Matematikak, pandemiaren kontra

Matematikak, pandemiaren kontra

Beñat Alberdi

Ia urte eta erdian pandemiaren zenbakiak gora eta behera ibili eta gero, unean uneko egoerari aurrea hartzeko urratsa egin nahi izan du Unai Otamendi oñatiarrak. Ingeniaritza elektronikoan gradu amaierako lana prestatu beharrean zen, eta koronabirusean jarri zuen fokua. Izatez, Oñatiren simulazio bat egin du, birtualki, datuetan oinarritutako portaerekin. Birusa transmititzeko bideak eta horiek mozteko neurriak ere sartu ditu ekuazio horretan, matematiken bidez birusaren zabalkundea aurreikusteko helburuarekin. Eta lortu du. 2020ko ekainaren 19tik abenduaren 12ra arte koronabirusari aurre egiteko Oñatin hartu zituzten neurriak sartu zituen programan, eta errealitatearen oso bertsua da hortik ateratako kurba epidemiologikoa.

Washington Post AEBetako egunkariak sarean zabaldu zuen bideoak antzekotasun handia dauka Otamendik baliatu duen sistemarekin. Ordenagailu bidez koronabirusaren transmisioa simulatzen saiatu zen Washington Post, zabalkundearen aurkako neurrien eraginkortasuna erakusteko. Espazio batean euren kabuz mugitzen ziren berrehun puntu ageri ziren bertan, eta kutsatutako puntuek besteekin tupust eginez gero, koronabirusa pasatzen zieten.

Otamendiren kasuan, unibertsitatean bertan eskatu zieten birtualki gela bat simulatzeko jendez beteta, horri esker birusa nola transmititzen zen ikusteko. Ideia horri bueltaka egin zuen lehen urratsa: “Gela bat izan beharrean zortzi balira, etxe bat edo ikastetxe bat simula nezakeela pentsatu nuen”, azaldu du oñatiarrak.

Programaren barne mapa

Azkenerako, etxe bat edo ikastetxe bat simulatu beharrean, herri oso bat hartzea erabaki zuen: Oñati. Osatutako programak, gutxi gorabehera, lau zati dauzkala esan du Otamendik: mapa, pertsonak, birusaren transmisiorako bideak eta hori mozteko neurriak.

Herriko espazioak edo harremanetarako areak diseinatzea izan zen lehenengo lana. Oinarria matematikoa izaki, datu zehatzen bidez baino ezin zuen egin lanketa hori. Horren jakitun, udaleko datuetara jo zuen errealitatea islatzeko: hirurogei langile baino gehiagoko 50 enpresa inguru; 15-20 langileko ehun enpresa inguru; ostalaritzako lokalak berrogeiren bat; hirurogeiren bat denda… Herriko ikastetxeak eta osasun zentroa ere sartu zituen programan, eta baita kalea bera ere.

Simulatutako pertsonak edo puntuak ibili izan diren espazioak sortu arren, etorkizuneko balizko guneak ere sortu behar izan zituen; herriko biztanleak beste puntu sortu behar izan zituen, hain zuzen. Horiek zer egingo zuten zehazteko, berriz ere datuak izan zituen lanabes. Datu demografikoez gain, Eustat euskal estatistika erakundeak eta CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak zehaztuta daukate adin tarte bakoitzaren jokaerak zeintzuk diren. “18 eta 25 urte arteko gazteek tabernetan, batez beste, zenbat denbora pasatzen duten azaltzen da hor, adibidez”, azaldu du ingeniariak. Adin tarteak kontuan hartuta —5 eta 10 urte artekoak—, taldeak sortu ditu simulazioaren barruan. Pertsona birtual bakoitzari etxebizitza bat eman dio, eta baita lantoki bat eta aisialdiko hainbat portaera ere.

Birusaren balizko transmisioaren kasuan, “kutsatzeko hainbat bide” sartu ditu ekuazioan: “Kontaktu zuzenak, zeharkakoak, listu tantekin kutsatutakoak eta aerosolen bidez kutsatutakoak”. Koronabirusaren gaitasuna ere gehitu die parametro horiei, baina beste hainbat birus edo bakteriaren hedapena deskribatzeko ere erabil daiteke eredua.

Ohorezko matrikula

Zabalkundea mozteko neurriak ondo zehaztea da simulazio hori aurreikuspenetarako tresna bilakatu ahal izateko gakoetako bat; “pertsona edo puntu horiek” elkarrekin zein hartu-eman duten zehaztea, azken finean. Esaterako, ordenagailuan tabernen kutsatze gaitasuna zerora murriztuz gero, ostalaritzaren itxiera simula daiteke; erdira jaitsita, berriz, edukiera murrizketarena. “Ordenagailuaren tresna bat denez, parametro gutxi batzuk aldatuta egoera konplexuak simula daitezke, oso modu errazean”.

Otamendik ohorezko matrikula lortu zuen gradu amaierako lanean, baina metodologia zabaldu egin nahi du orain, beste herri batzuei ere bidea irekitzeko. Tokian tokiko gobernuek bere metodologia erabiltzeko aukera “urrun” ikusten du oraindik, hala ere. “Oraingoz, ingeniariak ibili gara lanean, eta epidemiologoek esango dute zuzen ibili garen edo ez. Elkarlanak bihurtuko du hau eraginkor”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.