Dirua, irisgarritasuna eta beste traba batzuk

M. Garate

Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak zerrendatutako barrerak ez zaizkie arrotzak kirol egokituan aritzen direnei, gehientsuenei egokitu baitzaie haietakoren bat edo batzuk jasan behar izatea. Kirolaren aukeraketan bertan izan daitezke lehen oztopoak. “Orain gozamena da, kirol egokituan aukera zabala dagoelako. Asko pozten nau horrek, baina ni umea nintzenean, ez zen hala”, esan du Alex Prior eskrimalariak (Donostia, 1991).

Snowboarderra da Irati Idiakez (Getaria, 1996). Istripu batean besoa galdu ostean hasi zen kirol horretan. “Protesien pisuagatik, indartsu egoteko aholkatu zidaten; kirola egin nahi nuen, baina ez nekien nondik tira egin”. Euskadiko Kirol Egokituen Federaziotik deitu zioten snowboarda proposatzeko, nahiz eta aurrez kirol horretan inoiz aritu gabea zen. “Snowboarda eskaini zidaten, eta maiteminduta nago kirolekin, baina, egia esan, neu ere orain hasi naiz mundu hau ezagutzen; ez nekien hainbeste kirol egiten direnik”.

Palan jokatzen du Beñat Lizasok (Usurbil, 1981), baina nahiko kasualitatez hasi zen. Taberna bat zuen Usurbilen, eta langileetako batek jakinarazi zion pilota egokituan hastekoak zirela, eta ea probatu nahi zuen galdetu zion. “Bi botera izaten dela esan zidan. Umetan pilotan ibilitakoa nintzen, eta jakin-mina piztu zidan. Probatu egin nuen, eta gustatu ere bai”.

Azpiegiturak, egokitu gabe

Maiz aurkitzen dituzte traba fisikoak kirol instalazioetan. Lizasok, adibidez, kontatu du pilotalekuak ez direla beti irisgarriak izaten. Istripu bat izan zuen 13 urterekin, eta hanka bat falta du. “Ni neu saltoka eta abar moldatzen naiz, baina nirekin batera gurpildun aulkian etortzen direnek oztopoak aurkitzen dituzte askotan”. Orain aste batzuk izan zuten egoera horietako bat. Entrenatzera joan, eta, frontoiko igogailua hondatuta zegoenez, gurpildun aulkian zegoen pilotarietako bat bizkarrean jaitsi behar izan zuten. Ezagutzen dituzte inguruetako frontoiak, baina herrietako festetan-eta jokatu behar dutenean, ahalik eta lauena” izateko eskatu ohi dute. Frontoia eta kiroldegia bera ez ezik, ingurua ere kontuan hartu behar dela esan du Lizasok, aldapa batean egonez gero eta inguruan aparkatzeko lekurik ez edukiz gero, “iristeko zailtasunak” izaten dituztelako.

Kirola egiteak gehienei mesede egiten dien arren, izaten dira ingurukoen aldetik beldur mezuak jasotzen dituztenak ere, arriskutsutzat dutelako kirola egitea, eta, mezu horien eraginez, atzera egiten dute hainbatek. “Nire kasuan, aitak kontu handiz ibiltzeko esaten zidan, eta amak, berriz, gauzak probatzeko, ezin badut utziko dudala esanez”, dio Priorrek. Gerta daiteke beldurra norberak sentitzea ere. Medikuen iritziak eta abar entzun ostean, Idiakezek adierazi du etxekoek animatu zutela kirola egitera. “Hasiera hartan, nik neuk neukan beldur handiagoa”.

Aurtengo otsailean, snowboard egokituko Munduko Kopan urrezko domina irabazi zuen Idiakezek. Apirilean, sablean Espainiako txapeldun izan zen Prior, eta floretean eta ezpatan txapeldunorde geratu zen. Lizasok ere Gipuzkoako txapelketa irabazi berri du gomazko paleta modalitatean. Emaitza onak izan arren, “kostu handia” izan ohi da beren kirola praktikatzeak. Lehiatu ahal izateko, gurpildun aulki bat behar du Priorrek. “3.000-4.000 eurotik behera, ez dago ezer”, esan du, eta erantsi du eskrima ez dela kirol merkea. “Eskrima egokituan aulki berezi bat behar da; nirea saskibaloikoa da: desmuntatu eta eskrimarako prestatu dugu”. Kirol minoritarioa da, eta azaldu du horrek ere ez duela laguntzen arlo ekonomikoan. “Ez da futbola bezala; inork ez bazaitu ikusten, ez du dirurik mugitzen”.

Pilotan jokatzeko ere aulkiarena izaten da gasturik handienetako bat. “Klubek izaten dituzte aulkiak, baina guztiok lesio ezberdinak ditugu, eta ez da erraza materiala lortzea”. Bestelako gastuak ere asko izaten direla dio Lizasok; besteak beste, entrenatzera joateko nahiz partidak jokatzeko egin beharreko bidaiak aipatu ditu. “Gozatu egiten dugu, baina, azkenean, gastua ere handia da, hara eta hona ibili behar izaten dugulako entrenatzeko eta partidak jokatzeko”. Sarietan ere askotan txapela eta kopa soilik jasotzen dituztela gogoratu du. “Horiek oso politak dira, baina beste gauza batzuek gehiago laguntzen dute: diruak edo tokiko produktuen sortek, adibidez”.

Federatzea ere ez dela merkea izaten esan du Lizasok. “Esfortzu proba egitea 100 euro inguru izaten da; bizikletako lizentzia 120 euro dira, palako lizentzia eta entrenatzailea 150 euro…”. Orona enpresaren diru laguntza bat lortu zuenez, duela bi urtetik horiek ordaindu beharrik ez daukala dio, “eta eskerrak, babesleak aurkitzea ez baita erraza izaten”.

Arlo ekonomikoan zortedun sentitzen da Idiakez. “Basque Teamek laguntzen dit, eta, gipuzkoarra naizenez, Kirolgitik ere jasotzen dut laguntza. Snowboarda, bestela, oso garestia da”. Entrenatu eta lehiatu ahal izateko elurra behar duenez, urteko sasoi bat kanpoan igarotzen du: Vaqueira-Bereten (Herrialde Katalanak).

Beste kirol batzuk ere bai

Datorren urteko Neguko Paralinpiar Jokoetan, Txinan, ez da jokatuko Idiakezen modalitaterik, eta, urrun ikusten duen arren, 2026ko Italiako jokoei begira jarrita dago jada. Aurrez, datorren urtean Norvegian izango den Munduko Koparako ere sailkatuta dago. Pandemiagatik Europako Kopa bertan behera gelditu ostean, Tokioko aurtengo jokoetarako atarian geratu da Prior, beharrezko puntuak eskuratzerik ez duelako izan. “Gogoz nengoen, eta ondo ari nintzen entrenatzen, baina hurrengoan beharko du”.

Beren kiroletan punta-puntan ibili arren, bestelako kirolak ere egiten dituzte hirurek. Bizikletan ibiltzen da Lizaso, eta atletismoa ere probatutakoa da. “Errugbiak, badmintonak, padelak eta abarrek ere erakartzen naute, baina seme bat ere badaukat, eta zaila da denbora ateratzea”. Saskibaloian ibiltzen da Prior. “Eskrima ez bezala, taldeko jolas bat da, eta jendearekin egoteak laguntzen du”. Surfa egin nahi du Idiakezek. “Orekari lotutako edozein kirol da egokia niretzat, baina beste edozer ere gustura probatuko nuke”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.