Javier Romero: “Motozaleon %90ek defentsiban gidatzen dugu”

Javier Romero: “Motozaleon %90ek defentsiban gidatzen dugu”

Miren Garate

Motozaleek, hesi metalikoen kontra joz gero, anputazioak izateko arrisku handia izaten dutela gogoratu du Javier Romerok (Donostia, 1957), Gipuzkoako Erreal Moto Elkarteko lehendakariak. Esan duenez, gasolio orbanak, hartxintxarra eta abar ere ohikoak izaten dira errepideetan. Herri barruan, berriz, pintura irristakorrek eragiten dieten arriskua aipatu du. Horrez gain, kezkatuta dagoela esan du, autoetan GPSarekin nahiz sakelakoekin “despistatuta” ikusten dituelako gidariak.

Motozaleon segurtasunari begira, hesi metalikoak babestea izan da zuen eskaera historikoetako bat. Izan al da aurrerapenik horretan?

Errepide batzuetan aldaketak egin dituzte. Trafikoko Zuzendaritzak lankidetza eskatu zigun, hesi metaliko arriskutsuak zein lekutan zeuden jakiteko, eta seinalatutako gune batzuk babestu dituzte. Alabaina, harridura eragiten diguten gauzak ere gertatzen dira. Izan ere, beste leku batzuetan lehen bezalako hesi metalikoak jarri dituzte: adibidez, A-15eko bi erreiko errepidean, Donostia eta Andoain artean. Ez dugu ulertzen. Urte asko daramatzagu esaten hesi metalikoen kontra jotzen dugunean besoak edo hankak mozten zaizkigula.

Motozaleon segurtasuna hobetu ahal izateko, bestelako zein neurri iruditzen zaizkizue beharrezkoak?

Urteak daramatzagu zebra bideetako pinturak eta beste ez daitezela irristakorrak izan eskatzen ere. Errepideetan ere utzikeria handia dago: mantentze pautak ez dira betetzen, eta errepideak zikin egoten dira. Sarri ikusten dudan adibide bat: Astigarragatik Donostiako Martutene eta Loiola auzoetarako bidean biribilgune bat dago, eta bi egunetik behin gasolina orbanak egoten dira. Motozaleentzat eta bizikletentzat oso arriskutsua da hori, baina, ez baduzu abisurik pasatzen, horrelaxe uzten dute. Obretan ere ari dira, eta, askotan, hartxintxarra erortzen zaie kamioiei. Garbitu ahal izateko norbaitek erori egin behar du, ala?

Beste hainbat tokitan bezala, Donostian ere abiadura orduko 30 kilometrora mugatzea erabaki dute. Zer iruditzen zaizue?

Hiri erdian errei bat eta hainbeste bidegurutze egonda, niri ondo iruditzen zait. Istripuen amaierako ondorioetan ere igarriko da, inpaktua ez delako berbera orduko 50 kilometroko abiaduran joanda edo 30 kilometrokoan joanda. Motel ibiliz gero, istripuak eragozteko aukerak ere handiagoak dira.

Urtea bereziki beltza izaten ari da hildako motozale kopuruari dagokionez. Zer irakurketa egiten duzue?

Motoen istripuek oihartzun handia izan dute, baina autoenak ere ugaritu egin dira. Ez dakit pandemiak eraginik izan ote duen, baina urte eta erdian nahi dugun tokira atera ezinik egon ostean, masifikazioak egon dira, autoak, bizikletak eta motoak denak batera atera direlako. Horrez gain, gidatu gabe egondako denbora horrek erreflexuak galtzea ekarri du. Istripu batean faktore asko egon daitezke. Gerta daiteke zu ondo joatea eta istripua beste ibilgailu batek eragitea ere, eta, noski, motozaleak eta txirrindulariak izaten dira kaltetuenak halakoetan.

Sarri salatu izan duzue motozaleon “kriminalizazioa”.

Gogoan dut Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren kanpaina bat: istripuak alkoholarekin eta drogekin lotzen zituen, eta estatistikekin erantzun genion, oso-oso gutxi izaten baitira istripuetan alkoholemian positibo ematen duten motozaleak.

Zer iritzi duzue administrazio publikoek egiten dituzten sentsibilizazio kanpainen gainean?

Sentsibilizazio kanpainak egitea ondo dago, baina nik nabarmenduko nuke motozaleon %90ek defentsiban gidatzen dugula; aurrera ez ezik, etengabe begiratzen dugu ingurura ere. Gero, beti dago %10 bat nahi duena egiten duena, beste ibilgailuetan gertatzen den bezalaxe. Motoarekin urte asko daramatzagunon gidatzeko moduak ez du zerikusirik auto bat gidatzeko moduarekin. Donostia motoz beteta dago orain. Zergatik? Autoko gidabaimenarekin 125 zilindro arteko edukiera duten motoak gidatzeko aukera dagoelako. Errazago aparkatu ahal izateko, Andoaindik eta Urnietatik-eta motoz joaten hasi da jendea, errepide arriskutsuetatik, batere esperientziarik izan gabe. Nik egoki ikusten dut halakoei prestakuntza edo azterketa txiki bat pasatzeko eskatzea, jakiteko irrist egitean nola jokatu, nola frenatu eta abar, motoa eta autoa guztiz ezberdinak baitira.

Nolakoa da motoen eta beste ibilgailuen arteko bizikidetza? Errepideetan ikusten dituzuen gauzen artean, zer nabarmenduko zenuke?

Azkenaldian ikusten ari gara jendea oso-oso despistatuta joaten dela autoetan gidatzen, GPSei begira edo sakelakoarekin. Mikrosegundotako kontua izanda ere, izugarrizko ondorioak izan ditzake horrek. Istripuak abiadurari egozten zaizkio beti, baina batere logikarik gabeko tokietan ere ikusten dira kolpeak orain, despisteengatik. Isunak eta beste jar daitezke, baina bakoitzak ohartu behar du gidatzen duenean kontzentratuta joan behar duela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.