginez erizainen lana lehen lerroan kokatu dela orain, eta zuen egitekoari balioa emateko balio izan duela. Iritzi berekoa zara?

Bai, baina ez zait gustatzen heroiak garela esatea. Guk gure lana egin dugu, beti bezala. Egia da orain arte ez gaituztela behar bezala baloratu izan eta krisi honek azaleratu duela egiten dugun eguneroko lan hori, baina beste edozein lanbidetan bezala lan egiten dugu guk.

Motel hasi zen txertoaren kanpaina, baina badirudi martxa onean doala. Argi pixka bat ikusten da tunelaren amaieran?

Positiboa izatea gustatzen zait niri, eta uste dut txertaketa beharrezkoa dela koronabirusari aurre egiteko, baina ez da neurri bakarra. Jendearen kontzientzian eragin behar da gehienbat, koronabirusarekin bizitzen ikasi behar dugu. Egunerokoan hainbat neurri hartu behar dira, baina batzuetan barregarri sentitzen naiz mendira edo entrenatzera musukoarekin joaten naizenean. Zuhurtziaz jokatu behar dugu, eta arduratsuak izaten ikasi. Askatasuna beharrezkoa dugu, baina arduratsu jokatuz, ez debekuak bakarrik onartuz.

Leave a Reply

Your email address will not be published.