Kontsumoa, gora; adin tartea, behera

Kontsumoa, gora; adin tartea, behera

Josune Zarandona

Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak egindako Sexu desinformazioa: pornografia eta nerabezaroa azterketa lanaren arabera, nerabe gehienek pornografia kontsumitzen dute —hamarretik zazpik Araba, Bizkai eta Gipuzkoan—; zenbaitek oso maiz, gainera. Iritzi berekoa da Josebe Iturriotz ere (Ordizia, 1978), ekintzaile transfeminista eta gai horietan aditua. Iturriotz irakaslea da lanbidez, eta Zarauzko Lizardi institutuan ematen ditu eskolak gaur egun. Bere esperientzian oinarrituta, joera hori “oso orokorra” dela gaineratu du.

Ordiziako Udalak antolatutako Udaberria Transloratzen zikloan, gaiaren inguruko hitzaldi bat eman berri du Iturriotzek, eta, azterlanarekin bat eginda, haren ustez ere nerabeak haur izanda hasten dira lehen eduki pornografikoak kontsumitzen, “12 urterekin”. Ordiziarrak dioenez, gainera, adin tarte hori “gehiago” jaitsi beharko litzateke, “adituen eta pornografian lanean diharduten hainbaten iritziak entzunda”. Ohartarazi du haurrek 8 edo 9 urterekin ere ikus ditzaketela beren lehendabiziko bideoak. Iturriotzen ustez, ordea, pornografiaren kontsumoa bera bainoago, “kontsumitzen den horri buruz nerabeek egiten duten interpretazioa” da arazoa; “zenbait praktika sexual naturalizatu daitezke, eta horrek, noski, eragina dauka euren sexu harremanetan, eraikitzen dituzten gorputz irudietan…”.

NAPOLIKO BILDUMAKO IRUDI EZAGUNA

Adituaren hitzetan, “porno hegemonikoa” da gaur egun gehien kontsumitzen dena eta eskuragarrien dagoena, “porno mota gehiago egon badauden arren”. Iturriotzek adierazitakoaren arabera, pornografia hegemonikoa “sexu matxista, zaharkitu eta desorekatu baten isla” da. Haren ustez, halako filmetan emakumeen eta gizonen eredu jakin batzuk bideratzen dituzte, eta, ondorioz, sortzen dituzten koreografiek edo praktika sexualek “talka” egiten dute gero “hori kontsumitzen duten nerabeen sexu harremanekin”. Iturriotzek esan duenez, pornografia hegemonikoan itunak “desagertu” egiten dira. “Praktika batzuk naturalizatu egiten dira, normaltzat hartzen dira, baina indarkerian oinarrituta egoten dira normalean”.

Erreminta kritikoak

Harago ere joan da Iturriotz. Izan ere, gaur egun gailentzen den pornografia eredua “gizartean dagoen arazo handi baten isla” dela uste du adituak. “Gizarte bezala ikaragarrizko tabua daukagu sexu transmisioari buruz ari garenean. Itzelezko gatazka daukagu horrekin”. Save the Children erakundearen azterlanak nerabeak jarri ditu erdigunean, baina, Iturriotzen iritziz, datu horiek guztiak orokortu egin beharko lirateke, “herritar gehien-gehienek —helduek ere bai— pornografia kontsumitzen dutelako, eta horrek, noski, gizartearen osotasunean eragiten duelako”.

Iturriotzek txanponaren beste aldean kokatu du beste datu bat: nerabeen %64,3k informazio falta sumatzen dute arlo sexual eta afektiboan. Sexu heziketari dagokionez, eskoletan “gauzak” egiten direla adierazi du Iturriotzek, “formakuntzak, aholkulari eta sexologoekin saioak…, baina ez da nahikoa”. Iturriotzek berak nerabe horiekin izan dituen elkarrizketetatik ondorioztatu du oinarrizko formakuntza horiek asko molestatzen dutela: “Ez zaizkie argitzen euren zalantzak, ez da hitz egiten haiekin”. Azken batean, pornografia da nerabe horietako askok sexu gaietan duten erreferentzia bakarra.

Teknologia berrien eragina

Irakasleak azaldu duenez, alde askotatik aurrerapausoak eman diren arren, gazteek askotan “garai bateko arazo berak” izaten dituzte. “Transmisio falta hori asko nabaritzen da”. Horregatik, Iturriotzen iritziz, oso garrantzitsua da, “zentsuraz edo debekuez harago”, pornografiaren kontsumoaren aurrean nerabeei “erreminta kritikoak” ematea. Nerabeek euren esperientziak partekatzeko toki bat beharko luketela dio. “Ezin gara pornoarekin lehiatu, eta ezin dugu diskurtso aseptiko bat egin gazteen esperientziak aintzat hartu gabe”.

Adituek ziurtatu dute teknologia berrien eragina dagoela pornografiaren kontsumoaren gorakadaren atzean. “Izan ere, horiei esker errazago zaie eduki jakin batzuetara iristea, orain dela hogei urte baino errazago bai, behintzat”. Nerabe askok esku artean dituzten sakelako telefonoak “oso erreminta ahaltsuak” direla gogorarazi du Iturriotzek. “Google bilatzaile bat duten heinean, dena dute eskura”. Haren ustez, kasu honetan ere zentsura eta debekua ez dira bidelagun egokienak, baina “kontzientziazioaren garrantzia” azpimarratu du.

“Luze baino lehen” sexu heziketaren gaiari heldu behar zaiola uste du Iturriotzek. “Gaur egun dauzkagun bortxaketa, indarkeria, abusu datuak… benetan eraldatu nahi baditugu, oinarrizkoa da nerabeei sexu harreman osasuntsuak nolakoak diren azaltzea. Eta pornografiaren gaia funtsezkoa da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.