Armaginak gerraren aurka

Armaginak gerraren aurka

Maria Ortega Zubiate

“Gerren aurkako eta gatazka-erabakitze baketsuaren aldeko adierazpena onartu eta bi urtera, Eibarko Udalak oraindik ez du akordioa bete”, ohartarazi du Eibarko Gerrarik Ez plataformak. 2020an Eibarko Udalean aurkeztutako mozioaz ari da hizketan taldea; hari hiru konpromiso proposatu zizkion orduan, eta talde guztiek bat egin zuten akordioarekin. Hain zuzen ere, Gipuzkoako hirugarren udalerria izan da mota horretako mozio bat onartzen, Errenteriaren eta Donostiaren atzetik. Udalak berak onartu du ez duela bete 2020an hitzemandakoa: “Gai horri ez genion behar beste kasu egin, egia da. Baina hori martxan jartzeko lanean ari gara orain, eta luze gabe lortuko dugu”. Eibarko Udalak “otsaila” aipatu du akordioa egikaritzeko epe modura.

“Jakitun gaude gerrek beti mina, sufrimendua, tragedia eta deshumanizazioa adierazi izan dutela”; premisa horretatik abiatu zuen Gerrarik Ez plataformak aurkeztutako mozioa. Errealitatearen azterketa hori udaleko talde politikoekin partekatuta, guztien gaitzespena lortzea zen asmoa, eta lortu zuten lehen helburua.

EIBARKO_ARMAGINTZA_MUSEOA(1)

Pandemia hasi aurretik onartu zuten mozioa Eibarko Udalean, baina, udaleko iturriek argudiatu dute, “izurria tarteko”, prozesua “atzeratu” egin dela. Etenaldi baten ondoren, iaz jarri zuten martxan berriz ere akordio horretan adostutakoa betetzeko prozesua. Gaur-gaurkoz, udalak esan du “akordioan adostutako ordainketak kudeatzen” ari direla; izan ere, akordioak jasoa dauka bi plataformatan izena emateko baldintza: “Eta, noski, horiek ordaindu egin behar dira. Hori kudeatzen ari gara orain”.

Lokaletik nazioartera

Eibarren garatzen ari diren egitasmoaren nondik norakoez galdetuta, gerraren aurkako plataformak argudiatu du akordio proposamen hori “herrian zerbait egiteko beharrak” sortu zuela. Eibarkoa ez zen kasu bakana izan, “ezta gutxiago ere”. Nazioartean indar handia duen indar antimilitarista baten ondorio zuzena da herri armaginean, Eibarren, hartutako erabakia. “Beste herri askotan ere egin dituzte mota honetako akordioak”, azaldu dute Eibarko Gerrarik Ez plataformako kideek. “Mozioa aurkeztu genuenean, arma nuklearren aurkako akordioak sona handia lortzen ari ziren nazioartean”. Eibar ere nazioarteko mugimendu horren parte izatea da talde horretako kideen helburua, eta horregatik eman dute mozioa aurkezteko pausoa.

2020an urratsa egin zutenetik arlo horretan lanean jarraitu badute ere, beren jarduna “nabarmen” murriztu dela azaldu dute Eibarko gerraren aurkako plataformako kideek: “Pandemiak udalari beste eragin digu guri”. Baina ziurtatu dute baxualdi baten ondoren akordioa oraindik betetzeko dagoela gogoraraztea eurentzako ere “pizgarri” izan dela: “Berriz martxa hartzeko aitzakia bat izan da”.

Horrez gain, udaleko akordioa “pauso handi bat” dela uste dute, “gaia bera argitara ateratzeko gaitasuna izan duelako”. Hala ere, argi daukate hasiera baino ez dela duela bi urte martxan jarritako prozesua; plataformako kideek uste dute akordioan agertzen diren plataformak “mundu osokoak” diren heinean aldaketak ere horrenbestekoa behar duela.

“Gatazken konponbide baketsurako metodologia hauekin gure ordezkari politikoei presio egiten diegu, eredu har dezaten eta akordio hauek bete ditzaten; tokian-tokian, bakoitzak bere esparruan”, defendatu dute plataformako kideek. “Gerraren aurka egin nahi dugu, munduan bakea eta justizia eskuratzeko”, gaineratu dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.