Badator aldaketaren olatua

Badator aldaketaren olatua

Josune Zarandona

Anbizio handiko proiektua da Biziola. Goierriko eredu ekonomikoa iraultzeko asmoz sortu dute, eta bizitzako esparru guztietan eragin nahi du: kulturan, elikaduran, energian, etxebizitzan, finantzetan, zaintzan, teknologian, industrian, garraioan eta baita bizitzarako ezinbestekoak diren beste hamaika eremu sozioekonomikotan ere. Eskualdeko hainbat esparrutako jendea saretzen aritu dira Biziolako kideak azken bi urteetan. Sukaldeko lanak eginda, joan den larunbatean jendaurreko aurkezpen edo topaketa saioa egin zuten, Beasaingo Igartza jauregian. Ehun pertsona baino gehiago batu ziren bertan, eta antolatzaileak gustura daude hasierarekin.

Gizarteko hainbat eragilek osatzen duten sare bat da Biziola, eta baita elkarlanerako espazio bat ere. Agurtzane Allur Biziolako kideak zehaztu du “bizitzaren fabrika” izan nahi dutela. “Bizitzak erdigunean jarriko dituen eta eredu sozioekonomiko berri bat eraikiko duen sare bat”. Era berean, Andoni Mikelarenak, Biziolako beste kide batek, esan du gizarte eraldaketa sustatuko duen espazio bat dela: “Gure ustez, gizartea eraldatuko bada, denon ekarpenei esker eraldatuko da”. Planteatzen duten prozesua “epe luzeko begiradarekin” prestatu dutela diote. Etorkizunean ere baliagarria izan daitekeen zerbait egin nahi dute, “gerora ere jarraipena izan dezan”.

Bizitza erdigunean jarrita

Biziolak hiru lan lerro nagusi definitu ditu bizitza erdigunean jartzeko helburuarekin. “Goierri orekatuago bat nahi dugu, eskualde burujabe bat eta gizarte iraunkorrago bat”, zerrendatu ditu Allurrek.

Gaur egun indarrean dagoen ereduak “goia” jo duela eta, “aldatzeko beharra” ikusi dute. Mikelarenaren iritziz, “gero eta nabariagoa” da egungo planetaren mugak nola ari diren hausten. Horregatik, uste du beharrezkoa dela gizarte iraunkorrago baterako trantsizioa egitea. Bestalde, azpimarratu du “hauskorra” dela gaur egun dagoen hornikuntza kate globalizatua, eta “zaurgarri” egiten duela. Gehitu du horrek “burujabetzaren ikuspegitik erabakiak norberak hartzera” eraman behar duela gizartea. “Sinetsarazi digute gutxi batzuek aberastu egin behar dutela ekonomiak funtziona dezan, eta horrek ez dauka inolako zentzurik”.

Hitzak ekintza bihurtzea da erronka, gizartea norberaren beharretatik eraikitzen hastea. Bide horretan, Mikelarenak dio “nazkatuta” daudela beste batzuek beraientzat idatzi duten etorkizuna kritikatzeaz. Larunbateko saioan, helburu horrekin, orain bi urte hasitako bidea hauspotu zuten. Eskualdeko herritarrak, udaletako ordezkariak, sindikatuetakoak eta beste hainbat eragiletakoak bildu ziren: ehundik gora guztira. Ez zen aurkezpen hutsa izan, bildutakoek hausnartzeko aukera ere izan baitzuten. Allurrek azaldu du “indar magiko bat” sortu zela egun horretan. “Elkarrekin hitza askotan errepikatu zen. Bihotza ukitua genuen sentsazioarekin atera ginen”.

Elkarrekin lan egiteko

Larunbatean bildutako hausnarketa guztiak mamitzeko garaia dute orain, baita proiektuari gorputza ematekoa ere. “Orain, egituratze lana egitea dagokigu”, esan du Mikelarenak. Elkarte bat sortu dute, eta hara “jende gehiago batzea” nahi dute. Martxan dauden proiektuak hauspotzean ere jarriko dituzte indarrak.

Espazio irekia da, eta “gogoa, kezkak edo asmoak” dituen edonor gonbidatu dute bertara. Irtenbide magikoen sortzaile baino gehiago, “elkarrekin lan egiteko espazio bat” da Biziola.

Leave a Reply

Your email address will not be published.